236. ALDIZKARIA - 2024ko azaroaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

457E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez irizpena ematen baita Martzillako udal mugartean plater prestatuak elaboratzeko eta kontserbak etiketatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburua duena izozte-tunel bat eta lehengaien biltegi bat jartzea, ez-funtsezkoa dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Instalazioaren titularra Virú Ibérica SL da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 8ko 153E/2023 Ebazpenaren bidez emana, eta sarturik dago Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 1. eranskineko 9.5 taldean.

2024-05-03an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi du, izozte-tunel bat eta lehengaien biltegi bat jartzeko. Proiektuaren arabera, ekoizpen gela berri bat eraikiko da, 295 m²-koa, non izozte-tunel berri bat jarriko baita, eta lehengaien biltegi berri bat, 70 m²-koa. Izozte-tunela instalatu ondoren, instalazioaren guztizko ekoizpen ahalmena %37,2 handituko da.

Ikusirik industria-instalazioaren aldaketa-proiektuari buruz aurkeztutako jakinarazpena eta egiaztagiriak, zerbitzu honek uste du aldaketa hori ez-funtsezkoa dela, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoaren arabera (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen); izan ere, aldaketak ez dakar berekin erregelamendu horren 37. artikuluan ezarritako egoeretako bat ere.

Bestalde, aldaketa ez-funtsezkoa egiteko proiektu horren ondorioz, beharrezkoa da ingurumen baimen bateratuaren testua aldatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Aldaketa horren ondorioz, instalazioaren gehieneko ekoizpen ahalmena %37,2 handituko da, produktu bukatua 4.171 t/egun izatetik 5.722 t/egun izatera igaroko baita. Igoera hori kontuan hartuko da etorkizuneko aldaketen ondoriozko ekoizpen ahalmena metatzearen ondorioetarako, aldaketa funtsezko bat gertatu delako irizpena emateari begira.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Irizpena ematea Martzillako udal mugartean plater prestatuak elaboratzeko eta kontserbak etiketatzeko dagoen instalazio baten aldaketa-proiektuari buruz, adieraziz aldaketa hori, helburua duena izozte-tunel bat eta lehengaien biltegi bat jartzea, ez-funtsezkoa dela, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi da). Instalazioaren titularra Virú Ibérica SL da.

Bigarrena.–Horrenbestez, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, titularrak aurrera eramaten ahalko du aurreikusitako proiektua, deusetan galarazi gabe dagokion obra-lizentzia edo behar diren beste baimen batzuk tramitatzea.

Hirugarrena.–Irizpen honek hamar hilabeteko balioa du ebazpen hau ematen denetik, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.–Instalazioaren ingurumen bateratuaren testua aldatzea, ebazpen honen eranskinean zehaztutako aldaketak sartuz.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, aplikatuz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoa (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Virú Ibérica SLri igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2415636