236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

458E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboa da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 2250/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urriaren 9ko 462E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, ondoren, otsailaren 24ko 63E/2023 Ebazpenaren bidez eta abuztuaren 25eko 295E/2023 Ebazpenaren bidez berrikusia, biak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarenak.

2023ko ekainaren 26an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzeko eskatu zuen, zehazki, gehieneko isurketa-balioa aldatzeko, eroankortasunaren parametroari dagokionez, 3. isurketan, zeina truke-erretxinak eraldatzeari baitagokio, 30.000 µS/cm-tik 60.000 µS/cm-ra handituz. Aldaketa hori eskatu zen isurketa horren eroankortasuna handiagoa zelako ezarritako gehieneko isurketa-balioa baino, eta ondorengo afekzioa txikiagoa zelako; izan ere, isurketa horrek, udal kolektorera isuri baino lehen, 1., 2. eta 4. isurketekin bat egiten du ponpaketa-putzu batean.

2024ko urtarrilaren 25ean, titularrak zerbitzu honen errekerimendu bati erantzun zion, Tafalla-Erriberriko hiri-araztegia kudeatzen duen enpresaren txostenaren ondoren, eta udal kolektorera iristen den batez besteko eroankortasuna kalkulatu zuen.

2024ko maiatzaren 20an, titularrak zerbitzu honen bigarren errekerimendu bati erantzun zion; azken isurketaren eroankortasunaren aldakortasuna aztertu ondoren, aldatu egin zuen 3. isurketaren eroankortasunaren gehieneko balioa aldatzeko hasierako eskaera. Horri dagokionez, orain eskatzen da eroankortasuna ez dadila kontrolatu 3. isurketa horretan, eta eroankortasunaren gehieneko balioa (12.000 µS/cm-koa) kontrol puntu berri batean ezartzea, hots, 1., 2., 3. eta 4. isurketak elkartzen diren ponpaketa-putzuan.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak berrikusi du 3. isurketan eroankortasunaren gehieneko balioa handitzeari buruz aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du onargarria dela, bat datorrelako instalazioaren ingurumen funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin. Aitzitik, ponpaketa-putzuan ibaian beherako eroankortasunaren kontrol puntua aldatzeko eta puntu horretan 12.000 µS/cm-ko eroankortasunaren gehieneko balioa finkatzeko eskaerari dagokionez, zerbitzu honek ondorioztatzen du ez dela onargarria; izan ere, hasierako eskaerarekin alderatuta, udal kolektorera iristen den guztizko eroankortasuna handitzea ekarriko luke.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea Tafallako udal mugartean burdina urtu eta motorrak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboa da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Tafalla Iron Foundry sozietate kooperatiboari eta Tafallako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2415626