1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
449E/2024 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita Uharteko udal mugartean espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Laboratorios Cinfa SA da.
Egun abian den instalazio horrek lehendik du ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.3 taldean.
2024-09-17an, titularrak bere ingurumen baimen bateratuan jasotako baldintzak aldatzea eskatu zuen; zehazki, ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinean, instalazioan sortutako hondakinen zerrendan, 16 10 02 eta 16 10 01* EHZ kodea duten bi hondakin berri sartzea eskatu zuen, hurrenez hurren, euri-uren prebentzioko mantentze-lanetatik datozen euri-urei dagozkien hondakinak, eta industria-jatorriko garbiketa-urei dagozkienak, zerbitzu orokorretakoak. Horrez gainera, titularrak eskatu du R01 azkeneko kanpo-kudeaketa sar dadila 07 05 14 EHZ kodea (espezialitate farmazeutikoak) duen hondakin baimenduan.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du onargarria dela; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Bestalde, EHZ 20 03 01 kodea duen hondakina kendu eginen da ingurumen baimen bateratuaren III. eranskinetik (instalazioan sortutako hondakinen zerrenda), 20. kapituluko hondakina delako, soil-soilik etxeko hondakinei dagokiena. Hondakin horiek kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (kasu honetan, Iruñerriko Mankomunitatea), eta, beraz, ez dira zerrenda horretan agertu behar.
Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua aldatzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Onartzea Uharteko udal mugartean espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen baimen bateratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa; horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Laboratorios Cinfa SA da.
Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, zeina zuzendu beharko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Laugarrena.–Ebazpen hau Laboratorios Cinfa SAri eta Uharteko Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko urriaren 25ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.
Iragarkiaren kodea: F2415680