22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

188/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio-baimena ukatzen baitzaie energia elektrikoa ekoizteko "FV Zizur Nagusia" izeneko instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio-azpiegiturei, Zizurko udal-mugartean.

1.–2023ko maiatzaren 23ko eskaera.

2023ko maiatzaren 23an, eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Bermond Renewables SLk aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko "FV Zizur Nagusia" izeneko 4.995 MW-eko instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako, Zizurko udal-mugartean.

2.–Jendaurreko informazioa eta kontsulten tramitea.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Bermond Renewables SLk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2023ko 149. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 18koan, eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean. Era berean, iragarkia bidali zen ukitutako udaletako ediktu-taulan argitaratzeko.

Separatak bidali ziren, halaber, erakunde publikoetara eta zerbitzu publikoak edo interes orokorreko zerbitzuak ematen dituzten enpresetara, instalazioak haien kargupeko ondasun eta eskubideak ukitzen dituen zatiari dagokionez.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak txosten bat igorri zuen, eta hartan aditzera eman zuen parke fotovoltaikoa "lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruan kokaturik dagoela, osorik, abiadura handiko trenaren geltoki berriaren eremurako eta tren geltoki zaharraren eremurako Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren arabera (UGPS)", eta "parkearen kokalekua berraztertu beharko litzatekeela, edo udal plangintzaren aldaketa egituratzaile bat planteatu".

Halaber, Zizur Nagusiko eta Iruñeko udalek kontrako txostenak igorri dituzte, udal arauekin hirigintza arloko bateraezintasunak direla medio.

Horrez gain, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioaren Trenbide Plangintzaren Zuzendariordetza Nagusiaren txosten bat jaso da, kontrakoa. Txostenean ematen den arrazoia da "egin gogo diren jarduketek eragin nabarmena izanen luketela onetsita dagoen tren trazaduran eta Iruñerriko geltoki berrian, zeina Iruñeko begizta ezabatzeko informazio azterlanean aurreikusita baitago. Are, trazaduraren onespen hori behin betikoa da, eta egungo trenbide plangintzaren parte".

3.–Berme ekonomikoa itzultzeko eskaera.

2023ko azaroaren 7an, Bermond Renewables SLk espedientea bertan behera uzteko eskaera egin zuen, eta sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzultzeko eskatu.

4.–Aurretiazko administrazio-baimena ukatzeko eta bermea itzultzeko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren eta bermea itzultzeko sustatzailearen eskaera azterturik, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatu du espedientea ebaztea, honela: aurretiazko administrazio baimena ukatzen da eta instalazioaren sarbide- eta konexio-baimenari lotutako bermea itzuliko da.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio-baimena ukatzea Bermond Renewables SLk energia elektrikoa ekoizteko "FV Zizur Nagusia" izeneko instalazio fotovoltaikoari eta haren ebakuazio-azpiegiturei, Zizurko udal-mugartean.

2. Diruzaintza Atalari sarbide- eta konexio-prozedurari lotutako 199.800 euroko bermea itzul dezan agintzea; Bermond Renewables SLk jarri zuen berme hori 2022ko abuztuaren 2an –erregistro zenbakia: 5020000278 CFNA 2022 (Av-NAV-0548)–.

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Bermond Renewables SLri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri, Enagási, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), Telefónica de España SAri, Red Eléctrica de España SAUko Sarbide Departamentuari, Ekologistak Martxan eta SEO BirdLife taldeei, eta ohartaraztea ezen ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daitekeela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera, espediente zenbakia adierazita.

6. Ebazpen hau jakinaraztea Zizurko, Zizur Nagusiko eta Iruñeko udalei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari eta Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiari, eta ohartaraztea haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daitekeela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetzako zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2318316