22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ULTZAMA

Ordenantza, udal gimnasioko instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzen dituena

Ultzamako Udalak, 2023ko urriaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi egin zuen Ultzamako udal gimnasioko instalazioen funtzionamendua eta erabilera arautzen dituen ordenantza.

Espedientea jendaurrean egon da, dagozkion iragarkiak argitaratuta 2023ko 236. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, azaroaren 14koan, eta Udalaren iragarki taulan eta webgunean, hogeita hamar egun balioduneko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Horregatik guztiagatik, hasierako onespenaren iragarkian horrela adierazi denez, hasierako onespenaren erabakia behin betikotzat jo da, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluaren edukia betez, erabaki hau eta ordenantza horren testu osoa argitaratzen dira.

Larraintzarren (Ultzama), 2024ko urtarrilaren 8an.–Alkatea, Martín M.ª Picabea Aguirre.

ORDENANTZA, ULTZAMAKO UDAL GIMNASIOAREN FUNTZIONAMENDUA ETA ERABILERA ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Ultzamako Udalaren udal gimnasioaren funtzionamendua eta erabilera arautzea, bai eta berorren instalazioak ere. Larraintzarren kokatuta dago, San Pedro kaleko 44. zenbakian, Ultzaman.

Kontuan hartu da espazio batzuk partekatzen dituztela instalazio horrek (udal gimnasioak) eta udal igerilekuek, hala nola sarrera, aldagelak eta beste zenbait; beraz, berorietan aplikatzekoak izanen dira nola ordenantza honetan definitzen diren arauak hala udal igerilekuen araudi espezifikoan jasotakoak, eta azken horiek neurri osagarritzat hartuko dira.

Ultzamako udal gimnasioak bi gela ditu: bata makinaz hornitua eta bestea taldeko eta makinarik gabeko jardueretarako.

Halaber, fisioterapiako, masajeetarako eta abarrerako gela edo kontsulta bat ere badago.

Horrez gain, materiala gordetzeko gela bat du instalazioak.

2. artikulua. Gimnasioaren erabilerak.

2.1. Gimnasioa horrelako instalazioetan egin ohi diren kirolak egiteko erabiliko da, hala nola GAP, pilates, yoga, makinekin egindako ariketak, spinning, zumba, aerobic eta kidekoak.

2.2. Instalazioak ahalik eta hobekien zaintzeko, kiroldegia erabiltzen duen orok material eta oinetako egokiak erabili beharko ditu edozein kirol jardueratan aritzeko.

Debeku da animaliak sartzea eta instalazioak kaltetzen ahal dituzten jarduerak egitea eta materialak erabiltzea (bizikletak, gurpil oholak, ibilgailu motordunak eta kidekoak).

2.3. Debeku da instalazioetan jatea eta edatea, baina norberak botila bat izaten ahal du edari ez alkoholdunekin, hala nola isotonikoez eta urez beteta.

2.4. Makinak erabiltzeko eskuoihala jarri behar da, edota makinok estaltzeko beste elementuren bat, eta behin makinak erabilitakoan idortu behar dira.

2.5. Kirol aretoetan ezin izanen da espaziorik okupatu motxilekin, kiroletako poltsekin eta abarrekin. Horretarako jarritako armairuetan zein guneetan gorde beharko dira.

2.6. Debeku da gimnasioa erabiltzea modu informalean elkartzeko.

3. artikulua. Gimnasioa erabiliko duten pertsonak/entitateak.

3.3. Ultzamako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea: Mankomunitateak antolatutako jarduerak egiteko. Udalarekin adostuko da orduen erreserba.

3.4. Abonatuak: Partikularrek, aldez aurretik erreserba eginda eta ezarritako prezioa ordainduta, gimnasioa erabiltzen ahal dute. Abonatuen kideko erabiltzailetzat joko dira, halaber, Kirol.Plusekin zein kidekoekin programa espezifikoetan parte hartzen dutenak.

3.5. Ultzamako Udalarekin hitzarmen bat duten elkarteak eta kirol taldeak.

4. artikulua. Sartzeko modua.

4.1. Udalak erabiltzaileen eskura jarriko du gimnasiora sartzeko sistema edota modua, eta giltza zein beste sartzeko formatu bat izaten ahal da (aplikazioa/txartela/kodea eta abar). Aurrerantzean, ordenantza honetan giltza hitzaz eginen diogu erreferentzia.

4.2. 16 urtez gorakoek gimnasioko giltza eskatu eta instalazioak erabiltzen ahal dituzte, betiere dauden erreserbak eta instalazioen erabilera libreari propio dagokion ordena errespetatuta.

4.3. 16 urte baino gutxiagokoek ezin izanen dute gimnasioan sartu, salbu eta beren adinekoentzat berariaz antolatutako jarduera batean parte hartzeko bada.

4.4. Ultzamako udaletxean hartuko da gimnasioaren giltza, instalazioak erreserbatzeko berariazko agiria bete ondoren.

4.5. Giltza udaletxean itzuliko da jarduera amaitu ondoren. Jendeari harrera egiteko ordutegia bukatu bada, Udaleko langileek erabakiko dute nola itzuliko den giltza. Udalak postontzi bat jarri ahal izanen du gimnasioaren atarian, giltza itzultzeko.

4.6. Kiroldegira sartzeko giltza edota mekanismoa galtzen bada, Udalak mekanismo horren kopia egiteko kostua kobratu ahal izanen dio erabiltzaileari.

4.7. Erabiltzaile orok eskubidea du bidezkoak iruditzen zaizkion erreklamazioak eta iradokizunak idatziz egiteko Ultzamako Udalari.

4.8. Giltza besterenezina da eta erabiltzaile bakoitza da bere giltzaren erantzulea.

4.9. Instalazioetara sartzeko egoki diren sarbideak eta ateak erabiliko dira soilik. Behin erabiltzen amaitu ondoren, argi guztiak itzali eta ate guztiak itxi beharko dira.

5. artikulua. Funtzionamendu ordutegia.

Alkatetza, Kirol Batzordea eta kiroleko udal teknikariak arduratuko dira gimnasioa funtzionamenduan izanen den ordutegiak finkatzeaz, eta erabiltzaileek Udalaren webgunearen bitartez eskuratzen ahal dituzte.

6. artikulua. Erreserbak.

6.1. Segurtasun, edukiera eta zerbitzuaren kalitatea arrazoiak direla-eta, Udalak erabiltzaile kopurua mugatzen ahalko du une oro, eta baldintzak (erabiltzeko denbora, erreserba epeak eta kidekoak) zein erreserba egiteko sistemak (aplikazioa, taula etab.) ezartzen ahalko ditu, bermatzeko interesdun guztiek dutela erabiltzeko aukera (txandakatzea, denbora mugak, etab.).

6.2. Udalak gimnasioaren eta instalazioen erabilera beretako izanen du, berak –bere kasa edo beste entitate edota elkarte batzuekin batera– sustatzen dituen jardueretarako; jarduera horiek Ultzama gizarte, kultura eta kirol arloetan garatzeko helburua izanen dute.

7. artikulua. Beste instalazio batzuk.

7.1. Aldagelak, dutxak eta komunak.

Erabiltzaile guztiek eskubidea izanen dute instalazio horiek erabiltzeko. Berorien erantzukizuna izanen da altzariak zaintzea, mantentze egokia egitea eta oinarrizko garbiketa egitea. Altzarietan hondaketarik atzemanez gero, Udalari abisatuko zaio.

Altzari edo instalazioetako matxurak edo hausturak, gaizki erabiltzearen ondorio badira, horien erantzule denak ordaindu beharko ditu.

Udalak instalazio horietarako sarbidea arautu edo itxi ahal izanen du, osasun edo segurtasun arrazoiengatik.

Halaber, instalazioa itxi eta sartzea mugatu ahal izanen du obrak, konponketak, mantentze lanak, egokitzapenak edota garbiketa egin behar izanez gero.

7.2. Fisioterapia gela.

Masajeak eta osasunarekin eta ongizatearekin lotutako zerbitzuak eman nahi dituzten profesionalek soilik erabiltzen ahalko dute gela hori. Udalak arautuko ditu erabiltzeko baldintzak espazio espezifiko horretarako adosten diren akordioen bidez.

7.3. Materiala gordetzeko gelak.

Gimnasioko materiala gordetzeko erabiliko dira (baloiak, pisuak, makinak...), bai eta antolatzen diren jardueretarako materiala gordetzeko ere.

8. artikulua. Tasak.

Instalazioak erabiltzeko prezioak ezarriko dira tasa, prezio publiko eta udal zergei dagozkien karga tasen udal ordenantza indardunean.

Irabazi asmorik gabeko entitateek doan erabiliko dute gimnasioa, baldin eta onuradunei kobratzen ez badiete.

Argia eta berokuntza erabiltzeko tasa ordaindu beharko da beroriek erabiliz gero.

Udala kolaboratzaile den gimnasioko jardueretan doakoak izanen dira argia eta berokuntza.

9. artikulua. Diziplina araubidea: arau hausteak eta zehapenak.

9.1. Kantxan nahiz instalazioetan kalteak berariaz egiten dituenari debekatu eginen zaio gimnasioan sartzea eta hura erabiltzea, hiru eta lau hilabete bitarteko epean, gertatutakoa zeinen larria den aintzat hartuta. Halaber, pertsona horrek kalte-galerak konpentsatzeko betebeharra izanen du, halakorik egonez gero.

9.2. Gimnasioa ordenantza honen 2.1 apartatuan aipatutako erabileretarako ez beste batzuetarako erabiltzen bada, baimena ematerakoan hartutako betebeharrak ez betetzeak ekarriko du instalazioetan pertsona/entitate eskatzaileak eragindako kalte-galerak konpontzea, halakorik balitz.

9.3. Gimnasioko giltzak kopiatzea arau hauste oso astuntzat hartuko da.

9.4. Gimnasioko giltzak erreserba zein sartzeko baimena ez duen beste bati uztea arau hauste astuntzat hartuko da.

9.5. Udal administrazioari dagokio ordenantza honetan biltzen den zehapen araubidea aplikatzea.

10. artikulua. Faltak eta arau hausteak.

–Falta zein arau hauste arinak dira:

a) Gimnasioa erabiltzea baimenik gabe eta erreserba ordutegitik kanpo, behin bakarrik hiru hilabeteko epean.

b) Instalazioetako zerbitzuak desegoki erabiltzea.

c) Udalari zein langileei berehala ez ematea instalazioetan kausitzen diren kalte edo behar ez bezalakoen berri.

d) Instalazioetatik atera ostean argia ez itzaltzea.

e) Eskuoihalik ez erabiltzea makinekin aritzean, makinok zikintzea eta abar.

f) Erregistroan zein erreserbarako eskaeran ezarritako ordutegia ez betetzea.

–Falta zein arau hauste astunak dira:

a) Baimenik ez duten beste pertsona batzuei gimnasioa erabiltzen uztea, Udalari aldez aurretik jakinarazi gabe.

b) Kalte larriak egitea instalazioetan eta dagoen askotariko materialean zein ekipamenduetan.

c) Giltza galdu dela ez jakinaraztea.

d) Hiru (3) falta zein arau hauste arin egitea.

e) Falta zein arau hauste arinen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

f) Gimnasioko giltzak uztea sartzeko baimenik nahiz erreserbarik ez duen beste bati.

–Arau hauste oso astunak dira:

a) Hiru (3) falta zein arau hauste astun egitea.

b) Instalazioetan edota ekipamenduetan oso kalte larriak egitea.

c) Falta nahiz arau hauste astunen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

d) Gimnasioko giltzen kopiak egitea.

11. artikulua. Zehapenak.

a) Falta zein arau hauste arinak eginez gero, gimnasioa ezin izanen da astebete eta lau aste arteko epean erabili. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

b) Falta eta arau hauste astunak eginez gero, kiroldegia ezin izanen da erabili lau aste eta bi hilabete arteko epean, zeinen larriak diren kontuan hartuta, eta 300 euroko isuna ordaindu beharko da. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

c) Falta eta arau hauste astunengatik ezarritako zehapena ez bada betetzen, eta arau hauste oso astunik egiten bada, debekatu eginen da Udalaren edozein kirol instalaziotan sartzea bi eta lau hilabete arteko epean, larritasunaren arabera, eta 600 euroko isuna ordaindu beharko da. Halaber, sortutako kalte-galerak ordaindu behar izanen dira, egonez gero.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapenak ezarriko dira aldez aurretik Ultzamako Udalak kasuan kasuko espedientea izapidetuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako administrazio prozeduraren arauei jarraikiz, bai eta lege hori garatzeko araudiari jarraikiz ere.

Ultzamako Udalaren Alkatetza izanen da zehapenak jartzeko organo eskuduna.

Iragarkiaren kodea: L2400452