22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2024ko urtarrilaren 10ean hartua. Honen bidez, udalez gaindiko plan sektorialtzat jotzen da Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitatean saltoki handi bat ezartzeko proposamena, zeina Pomarelli SLk sustatu baitu.

I.–Xedea eta justifikazioa.

Udalez gaindiko plan sektorial honek helburu du saltoki handi bat ezartzea Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitateko 494 zenbakiko katastro-partzelan dagoen nabean; zehazki, honako merkataritza-jarduera hauek:

–Merkataritza-jarduera berri bat, ehungintzakoa, gaur egun erabiltzen ez den lokal batean. "PEPCO" operadoreak kudeatzekoa da.

–"CRAZY PET" enpresak kudeatzen duen maskotendako merkataritza-lokala handitzea.

Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen 19. artikulua betetzeko aurkeztu da udalez gaindiko plan sektoriala. Artikulu horrek xedatzen duenez, udalez gaindiko plan sektorial bat izapidetu behar da saltoki handiak ezartzeko, eta halakoak dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, 2.500 m² baino gehiagoko azalera erabilgarria edo azalera erabilgarrien batura badute produktuak saldu eta erakusteko.

Udalez gaindiko plan sektorialaren arabera, aipatutako L.6 unitatean dauden merkataritza-jarduerek (BM, TEDI eta CRAZYPET), aipatutako 17/2001 foru legearen arabera saltoki kolektibo bat osatzen baitute, 2.499,48 m²-ko azalera erabilgarria dute, guztira, produktuak saltzeko eta erakusteko. Orain proposatu diren merkataritza-ezarpen berriekin, 909,04 m² handitu da azalera hori (CRAZYPET, 271,34 m², eta PEPCO, 637,70 m²).

II.–Txosten sektorialak.

Aplikatzekoak diren arauzko xedapen sektorialekin bat, 2023ko irailaren 20an, txostena eskatu zaie Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari eta Iruñerriko Mankomunitateari. Espedientea Lurraldearen Antolamenduko Batzordetik iragan den egunean, honako hauek jaso dira:

–Txostena, Iruñerriko Mankomunitateko Energia Berriztagarrien eta Azpiegituren zuzendariak 2023ko urriaren 2an emana; honako hau ondorioztatzen du: "hornidura- eta saneamendu-azpiegituren gaineko eraginei dagokienez, txostena aldekoa dela uste dugu".

–Txostena, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalak 2023ko urriaren 5ean emana; udalez gaindiko plan sektorialaren partaidetza-planaren aldeko txostena egin du, eta baliozkotu du.

III.–Kontuan hartu beharrekoak.

Udalez gaindiko plan sektorial honek proposatzen du indarrean dagoen hirigintzako udal-plangintzan aurreikusitako baldintzekin bat datorren merkataritza-jarduketa bat ezartzea.

Ulertzen ahal da udalez gaindiko plan sektoriala bat datorrela Eremu Zentraleko Lurraldearen Antolamenduko Planean (LAP3) xedatutakoarekin.

Dokumentua berrikusi ondotik, honako eduki hauek falta direla ikusi da, eta ebazpena eman aurretik gehitu behar zaizkio:

–Nafarroako Gobernuko energiaren arloko departamentu eskudunak emandako ziurtagiria, egiaztatzeko proiektua energia aurrezteko gomendagarrienak diren irizpideekin diseinatu dela (17/2001 Foru Legearen 21.3 e) artikulua).

–Eskatzaileak emandako ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita behin establezimendua ezarri ondotik saltokiaren eragin-eremuan salmentarako azaleran zenbateko ehunekoa izanen duen (17/2001 Foru Legearen 21.3 g) artikulua).

–Udalez gaindiko plan sektoriala LAP3rekin bat datorrela justifikatzeko apartatua (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 29.3 artikulua).

–Koordenatu geografikoak, ETRS89 erreferentziako sistema geodesikoan, dokumentazio grafikoko orrien 4 izkinetan (urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 9. artikulua).

–Informazio geografiko bektoriala, artxibo digitaletan; urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta eranskinean aipatzen diren datu-multzoei dagokien informazio bektoriala jaso behar du. Kasu honetan, udalez gaindiko plan sektorial honek, udal-plangintzan ezarritako hirigintza-antolamenduko zehaztapenak aldatzen ez dituen heinean, 1. datu-multzoa "Jarduketa-eremua" soilik aurkeztu beharko litzateke.

–Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legearen 25. artikulua betetzen dela justifikatzen duen apartatua (udalez gaindiko plan sektoriala onesteko irizpideak).

–17/2001 Foru Legearen aurreko artikuluari jarraikiz, "teknologikoki eskueran daudenean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailu bat salmentarako azalera erabilgarriko 2.500 metro karratu bakoitzeko" jarri dela justifikatzea.

Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak baloratu beharko du merkataritzako legeria betetzen den.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2023ko abenduaren 18ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik, honako hau

ERABAKITZEN DU:

1. Udalez gaindiko plan sektorial deklaratzea Zizur Nagusiko udal-mugarteko Ardoi Sektoreko L.6 unitatean saltoki handi bat ezartzeko Pomarelli SLk sustatu duen proposamena, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean eta Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Sustatzaileari adieraztea espedientea ebatzi aurretik plana osatu beharko duela erabaki honetako kontsiderazioei jarraikiz.

3. Planak eta bertan jasotako obrak egiteko erredaktatzen diren eraikuntza-proiektuek bete beharko dute espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatutakoa.

Halaber, obra horiek egiteko, sustatzaileak behar den baimen oro lortu beharko du, kasuan kasuko gaiaren arabera eskumena duen organoaren eskutik.

4. Udalez gaindiko plan sektoriala jendaurrean jartzea hilabetez eta, aldi berean, entzunaldia ematea Zizur Nagusiko Udalari.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapideen epea.

Horretarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web-orri honetan egonen da ikusgai: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan, egoki jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea orok jakin dezan, eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atalari, Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Zizur Nagusiko Udalari eta sustatzaileari.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 10ean.–Bigarren lehendakariordea, Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez.

Iragarkiaren kodea: F2400534