22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BASABURUA

Deialdia, taxi-lizentzia bat adjudikatzeko

Basaburuko Udalak, 2023ko azaroaren 29an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen deialdi bat onestea, hiriko taxi-lizentzia bat adjudikatzeko, lehiaketa bidez, Basaburuko udal-mugarterako.

Eskaintzak aurkezteko epea 20 egunekoa izanen da, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Basaburuan, 2023ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Santos Etxegia Oronoz.

OINARRI ARAUTZAILEAK, TAXI ZERBITZUA EMATEKO LIZENTZIA ADJUDIKATZEKO

1.–Xedea.

Oinarri hauen bidez, Udalak taxi-lizentzia bat adjudikatu nahi du lehiaketa bidez, bat etorriz Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legean ezarrita dagoenarekin.

Zerbitzua osorik emanen da Basaburuko udalerrian; hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2.–Araubide juridikoa.

Honako araudi honetan jasotzen da deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–1955eko ekainaren 17ko Dekretua, Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duena.

–280/1990 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena.

–9/2005 Foru Legea, Taxiari buruzkoa, eta hura aldatzen duen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea.

–Erregelamendua, Basaburuko udal-mugartean taxi-zerbitzua arautzen duena; 2022ko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen behin betiko onespena, azaroaren 2an.

Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3.–Parte hartzeko baldintzak.

1. Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea, Basaburuan erroldatua, eskaera egin aurreko bi urteetan jarraian gutxienez, Basaburuko Udalean taxi-zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo, bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan-baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) Ez edukitzea beste taxi-lizentzia bat.

d) Indarrean dagoen legerian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzea.

e) 600 euroko bermea jartzea.

4.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. Eskaerak Basaburuko Udalaren Erregistro Orokorrean (Asunción kalea 7, Jauntsarats) aurkeztuko dira, oinarri hauen iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 20 egun naturaleko epean.

Proposamenak postaz ere bidaltzen ahal dira; horretarako, interesdunak egiaztatu beharko du posta-bulegoan igorpena noiz egin duen, gordekinaren bidez. Orobat, eta aurreko paragrafoan adierazitako epearen barrenean, proposamena bidali duela egiaztatu beharko du mezu elektroniko bidez (udala@basaburua.eus). Beharkizun horiek bete ezean, ez da onartuko ezarritako epetik kanpo jasotzen den proposamenik.

Dena dela, proposamenak aurkezteko epea bukatu eta 4 egun natural iragandakoan, ez da onartuko postaz igorritako proposamen bakar bat ere.

5.–Agiriak.

Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: "Taxi-zerbitzua emateko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa", eta izen-abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere, honela:

–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.

–3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.

1. "Dokumentazio administratiboa" izeneko 1. gutun-azalak honako hau izanen du barnean:

1.1. Eskaera egiten duenaren nortasun agiri nazional indardunaren fotokopia.

1.2. Bermea: lizitatzaileek 600 euroko bermea aurkeztu beharko dute Basaburuko Udalaren alde.

Bermea, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat, banku-abal gisa aurkezten ahalko da, edo eskudirutan zuzenean Udalaren Kutxan, edo banku-transferentziaz edo kauzio-aseguruaren kontratu bidez.

Berme horrek bermatuko du behin-behineko adjudikazioa onetsi arte eusten zaiola eskaintzari.

Organo eskudunak lizentzia behin-behinekoz adjudikatu eta berehala itzuliko zaie bermea interesdunei; adjudikatu arte eskaintzari eusten ez diotenei bahitu eginen zaie, eta behin-behineko adjudikaziodunei, atxiki.

Behin-behineko adjudikaziodunei atxikitako bermea bahitu eginen da baldin eta, lizentziaren behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez bada; bereziki, ibilgailuaren dokumentazioa, aseguruen kontratazioa, soldatapeko gidariarena (halakorik bada) eta lizentzia osorik ordaindu izanarena.

Lizentzia behin betiko adjudikatu ondoren itzuliko zaie atxikitako bermea adjudikaziodunei.

1.3. BPT motako gidabaimen indardunaren fotokopia.

1.4. Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloetako betebeharrak betetzen dituela frogatzen duen agiria.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga-betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak eguneratuta dituela diotenak. Ziurtagiri horiek proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak izanen dira.

–Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, gehienez ere proposamenak aurkezteko epea bukatu baino sei hilabete lehenago emana. Hartan frogatuko da langileak Gizarte Segurantzaren sisteman inskribatuta daudela, edo afiliatu eta alta eman zaiela, behar diren kotizazio-agiriak aurkeztu direla, eta indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu zaiola (salbu eta lizitatzaileak ez badu nahitaez aplikazio-eremuaren barnean egon behar).

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak egunean daudela segurtasun-arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarrean dauden xedapenetan agindu bezala.

2. "Dokumentazio teknikoa" izeneko 2. gutun-azalean, 1. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, oinarri hauen 6. klausulan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.

3. "Proposamen ekonomikoa" izeneko 3. gutun-azalean, 2. eranskineko ereduarekin bat, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da.

6.–Adjudikazio irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailua minusbaliotasuna dutenak garraiatzeko egokitua izatea, gurpil-aulkiak jasotzeko plataformarekin: 15 puntu.

2. Edukiera handia: 10 puntu bitarte.

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 10 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.

–6 lagunendako tokia, gidaria barne: 6 puntu.

–5 lagunendako tokia, gidaria barne: 5 puntu.

3. Eskaintza ekonomikoa gehienez ere 5 punturekin baloratuko da. 600 euroko gutxieneko eskaintzari puntu bat emanen zaio; 300 euro gehiagoko tarte bakoitzari beste puntu bat emanen zaio, edo zatikia.

4. Zerbitzua eskaintzea: 10 puntu, gehienez.

Alderdi honetan gehienez ere 10 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauez, jaiegun eta asteburuetan, baita zerbitzua asteko zazpi egunetan ematea ere.

–Gauak, jaiegunak eta asteburuak: Puntu bat.

–Asteko 7 egunak: Puntu bat.

Atal honetan baloratuko da ibarreko herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea; horretarako, euskara-maila frogatuko da, titulu bat edo antzeko agiri bat aurkeztuta. 5 puntu.

5. Esklusibotasuna: 10 puntu.

10 punturekin baloratuko da taxi-zerbitzua esklusibotasunez ematea. Hau da, taxilari lanbidean esklusiboki aritzea. Alderdi hori erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.

6. Alderdi teknologikoak, 2 puntu.

2 puntu emanen zaizkio baldin eta tokiak aurkitzen eta nabigazioan laguntza ematen duten elementu teknologikoak baditu (GPSa, Help-bidea edo beste aplikazio batzuk).

7. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak:

Gehienez ere 10 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea, konpromisoa eskaintzen bada hori dakarten ibilgailuez baliatzeko. Hurrengo baremoari jarraikiko zaio.

–ECO kalifikazioa duen ibilgailua: 7 puntu.

–0 emisioko kalifikazioa duen ibilgailua: 10 puntu.

Guztirako puntuazioan berdinketa gertatzen bada, Basaburuko udalerrian taxi-zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 5.2 artikulua eta uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betez, emakumeak taxiaren sektorean sartzea ahalbidetzen duen eskaintzaren alde eginen da, hau da, emakume eskatzaileen alde. Hala ere, berdinketa gertatzen bada oraindik, zozketa bidez ebatziko da.

7.–Kalifikazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

Batzordeburua: Santos Etxegia.

Ordezko batzordeburua: Iker Isiegas.

Batzordekidea: Julen Beunza.

Ordezkoa: Mari Mar Ansorena.

Batzordekidea: Mikaela Elizalde.

Ordezkoa: Alaia Etayo.

Batzordekide idazkaria: Lucia Beloqui Iriarte.

Ordezkoa: Elena Gascue.

8.–Agirien kalifikazioa.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, batzordeak, barne ekitaldian, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra kalifikatuko du, kanpoko jenderik aurrean ez dela.

Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Izangaiek erreklamazioak egiten ahal dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan zehazten den egunean argitara emanen da, Udalaren iragarki-taulan, Basaburuko udal-mugartean hiriko taxi-zerbitzua eskaintzeko lizentzia eskuratzeko izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatu eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekitzeko eguna, ordua eta tokia, baita 2. gutun-azalaren puntuazioa noiz irakurriko den ere.

Lizentzia eskuratzeko izangaiak ezagututa, barne-ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikatzeko bildutako irizpideei jarraituz.

9.–Proposamenak irekitzea.

Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan, 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.

Ondoren, batzordeko idazkariak 3. gutun-azala ireki eta irakurriko du.

Biharamunean, Udalaren iragarki-taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio-zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan.

10.–Lizentziaren adjudikazioa.

1. Eskaintzak aztertuta, haietako bakoitzari lehentasun-ordena esleituko zaio, guztira lortutako puntuazioarekin bat.

2. Organo eskudunak lizentziaren behin-behineko adjudikazioa onetsiko du.

3. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Zein ibilgailuri atxikiko zaion lizentzia, haren gaineko dokumentazioa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du, eta Taxiari buruzko Foru Legean eta arlo hori arautzen duen ordenantzan ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, kontratatutako gidariarena.

–Lizentziaren zenbateko osoa ordaintzea, aurkeztutako eskaintza ekonomikoarekin bat.

4. Behin-behineko adjudikaziodunak adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta, bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena eta lizentziaren zenbateko osoa ordaindu izatearena, atxikitako bermea bahituko zaio eta lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun-ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikaziodun izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.

Prozedura hau dela-eta, behin-behineko adjudikaziodunen zerrendan berronartutako hautagaiek lehen aldiko adjudikaziodunen baldintza berak izanen dituzte, baita 600 euroko bermea jarri beharra ere, behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta astebeteko epean.

5. Dokumentazio hori aurkeztuta, Udalaren osoko bilkurak behin betiko emanen dio taxi-lizentzia adjudikaziodunari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor den Basaburuko udal-mugartean hiriko taxi-zerbitzua eskaintzeko lizentziaren behin betiko adjudikazioaren hartzailea.

11.–Lizentziaren titularraren betebeharrak.

Taxi-lizentziaren adjudikaziodunak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi-lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, lizentzia indarrean egon bitartean.

12.–Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentzia adjudikatzen duen organo eskudunak erabakiko ditu lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta 39/2015 Legean ezarritakoarekin bat aurkaratzen ahal dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2317296