22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANARATXE

Aldaketa, Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Aranaratxeko Udalak, 2023ko irailaren 5ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea Udal hilerriaren erabilera arautzen duen ordenantzan, aldez aurretik kontsulta publikoa eginik, herritarren iritzia jasotzeko, bai eta ordenantzak uki ditzakeen ordezkaritza handieneko erakundeena ere.

Erabakia 2023ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 26an, eta jendaurreko aldian inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsitzat jo eta aldaketaren testu osoa ematen da argitara, uztailaren 2ko Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Aranaratxen, 2023ko abenduaren 11n.–Udalburua, Marta Pérez de Albéniz Ruiz.

ALDAKETA, UDAL HILERRIAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZAN

13. artikulua. Hilerriko lurra erabiliko da lurperatzeko eta hilobietako elementuak paratzeko, ez bestetarako, honako honen arabera:

a) Lurpeko hilobiak: hilarriak eta gurutzeak lurzorua egonkortuta dagoenean jarriko dira. Lerroan eta ekialdera begira paratuko dira.

Debekatuta dago hilerriko paretetan gurutze eta hilarriak paratzea.

b) Kolunbarioak: kolunbarioa da hilotz erraustuen errautsak dauzkaten kutxatilak paratzeko tokia, eta errauts-kutxatiletan edo -kutxetan paratu beharko dira. Kolunbarioaren tapakiaren gainean, altzairu herdoilgaitzezko identifikazio plaka paratzen ahalko da, 20 cm (luze) x 15 cm (zabal) neurrikoa, eta argazkia ere jartzen ahalko zaio. Lore-apaingarri bat ere paratzen ahalko da, loreontzi batean, beheko aldean, eskuinetara.

Lotura-sistema itsaspenezkoa izanen da, eta testu-metodoa, grabatua.

Udalak adieraziko du zer ordenatan okupatuko diren.

Hilerri barnean begirunea eta apaindura gordeko dira beti, beste lurzatiak/hilobiak ukitu gabe eta udal langileen mantentze-jarraibideei kasu eginez.

16. artikulua. Emakidak eta aprobetxamendua honako hauengatik ere iraungi daitezke:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste ehorzketa batzuk egiteko.

d) Kolunbarioak gehienez ere 25 urtez okupatuko dira; Udalak epe hori laburtzen ahalko du komenigarri den heinean, aipatu epea iragan balio lehen kolunbario guztiak okupaturik badaude.

ERANSKINAK.–LURREKO EHORZKETAK ETA KOLUNBARIOAK

A) Aranaratxeko Udalean erroldatuak: salbuetsita.

B) Aranaratxeko Udalaren erroldan ez daudenak: 200 euro.

B) kasuan, herritarrak salbuetsirik daude eritasunagatik edo zainketak behar izateagatik erroldaturik ez badaude. Halakoetan, A) kasukoekin parekatuko dira, eta ez dute inolako ordainketarik egin beharko.

Horretaz gainera, kolunbarioen kasuan, 100 euroko tasa ordaindu beharko da, tapakiagatik.

Iragarkiaren kodea: L2317336