3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA
GOBERNUAREN ORDEZKARITZA
Jendaurrean jartzea aurretiazko administrazio-baimenaren, eraikitzeko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera "Ramal Sur" instalazio hibridorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako. Instalazio hori 85,8 MW-eko potentzia instalatuko parke eoliko batek eta 44,72 MW-eko potentzia instalatuko parke fotovoltaiko batek osatzen dute, eta egun dagoen "Castejon 1" ziklo konbinatuko zentral termikoarekin hibridatu nahi da; zentralak 424,91 MW-eko potentzia instalatua du. CCC-PEol-FV-001 espedientea
Proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar du, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.a artikuluak ezartzen duenari jarraikiz.
Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1.a) artikuluan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124. eta 125. artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jartzen da "Ramal sur" instalazio hibridorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako aurretiazko administrazio-baimenaren, eraikitzeko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera. Instalazio hori 85,8 MW-eko potentzia instalatuko parke eoliko batek eta 44,72 MW-eko potentzia instalatuko parke fotovoltaiko batek osatzen dute, eta egun dagoen "Castejon 1" ziklo konbinatuko zentral termikoarekin hibridatu nahi da; zentralak 424,91 MW-eko potentzia instalatua du (espedientearen kodea: CCC-PEol-FV-001). Hona espedientearen ezaugarriak:
–Eskatzailea: Totalenergies Clientes SAU (IFK: A-95000295); egoitza soziala: Plaza de los Ferroviarios Asturianos N.º 1, 33012 Oviedo.
–Eskaeraren xedea: Aurretiazko administrazio-baimenaren, eraikitzeko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera "Ramal Sur" instalazio hibridorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Cintruenigoko, Corellako eta Castejongo udal-mugarteetan, Nafarroako Foru Komunitatean. Instalazio hori 85,8 MW-eko potentzia instalatuko parke eoliko batek eta 44,72 MW-eko potentzia instalatuko parke fotovoltaiko batek osatzen dute, eta egun dagoen "Castejón 1" ziklo konbinatuko zentral termikoarekin hibridatu nahi da; zentralak 424,91 MW-eko potentzia instalatua du.
–Organo eskuduna: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusia da aurretiazko administrazio baimenaz eta proiektua eraikitzeko administrazio baimenaz ebazteko eskumena duen organo substantiboa. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskumena duen ingurumen arloko organoa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa da.
–Tramitazio organoa: Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloa, zeinak egoitza baitu Merindadeen plazan z.g. (31071 Iruña).
Hauek dira energia sortzeko instalazioen ezaugarri nagusiak:
- "PE Ramal Sur" parke eolikoak 85,8 MW-eko potentzia izanen du, eta Corellako eta Cintruenigoko udal-mugarteetan egonen da. Parke eolikoak 13 haize-sorgailu izanen ditu (potentzia: 6,6 MW; errotorearen diametroa: 170 m; abatzaren garaiera: 115 m).
- "FV Ramal Sur" instalazio fotovoltaikoak 44,72 MW-eko potentzia instalatua izanen du, eta Corellako eta Cintruenigoko udal-mugarteetan egonen da. Instalazioak 75.999 modulu fotovoltaiko izanen ditu, 600 W-ekoa bakoitza, eta ardatz batekiko jarraitzailearekin, eta, orobat, 208 inbertsore, 215 kVA-koak.
Energiaren ebakuazio azpiegiturak honela daude osatuta:
- "SET Ramal Sur 30/132 kV" transformazio azpiestazioa Corellako udal-mugartean egonen da. Aire zabaleko 132 kV-eko parke bat izanen du, osagai hauek izanen dituena: lur azpiko lineako posizio bat, transformadoreko posizio bat eta tutuz osatutako barra-sare bat. Kontrolerako eraikinaren barnean egonen dira 132 kV-eko posizioak kontrolatzeko eta babesteko kabinak eta ekipoak, bai eta 30 kV-eko gelaxkak ere.
- "SET Colectora Total 30/132/400 kV" transformazio azpiestazioa Castejongo udal-mugartean egonen da. Aire zabaleko 400 kV-eko parke bat izanen du, osagai hauek izanen dituena: lur azpiko lineako bi posizio, transformadoreko posizio bat eta "eraztun" itxurako eskemaren konfigurazioa. Orobat, aire zabaleko 132 kV-eko parke bat izanen du, trafo-lineako posizio batekin. Kontrolerako eraikinaren barnean egonen dira lineako eta transformazioko posizioak kontrolatzeko kabinak eta ekipoak (400 kV eta 132 kV, hurrenez hurren).
- 132 kV-eko lur azpiko linea batek (luzera: 10,86 km) lotuko ditu "SET Ramal Sur 30/132 kV" azpiestazioa eta "SET Colectora Total 30/132/400 kV" azpiestazioa. Linea hori Corellako eta Castejongo udal-mugarteetatik igaroko da.
- Aldatuko da 400 kV-eko aireko linea, zeinak lotzen baititu Castejongo Ziklo Konbinatuko Zentral Termikoa eta 400 kV-eko SE Castejon azpiestazioa. Aldatuko da 3. eta 4. euskarrien arteko baoa, eta lur azpiko kable bidezko sarrera-irteera bat eginen da "SET Colectora Total 30/132/400 kV" azpiestazioan. Lur azpiko tarte horietako bakoitzak 200 m inguruko luzera izanen du.
Aurrekontu zenbatetsia:
- "PE Ramal Sur" parke eolikoa: 51.031.977,71 euro.
- "FV Ramal Sur" instalazio fotovoltaikoa: 18.549.534,27 euro.
- "SET Ramal Sur 30/132 kV" transformazio aspiestazioa: 2.321.522,93 euro.
- "SET Colectora Total 30/132/400 kV" aspiestazioa: 7.735.518,14 euro.
- 132 kV-eko lur azpiko linea: 8.334.594,58 euro.
- 400 kV-eko linea aldatzea: 1.048.551,49 euro.
Helburua: Energia sortzea merkaturatzeko.
Eta hori guztia aditzera ematen da orok jakin dezan eta proiektua aztertu ahal izan dadin Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalaren bulegoan (Merindadeen plaza z.g., 31071, Iruña), aurretik hitzordua eskatuta, edo esteka honetan:
https://mpt.gob.es/eu/delegaciones_gobierno/delegaciones/navarra/proyectos-ci.html
Gainera, iragarki hau argitaratzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 4. artikuluaren ondorioetarako, pertsona interesdun guztiek aztertu ahal izan ditzaten proiektuaren agiri guztiak eta, orobat, egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ahal izan ditzaten.
Interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahal dituzte, arlo honi zuzenduak, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun balioduneko epean, bai idatziz, euskarri fisiko batean, Gobernuaren Ordezkaritzaren Erregistro Orokorrean, bai Estatuko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoaren bidez (https://rec.redsara.es), bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren moduetan.
Ohartarazten da ezen pertsona juridikoak, nortasun juridikorik gabeko entitateak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan identifikatutako bestelako subjektuak behartuak daudela baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekin dituzten harremanetan, administrazio prozedura baten edozein tramite egin behar duten aldiro. Hortaz, subjektu horiek jendaurreko informazioaren tramite honen barruan egiten dituzten alegazio guztiak baliabide elektronikoen bidez behar bezala aurkeztu beharko dira nahitaez.
Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloko zuzendaria, Ignacio Irujo Sanz.
Iragarkiaren kodea: E2415572