22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Ordenantza, udal kiroldegiko instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzen dituena

Ultzamako Udalak, 2023ko uztailaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi egin zuen Ultzamako udal kiroldegiaren funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, dagozkion iragarkiak argitaratuta 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14koan, eta Udalaren iragarki taulan eta webgunean, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, hasierako onespenaren iragarkian horrela adierazi denez, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jo da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren edukia betez, erabaki hau eta ordenantza horren testu osoa argitaratzen dira.

Larraintzarren (Ultzama), 2024ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ULTZAMAKO UDAL KIROLDEGIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Ultzamako Udalaren udal kiroldegiaren funtzionamendua eta erabilera arautzea, bai eta berorren instalazioak ere. Larraintzarren kokatuta dago, San Pedro kaleko 44. zenbakian, Ultzaman.

2. artikulua. Kiroldegiaren erabilerak.

2.1. Ultzamako Udal Kiroldegia instalazio horietan ohikoak diren kiroletan aritzeko erabiliko da, hala nola areto futbola, saskibaloia, eskubaloia, barnealdeko entrenamenduak (korrika, koltxonetak, horma-barrak...) eta abar.

Udalak herritarren zein udalaren interesekoak diren beste kirol, kultura eta gizarte jarduera batzuk antolatu ahal izanen ditu.

2.2. Instalazioak ahalik eta hobekien zaintzeko, kiroldegia erabiltzen duen orok material eta oinetako egokiak erabili beharko ditu gauzatzen den zeinahi modalitatetan aritzeko.

Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea eta materialak erabiltzea (bizikletak, gurpil oholak, ibilgailu motordunak eta kidekoak).

2.3. Debeku da kiroldegian jatea.

2.4. Debeku da edatea, ura, edari isotonikoak eta kiroletarako edariak salbu.

2.5. Ikusleak publikoarentzat jarritako harmailetan eseri beharko dira. Debeku da harmailetan jatea eta edatea, uraren kasuan izan ezik.

Kiroldegira sartzen ahalko da zamalanetako ibilgailuekin, baldin eta Udalak aldez aurretik horretarako berariazko baimena eman badu.

2.6. Debeku da kiroldegia erabiltzea jendearekin modu informalean elkartzeko.

3. artikulua. Kiroldegia erabiliko duten pertsonak/entitateak.

3.1. Ikastetxe Publikoa: jarduerak egiteko eskola orduetan.

3.2. Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea: Mankomunitateak antolatutako jarduerak egiteko. Udalarekin adostuko da orduen erreserba.

3.3. Partikularrak: Partikularrak: aldez aurretik erreserba eginda eta ezarritako prezioa ordainduta, kiroldegia erabiltzen dutenak.

3.4. "Talde txartela" duten taldeak: Kiroldegia taldean erabiltzeko txartel berezia duten pertsona taldeak. Kasu horietan kiroldegiko giltzak talde bakoitzeko hiru kideri emanen zaizkie, gehienez ere, Udalak nola astean hala asteburuan erabiltzeko egunen zein orduen mugaketak ezartzen ahalko ditu, eta urtero prezioarekin batera inkatuko dira horiek.

3.5. Bestelakoak: Partikularrak, klubak, elkarteak, taldeak eta abar, kiroldegia erabili nahi dutenak kirol eta kultura jarduerak egiteko edota publikoa bertaratzea dakarten bestelako jarduerak antolatzeko.

Kasu horietan, erabiltzeko baimena eskuratzeko, eskabidea aurkeztuko dute gutxienez ere hamabost egun lehenagotik, eta bertan azalduko dituzte egin nahi duten jarduera, erabiliko dituzten instalazioak (aldagelak, komunak, argia, berogailua) eta intereseko beste edozein datu.

Jarduerari berari aplikatu beharreko araudiez gain –entitate zein pertsona antolatzailearen erantzukizuna izanen da horiek betearaztea–, Udalak eskatzen ahalko du segurtasun neurri eta baldintza zehatzak bete daitezela (erantzukizun zibileko aseguru propioa, ebakuazio plana eta abar), arriskuan oinarrituta, zeina udal teknikariek ebaluatuko baitute, kontuan hartuta entitate edo pertsona antolatzaileak emandako datuak.

4. artikulua. Sartzeko modua.

4.1. Udalak erabiltzaileen eskura jarriko du kiroldegira sartzeko sistema edota modua, eta giltza zein beste sartzeko formatu bat izaten ahal da (aplikazioa/txartela/kodea eta abar). Aurrerantzean, ordenantza honetan giltza hitzaz eginen diogu erreferentzia.

4.2. 14 urtez gorakoek kiroldegiko giltzak eskatu eta instalazioak erabiltzen ahal dituzte, betiere errespetatuta dauden erreserbak eta instalazioen erabilera libreari dagokion ordena.

4.3. 14 urtez beherakoek, kiroldegia erabili ahal izateko, une oro heldu batekin egon beharko dute, haien segurtasuna bermatzeko eta indarrean den araudia betetzen dela segurtatzeko. 14 urtez beherakoekin kiroldegian sartu eta haiekin egon behar duen helduak zaindu beharko du adin txikikoen segurtasuna, eta erantzukizuna hartuko du instalazioak egoera onean mantentzeko eta erabiltzeko.

4.4. Ultzamako udaletxean hartuko da giltza, instalazioak erreserbatzeko berariazko agiria bete ondoren.

4.5. Giltza udaletxean itzuliko da jarduera amaitu ondoren. Jendeari harrera egiteko ordutegia bukatu bada, Udaleko langileek erabakiko dute nola itzuliko den giltza. Udalak postontzi bat jarri ahal izanen du kiroldegiaren atarian, giltza itzultzeko.

4.6. Abonatuek eta denbora luzerako erreserbak dituztenek eskubidea izanen dute kiroldegira sartzeko giltza izateko; erreserba bukatzen denean itzuli egin beharko dute.

4.7. Kiroldegira sartzeko giltza edota mekanismoa galtzen bada, Udalak mekanismo horren kopia egiteko kostua kobratu ahal izanen dio erabiltzaileari.

4.8. Erabiltzaile orok eskubidea du bidezkoak iruditzen zaizkion erreklamazioak eta iradokizunak idatziz egiteko Ultzamako Udalari.

4.9. Erreserba egiten duen pertsona arduratuko da instalazioa erabiltzeko eta mantentzeko arauak betetzeaz.

4.10. Giltza besterenezina da eta erabiltzaile bakoitza da bere giltzaren erantzulea.

4.11. Instalazioetara sartzeko egoki diren sarbideak eta ateak erabiliko dira soilik. Behin erabiltzen amaitu ondoren, argi guztiak itzali eta ate guztiak itxi beharko dira.

5. artikulua. Funtzionamendu ordutegia.

Alkatetza, Kirol Batzordea eta kiroleko udal teknikariak arduratuko dira kiroldegia funtzionamenduan izanen den ordutegiak finkatzeaz, eta erabiltzaileek Udalaren webgunearen bitartez eskuratzen ahal dituzte.

6. artikulua. Erreserbak.

6.1. Ikastetxe Publikoa. Jarduerak egiteko, ikasturtean zehar, erreserbatuta egonen da eskolaldia amaitu arte. Urteko egutegia eginen da.

6.2. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen jarduerak. Mankomunitateak erreserba egiteko orduak eskatuko dizkio Udalari. Urteko egutegi bat argitaratuko da, eta Udalaren webgunean egonen da eskuragarri.

6.3. "Talde txartela" duten taldeen kasuan erreserba irailetik ekainera arteko eta uztaila-abuztua aldietarako izanen da. Udalean kiroldegia erreserbatzeko dokumentu espezifikoa beteta eginen da erreserba. Telematikoki egin ahal izanen da, Udalak webgunean argitaratuko duen posta elektronikoko helbidera bidalita.

6.4. Noizean behingo erreserbak. Pista erreserbatu ahal izanen da, urtean zehar eskaerak eginda. Eskaera bi egun balioduneko aurretiaz egin beharko da, gutxienez ere.

Epe luzerako erreserbak iraileko lehen hamabostalditik aurrera eginen dira.

Udarako erreserbak ekainean eginen dira.

Udalak erreserbetarako egutegia eguneratuko du urte bakoitzaren iraileko bigarren hamabostaldian. Epe luzerako erreserbaz gozatzen jarraitu ahal izateko eskaera berriz ere aurkeztu beharko da.

Erreserba ordutegi berean eskatzaile bat baino gehiago badago, dei eginen zaie arazoa konpontzen saiatzeko eta bidezko konponbide bat bilatzeko; akordiorik lortzen ez bada erreserba orduak zozketa bidez esleituko dira.

Denbora luzerako erreserbak eskatzen dituztenek, erreserba erabili behar ez badute, Udalari jakinaraziko diote, ordu tarte hori libre uzteko eta beste erabiltzaile batzuek eskatzeko aukera izan dezaten.

Erreserba epez kanpo eskatuz gero, bete gabeko ordurik badago soilik onartuko da erreserba.

6.5. Udalak kiroldegiaren eta instalazioen erabilera beretako izanen du, berak –bere kasa edo beste entitate edota elkarte batzuekin batera– sustatzen dituen jardueretarako; jarduera horiek Ultzama gizarte, kultura eta kirol arloetan garatzeko helburua izanen dute.

7. artikulua. Beste instalazio batzuk.

7.1. Aldagelak, dutxak eta komunak.

Erabiltzaile guztiek eskubidea izanen dute instalazio horiek erabiltzeko. Berorien erantzukizuna izanen da altzariak zaintzea, mantentze egokia egitea eta oinarrizko garbiketa egitea. Altzarietan hondaketarik atzemanez gero, Udalari abisatuko zaio.

Altzari edo instalazioetako matxurak edo hausturak, gaizki erabiltzearen ondorio badira, erabiltzaileak ordaindu beharko ditu.

Udalak instalazio horietarako sarbidea arautu edo itxi ahal izanen du, osasun edo segurtasun arrazoiengatik.

Halaber, instalazioa itxi eta sartzea mugatu ahal izanen du obrak, konponketak, mantentze lanak, egokitzapenak edota garbiketa egin behar izanez gero.

7.2. Berokuntza.

Erabiltzaileek berokuntza erabili nahi badute, hala adieraziko dute kiroldegia erabiltzeko eskabidean. Horretarako, dagokion tasa ordainduko diote Udalari.

Erabiltzaileek hitzarmen bat badute Udalarekin, hitzarmen horrek arautuko du berokuntzaren erabilera.

Udalak izendatutako langileek jarriko dute martxan berokuntza.

7.3. Argia.

Erabiltzaileek hitzarmen bat badute Udalarekin, hitzarmen horrek arautuko du argiaren erabilera.

Gainerako erabiltzaileek eskura izanen dute diru-zorro elektroniko edota sistema espezifikoren bat, argia pizteko.

Instalaziotik atera baino lehen argi guztiak itzali behar dira.

7.4. Alboko gela.

Gela hori Udalak zein Mankomunitateak antolatutako jardueretarako izanen da, bai eta jarduera espezifiko batzuetarako ere, hala nola spinning eta abar.

7.5. Materiala gordetzeko gelak.

Erabiltzaileekin eginen diren erreserbako baimenetan nahiz akordioetan arautuko da materiala gordetzeko gelaren erabilera.

Esleitutako kaiolan gordetako materiala: Udalak ez du erantzukizunik izanen bertan utzitako materiala galdu edota lapurtzen bada.

Bertan kirol ekipamendua eta materiala soilik gordetzen ahal dira.

Debeku da beste erabiltzaile batzuen eta Udalaren materiala erabiltzea, berariaz baimena ematen ez bada.

7.6. Bulegoa.

Ikastetxe publikoko langileek eta klubeko teknikariek erabiltzeko izanen da, erabiltzeko beharra azalduta eskatzen dutenean. Nolanahi ere, gela erabiltzeko eskaera egin beharko da.

8. artikulua. Tasak.

Instalazioak erabiltzeko prezioak ezarriko dira tasa, prezio publiko eta udal zergei dagozkien karga tasen udal ordenantza indardunean.

Irabazi asmorik gabeko entitateek doan erabiliko dute kiroldegia, baldin eta sarrerarik kobratzen ez badute. Argia eta berokuntza erabiltzeko tasa ordaindu beharko da beroriek erabiliz gero.

Udala kolaboratzaile den kiroldegiko jardueretan doakoak izanen dira argia eta berokuntza.

9. artikulua. Diziplina araubidea: Arau hausteak eta zehapenak.

9.1. Kantxan nahiz instalazioetan kalteak berariaz egiten dituenari debekatu eginen zaio kiroldegian sartzea eta hura erabiltzea, hiru eta lau hilabete bitarteko epean, gertatutakoa zeinen larria den aintzat hartuta. Halaber, pertsona horrek kalte-galerak konpentsatzeko betebeharra izanen du, halakorik egonez gero.

9.2. Kiroldegia ordenantza honen 2.1 apartatuan aipatutako erabileretarako ez beste batzuetarako erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du instalazioetan eskatzaileak eragindako kalte-galerak konpontzea, halakorik balitz.

9.3. Kiroldegiko giltzak kopiatzea arau hauste oso astuntzat hartuko da.

9.4. Kiroldegiko giltzak erreserba zein sartzeko baimena ez duen beste bati uztea arau hauste astuntzat hartuko da.

9.5. Udal administrazioari dagokio ordenantza honetan biltzen den zehapen araubidea aplikatzea.

10. artikulua. Faltak eta arau hausteak.

–Falta zein arau hauste arinak dira:

a) Kiroldegia erabiltzea baimenik gabe eta erreserba ordutegitik kanpo, behin bakarrik hiru hilabeteko epean.

b) Instalazioetako zerbitzuak desegoki erabiltzea.

c) Udaleko langileei edo zinegotziei instalazioetan topatzen diren kalte edo behar ez bezalakoen berri berehala ez ematea.

d) Instalazioetatik atera ostean argia ez itzaltzea.

e) Erregistroan zein erreserbarako eskaeran ezarritako ordutegia ez betetzea.

–Falta zein arau hauste astunak dira:

a) Baimenik ez duten beste pertsona batzuei kiroldegia erabiltzen uztea, Udalari aldez aurretik jakinarazi gabe.

b) Instalazioetan kalte larriak egitea.

c) Giltza galdu dela ez jakinaraztea.

d) Hiru (3) falta zein arau hauste arin egitea.

e) Falta zein arau hauste arinen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

e) Kiroldegiko giltzak uztea sartzeko baimenik nahiz erreserbarik ez duen beste bati.

–Arau hauste oso astunak dira:

a) Hiru (3) falta zein arau hauste astun egitea.

b) Instalazioetan oso kalte larriak egitea.

c) Falta nahiz arau hauste astunen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

d) Kiroldegiko giltzen kopiak egitea.

11. artikulua. Zehapenak.

a) Falta zein arau hauste arinak eginez gero, kiroldegia ezin izanen da astebete eta lau aste arteko epean erabili. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

b) Falta eta arau hauste astunak eginez gero, kiroldegia ezin izanen da erabili hiru aste eta bi hilabete arteko epean, zeinen larriak diren kontuan hartuta, eta 300 euroko isuna ordaindu beharko da. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

c) Falta eta arau hauste astunengatik ezarritako zehapena ez bada betetzen, eta arau hauste oso astunik egiten bada, debekatu eginen da Udalaren edozein kirol instalaziotan sartzea bi eta lau hilabete arteko epean, larritasunaren arabera, eta 600 euroko isuna ordaindu beharko da. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapenak ezarriko dira aldez aurretik Ultzamako Udalak kasuan kasuko espedientea izapidetuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako administrazio prozeduraren arauei jarraikiz, bai eta lege hori garatzeko araudiari jarraikiz ere.

Ultzamako Udalaren Alkatetza izanen da zehapenak jartzeko organo eskuduna.

Iragarkiaren kodea: L2400453