1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
453E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Villatuertako udal mugartean aluminiozko piezak fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egitea, helburu duena metala leuntzeko zentroa legeztatzeko proiektua gauzatu ahal izatea. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Embega sozietate kooperatiboa da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 22ko 453/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 6ko 440E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 22ko 512E/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zena.
2024ko martxoaren 19an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, leunketa eta esmerilaketa zentro bat ezartzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak 2024ko maiatzaren 15ean emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik 16/2002 Legea garatzeko eta Industriako isuriei buruzko Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Baina aldaketa nabarmena ere badela dio irizpenak, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 31. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, 2024ko maiatzaren 15ean emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.
Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratua aldatzeko administrazio prozedura izapidetzeko. Hori dela eta, 2024ko maiatzaren 15ean, prozedura horri hasiera eman zitzaion, proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuaren arabera, makina berriak jarriko dira tiratzaileak leundu eta esmerilatzeko, eta atmosferara isurtzen duen foku berri bat ere jarriko da, mahuka-iragazkia duena.
Espedientea tramitatu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea Villatuertako udal mugartean aluminiozko piezak fabrikatzen dituen instalazio batean aldaketa nabarmen bat egiteko, helburu duena metala leuntzeko zentroa legeztatzeko proiektua gauzatu ahal izatea. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Embega sozietate kooperatiboa da.
Bigarrena.–Hondakin urak udal kolektoreen sarera isurtzeko baimena sartzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, bat etorriz Uren Legearen testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoarekin (testu bategina uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du eta bost urtetik bost urtera automatikoki berrituko da, une bakoitzean eskatzen ahal diren kalitate arauak eta ingurumen helburuak betetzen badira.
Hirugarrena.–Aldaketa abian jarri aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 25. artikuluan xedatutakoarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zortzigarrena.–Ebazpen hau Embega sozietate kooperatiboari, Villatuertako Udalari eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2415656