Iragarkia
236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
76E/2024 EBAZPENA, urriaren 22koa, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten da 2024/2025 ikasturtean zehar Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoko eta Diseinuko Irakaskuntzako ikastetxe itunduetan berrikuntza eta ikerketa teknologikoko proiektuak egiteko deialdia. DDBN identifikazioa: 792976.
Lanbide Heziketak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Irakaskuntzek hainbat sektoretako teknikari kualifikatuak gaitzea dute helburu. Horregatik, industriaren, zerbitzuen edo artearen arloetan aplikatzekoak diren joera teknologiko modernoenak bildu behar dituzte prestakuntza programetan.
Halaber, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak hitzaurrean printzipio funtsezko gisa planteatzen du hezkuntza komunitatea osatzen duten guztiak lankidetzan aritu daitezela kalitatezko hezkuntza lortze aldera, eta horrek exijitzen du ikasleek, irakasleek, familiek, ikastetxeek eta hezkuntzako administrazioek baterako esfortzua egin dezaten. Arreta berezia jartzen du ere bai ikastegiei autonomiazko espazioak emateko, betiere kasuan kasuko hezkuntzako administrazioek ezarri duten lege esparru orokorrean, jarduketak ikasleen ezaugarriei eta ikastegiaren nahiz inguruaren zirkunstantzia zehatzei egokitzeko aukera izan dezaten, azken xedea izanik kalitatezko hezkuntza lortzea eta eskola arrakasta hobetzea.
Era berean, Lanbide heziketako ikastegi integratuen oinarrizko betekizunak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Dekretuak 6. artikuluko 2 b) puntuan ezartzen duenez, lanbide heziketako ikastegi integratuek berrikuntzako eta garapeneko ekintzak eta proiektuak sustatuko eta garatuko dituzte, inguruko enpresekin eta solaskide sozialekin batera, eta garatutako esperientzien edukia eta balorazioa helaraziko dizkiete gainerako ikastegiei.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak adierazten duenez, etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntzako administrazioen eta ikastetxeen beren erantzukizuna ere. Era berean, ezartzen du hezkuntza administrazioei dagokiela berrikuntza programak sustatzea, irakaskuntzaren kalitatea eta zentroen funtzionamendua hobetzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak 3. artikuluko k) apartatuan jasotzen duenez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren helburu estrategikoetako bat da berrikuntza teknologiko eta didaktikoa sustatzea, baita ikastetxeek berrikuntza eta ikerketa proiektuetan parte har dezatela sustatzea ere.
Legezko betebehar horiek betetzeko, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza berrikuntza sustatzeko jarduketak bultzatzen ditu, berrikuntza proiektuetarako deialdien bidez.
Bidenabar, Europako Parlamentuak markatutako eta "Europa 2023 Estrategia" programan jasotako norabideek funtsezko helburuen artean dute lanbide heziketa sustatzea, erakargarriagoa eta kalitate hobekoa izan dadin, ikasketa horiek indartze aldera eta berrikuntzaren, kalitatearen eta sormenaren esparruetan esperientzia berriak sortzeko.
Hori dela-eta, deialdi honen helburu nagusia da honako hauek sustatzea: baliabide teknologikoen integrazioa, aplikazio berrien egokitzapena eta garapena eta trebakuntza nahiz garapen digitala, barnean hartuta datuen segurtasuna, aurkezpena, tratamendua eta eskuraketa. Deialdi honek, halaber, modu zeharkakoan sustatu nahi ditu zenbait gaitasun, hala nola berritzeko ahalmena, eta ekintzailetza ere bai, soft skills deritzen gaitasunez gainera.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2024/2025 ikasturtean ikastetxe itunduetan berrikuntza eta ikerketa teknologikoko proiektuak egiteko deialdia. Berori ebazpen honetako I, II, III, IV eta V. eranskinetan jasotako oinarrien arabera araututa egonen da.
2. Baimentzea ikastetxe itunduen berrikuntza proiektuei dagokien gastua. Gehieneko zenbatekoa 15.000 eurokoa izanen da, eta 2025eko gastuen aurrekontuan gaitzen den aurrekontu partidaren kargura egotziko da. Partida hori 2024ko gastuen aurrekontuko 430002-43200-4811-322E00 partidaren baliokidea izanen da ("Proiektu eraldatzaileak Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan"), eta kreditu egokia eta nahikoa egon beharko du.
3. Ebazpen hau eta beronen eranskinak Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, Berrikuntzaren eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari helaraztea.
4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea bukatzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 22an.–Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusia, Luis Calatayud Yuste.
I. ERANSKINA.–2024/2025 IKASTURTEAN ZEHAR LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZAKO IKASTETXE ITUNDUETAN BERRIKUNTZA ETA IKERKETA TEKNOLOGIKOKO PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea.
Oinarri hauek xedetzat dute berrikuntza sustatzea, Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoko eta Diseinuko irakaskuntzako Nafarroako ikastetxe itunduetan eginen diren eraldaketa metodologikoko, teknologikoko eta digitaleko proiektuei laguntzea, hain zuzen.
Bigarrena.–Hartzaileak.
Deialdi honen hartzaileak dira Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoko eta Diseinuko irakaskuntzako Nafarroako ikastetxe itunduak.
Deialdi honetan parte hartzeko, eskaera aurkezten denean eta proiektua egiten den bitartean, irakasleak jarduneko zerbitzuan egon behar du lehenago aipatutako ikastetxeetako batean.
Lehentasunez irakasleek taldean hartu beharko dute parte. Ikastetxe bereko irakasle taldeak zein ikastetxe ezberdinetako irakasleen artean osatutako taldeak aurkezten ahalko dira.
Zenbait kasu justifikatutan, irakasleek ez ezik irakasle ez diren ikastetxeko langileek ere har lezakete parte proiektuaren garapenean.
Hirugarrena.–Deialdiaren ezaugarri orokorrak.
Deialdi honetara aurkezten diren ekintza berritzaileek proiektuaren formatua izanen dute eta ikastetxeen arteko lankidetza nahiz proiektuko taldearen diziplinartekotasuna baloratuko dira. Ikasleek lagundu beharko dute.
Proiektuek originalak izan beharko dute, sortu berriak, eta ezin dira berrikuntza proiektuetako beste deialdi batzuetan aukeratutakoak izan.
Laugarrena.–Laguntzen zenbatekoa.
Ebazpen honetan hizpide diren proiektuak diruz laguntzeko guztizko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa da, eta hautatzen diren proiektuen artean banatuko da deialdiaren guztizko zenbatekoa agortu arte. Proiektuak 2025eko ekainaren 20a baino lehen egikaritu beharko dira.
Ez da dirulaguntzarik emanen xehatutako aurrekonturik gabe.
Honako gastu hauek justifikatzen ahalko dira:
–Ekipamendua erosteko gastuak
–Proiektuko jardueretarako gastuak (zabalkundeko jarduerak, material suntsikorra, ekitaldietarako eta erakundeetarako sarrerak eta abar).
–Parte hartzaileen mantenuaren eta jardueraren gastu xehatuak (bilerak eta ikasleen eta irakasleen topaketak eta abar).
–Aretoak eta material informatikoa eta ikus-entzunezkoa alokatzeko gastuak.
–Adituek lan zehatzak egiteagatiko gastuak.
–Proiektuak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.
Batzordeak adieraziko du hautatutako proiektuei azkenean zer zenbateko ekonomiko esleitzen zaien.
Bosgarrena.–Proiektuek bete beharreko baldintzak.
Eskatzaileek eraldaketa metodologikoko, teknologikoko nahiz digitaleko proiektu bat aurkeztu beharko dute, baldintza hauek betetzen dituena:
a) Deialdi honetara aurkezten den proiektuak originala izan beharko du, ekonomikoki eta teknikoki bideragarria, eta ekarpen kualitatiboa egin behar dio hezkuntza jardunbidearen osagai edo prozesuetako bati.
b) Proiektua jarduketa lerro hauetakoren batean garatuko da gehienbat:
–Teknologiak integratzea (ikastetxeak dituenak nahiz emergenteak) ikasteko eta irakasteko metodologiak digitalki nahiz teknologikoki eraldatzeko edota hobekuntza operatiboak edo irisgarritasunekoak dakarten zerbitzu eta produktu berriak garatzeko.
–Aplikazio informatikoak edo multimedia sistemak irakaskuntzarako nahiz prozeduren kudeaketarako egokitu eta garatzea.
–Datuen eta informazioaren segurtasuneko, aurkezpeneko, erabilerako, irisgarritasuneko, tratamenduko eta eskuraketako teknologia aurreratuak sartzea, lan ingurunera eramaten ahal badira.
–Trebakuntza digitala garatzea, heziketako prozesuaren barruan, bizitza pertsonalaren eta profesionalaren askotariko alorretan tresna eta teknologia digitalak efizientziaz erabiltzeko aukera ematen duten gaitasunak eta ezagutzak eskuratzeko.
c) Proiektuak koordinatzaile bakar bat izan beharko du. Hark izanen du lantaldea koordinatzeko ardura, eta Hezkuntza Departamentuarekiko solaskidea izanen da. Arrazoi justifikatuengatik ordezten ahalko da; halakoetan, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuari horren berri ematea eta kide berriak izendatzea. Koordinatzaileak irakasle parte-hartzaileak inskribatuko ditu horretarako ezarriko den epean. Behin epea bukaturik, ez da irakasle gehiago inskribatzen ahalko. Ikasturtean zehar irakasleren bat ordezkatu behar izanez gero, koordinatzaileak horren berri eman beharko dio zuzendaritza taldeari eta Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, eta azken horrek ontzat eman beharko du aldaketa.
d) Proiektuak ikastetxe bati atxikirik egonen dira beti, nahiz eta beste ikastetxe batzuek ere hartzen ahal duten parte. Ikastetxe horri, hemendik aurrera, ikastetxe koordinatzailea deituko zaio. Proiektuaren koordinatzailearen destinoko ikastetxea hartuko da ikastetxe koordinatzailetzat.
e) Aurkeztutako proiektuak ikastetxe koordinatzaileko zuzendaritzaren onespena izan beharko du, proiektuak ikastetxearen hezkuntza jarduna hobetzeko ekarpena egiten duela adieraziz. Zuzendaritza taldeak proiektu hori aurrera eramateko ardura hartzen du bere gain, proiektuan inplikatutako irakasleen artean aldaketak izaten badira ere. Era berean, familiei eta hezkuntza komunitateko gainerako kideei aditzera emanen diela hitzematen du.
f) Proiektua II. eranskinaren 3. apartatuan zehaztuta dagoen gidoiaren arabera idatzi beharko da, eta egikaritzeko aurrekontua IV. eranskineko ereduaren arabera banakatuta aurkeztu.
g) Proiektua egikaritu bitartean, koordinatzaileak berorren garapena dokumentatu (argazkiak, bideoak, iruzkinak) eta webgune jakin batean argitaratu beharko du.
h) Proiektu bukaerako memoriarekin batera, hautatutako parte hartzaileek dokumentazioaren kopia bat entregatu beharko dute (canvas, erregistroak, gidak, eskuliburuak etab.), proiektua beste ikastetxe batzuetan kopiatzeko behar adinakoa.
i) Proiektuen lanerako plana 2024-25 ikasturtean garatuko da.
Seigarrena.–Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.
Proiektuaren koordinatzaileak eskabidea aurkeztuko du, honako dokumentazioarekin batera:
–Parte hartzeko eskaera, II. eranskinaren araberakoa, honela betea:
1. Koordinatzailearen datuak.
2. Ikastetxe koordinatzailearen datuak.
3. Proiektuaren datuak.
4. Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena.
5. Ikastetxe koordinatzailearen zuzendaritzaren onespenaren txostena.
Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean (arrunta nahiz elektronikoa) aurkeztuko da eskaera, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan, eta Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren zuzendariari zuzenduko zaio.
Zazpigarrena.–Hautapen batzordea.
Batzorde batek hautatuko ditu proiektuak, zeinak ondoko kide hauek izanen baititu:
–Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren zuzendaria. Bera da batzordeko lehendakaria.
–Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Ataleko burua. Bera da idazkaria.
–Lanbide Heziketa Eraldatzeko Ataleko burua.
–Lanbide Heziketaren Proiektuen eta Nazioartekotzearen Ataleko aholkulari bat.
Hautapen batzordeak berariazko aholkularitza eskatzen ahalko du proiektuak baloratzeko, haien gaia dela-eta egokitzat jotzen bada.
Zortzigarrena.–Hautapen prozesua.
Gutxienez ere sei proiektu onetsi nahi dira, eta honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:
–Hautapenaren I. fasea:
a) Proiektua zenbateraino dagoen egokitua deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei (gehienez 20 puntu).
b) Definizio argia helburuetarako (espezifikoak, neurgarriak, irisgarriak eta esanguratsuak, askotariko edukiak, koherenteak eta esanguratsuak), adierazleetarako (zenbakarriak) eta ebaluazio irizpideetarako (gehienez 10 puntu).
c) Ikasleek funtsezko konpetentziak garatzea. Proiektuak gaitasun horiek hobetzen nola lagunduko duen azaltzea (gehienez 10 puntu).
d) Proiektuaren planifikazioa: faseak eta tenporalizazioa (gehienez 10 puntu).
e) Proiektuaren originaltasuna: berrikuntza ikastetxearen barnean, berrikuntza Nafarroari begira... (gehienez ere 10 puntu).
f) Ikasleen eta irakasle-taldeen parte hartzea eta inplikazioa proiektuan. Taldeen eta etapen kopurua, proiektua garatzeko parte hartze esanguratsua duten irakasleen kopurua, irakasleen diziplina anitzeko taldeak... eta hezkuntza komunitateko beste kide batzuen parte hartzea eta laguntza ere bai: irakasle ez diren langileak, udalak, osasun etxeak, mankomunitateak, GKEak, beste ikastetxe batzuk, unibertsitateak eta abar (gehienez 10 puntu).
g) Lankidetza, enpresa bateko produktu berriak (prototipoak edo zerbitzuak) garatzen edo prozesuak hobetzen, nahiz negoziorako ideietan (gehienez 10 puntu).
h) Inplikatutako zentroetan lehendik dauden baliabideak erabiltzea, nahiz eta eguneratu, hobetu edota osatu behar izan (gehienez 10 puntu).
i) Jasangarritasuna (alderdi guztietan: ingurumena, ekonomia eta gizartea), nola proiektuan hala lortutako emaitzetan. (10 puntu gehienez)
Guztira: 100 puntu. Proiektuak, hautatua izateko, gutxienez puntuen %60 lortu beharko ditu.
–Hautapenaren II. fasea:
Proiektuak hautatzeko bigarren fasea eginen da baldin eta esleitutako aurrekontua ez bada nahikoa eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektu guztiak gauzatu ahal izateko.
Fase horrek xedetzat du eskatutako gutxieneko puntuazioa (60 puntu) lortu duten proiektu guztien artean hezkuntza komunitatean inpaktu gehien duten proiektuak hautatzea, irizpide hauen arabera:
- Ratioa: "(inplikatutako heziketa zikloen kopurua" / aurrekontua (%30).
- Ratioa: "(inplikatutako zentro eta erakundeen kopurua" / aurrekontua (%20).
- Ratioa: "(lortutako puntuazioa) / aurrekontua (%50).
- Aniztasun tematiko teknologikoa: tematika bakoitzean bigarren fase horretan puntuaziorik altuena lortu duena hautatuko da, eta hautapen horretatik aterako da laguntzak banatzeko proposamena.
Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuak deialdi honetan hautatutako proiektuen aholkularitza, jarraipena eta kontrola behar bezala egiteko neurriak hartzen ahalko ditu.
Bederatzigarrena.–Deialdia ebaztea.
a) Hautapen batzordeak aurkezten diren proiektuak analizatuko ditu eta eskaera onesteko nahiz ukatzeko proposamena ezagutzera emanen du, proiektuak entregatzeko epea bukatu ondoko egunetik hamabost egun balioduneko epean.
b) Erabaki horren kontra interesdunek erreklamazio idazkia aurkezten ahalko dute, hautapen batzordeko buruari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hamar egun balioduneko epean.
c) Behin epea bukatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Lanbide Heziketako, Digitalizazioko eta Hezkuntza Zerbitzuetako zuzendari nagusiak kasuko ebazpena emanen du, non jasoko diren hautatutako proiektuak, lortutako puntuazioa eta aurrekontuko esleipena, eta inplikatutako zentroei helaraziko zaie.
Hamargarrena.–Azken memoria.
2025eko ekainaren 30a baino lehen, koordinatzaileak azken memoriaren formatu elektronikoko kopia (III. eranskina) bidaliko dio Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuari, erregistro orokorraren bidez nahiz helbide elektroniko honetara: smoderna@navarra.es.
Memoriari atxiki beharko dio fakturazio datuak dauzkan V. eranskina.
Memoriak atal hauek izanen ditu:
1. Proiektuaren izenburua.
2. Proiektuaren koordinatzailea.
3. Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.
4. Proiektuaren garapenaren laburpena.
5. Helburuen betetze-maila.
6. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.
7. Proiektuaren eragina:
a) Irakasleengan.
b) Ikasleengan.
c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.
8. Izandako gastuen zerrenda.
9. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.
10. Erabilitako materialak edo horietarako esteka.
Hamaikagarrena.–Ordainketa.
Behin proiektua egikaritzeko epea bukatu eta azken memoria (III. eranskina) aurkeztu ondoren, emandako zenbatekoa ordainduko da.
Gastuek lotura zuzena izanen dute proiektua ikastetxean inplementatzearekin edo garatzearekin. Proiektuaren memorian justifikatuko da egin diren gastuak zergatik ziren beharrezkoak proiektua garatzeko.
Gastuak justifikatzeko faktura guztietan agertu beharko du ikastetxearen izena.
Faktura guztien datek 2024ko irailaren 1aren ondokoak eta 2025eko ekainaren 30a baino lehenagokoak izan behar dute.
Koordinatzaileak 2024-2025 ikasturtean zehar berrikuntzako eta ikerketako proiektuetan egindako gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztu beharko ditu Proiektuen eta Lanbide Heziketa Nazioartekotzearen Atalean.
Ondoren, V. eranskina bete beharko da (Fakturatzeko edo gastuak justifikatzeko informazioa), idazpenak, kontzeptuak eta zenbatekoak jasotzeko.
Hamabigarrena.–Parte hartzen duten irakasleentzako ziurtagiria.
Hautatutako berrikuntza proiektuetan parte hartzen duten irakasleek parte hartu izana egiaztatzen duen agiria eskuratzen ahalko dute proiektua bukatu ondoren, berrikuntzan emandako 35 orduren baliokidea, egindako lana aintzatesteko, betiere justifikatzen bada orduok erabili direla proiektua garatzeko. Proiektuaren koordinatzaileak berrikuntza proiektuan aritu izanaren aintzatespena izanen du, 40 ordukoa.
Hamahirugarrena.–Proiektuaren argitalpena eta hedapena.
Hezkuntza Departamentuak hautatu diren lanak jendaurrean jartzen ahalko ditu, osorik edo zati bat. Ekimen horiek, bestalde, egoki iruditzen zaizkion beste bide batzuen bitartez zabal ditzake, baita Interneten ere, baina horrelakoetan beti memoriaren egileak nor diren aipatu beharko du. Kontuan hartu behar da irudi-eskubideen gainean beharrezkoak diren baimenak eduki beharko dituela.
Deialdian parte hartzeak haren oinarriak onartzea dakar berekin, bai eta edozein argitalpen egiteko behar diren eskubideak lagatzea ere.
II. ERANSKINA.–LANBIDE HEZIKETAKO ETA ARTE PLASTIKOKO ETA DISEINUKO IRAKASKUNTZAKO IKASTETXE ITUNDUETAN BERRIKUNTZA PROIEKTUAK EGITEKO DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKAERA EREDUA
Eskaera egiteko II eta IV: eranskinak barnean hartzen dituen parte hartzeko eskaeraren dokumentua bete behar da, eta Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean (arrunta nahiz elektronikoa) aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako tokietan, eta Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren zuzendariari zuzenduko zaio.
1.–Koordinatzailearen datuak.
Izen-deiturak:
IFZ:
Helbide elektronikoa:
2.–Ikastetxearen datuak
Ikastetxearen izena:
Herria:
Ikastetxeko zuzendaritzaren helbide elektronikoa.
Ikastetxeko telefonoa:
3.–Proiektua:
A. Proiektuaren izenburua.
B. Gako-hitzak (3tik 5era bitarte).
C. Proiektuaren deskripzio laburra (30-40 hitz).
D. Proiektua planteatzea eragin duten hautemandako arazoak nahiz aldatzeko beharrak, eta berorren bidez lortu nahi diren soluzioak eta hobekuntzak. Zergatik da berritzailea?
E. Helburuak eta adierazleak: espezifikoak, neurgarriak, lortzeko modukoak, adierazgarriak eta denboran mugatuak.
F. Proiektuak nola lagunduko duen ikasprozesua eta irakaskuntza prozesua edota ikasleen gaitasunak hobetzen.
G. Teknologia eta digitalizazioa
H. Prestatu beharreko materialak. Proiektuaren zabalkundea. Zer produktu sortzea aurreikusi da? Nola dokumentatuko da? Nola zabalduko da proiektua?
I. Edukiak eta jarduerak.
J. Faseak eta tenporalizazioa. Jardueren, arduradunen eta baliabideen egutegia.
K. Parte hartzen duten irakasleak: Izen-deiturak, profilak, zer moduluren bidez hartzen duten parte eta parte hartzea nolakoa izanen den.
L. Ikasleen parte hartzea eta inplikazioa (ikastaldeak, zikloak…). Parte hartzearen azalpena.
M. Beste eragile batzuen parte hartzea: familiak, irakasle ez diren langileak, udalak... Parte-hartzearen azalpena.
N. Proiektua zer neurritan egokitzen zaien deialdi honetan proposatutako jarduketa-lerroei.
O. Aurrekontu justifikatua. Ez da dirulaguntzarik emanen justifikatu eta xehatutako aurrekonturik gabe.
P. Eranskinak.
4.–Deialdiaren baldintzak onartzen direla dioen adierazpena.
...................................................................................................................................... jaunak/andreak, NANa ............................. duenak, ................................................ berrikuntza proiektuaren koordinatzaile arduraduna den aldetik, aditzera ematen du aipatutako proiektua argitaratzeko eskubideen jabe dela eta Nafarroako Gobernuari argitaratzeko baimena ematen diola.
...................................................(e)n, 2024ko ..........................................aren ......(e)(a)n
Koordinatzailea
Sinatua:
5.–Zuzendaritzaren onespen txostena.
...................................................................................................................................... jaunak /andreak, ............................................................. ikastetxeko zuzendariak, aldeko txostena eman du honako berrikuntza proiektu hau aurkezteko Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoko eta Diseinuko Irakaskuntzako ikastetxe itunduetan berrikuntza eta ikerketa teknologikoko proiektuak egiteko 2024-2025 ikasturteko deialdian: ...................................................................................................................................................... Izan ere, proiektu horrek ikastetxearen hezkuntza jarduera hobetzen laguntzen duela uste du.
...................................................(e)n, 2024ko ..........................................aren ...................(e)(a)n
Ikastetxeko zuzendaria
Sinatua:
III. ERANSKINA.–AZKEN MEMORIAREN EREDUA
Memoriek honako atal hauek izan beharko dituzte:
1. Proiektuaren izenburua.
2. Proiektuaren koordinatzailea.
3. Proiektuaren garapenaren laburpena.
4. Helburuen betetze-maila.
5. Jardueren eta erabili diren baliabideen jarraipena.
6. Proiektuaren eragina:
a) Irakasleengan.
b) Ikasleengan.
c) Eskolako komunitatearen beste esparru batzuetan.
7. Egindako gastuen justifikazioa.
8. Proiektuaren balorazioa eta hobekuntza alorren proposamena.
9. Eranskinak:
a) Parte hartzen duten irakasleen zerrenda.
b) Erabilitako materialak edo horietarako esteka.
c) Ebazpen honen V. eranskina (Fakturatzeko informazioa).
IV. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN AURREKONTUA IKASTETXEAREN ARABERA
Proiektuaren izena: .................................................................................................................................
Aurrekontu osoa: .....................................................................................................................................
Proiekturako aurrekontu osoaren banakapena:
- Ekipamendua erosteko gastuak.
- Proiektuko jardueretarako gastuak (zabalkundeko jarduerak, material suntsikorra, ekitaldietarako eta erakundeetarako sarrerak eta abar).
- Parte hartzaileen mantenuaren eta jardueraren gastu xehatuak (bilerak eta ikasleen eta irakasleen topaketak eta abar).
- Aretoak eta material informatikoa eta ikus-entzunezkoa alokatzeko gastuak.
- Adituek lan zehatzak egiteagatiko gastuak.
- Jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen gastuak.
V. ERANSKINA.–FAKTURATZEKO ETA GASTUAK JUSTIFIKATZEKO INFORMAZIOA
Ikastetxea:
Proiektuaren izena:
Koordinatzailea:
IDAZPENA | KONTZEPTUA | FAKTURAREN ZENBATEKOA GUZTIRA | PROIEKTUARI EGOZTEN ZAION ZENBATEKOA |
Iragarkiaren kodea: F2415557
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
