236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

4132/2024 EBAZPENA, urriaren 31koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaileen bi lanpostu oposizio bidez betetzeko.

Abenduaren 22ko 113/2021 Foru Dekretuaren bidez (2021eko 293. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 30ekoan), Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen Administrazio Erroaren eremurako 2021eko lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Estatuko 2021eko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean aurreikusitako ordezte-tasari dagokiona. Foru dekretu horretan, besteak beste, zundatzaileen lanpostu huts batzuk sartu ziren, C mailakoak.

Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ekainaren 3ko 2149/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaileen lanpostu hutsak lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko.

Gero, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren abuztuaren 5eko 2882/2024 Ebazpenaren bidez, bete gabe deklaratu zen lekualdatze-lehiaketa hori.

Aurrekoa kontuan harturik, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaileen bi lanpostu betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko ko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaileen bi lanpostu betetzeko deialdia onestea, bai eta haren oinarriak ere. Lanpostuak sarrera prozedura erabiliz eta oposizio bidez beteko dira.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzura, Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzura eta Egituraren, Lanpostuen Antolaketaren eta Langileen Plantillaren Zerbitzura, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Herritarren Arretarako Atalera, eta epaimahaikide izendatutakoei.

Iruñean, 2024ko urriaren 31n.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

DEIALDIA, ZUNDATZAILEEN BI LANPOSTU OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO

Honako hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko zundatzaile izateko bi lanpostu oposizio bidez betetzea. Lanpostu zenbakiak, betebeharrak eta destinoak ebazpen honen II. eranskinean zehazten dira.

1.2. Bi lanpostu huts horiek txanda hauetan banatuko dira:

–1 lanpostu txanda irekian.

–1 lanpostu igoera txandan.

1.3. Igoera txandako lanposturen bat bete gabe geldituz gero, izangaiak ez iristeagatik hautaprobak gainditzeko behar den gutxieneko puntuaziora, lanpostu horiek txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Bestalde, baldin igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

Era berean, igoera txandako izangaiek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostuak eskuratzeko, aurreko paragrafoan adierazitako modu berean, baldin eta deialdiaren 2.1.2 oinarriko betebehar berariazkoak betetzen ez badituzte deialdiaren 8.1 oinarrian agiriak aurkezteko ezarritako epea bukatzen denean.

2.–Betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

2.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidetzat hartutako beste titulu bat izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaientzako berariazko betebeharrak:

Txanda honetako izangaiek, honako betebehar hauek ere bete beharko dituzte, aurreko atalean adierazitakoez gain:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoa izatea, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian, salbu eta borondatezko eszedentzian den pertsona zerbitzuak ematen ari bada –langile finko gisa edo aldi baterako– deialdia egin duen administrazio bereko beste lanpostu batean.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

c) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua izatea, salbu Nafarroako Polizia Kidegoetako kideen kasuan, horiek frogatu beharko baitute kidego horretan zortzi urteko benetako zerbitzualdia egin dutela.

d) Titulazioaren betebeharraren ordez, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasuna izatea frogatzen ahalko da.

2.1.3. Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, C motako gidabaimena edukitzea.

2.2. Betebehar horiek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira deialdian parte hartzeko eskaerak, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikoko deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta bitartekoetan, hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik, 26 euroko tasa ordaindu behar da.

Telematikoki ordaindu behar da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa aitortuta duten pertsonak.

b) Hautaproben deialdia argitaratu baino gutxienez hilabete lehenagotik langabe gisa inskribaturik daudenak.

Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak behar diren kontsultak eginen ditu, egiaztatzeko aurreko paragrafoan adierazitako salbuespena (langabezia egoera). Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, aurkeztu beharko du kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera online aurkezteko unean, izangaiek, kasuaren arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneatuta:

Bat.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, non agertuko baita zer egunetan inskribatu ziren langabe gisa.

Bi.–Deialdian igoera txandan parte hartu nahi duten izangaiek, aurrekoaz gainera, deialdi honen 2.1.2 atalean aipatzen diren betebeharrak betetzen dituztela frogatzen duen agiria gehitu beharko diote eskaerari, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa ez den Nafarroako beste administrazio publikoren bateko langile finkoak badira, edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finkoak.

Hiru.–%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Lau.–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan eta/edo bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Interneteko www.nafarroa.eus helbidearen bidez, deialdiaren fitxan.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

4.4. Ez da itzuliko funtzio publikora sartzeko eta bertan jarduteko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindutakoa, baldin eta izangaiak bazter gelditzen badira haiei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen prozesua gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio-epaimahaia.

5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Raúl Sainz Gómez jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Eraikuntzako Segurtasunaren eta Kalitate Kontrolaren Ataleko burua.

–Epaimahaiburuaren ordezkoa: José Francisco López García jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zuzendaria.

–Epaimahaikidea: Nuria Cruz López andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kalitate Kontrolaren Bulegoko burua.

–Ordezkoa: María Carmen Mazkiaran López de Goikoetxea andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Entseiu eta Laborategi Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Javier Rodríguez Dueñas jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Azterlan eta Proiektuen Zerbitzuko zundatzailea.

–Ordezkoa: María Cristina Melón Vital andrea, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Obretako Ingurumen arloko Kudeaketa eta Zainketa Bulegoko burua.

–Epaimahaikidea: Mateo Blanquet Muñoz jauna, Langileen Batzordea ordezkatuz.

–Ordezkoa: Brígida Soriano García andrea, Langileen Batzordea ordezkatuz.

–Idazkaria: Iñaki Goñi Urrizola jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

–Idazkariaren ordezkoa: Eduardo Jiménez Izu jauna, Lurralde Kohesiorako Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan, edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaiko kideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizioa nola eginen den.

6.1. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko lehen proba non, noiz eta zer ordutan eginen den.

Epaimahaiak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin eta deialdi honen 11. oinarrian ezartzen den moduan emanen ditu argitara hurrengo probetako deialdiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adieraziko ere.

Oposizioko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

6.2. Oposizioko probak oinarri honetan zehaztutakoak izanen dira, eta deialdiko I. eranskinean zehazten den gai-zerrendako gaiei buruz galdetuko da.

Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat duten izangaientzat, denboraren eta baliabideen aldetik, eskaeran hala eskatu badute.

6.3. Oposizioak proba hauek izanen ditu:

6.3.1. Lehenbiziko proba:

Proba teorikoa izanen da. Gehienez ere test motako 50 galderari erantzun beharko zaie, idatziz, ebazpen honen I. eranskinean ageri den gai-zerrendako edukiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba egiteko ordubete izanen da, gehienez ere.

Lehenbiziko proba honetan, gehienez ere, 40 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 20 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.3.2. Bigarren proba:

Proba praktikoa izanen da. Proba praktiko horretan sartuko da zundatze-ekipoak maneiatzea eta/edo eragiketak egitea, errotazio bidezko zulaketari eta sartze dinamikoari lotutakoak.

Hasi aurretik ezarriko du epaimahaiak idatzizko proba hau egiteko gehieneko denbora.

Bigarren proba honetan, gehienez ere, 60 puntu lor daitezke.

Bazterturik geldituko dira proba honetan gutxienez ere 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

6.4. Proba bakoitzaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako puntuazioak, Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan eta www.nafarroa.eus helbidean (deialdiaren fitxaren barnean), eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek eskubidezkotzat jotzen duten guztia alega dezaten telematikoki.

7.–Oposizioa gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Hautaprobak bukaturik, gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du kalifikazio-epaimahaiak, oposizioan lortutako kalifikazioak adierazita, txanden arabera eta lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igorriko da, betebeharrak betetzen diren egiaztatzeko, eta egin daitezen lanpostu hutsak hautatzeko izapideak.

7.2. Berdinketarik gertatuz gero, bigarren proban puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da; hala eta guztiz ere, berdinduta segitzen badute, lehenbiziko proban lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horrexetan.

7.3. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, kalifikazio-epaimahaiak horretarako eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak 10 egun balioduneko epea irekiko du izangaiek betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

–Deialdiko 2.1.1.c) atalean eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.

–C motako gidabaimena edukitzea frogatzen duen agiriaren kopia.

8.2. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun-ordenari jarraituz antolatua, txandaren arabera eta puntuazio ordenaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da, deialdiaren fitxan.

Ondoren, horretarako ezarritako epean, izangaiek jakinaraziko dute lanpostu hutsetatik zein duten nahiago, hurrenkera adieraziz.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasun aitortua edo hortik gorakoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz, ziurtagiri bat, adierazten duena desgaitasun aitortua bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Ziurtagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuen hautaketa hasi aurretik, haren desgaitasunarekin hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

Bestalde, hautaprobak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek lehentasuna izanen dute deialdiko lanpostu hutsak aukeratzeko, txanda irekiko izangaien aurretik, alde batera utzita desgaitasuna dutenen txandako izangaien salbuespena.

9.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko proposamena, non agertuko baitira hautapen prozesua gainditu duten izangaien artetik deialdiko lanpostu kopuruan sartzen direnak.

Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, baita deialdiaren fitxan ere, 11. oinarrian ezarritakoarekin bat.

9.2. Proposatzen diren izangaiek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean:

A) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuko eginkizunak betetzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

B) Administrazio dei-egileaz besteko Nafarroako Administrazio Publiko bateko langile finko diren izangaiek edo Nafarroako Foru Komunitateari transferitutako Justizia Administrazioko zerbitzuei atxikitako langile finko diren izangaiek, igoera txandan parte hartzen badute, aurreko ataleko dokumentazioaz gainera, jatorrizko administrazioan jardunean daudela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek adierazitako epean aurkezten ez dituen izangaia. Halaber, ezin izanen da izendatu deialdiko 2. oinarriko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira ordura arteko egintza guztiak, galarazi gabe eskaeraren faltsukeria dela-eta egozten ahal den erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak oposizioa gainditu duten izangaien zerrendan (7. oinarria) hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, betiere bete beharreko baldintzak betetzen baditu. Izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak beste agiriren bat behar izanez gero bere eskudantziak erabiltzeko, proposaturiko izangaiari eskatuko dio, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan.

9.6. Izangai batek ez badu lanpostua hautatzen prozedurak agintzen duen moduan eta epean, edo hautapen prozesuari uko egiten badio, edo betetzen ez baditu lanpostuan aritzeko deialdian ezarritako betebeharrak edo ez badu aurkezten eskatutako dokumentazioa, prozedurak agintzen duen moduan eta epean, administrazio-organo eskudunak haren baja beteko du, prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, halakoetan proposatzen diren izangai berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostu hutsak.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, deialdiko lanpostuan aritzeko. Ebazpen horren bidez, lanpostu hutsen esleipena ere eginen da.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta izanen dituzte indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen arloan ezarritako eskubide eta betebehar guztiak. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek izanen dituela jakinarazpenaren ondorio berberak, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.

Izendatutako izangaiek hilabeteko epean jabetu beharko dute lanpostuez, izendapena jakinarazten zaienetik hasita.

Aipatutako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangairen bat lanpostuaz jabetzen ez bada, galduko ditu Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.4. Baldin funtzionario bihurtutako izangaiei borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzen duten egunetik beretik, lanpostuan batere aritu gabe eta berek eskatuta, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 atalean ezarritako moduan, indarreko araudian ezarritako kasuetan.

10.5. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautua. Beraz, funtzionario berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

10.6. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honen xedeko lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio orokor guztia ere, Interneten argitaratuko da, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honi dagokion fitxan.

12.–Administrazio Erroaren esparruan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak.

12.1. Bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoarekin eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan eta oinarri honetan ezarritako prozedurarekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda hauek prestatuko dira hautapen prozesuan parte hartu eta lanposturik lortzen ez duten izangaiekin:

a) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda.

12.2. Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez onetsiko dira, alde batetik, hautapen prozesua gainditu arren lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda, eta bestetik, prozesu osoa gainditu ez duten izangaien zerrenda, aplikatu beharreko kudeaketa-arauekin bat.

Berdinketak ebazteko, kontuan hartuko dira deialdi honetan horretarako ezarritako irizpideak.

12.3. Izangaiei lanerako deitzeko eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzeko, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Kontrataziorako deitzen zaien izangaiek frogatu beharko dute, kontratua sinatzeko unean, betetzen dituztela deialdian eskatzen diren baldintzak.

Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

Kontrataziorako izangaien zerrendak onetsi baino lehen, kasua bada, epe bat irekitzen ahalko da hizkuntzen maila frogatzeko, eta betebehar hori eskatzen hasiko da horretarako emanen den epea bukatu eta gero.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak; izan ere, oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

13.–Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio-epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori dena, jarraikiz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluari eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.

2. gaia.–Europar Batasuna: Europako Parlamentua. Kontseilu Europarra. Europar Batasuneko Kontseilua: eskumenak, egitura eta funtzionamendua. Europako Batzordea: osaera, antolaketa eta funtzionamendua. Justizia Auzitegia. Europar Batasuneko ordenamendu juridikoaren iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria.

3. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: izaera eta esanahia. Atariko titulua. Nafarroaren eskumenak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Kontuen Ganbera: eskumen esparrua, eginkizunak eta organoak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.

5. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.

6. gaia.–Zuzenbidearen iturriak: iturrien hierarkia. Legea. Lege maila duten gobernuaren xedapenak. Legegintzako ekimena eta lege mailako arauak emateko ahala. Erregelamendua: kontzeptua, motak eta mugak. Gobernuaren erregelamendu-ahala.

7. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".

8. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio-errekurtsoak.

9. gaia.–Administrazio-prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozeduran interesdun direnak. Administrazio publikoen jarduera: jarduteko arau orokorrak; epemugak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearaztea.

10. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Administrazio-karrera. Administrazio-egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.

11. gaia.–13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa: aplikazio eremua eta Nafarroako Ogasun Publikoa. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak: edukia eta onespena; exekuzioa eta likidazioa.

12. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa: berdintasun printzipioa eta diskriminazioaren aurkako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

13. gaia.–Zundaketen sailkapena, haien aplikazioaren arabera.

14. gaia.–Zundaketen sailkapena, haien ezaugarri geometrikoen arabera: luzera, diametroa eta inklinazioa.

15. gaia.–Zulaketa metodoak, arroka suntsitzeko prozeduraren arabera.

16. gaia.–Metodoak, detrituak ebakuatzeko prozeduraren arabera.

17. gaia.–Zulaketa metodo bakoitzaren aplikazio eremuak.

18. gaia.–Arroken propietateak eta haien zulagarritasunari eragiten dioten faktoreak: pisu espezifikoa eta dentsitatea, porositatea eta iragazkortasuna, erresistentzia, gogortasuna, urragarritasuna, elastikotasuna eta plastikotasuna.

19. gaia.–Arroken zulagarritasuna: errotoperkusio bidezko zulaketa eta errotazio bidezko zulaketa.

20. gaia.–Arroka-formazioetan zulaketa-abiadurari eragiten dioten faktoreak.

21. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa: metodoaren printzipioak eta horretarako ekipoak.

22. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa; ekipoen deskribapena: egitura orokorra, eragintza sistemak, altxatzeko eta maniobratzeko sistemak, errotazioko eta bultzadako sistemak, zulatzeko likidoak eta armazoia edo dorrea.

23. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa; zulaketa-sorta: koroak, zabalgailuak, estaldurako zapatak eta koroak, koroak aukeratzeko irizpideak, lagin-ateratzeko hodiak, hagaxkak, injekzio-biraketa, estaldurako hodiak eta harrapatzeko osagarriak.

24. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa; zulaketa teknika: kokagunea prestatzea eta zulaketa bideratzea.

25. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa; zunda egokia aukeratzeko irizpideak.

26. gaia.–Lagina ateratzeko errotazio bidezko zulaketa sakonera handian, wire-line sistema: sistemaren deskribapena, abantailak eta desabantailak.

27. gaia.–Laginak hartzea arakatze zundaketetan: lagin motak eta haien adierazgarritasuna, lagin mota bakoitzaren aplikazioak eta erabilgarritasuna.

28. gaia.–Laginak hartzea arakatze zundaketetan: lagin mota bakoitza hartzeko metodoak.

29. gaia.–Arakatze zundaketetan hartutako laginen aurkezpena zundaketen kutxan.

30. gaia.–Segurtasun neurriak zundaketak egitean: neurri orokorrak; norberaren segurtasun neurriak; ekipoa kokatzeko neurriak; segurtasun neurriak zulaketa hastean: abioaren aurretik, abioan eta abioaren ondotik; segurtasun neurriak errotazio bidezko zulaketa lanak egin bitartean; segurtasun neurriak lekualdaketetan; segurtasun neurriak mantentze-lanetan eta zerbitzuan.

31. gaia.–Segurtasun neurriak erremintak erabiltzean: esku-erremintak eta erreminta mekanikoak; segurtasun neurriak altuerako lanetan; segurtasun neurriak suteak prebenitzeko eta itzaltzeko; kargak jasotzeko neurriak: eskuz jasotzean eta garabiz jasotzean.

32. gaia.–Sartze estandarreko saiakuntzak (SPT): saiakuntzaren erabilgarritasuna; hura egiteko behar den materiala, eta saiakuntzaren mekanika; laginaren aurkezpena.

33. gaia.–Sartze dinamiko superastuneko saiakuntza (DSPH): saiakuntzaren erabilgarritasuna eta aplikazio eremua; hura egiteko behar den materiala, eta saiakuntzaren mekanika; emaitzen aurkezpena.

34. gaia.–Vane Test saiakuntzak edo zundaketetako zizailadura: saiakuntzaren erabilgarritasuna eta aplikazio eremua; hura egiteko behar den materiala, eta saiakuntzaren mekanika; emaitzen aurkezpena.

35. gaia.–Lugeon motako iragazkortasun saiakuntzak, tresnak eta saiakuntzaren mekanika.

36. gaia.–Lefranc motako iragazkortasun saiakuntzak, tresnak eta saiakuntzaren mekanika.

37. gaia.–Hodi inklinometrikoen instalazioa: hodi inklinometrikoen ezaugarriak eta motak; zundaketa zulatzea, hodi gidaria instalatzea, betelan-materialak, eta kokagunearen babesa.

38. gaia.–Maila freatikoa neurtzea zundaketetan: hodi piezometrikoak: instalazio motak; maila freatikoa neurtzeko sistemak; neurri piezometrikoak hartzea: zulaketa egin bitartean, zulaketa bukatu ondotik, neurketaren datu osagarriak; piezometroak babestea.

39. gaia.–Zundaketan ur laginak hartzea: metodologia, arreta-neurriak laginak hartu bitartean, ontzi motak eta laginen kontserbazioa.

40. gaia.–Zundatzailearen landa-laneko partea: landa-laneko partearen xedea eta jaso beharreko datuak.

II. ERANSKINA.–ZUNDATZAILEEN LANPOSTUAK

LANPOSTU ZK.

DEPARTAMENTUA

ATXIKIPEN ESPARRUA

ARAUBIDE

JURIDIKOA

HERRIA

GIDABAIMENA

5843

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

CORDOVILLA

10349

LURRALDE KOHESIORAKO DEP.

HERRI-LANEN ETA AZPIEGITUREN ZUZ. NAG.

FUNTZIONARIOA

IRUÑA

C

Iragarkiaren kodea: F2416007