2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
OIBAR
Ondasunak ikertzeko espedientea, katastroko 9. poligonoko 660-659 eta 741-743 lurzatietan
Oibarko Udalak, 2024ko irailaren 6an egin ohiko osoko bilkuran, ondotik ematen den erabakia hartu zuen:
"Kontuan harturik udal honek baduela borondatea Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 217. epaia betetzeko, zeinaren bidez zati batean baiesten baita Guillermo Otano Guruchagak jarritako gora jotzeko 20-00559 errekurtsoa. Izan ere, 2019ko irailaren 27ko idazki batean eskatu zuen espediente bat has zedila ikertzeko, mugatzeko eta edukitza berreskuratzeko, eta errekerimendua egiteko, kendutako erretena leheneratu zedila, eta errekurtsoa jarri zuen, hain zuzen, espedientea hasteko eskaera hori udal honek isilbidez ezetsi izanaren aurka, presuntziozko egintza zuzenbidearen araberakoa ez izateagatik, aipatu prozedura hastea erabat ezesten zuen aldetik.
Ikusirik ezen, bat etorriz ezarrita dagoenarekin uztailaren 2ko Foru Legearen 115. artikuluan (Nafarroako Foru Administrazioari buruzko Foru Legea) eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 37. eta 38. artikuluetan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua), toki erakundeei dagokiela ustez berenak diren ondasunen eta eskubideen egoera ikertzea eta ikuskatzea, horien titulartasuna zehazteko, eta Foru Komunitateko pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak, behartuta daudela ikerketan eta ikuskapenean laguntzera.
Kontuan harturik ikertzeko espedientea hasteko erabakiak behar diren ezaugarriak adierazi behar dituela ikertzen den ondasuna edo eskubidea identifikatzeko, eta hori argitara eman behar dela Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki erakundearenean, eta zuzenean jakinarazi behar zaiela ukituei, ezagunak badira eta identifikatu badaitezke.
Kontuan harturik ezen espedienteak ukitutako pertsonek, aipatutako iragarki-taulan jendaurrean egoteko aldia bukatutzat eman eta biharamunetik hilabeteko epean, idatziz alega dezaketela toki erakundean beren eskubidearen alde komenigarria iruditzen zaiena, alegazioen oinarri diren agiriak erantsita.
Kontuan harturik Udaleko jarduneko idazkariak eman duen eta espedientean jaso den txostena.
Ikusirik ikerketa-ekintza aurrera eramatea Udaleko Osoko Bilkurari dagokiola, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 22.2.j) artikuluaren arabera (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legea).
Horrenbestez, Udalbatzak honako hau
ERABAKITZEN DU:
Lehena.–Ikerketa-ekintza hastea honako honen gainean, lehen azaldutako arrazoiengatik, zeinak hemen jasotzat jotzen baitira ondorio guztietarako: berrantolatzeko aktan 360-361 eta 362-364 ordezpen finken artean ageri den 1.000 m² inguruko lur zerrenda (finka horiei 9. poligonoko 660-659 eta 741-743 lurzatiak dagozkie Oibarko katastroan).
Bigarrena.–Erabaki hau argitara ematea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan, hamabost egun baliodunean.
Hirugarrena.–Erabakia jakinaraztea ezagunak diren eta identifikatu daitezkeen ukituei.
Hala, interesdunek idatziz alega dezakete beren eskubidearen alde komenigarria iruditzen zaien guztia, beren alegazioen oinarri diren agiriak erantsita. Hilabeteko epea izanen dute horretarako, Udalaren iragarki-taulan jendaurrean egoteko aldia bukatu eta biharamunetik hasita.
Laugarrena.–Erabaki honen berri ematea Guillermo Otano Guruchagari, Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuari eta Nafarroako Administrazio Auzitegiari, jakinaren gainean egon daitezen eta ondorioak izan ditzan".
Oibarren, 2024ko irailaren 25ean.–Alkatea, Francisco Javier Martínez Aldunate.
Iragarkiaren kodea: L2416316