Iragarkia
236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ETXALAR
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren irailaren 16ko 90/2024 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zen, zeinaren oinarriak jarraian ematen baitira:
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, lan-kontratudun finkoen araubidekoa eta lanaldi osokoa, Etxalarko Udalaren zerbitzura jardun dezan; deialdi honen bidez, orobat, izangaien zerrenda bat osatuko da, ordezkapen, baja edo errefortzu-beharretarako.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Etxalarko Udalaren plantillako zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua, lan-kontratu finkoarekin eta lanaldi osoan.
1.2. Lanpostuaren ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta indarrean dagoen araudian zehaztutako moduan; era berean, jasoko ditu Etxalarko Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak.
1.3. Bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, Udalari iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete, edo ez dela behar bezala integratu langile taldean.
1.4. Hautaprobak gainditurik deialdi honetan hautatzen den izangaia afiliatuko da Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean, eta alta emanen zaio bertan.
1.5. Lan-ordutegia eta lanaldi-araubidea honako hau izanen da: larunbatetan ordubete eginen da lan, plaza eta frontoia garbitzeko lanak egiteko. Horrela, astelehenetik ostegunera lanaldi osoan arituko da; larunbatetan ordubete eginen da lan, goizeko lehen orduan, eta ostiraletan lanaldia murriztuko da larunbatetan lan egin beharreko ordua konpentsatzeko. Nolanahi ere, Etxalarko Udalak edozein unetan aldatzen ahalko ditu lan-ordutegia eta lanaldia, zerbitzuaren beharrak kontuan hartuta.
1.6. Izendatutakoak honako zeregin eta eginkizun hauek bete beharko ditu, aipatze hutsez eta bestelakoak baztertu gabe:
–Herriko garbiketa orokorra, herriguneko kaleak, frontoia eta beste espazio publiko batzuk, paperontziak hustea, kaleak garbitzea.
–Egitea udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak.
–Maneiatzea, mantentzea eta konpontzea zerbitzuaren berezko makinak, lanabesak eta tresnak.
–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak eta abar.
–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.
–Ibilgailuak gidatzea, eta maneiatzea obrako makineria arina eta ertaina (B motako gidabaimena arte, hori barne).
–Uren kontrol analitikoa eta udal-igerilekuetako operadore-lanak.
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan askotariko mantentze- eta konpontze-lanak egitea: elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.
–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
–Udaleko administrazio-zerbitzuei laguntzea eta haientzako mandatuak egitea, hala nola iragarkiak, bandoak, udal-publizitatea, dokumentuak lekualdatzea...
–Basolanak egitea, oro har, bai eta inaustea, baso-itxiturak muntatzea eta desmuntatzea, zuhaitzak markatzea, sasiak kentzea, zulatzea eta mendi-teknikariek adierazitako zereginetan laguntzea.
–Udal-pistak eta -bideak mantentzeko lanak.
–Lanean erabiltzen diren ibilgailuetan mantentze-lan oinarrizkoa eta kontserbaziokoa egitea.
Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu egokiak.
–Udalaren ordenantzak betetzen ote diren kontrolatzea, begiratzea eta ikuskatzea.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.
–Ematea edozein motatako udal-zerbitzuak eta Udalak agintzen dion beste edozein lan.
1.7. Eskatuko den hizkuntza eskakizuna izanen da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 (idatzia) eta B2 (ahozkoa), erakunde ofizial batek emana, edota haren baliokidetzat jotzen den beste titulazio bat izatea, edota izangaiak eskatutako maila duen zehazteko balio duen proba bat gainditzea.
1.8. Lanpostua eskuratzen ez duten izangai gaindituekin, aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat osatuko da, eta Etxalarko Udalean sor daitezkeen zerbitzu anitzetako beharretarako erabiltzen ahalko da.
Kontratazioak eginen dira hertsiki lotuz hautaprobak gainditu dituzten izangaien arteko puntuazioaren hurrenkerari.
1.9. Oinarri hauetan aurreikusi ez den orotan honako hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez, aipatutako estatutua garatzeko eta betearazteko emandako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua eta aplikatu beharreko gainerako arauak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako edukitzea Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokide bat, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisikoa nahiz psikikoa izatea.
e) Eginkizun publikoak betetzeko gabetua edo desgaitua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.
f) Euskararen ezagutza B1 (idatzizkoa) eta B2 (ahozkoa) frogatzea, hizkuntza-eskola ofizial batek emandako gaitasun-ziurtagiria edo baliokidetzat onartutako titulazio bat aurkeztuz.
g) B motako gidabaimena izatea.
2.2. Oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, bai eta hautapen prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.
3.–Eskaerak aurkeztea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Etxalarko Udaleko erregistro orokorrean, bai bertara joanda (Andutzeta kalea 15, 2.a, Etxalar) bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein baliabideren bidez, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Azken eguna baliogabea bada, aurkezteko epea luzatuko da hurrengo egun baliodunera.
Eskabideak I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izanen dira. Bertan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
Parte hartzeko eskabidea elektronikoki Etxalarko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten bada, Udalaren Egoitza Elektronikoaren bidez eginen da (https://egoitzaelektronikoa.etxalar.eus).
Eskabidea aurkezten bada Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako beste erregistro batean, horren berri emanen da, eta Etxalarko Udalari dokumentazioa zein erregistrotan aurkeztu zaion adieraziko zaio posta elektroniko bidez (udala@etxalar.eus).
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik. Gainera, horren berri emanen zaio Etxalarko Udalari posta elektroniko bidez (udala@etxalar.eus).
Eskabideek baldintza hauek bete beharko dituzte baztertuak ez izateko:
a) Izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela.
b) Lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduei buruzko datuak jaso beharko dituzte. Ez dira baloratuko eskabidean adierazten ez direnak eta behar bezala egiaztatzen ez direnak.
3.2. Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) NANaren edo baliokidea den nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua.
b) Deialdi honetako 2.1.c apartatuan eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.
c) Lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan egiaztatu ezin diren alderdiak badira, tituluen kopia kautotua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera ekarriko dena, konpultsatzeko) aurkeztuko dira, baita ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagiriak eta baliarazi nahi dituen gainerakoak ere.
d) Eskatutako euskara-mailaren gaitasun agiriaren kopia kautotua edo fotokopia (jatorrizkoarekin batera aurkeztuko da konpultsatzeko), Hizkuntza Eskola Ofizial batek emana, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den beste tituluren batena.
e) B gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
3.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.
3.4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa betetzen ez bada, izangaia kanporatu eginen da.
3.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Etxalarko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxalar.eus).
4.2. Inor baztertu ez bada, zuzenean onetsiko da onartutakoen behin betiko zerrenda, eta zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.3. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.
4.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitaratzeko Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Etxalarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.
4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
4.6. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, ulertuko da egin dela interesdunei egin beharreko jakinarazpena, jarraikiz 39/2015 Legearen 41. artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Xabier Etxarte Miquelestorena, Etxalarko Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Leire Olagarai Goienetxe, Etxalarko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Ángel Urtxegi Telletxea, Arantzako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Ordezkoa: Oinatz Asensio Santesteban, Zubietako eta Iturengo Udalen Batasuneko zerbitzu anitzetako enplegatua.
2. epaimahaikidea: Jokin Zabaleta Zabaleta, Igantziko Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Ordezkoa: José Javier Taberna Agesta, Berako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
3. epaimahaikidea: Itxaso Aleman Damboriena, Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako garapenerako agentea.
Ordezkoa: Izaskun Abril Olaetxea, Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko garapenerako agentea.
Idazkaria: Izaskun Gortari Sein, Etxalarko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: María José Larráyoz Ariztegui, Lesakako Udaleko idazkaria.
Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko idazkariak eginen ditu dagozkion aktak, eta epaimahaikideek sinatuko dituzte.
5.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, baldin suertatzen badira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako ezarriak dauden arrazoiak.
Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara. Oposizio-lehiaketa hori hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez bi hilabetera.
6.2. Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 30 puntu lehiaketaldiari dagozkio, eta 70 puntu oposizioaldiari.
Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.
Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, gidabaimena edo pasaportea. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
Ariketa bakoitza amaitutakoan, epaimahaiak Etxalarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxalar.eus) argitaratuko ditu lortutako behin-behineko kalifikazioak, eta bi egun balioduneko epea emanen du alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzi ondoren, halakorik bada, web-orrian eta iragarki-taulan argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak, hurrengo ariketa eginen den leku, egun eta orduarekin batera.
Epaimahaiak, ariketa batzuk edo guztiak, egun berean egitea erabaki dezake, aukeran.
Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitortu bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
Proba hauek egiteko ez daiteke kontsultatu inolako testurik, ezta erabili ere kalkulagailurik, telefono mugikorrik edo bestelako material teknologikorik, ez bada bolaluma urdina edo beltza.
Izangai batek kopiatzen badu, edo ez baditu betetzen azterketa egiteko ezarritako arauak, zuzenean baztertuko da oposizio-lehiaketatik, eta ez du izanen lanpostura aurkezterik.
7.–Lehiaketaldia: 30 puntu.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea, eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea. Betiere, merezimenduek zuzeneko lotura izan behar dute deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin. Gehienez ere 30 puntu emanen dira.
Epaimahaiak honako baremo honekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.
A.–Laneko esperientzia (15 puntu gehienez):
A.1. Udalen zerbitzuan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo maila bereko edo goragoko antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 3 puntu eta, gehienez, 15 puntu.
A.2. Beste entitate publiko batzuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa (D maila) edo maila bereko edo goragoko antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 2 puntu eta, gehienez ere,15 puntu.
A.3. Entitate pribatuetan, instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu gisa edo antzeko lanpostuetan emandako zerbitzuak, urte bakoitzeko: 1,5 puntu eta, gehienez, 15 puntu.
B.–Prestakuntza osagarria (15 puntu):
B.1. LHII-ko, goi mailako zikloko edo baliokide bateko titulu bakoitza, lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten espezialitateetan: 2 puntu; gehienez, 4 puntu.
B.2. Deialdi honen xede den lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruz ofizialki onartutako prestakuntza, 30 ordukoa edo gehiagokoa: 2 puntu emanen dira prestakuntza-ikastaro bakoitzeko, gehienez ere 4 puntu egin arte.
B.3. Honako tresna eta/edo makina hauek erabiltzeko baimena edukitzeagatik (gehienez, 4 puntu):
–Sasi-garbitzeko makina erabiltzeko txartela: 2 puntu.
–Motozerra erabiltzeko txartela: 2 puntu.
B.4. Produktu kimikoak, fitosanitarioak edo antzekoak manipulatzeko txartela edukitzeagatik: puntu bat.
B.5. Igerilekuetako operadore-txartela edukitzeagatik: 2 puntu.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioaren frogagiria.
Aurreko apartatuetan ezarritako merezimenduak zenbatzeko, lehiakideak lan egin zuen Administrazio Publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, eta kontuan hartuko dira egindako zerbitzuak, bai lan araubidean (finko nahiz aldi bateko gisa), bai administrazio araubidean (bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik). Ziurtagiri horietan, egindako lan mota, lanpostuaren maila, lanaldi mota/iraupena eta kontratazio horren iraupena adierazi beharko dira.
Ziurtagiriak aurkezten ez badira, edo, aurkeztu arren, horietan aurreko paragrafoan adierazitako datu guztiak agertzen ez badira, ez dira kontuan hartuko alegatutako merezimenduak.
Frogatutako lan-eskarmentuak ez badu urte osorik egiten, dagokion proportzioa aterako da, hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, izan beharko du hilabete batekoa gutxienez, osorik.
Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kalkulatuko da kasuan kasuko proportzioaren arabera.
Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahalko ditu epaimahaiak.
Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
Lehiaketaldia bukatutakoan, Etxalarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxalar.eus) argitaratuko da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.
Merezimenduen balorazioaren kalifikazioen aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte bi egun balioduneko epean.
8.–Oposizioaldia (70 puntu).
8.1. Oposizioak bi proba izanen ditu: bat teorikoa eta beste bat praktikoa. Plika sistema erabiliko da.
Oposizioan 70 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:
–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). II. eranskinean adierazitako gai-zerrendako gaiei buruzko test gisako hainbat galdera erantzun beharko dira.
Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hauek egiteko zer denbora izanen den. Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu erdiko (0,5) puntuazioa izanen du. Oker erantzundako galderengatik, 0,10 puntu kenduko zaizkio azterketaren guztizko puntuazioari.
Epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako kalifikazioekin, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxalar.eus), eta hiru egun balioduneko epea emanen du erreklamazioak edo alegazioak aurkezteko. Behin erreklamazio edo alegazio horiek ebatzita, halakorik bada, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak, eta hurrengo ariketa egiteko eguna, ordua eta lekua adieraziko dira, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.
–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak. Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira, eta gutxienez ere 20 puntu erdietsi behar dira. Bazterturik geldituko dira gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.
Epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, lortutako kalifikazioekin, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian (www.etxalar.eus), eta hiru egun balioduneko epea emanen du erreklamazioak edo alegazioak aurkezteko. Behin erreklamazio edo alegazio horiek ebatzita, halakorik bada, Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak.
8.2. Oposizio-faseko proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Izangaiek nortasun-agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio-agiriren bat eraman beharko dute, eta oposiziotik kanpo geratuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agiriren baten bidez identifikatzen ez direnak.
8.3. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.
8.4. Berdinketarik izanez gero oposizio-lehiaketaren azken emaitzan, proba praktikoan puntu gehien lortzen dutenen alde joko da.
9.–Gainditu dutenen zerrenda eta izendapen proposamena.
Azken kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Etxalarko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, batuta izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak, eta Etxalarko Udaleko Alkatetzari igorriko dizkio, espediente osoarekin batera, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, eta puntuazio handienarekin gainditutako izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Izendapen proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarendako.
10.–Agiriak aurkeztea.
10.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu udalaren erregistro orokorrean:
a) Zinpeko deklarazioa, erakusten duena eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez dela kendua izan.
Proposatutako izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
b) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikikorik edo eritasunik ez duela frogatzen duena.
Osasun-azterketa horretan "gai" kalifikazioa lortzen ez duten izangaiak ezin izanen dira langile finko izendatu.
c) Desgaitasunen bat duten izangaiek, gainera, frogagiri bat aurkeztu beharko dute, dioena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin; balorazio eta orientazio talde eskudunek eman beharko dute frogagiria.
d) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
e) Hala behar badu, Etxalarko Udalak eskatzen dituen agiri osagarriak.
10.2. Aipatu epean eta ongi justifikaturiko ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukizuna.
10.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, lanpostua beteko du 9. oinarrian aipaturiko gaindituen zerrendan ondo-ondotik datorren izangaiak. Harekin ere aurreko apartatuetan adierazitako moduan jokatuko da.
11.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
11.1. Hautapen prozesua bukaturik, eta proposatutako izangaiak aurreko 10.1 oinarrian aipatutako agiriak aurkezturik, proposatutako izangaia Etxalarko Udaleko lan-kontratudun langile finko (zerbitzu anitzetako langilea) izendatuko du Alkatetzak.
11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
11.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean, gehienez, hartu beharko du lanpostuaren jabetza, izendapena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, epe horretan ez bada jabetza hartzen, izendapenak dakartzan eskubide guztiak galduko ditu, 10.2 oinarrian ezarritako moduan eta ondorio berekin. Halakorik gertatzen bada, 10.3 oinarrian xedaturikoari jarraikiko zaio.
12.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1. oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Izangaiei dei egiten zaienean, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
13.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluarekin, izangaiei honako honen berri ematen zaie:
–Etxalarko Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua, eta DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan (5/2015 LegED, urriaren 30ekoa), barne dela Etxalarko Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitara ematea.
–Titularrek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko eta datuak eramateko, Etxalarko Udalaren bulegoetara joz edo udal web-orriaren bidez. Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
14.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, eta bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aurrera.
Etxalarren, 2024ko irailaren 18an.–Alkatea, Xabier Etxarte Miquelestorena.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Etxalarko Udalaren antolaketa, zein mankomunitatetako kide den, eskumenak. Etxalarko udal-mugarteari buruzko ezagutza.
2. gaia.–Bortziriak: eremu geografikoa, datu soziodemografikoak eta biztanleriari buruzkoak, Bortzirietako udalen ondasun eta instalazioen ezaugarriak eta kokapena.
3. gaia.–Toki Administrazioa Nafarroan: toki erakunde motak, eskumenak eta funtzionamendu araubidea.
4. gaia.–Administrazio-prozedura: hasiera, izapidetzea eta instrukzioa, amaiera.
5. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.
6. gaia.–Hizkuntza eta ortografia, eskatzen den titulazioaren mailakoa.
7. gaia.–Mantentze elektrikoko oinarrizko lanak egiteko ezagutzak: oinarrizko kontzeptuak. Argiketariaren oinarrizko tresnak: erabilera eta maneiua. Mekanismo elektrikoak. Lanparak: lanpara motak. Larrialdietako argiteria.
8. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.
9. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Zirkuitu bereziak, alarmak, larrialdiak, komunikazio-sareak.
10. gaia.–Argiteria publikoko zirkuituak. Aginte zentroak, babesak eta kontrol tresnak. Kanpoan jartzen diren argiak: motak eta ezaugarriak.
11. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemak ulertzea.
12. gaia.–Zurezko eta metalezko arotzeriako oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Ateak, leihoak eta pertsianak doitzea. Oinarrizko kontzeptuak. Metrologia. Barauts motak. Zurezko arotzeriako tresnak: eskuzko tresnak eta tresna elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Metalezko arotzeriako tresnak: eskuzko tresnak eta tresna elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Mantentze-lanak. Lotzeko sistemak. Ate eta leihoetako burdineria: motak. Sarrailak eta sarraila-zilindroak: Motak. Mantentze-lanak.
13. gaia.–Iturgintzako, berokuntzako eta saneamenduko oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Iturgintzarako tresnak: erabilera eta maneiua. Tresna sanitarioak. Tresna sanitarioen mantentze-lanak. Txorrotak: motak. Matxurak eta konponketak. Hodiak eta osagarriak: motak. Lotzeko sistemak. Iturgintzako instalazio baten osagaiak: motak. Eginkizunak. Berokuntza instalazio baten osagaiak: eginkizunak. Igorleak: motak. Igorleen balbulak: igorleen balbula motak eta eginkizuna. Berokuntza-zirkuituak. Berokuntza-instalazioa betetzea, hustea eta purgatzea. Saneamendua: erretenak. Zorrotenak. Kutxatilak: motak eta eginkizunak.
14. gaia.–Igeltserotzako eta pinturako oinarrizko mantentze-lanak egiteko ezagutzak. Oinarrizko kontzeptuak. Igeltserotzako tresnak: eskuzko erremintak eta erreminta elektrikoak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Oreak, morteroak eta itsasgarriak. Bitarteko osagarriak: motak. Segurtasun neurriak. Pinturako eskuzko tresnak eta lanabesak: erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Pinturak: pintura motak. Pinturak aplikatzeko metodoak. Bernizak: berniz motak. Bernizak aplikatzeko metodoak.
15. gaia.–Soldadura. Kontzeptu orokorrak eta oinarrizko mantentze-eragiketak.
16. gaia.–Basogintzako eta basoko lanak egiteko ezagutza orokorrak. Sasi-garbitzeko makina eta motozerra erabiltzea, eta erabilitako makineria mantentzea. Baso-itxiturak egitea, mantentzea eta konpontzea.
17. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak mantentzeko eta kontserbatzeko oinarrizko lanak egiteko ezagutzak: oinarrizko kontzeptuak. Erremintak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Berdeguneak garbitzea. Ureztatzea: ureztatze sistemak. Ureztatze sistemaren elementuak. Ureztatzeko garaia eta unea. Berdeguneak ongarritzea: ongarri motak. Ongarritze-garaia. Inausketa: inausketa-garaia. Inausketa mota.
18. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua. Xedea, aplikazio-eremua eta definizioak. Ergonomia lanpostuan. Zamak eskuz mugitzea. Ahalegin fisikoari loturiko arriskuak. Arrisku biologikoak. Arrisku kimikoak. Norbera babesteko ekipamenduak eta segurtasun-arauak, honako arlo hauetan: lorezaintza, elektrizitatea, iturgintza, igeltserotza, soldadura, mantentze-lan mekanikoa, pintura, zurgintza eta metalezko arotzeria.
19. gaia.–Segurtasuna, altuerako lanetan. Oinarrizko printzipioak.
20. gaia.–Laneko segurtasun eta higieneko oinarrizko neurriak. Segurtasuna, makinak eta erremintak erabiltzean.
Iragarkiaren kodea: L2416095
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
