22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALAR

Aldaketa Eraikingintza-ordenantzan. Behin betiko onespena

Galarko Udalak, 2023ko irailaren 13an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Eraikingintza-ordenantzaren 79., 88. eta 103. artikuluen aldaketa. Hasierako onespena 2023ko 213. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 13an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325,1. artikuluari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako erabakia behin betiko bilakatu eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Getze Galarren, 2024ko urtarrilaren 15ean.–Alkatea, Óscar Amóztegui Recalde.

ALDAKETA, ERAIKINGINTZA-ORDENANTZAREN 79., 88. ETA 103. ARTIKULUETAN

79. artikulua. Finketako itxiturak.

Ezin izanen da itxiturarik jarri fatxada nagusiaren aurrean; fatxada nagusia beti egonen da lurzatiaren aurrealdeko espazio publikoarekin lotuta.

Forma aldetik haien ezaugarriak gainerako itxitura tradizionalenak bezalatsukoak izanen dira. Itxitura-hormak gehienez ere 1,80 metro garai izanen dira, harlangaitzez eraikiko dira, eta etxebizitzaren paramentuaren kopia direnak baimendu ahal izanen dira.

Hormez gain, baimenduta daude heskaiak edo gisakoak eta soluzio mistoak, baina ez da erabiliko txarrantxarik edo ebakitzen ahal duen materialik murruen gainaldean.

Soluzio mistotzat hartuko dira zati opaku bat dutenak eta, horrez gain, heskaia edo gardentzat jotzen den metalezko zati bat dutenak. Gardentzat joko da baldin eta oinezkoek bide publikotik erraz ikusten ahal badute lurzatiaren barnealdea; hots, hutsuneak gutxienez itxituraren %70 badira). Betiere, itxitura opakuen gehieneko garaiera metro batekoa izanen da.

Soluzio mistoko itxitura opakuak honelakoak izaten ahal dira:

–Harri-hormak edo fabrikako horma emokatuak, edo fatxadaren paramentuaren kopia direnak.

–Metalezko edo forjazko soluzioa, barraz, xaflaz, zulatutako txapaz eta abarrez osatua (metalezko sarea izan ezik), gehieneko garaiera metro batekoa bada. Itxitura hau heskaiarekin bakarrik osatzen ahalko da. Ordenantza honen 75. artikuluan arotzeriarako ezartzen denaren araberakoa izanen da soluzio honen kolorea.

Mugakideen arteko hesietan, aurrekoez gain, metalezko sareak onartuko dira, gehienez ere 2 metrokoak. Etxebizitzaren paramentuaren kopia diren murruak egitea baimentzen ahalko da.

Bereziki zainduko dira mugakideekiko itxituren elkarguneak eta espazio publikoarekiko itxiturak, baimendutako garaieren aldea dela-eta.

Artikulu honetan aipatzen diren garaierak, koskak daudenean, itxituraren horma-atal bakoitzean direnen batezbestekotzat hartuko dira, betiere lurzatiaren kanpoaldetik neurtuak.

2 metroko euste-hormak eta metro bateko segurtasun-baranda onartuko dira, baldin eta lurzatian lurrei eutsi behar bazaie.

88. artikulua. Finken itxitura.

79. artikuluan (UO.1eko finken itxiturak) ezarritakoaren arabera arautuko dira, salbuespen hauekin:

Salbuespenez, eraikinaren aurrealdean itxitura jartzen ahalko da fatxada nagusian, lurzatia baldin badago jada finkatuta dagoen antolamendu batean, eta, horrekin harmonizatzeko xedez, 1,80 metrora arteko itxiturak onartuko dira, betiere itxitura opakua ez bada metro bat baino garaiagoa, ezta kalearen beste toki batzuetan baino garaiagoa ere.

Harlangaitzez gain, harrizko plakak ere erabiltzen ahalko dira.

Finkatutako urbanizazioak osatzen dituzten lurzatien kasuan, lehendik dauden materialak erabiltzen ahalko dira, 79. artikuluan baimendutakoez bestelakoak izan arren.

103. artikulua. Finken itxitura.

79. artikuluan (UO.1eko finken itxiturak) ezarritakoaren arabera arautuko dira, salbuespen honekin:

Salbuespenez, itxitura jartzen ahalko da eraikinaren fatxada nagusiaren aurrealdean, baldin eta antolamendu xehatuko planeamenduaren ondoriozko antolamenduak horren beharra justifikatzen badu; aurrealdeko itxiturak gehienez ere metro batekoak izanen dira, eta garaiera horren gainetik ez da onartuko beste inongo material ez hesirik ere.

Iragarkiaren kodea: L2400843