Iragarkia
236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
134E/2024 EBAZPENA, urriaren 14koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, gazteriaren arloko programak garatzeko eta ekipamenduak erosteko Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko 2024-2025 deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 790754.
Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 34. artikulua gazteen elkartegintzari buruzkoa da, eta ezartzen du ezen, gazteek gizartean duten parte-hartzea erraztearren eta erantzukizun sozialeko kontzientzia sustatzearren, gazte elkarte berriak sortzen lagunduko duten mekanismoak ezarriko direla eta gaur egungo elkarte sarea indartuko dela. Bereziki sustatuko da gazte-gaztetandik eta hezkuntzaren esparruan parte hartzea.
Nafarroako Gazteriaren Institutua da arlo horretako erakunde eskuduna, haren estatutuak onetsi zituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera. Izan ere, helburu du gazteen elkartegintza sustatzea, horrek bide ematen baitu gazteak gizarte-bizitzan integratu daitezen eta parte har dezaten. Horretarako, laguntza eman nahi zaie entitate horiei, gazteentzako programak presta ditzaten eta ekipamendua eskuratu dezaten beren egoitza eta jardueretarako.
Nafarroako gazteen entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, egokitzat jotzen da dirulaguntzen deialdi berri bat onestea, norgehiagokako araubidean, gazteen entitateentzako laguntza sistema bat ezarriko duena Nafarroako gazteek gizartean duten parte-hartze aktiboa hobetzen lagunduko duten ekintzak egiteko, 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 15era bitarteko aldian. Eginkizun hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren babesean gauzatuko da; izan ere, haren xedea da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra arautzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan ahalmenak baliatuz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako gazteen entitateentzako gazteen arloko programak garatzeko eta ekipamenduak erosteko 2024-2025 dirulaguntzen deialdia.
2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean jaso dira.
3. Deialdi hori aurrera eramateko, 220.000,00 euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:
AURREKONTU-PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
340002-34100-4819-232100 Gazte elkarteen programetarako dirulaguntzak. 2024ko partidaren baliokidea | 2025 | 200.000,00 |
340002-34100-7819-232105: Gazte elkarteen ekipamenduetarako dirulaguntza. 2024ko partidaren baliokidea | 2025 | 20.000,00 |
Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2025eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.
4. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Deialdi honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2024ko urriaren 14an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, José Maria Burgaleta Encina.
I. ERANSKINA.–NAFARROAKO GAZTEEN ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2024-2025 DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK, GAZTERIAREN ARLOKO PROGRAMAK GARATZEKO ETA EKIPAMENDUA EROSTEKO
Oinarriak
1. Xedea eta helburua.
Deialdi honen xedea da ezartzea Nafarroako gazteen entitateei dirulaguntzak emateko araubidea, gazteriaren arloko programak gara ditzaten eta ekipamendua eros dezaten 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 15era bitartean.
Dirulaguntza horiek gazteen asoziazionismoa sustatzeko ematen dira, gazteek gizartean parte har dezaten eta bizi-kalitatea hobetu dezaten esku-hartze proiektuak garatzeko bide gisa.
2. Entitate onuradunak.
Honako hauek aurkezten ahalko dituzte eskaerak deialdi honen babesean:
2.1. Nafarroako Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta dauden entitate guztiek. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriako kontseilariaren irailaren 18ko 73/2002 Foru Aginduak arautzen du errolda hori.
2.2. Gazteriaren arloko programak garatzen dituzten Nafarroako gazteen elkarteek, baldin eta legez eraturik eta, indarreko araudiak eskatuz gero, kasuan kasuko erregistroan inskribaturik badaude eskaera aurkezten dutenean, eta baldintza hauek betetzen badituzte:
2.2.1. Irabazi-asmorik ez izatea (irabazi-asmoa duten entitateak berariaz baztertzen dira) eta irabazi-asmoa duten entitate baten mende ez egotea, ekonomikoki zein instituzionalki.
2.2.2. Estatutuetan, gazteriarekin lotutako eta gazteei zuzendutako jarduerak egitea entitatearen xedea dela agertzea.
2.2.3. Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.
3. Proiektu eta ekipamenduetan diruz lagun daitezkeen kontzeptuak.
3.1. Proiektuen edukia:
Proiektuak hamalau eta hogeita hamar urte bitarteko gazteentzat izan beharko du, Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikuluari jarraituz.
Proiektuak batasun bat duten zenbait jardueraz osatuko dira, eta lortu nahi diren helburuak erdiestera bideratuak izan beharko dute, plan egituratu bati jarraikiz.
Gazteen bizi garapena laguntzen duten eta gazteek gizartean parte-hartze aktiboa izatea sustatzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Genero ikuspegia kontuan hartu behar dute proiektuek.
Aipatu diren proiektuei dagokienez, era honetako ekintzak lagunduko dira diruz:
a) Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten jarduketak.
b) Osasun-hezkuntzako jarduketak.
c) Indarkeriak, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, LGTBIfobia eta intolerantzia prebenitzeko jarduketak.
d) Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren aldeko jarduketak.
e) Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten jarduketak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.
f) Gazteen aisia eta astialdia bultzatzen dituzten jarduketak.
g) Ingurumenaren kontserbazioa, balioak eta aisialdiaren kultura berri baten erabilera sustatzen dituzten ekintzak.
h) Gazteen arte eta kultura arloko promozioa dakarten jarduketak.
i) Gazteen parte-hartzea bultzatzen duten ekintzak, herritartasun aktiboa sustatzeko.
j) Aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.
k) Elkartasunezko zerbitzurako ikaskuntzako proiektuak.
Deialdi honetatik kanpo daude publizitate kanpainak, dokumentalak, argitalpenak eta gidak sustatzen dituzten proiektuak, bai eta obrak egitea helburu dutenak ere.
3.2. Ekipamendu gastuak.
Ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitateek ekipamendu-gastuetarako dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte, baldin eta proiektuen atalerako dirulaguntza eskatzen badute (3.1 oinarria) eta dirulaguntzaren onuradun badira.
Ekipamendua erosteko gastu diruz lagungarriak izanen dira beharrezkoak direnak gazteen entitatearen jarduera garatzeko, eta 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 15era bitarteko aldian eginak.
4. Gastu diruz lagungarriak.
4.1. Proiektuak egiteko dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat jotzen dira, oro har, proiektuak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:
–Garraio gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.
–Mantenu eta ostatu gastuak irtenaldietan. Irtenalditzat joko dira egoitzaren herritik kanpo gutxienez ere gau bateko ostatua behar duten jarduerak.
–Dirulaguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko beharrezko material suntsigarrian egindako gastuak.
–Proiektuaren publizitatean eta hedapenean egindako gastua.
–Egoitzaren barnean zein kanpoan jarduerak egiteko behar diren aseguruen ordainketa (erantzukizun zibila eta istripuak).
–Zerbitzu profesionalen ordainketa, halako proiektuetan non, beren berezitasunengatik, kontratatu behar baitira gauzatuko den proiektuaren arloan adituak diren teknikari profesionalak.
–Konponketa txikiak: kanpaldietako eta zeharkaldietako materiala mantentzea eta kontserbatzea.
–Askotariko gastuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak.
Entitate onuradunek diruz lagundutako jarduera osorik edo zati batean azpikontratatzen ahalko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Behar bezala justifikatutako arrazoiengatik aurkeztutako plangintza nabarmen aldatzen denean, egin nahi den aldaketari buruzko eskaera bat aurkeztu beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari (hemendik aurrera NGI), behar bezala argudiatuta, eta NGIk baimendu beharko du onartua izateko.
4.2. Betekizunak betetzen dituzten entitateek dirulaguntza jasotzen ahalko dute ekipamendu eta material inbentariagarria eta ekipamendu informatikoa erosteko gastuengatik.
Ekipamendu inbentariagarriaren gastutzat hartzen dira jarduera egiteko beharrezkoa den materiala eskuratzekoak: altzariak eta tresnak (esate baterako, mahaiak, aulkiak, apalategiak, armairuak, kanpadendak, edo suteak prebenitzeko materiala: su-itzalgailuak, motxila hidrikoak, suaren aurkako mantak, etab.).
Halaber, material inbentariagarrien gastutzat hartuko dira ondasun ez-suntsigarriak erostekoak; esate baterako, orriak josteko makinak, arbelak, plastifikagailuak, birringailuak, kanpaldi eta zeharkaldietarako materiala: etxetresna elektrikoak, su txikiak, hozkailuak, sukaldeko tresnak eta abar.
Ekipamendu informatikoaren gastutzat hartuko dira beren jarduera egiteko behar den materiala erostearen ondoriozkoak: ordenagailua, inprimagailua, ekipoen eguneraketa, softwarea, gailu mugikorrak, telefonoak, argazki- eta bideo-makina, USBak, GPSak eta beste gailu digital batzuk. Erositako ekipo informatikoek aukera eman behar dute Interneten sartzeko eta sare sozialak erabiltzeko.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan aipatzen diren ondasun inbentariagarriak eskuratzen badira, entitate onuradunek 2 urtez erabili beharko dituzte ondasunak dirulaguntzaren helburu zehatzerako.
Gastu diruz lagungarrien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.
5. Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren kontzeptuak eta gastuak.
Deialdi honen esparrutik kanpo geldituko dira honako hauek:
–Irakaskuntzako jarduerak, indarrean dauden ikasketa planetan ezarriak daudenak eta hezkuntza formalaren xede edo eduki berberak dituztenak.
–Kirol kluben jarduerak eta, oro har, lehiaketako kirol jarduerak.
–Inauteriak, dantzaldiak, txuliaketak, antzezkizunak, kontzertuak, herriko jaiak, desfileak, lehiaketak eta gainerako jaialdiak, eta ekintza horietan sortutako gastuak.
–Ikasleen entitateen berezko jarduerak.
–Deialdi zehatzago baten xede diren jarduerak edo ekipamendu-eskaerak.
–Otordu, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietarako otordu-gastuak izan ezik.
–Hiri kanpaldietako otordu-gastuak.
–Elkarteko zein elkartetik kanpoko monitoreen ordainsariak eta elkarteko langile lan-kontratudunen ordainsariak, horrelakorik badago.
–Gazte elkartearen berezko jarduerak antolatzeko eta gauzatzeko zerbitzu profesionalak kontratatzea.
–Jarduerarekin zerikusi zuzena ez duten gastuak.
–Gasolinak eta kotxeen alokairuak sortutako gastuak, kanpaldietara edo zeharkaldietara joateko ez badira.
–Entitatearen ibilgailuen aseguruen ordainketa.
–Kirol ekipamenduak, jantziak, mozorroak eta abar eskuratzeko gastuak.
–Gazteen entitateen, gazte-atalen eta zerbitzua ematen duten erakundeen barne-funtzionamendutik eratorritako gastuak, hala nola egoitzaren alokairua, telefono- edo Internet-gastuak.
–Kilometro-gastuak, bidesariak, aparkalekua, aholkularitza, aldizkarietako, egunkarietako, telebista-kanaletako eta abarretako harpidetza.
–Kanpoan geratzen dira egin beharreko proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak, hala nola opariak edo bestelako haborokinak edo ordainsariak.
6. Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.
6.1. Proiektuak.
Xede honetarako gehieneko kreditua 200.000 eurokoa izanen da, guztira. Eskaera guztiei ezin bazaie gehieneko zenbatekoa eman, hainbanaketa eginen da.
6.1.1. Aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %66,66koa izanen da entitateentzako dirulaguntza, eta 10.000 euroko muga izanen da proiektu bakoitzeko.
6.1.2. Lehen fasean, proiektu batek bakarrik izanen du dirulaguntza erakunde bakoitzeko, 10.1 oinarriaren araberako gutxieneko puntuazioa lortu badu.
Kasu horretan, kreditua nahikoa ez bada aipatu puntuazioa lortzen duten guztiei dirulaguntza aurreikusitako gehieneko zenbatekoan emateko, hainbanaketa bidez banatuko da.
Aurreko ebaluazioa eginik, nahikoa kreditu bada proiektu gehiago diruz laguntzeko, bigarren proiektuei helduko zaie, gutxieneko puntuazioa lortzen badute. Puntuazio handienetik txikienerako ordenan onartuko dira proiektuok, deialdiari geratzen zaion zuzkidura agortu arte.
6.1.3. Gastu diruz lagungarrietarako honako muga hauek jarri dira, 3.1 oinarrian aipatzen diren proiektuak gauzatzeari dagokionez:
a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifarik merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila, tarifa estandarra, etab.).
b) Egoitzaren herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 30 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.
c) Proiektuaren ezaugarriengatik profesionalen zerbitzuak kontratatu behar direnean, horren gastua proiektuaren kostuaren %40 izanen da gehienez ere.
d) 4.1 oinarrian ezarritako konponketa txikien gastuetan, gehienez ere 300 euro onartuko dira.
6.2. Ekipamendua.
Xede honetarako gehieneko kreditua 20.000 eurokoa izanen da, guztira. Kreditu hori ez bada nahikoa guztiei aurreikusitako gehieneko zenbatekoan dirulaguntza emateko, hainbanaketa bidez banatuko da.
6.2.1. Ekipamendua erosteko dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztu eta onartzen den aurrekontuaren %75ekoa izanen da gehienez (1.500 euro gehienez ere).
7. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
7.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren zerbitzuen katalogoan dagokion esteka erabiliz. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/subvenciones-a-entidades-de-juventud-2025.
7.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.
7.3. Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, erakunde interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz (lege hori, aurrerantzean, APAPEL).
8. Dokumentazioa.
8.1. Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoan eta www.juventudnavarra.es/eu webgunean eskuragarri dagoen ereduaren arabera aurkeztuko dira eskaerak (II. eranskina, 0-5 fitxak), honako agiri hauekin batera:
8.1.1. Erakundearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, azaltzen duena erakundeak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik (II. eranskina-0. fitxa).
8.1.2. Sexu Delitugileen eta Gizakien Salerosketaren Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Oso-osoko Babesa Emateko ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoaren arabera, adingabeekin ohiko harremana izatea eskatzen duten jardueren kasuan. Ziurtagiri horrek deialdiaren urte natural berekoa izan beharko du.
8.1.3. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua eta jarduerak. Inprimakiak osorik bete beharko dira. Inprimaki bat aurkeztuko da proiektu bakoitzeko (II. eranskina, 1. fitxa), eta inprimaki bat egindako jarduera bakoitzeko (II. eranskina, 2. fitxa).
8.1.4. Entitatearen ibilbidea azaltzen duen dokumentua, proiektuak egiten eta jarduerak eta programak planifikatzen izandako esperientzia jasotzen duena.
8.2. Gazteen Entitateen Erroldan inskribatuta ez dauden Nafarroako gazte-entitateek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1. Elkartearen edo entitatearen estatutu indardunak.
2. Elkarteak edo entitateak dagokion erregistroan inskribaturik dagoela egiaztatzeko agiria, araudi indardunaren arabera baldintza hori eskatzekoa denean.
3. Zuzendaritza batzordearen erregistro-idatzohar eguneratua.
4. Elkartearen edo entitatearen identifikazio fiskaleko agiria (IFZ).
5. Banku-kontuak jakinaraztea foru administraziotik ordainketak jasotzeko edo horiek aldatzeko.
8.3. Ekipamendua erosteko eskaerekin batera, enpresa hornitzaileen aurrekontua edo aurrekontuak aurkeztuko dira, eskuratu nahi den materiala adierazita. Aurrekontuek 2024ko urriaren 1a baino geroagokoak izan beharko dute (II. eranskina, 3. fitxa).
8.4. NGIk eskaeran aurkeztutako datuen egiazkotasuna egiaztatzen ahalko du, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 4. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. Instrukzioa.
9.1. Dirulaguntza hauek emateko eta ordaintzeko prozedura bideratzeko eskumena duen organoa Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da.
9.2. Eskaerak hobeto ebaluatzeko, aurkeztutako dokumentuetan jasotako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osa dezaten edo akatsak konpon ditzaten, eta ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela, dagokion ebazpena eman ondoren, Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015) 68. artikuluaren arabera.
Gaitutako helbide elektroniko bakarrera jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua.
9.3. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaera guztiak, baita datu faltsutuekin igortzen direnak ere. Datu faltsuak dituztenean, bidezko erantzukizuna eska daiteke.
9.4. Deialdi honetan ematen diren ebazpenak jakinarazpen elektronikoen bidez eginen dira, eta entitate interesdunen eskura egonen dira gaitutako helbide elektroniko bakarrean (DEHú) eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan.
10. Balorazio irizpideak.
10.1. Proiektuak honako irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, irizpide guztiak batera kontuan hartuta:
a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (35 puntu gehienez).
–Jardueren deskribapena (5 puntu).
–Metodologia: (10 puntu).
–Aukera-berdintasuna sustatzea: (5 puntu).
–Denboraren antolaketa: (5 puntu).
–Proiektua garatzeko lurralde-eremua: (5 puntu).
–Babesa eta segurtasuna jarduerak gauzatzean: (5 puntu).
b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez):
–Jardueren plangintza (10 puntu).
–Helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia (10 puntu).
–Proiektuaren izaera berritzailea (10 puntu).
–Emaitzen adierazleak (5 puntu).
c) Proiektuaren bazkide onuradunen kopurua (10 puntu gehienez).
–Bazkideen %71 eta %100 artean (10 puntu).
–Bazkideen %41 eta %71 artean (7 puntu).
–Bazkideen %21 eta %41 artean (4 puntu).
–Bazkideen %1 eta %21 artean (puntu bat).
–Bazkideek parte ez hartzea eta bazkideen %1ek baino gutxiagok parte hartzea (0 puntu).
d) Proiektua gauzatzeko gazteen entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).
–Proiektuaren eskura dauden baliabide materialak (5 puntu).
–Finantza-baliabideak. Proiekturako finantzaketa iturriak, NGIaz bestelakoak. (5 puntu).
–Entitatearekin kontratu/boluntario harremanik ez duten giza baliabideak (5 puntu).
–Entitatearekin kontratu-harremana duten giza baliabideak, egin beharreko proiektuan adituak diren teknikari eta profesionalak (5 puntu).
Ez dute dirulaguntzarik jasoko 70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek.
10.2. Ekipamendua erosteko eskaerak deialdi honen 3.2 eta 6.2.1 oinarrietan ezarritako baldintzen arabera eginen dira.
11. Dirulaguntza emateko ebazpena, justifikazioa, eta dirulaguntza ordaintzea.
11.1. Dirulaguntzak emateko ebazpena.
NGIko zuzendari kudeatzaileak dirulaguntza emateko ebazpena emanen du, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.
Dirulaguntza emateko ebazpenean, honako hauek jasoko dira: dirulaguntza jaso duten entitate eskatzaileen zerrenda eta horietako bakoitzari emandako zenbatekoa, bai eta ezetsitako eskaeren zerrenda ere.
Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.
11.2. Dirulaguntzaren justifikazioa.
11.2.1. Justifikatzeko dokumentazioa telematikoki igorriko da NGIra, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko estekaren bidez (III. eranskina, 0tik 4ra bitarteko fitxak).
Justifikazioa eredu ofizialari jarraituz egin beharko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.
11.2.2. Justifikazioa aurkezteko epea 2025eko irailaren 22an bukatuko da.
11.2.3. Gastuen justifikazioa.
a) Frogagiriak.
Gastuak justifikatzeko, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen aldeko fakturak aurkeztuko dira.
Aurkeztutako fakturek indarrean dagoen legeriaren araberakoak izan behar dute. Entitate jaulkitzaile bat BEZetik salbuetsita dagoenean, salbuespen hori egiaztatzen duen ziurtagiria erantsi beharko da, organo eskudunak emana.
Fakturak jaulkitzetik salbuetsita egonda, horren ordez, ziurtagiriak ematen dituzten entitateek ziurtagiri horietan jaso beharko dute salbuespen hori egiaztatzen duen araua.
Faktura guztiekin batera, ordainketaren frogagiria aurkeztu beharko da.
Inola ere ez dira onartuko ordainagiri hutsak, kutxako tiketak, albaranak, dohaintzak, emate-orriak, autofakturak edo froga-baliorik eta merkataritzako trafiko juridikoan baliorik ez duten bestelako dokumentuak.
Ordainketak eginen dira transferentzia, kreditu-txartel edo banku-txeke bidez. Inola ere ez da onartuko eskudiruzko ordainketarik.
b) Frogagiriak aurkeztea.
Egindako jarduera bakoitzeko, justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia jasotzen duen artxibo bat aurkeztuko da, bilduko dituena daten arabera ordenatutako ekintzen fitxak, fakturak eta ordainketaren frogagiriak.
Fakturak ordenatuta eta zenbakituta aurkeztuko dira, ordainketaren frogagiriekin batera. Faktura batek eta haren ordainketaren frogagiriak zenbaki bakarra izanen dute. Jarduera bakoitzeko, Excel bat aurkeztuko da, eta bertan fakturen zerrenda agertuko da, esleitu zaien zenbakiaren arabera ordenatuta.
Egindako gastuen zerrenda eta jarduerak sortutako fakturen banakapena Excel fitxategi batean aurkeztuko dira (III. eranskina, 4. fitxa). Jarduera bati egotzi ezin zaizkion gastu diruz lagungarriak badaude proiektuan, gastu horiek beste jarduera bat balira bezala justifikatuko dira, aparteko Excel orri batean.
Ekipamendua justifikatzeko, artxibo bat aurkeztuko da, justifikazioan eskatutako dokumentazio guztia biltzen duena, fakturak eta ordainketaren frogagiriak barne, 6.2 oinarrian ezarritakoari jarraituz. Honako hauek jasoko dira: entitate hornitzailea, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa. Faktura batek eta haren ordainketaren frogagiriak zenbaki bakarra izanen dute. Excel fitxategi bat aurkeztuko da (III. eranskina, 3. fitxa), eta bertan fakturen zerrenda agertuko da, esleitu zaien zenbakiaren arabera ordenatuta.
11.2.4. Proiektuen justifikazioa.
Proiektuak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Proiektuaren memoria orokorra, non adieraziko baitira helburu orokorrak, noraino lortu diren eta proiektuaren ebaluazioa, programaren finantzaketarekin batera, bai eta egindako proiektuaren interes estatistikoko datuak ere (III. eranskina, 1. fitxa).
b) Jarduera bakoitzaren bukaerako memoria, honako hauek adierazita: emaitzak, non egin diren, datak, parte-hartzaileak eta parte-hartzaileek eta begiraleek jardueraz egindako ebaluazioa, ondorioak, oharrak eta etorkizuneko jardueretarako gomendioak. Jarduera bakoitzerako finantzaketa ere erantsiko da (III. eranskina, 2. fitxa).
c) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako ziurtagiria, frogatzen duena egunean dituela Foru Ogasunarekiko zerga betebeharrak. Ziurtagiri horrek gehienez hilabete lehenago egina izan beharko du. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko, baldin eta baimena ematen bada Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan (III. eranskina, 5. fitxa).
d) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Eskatzaileak ziurtagiri hori aurkeztu beharko du baldintza hori frogatzen duten datuak kontsultatzearen aurka agertzen bada, arrazoituta. Dokumentazio hori ez da aurkeztu beharko eskatzailea Gizarte Segurantzaren datuak kontsultatzearen aurka ez badago (III. eranskina, 5. fitxa).
e) Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio organoak ikusten badu zuzen daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio onuradunari, eta hamar egun balioduneko epea emanen dio horiek zuzentzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikulua), eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, hasiera emanen zaiola dirulaguntza ez ordaintzeko prozedurari.
f) Justifikaziorako epea bukatuta, erakunde onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.
11.3. Dirulaguntzaren ordainketa.
11.3.1. Dirulaguntzaren ordainketa NGIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez erabakiko da, entitate onuradunak 11. oinarrian adierazitako frogagiriak aurkeztu ondoren, eta transferentzia bidez eginen da.
a) Diruz lagundutako gastuaren %100 justifikatu ezean, egindako gastua murriztu den adina murriztuta ordainduko da dirulaguntza, eta hori, betiere, entitate onuradunak gauzatutako proiektua nahiko hurbil baldin badago proiektu osotik eta hark ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela.
b) Justifikatutako gastuek bat etorri beharko dute proiektu teknikoan aurkeztu eta onartutako jarduerekin.
12. Entitate onuradunen betebeharrak.
12.1. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute telematikoki, laguntzen fitxaren bitartez. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, eskuragarri dagoena deialdiaren fitxan.
12.2. Xedea bete, proiektua gauzatu eta material inbentariagarria erostea, dirulaguntza emateko arrazoia baita. Diruz lagundutako proiektuaren garapena edo gastua aldatzen bada, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gazteriaren Institutuari, behar den denboraz, hark jakin dezan eta, bidezkoa bada, aginduzko baimena eman dezan.
12.3. Dirulaguntzen onuradun den entitateak dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko du, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.
12.4. Egiaztapen eta kontrol lanak egoki egiten direla bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskaturik eduki beharko dituzte, indarrean dagoen legeriak eskatutako baldintzetan (III. eranskina, 0 fitxa).
12.5. Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen eta NGIren dirulaguntzaren berri ematea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, modu tradizionalean edo digitalean egiten diren idatzizko edo ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere. Horretarako, dirulaguntza jasotzean hartzen duten konpromisoaren erantzukizunpeko adierazpena eginen dute entitate onuradunek (III. eranskina, 0 fitxa).
12.6. Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztea, non adieraziko baita hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu direla, ekipamendu ondasunen horniketa edo aholkularitza edo laguntza enpresek emandako zerbitzuak 12.000 eurotik gorakoak direnean (III. eranskina, 0 fitxa).
Kasu horietan, entitate onuradunak helburua lortzeko gai diren hiru enpresarekin edo gehiagorekin kontsultatu eta negoziatu beharko ditu kontratuaren baldintzak, eta eskaintzarik onena egiten duenarekin sinatuko du. Kontsulta-izapide hori eta dagozkion eskaintzak entitate onuradunak gorde beharko ditu, eta alderdi horiek agiri bidez egiaztatu beharko ditu dirulaguntza ematen duen organoaren aurrean. Agiri horiekin batera, egindako hautapena arrazoitzeko txosten labur bat aurkeztuko da.
Ez da beharrezkoa izanen enpresa bati baino gehiagori kontsulta egitea baldin eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik, behar adina ez badira merkatuan beharrezko hornidura edo zerbitzu hori egiten duten enpresak.
12.7. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, hizkuntza berdinzalea erabiliko da komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari erantzukidetasunari eta berdintasunezko parte-hartzeari lotutako balioak sustatuko dira. Halaber, zuzenean egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa izanen da. Horretarako, honako lan hau kontsulta daiteke: "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: "El Género como prioridad".
12.8. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.
13. Bateragarritasuna.
Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako, baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.
Entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean beranduenez, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz (III. eranskina, 0 fitxa).
14. Onarpena.
Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.
15. Datuen babesa.
Deialdi hau dela-eta egiten den datu pertsonalen tratamenduan, datuen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak xedatutakoa bete beharko da, eta, zehazki, honako hauetan adierazitakoa: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, zeinak 95/46/EE Zuzentaraua indargabetu baitzuen; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, hartan xedatuaren aurkakoa ez den orotan.
16. Ez-betetzeak.
16.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo NGIren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.
16.2. Onuradunak edo, hala badagokio, entitate laguntzaileak bere konpromisoak osorik betetzen ez baditu, aplikatuko da 11.3.1 oinarriko a) letran xedatutakoa.
17. Errekurtsoak.
Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluarekin.
18. Aplikatzekoa den legedia.
Ebazpen honetan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.
Iragarkiaren kodea: F2415138
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
