22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MÉLIDA

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez aldi baterako betetzeko kirol-koordinaziorako eginkizunak dituen kultura-kudeatzailearen lanpostu bat

Mélidako Udaleko Osoko Bilkurak, 2023ko abenduaren 15eko bilkuran, kirol-koordinaziorako eginkizunak dituen kultura-kudeatzailearen lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hona hemen deialdiaren,

OINARRIAK

1. oinarria.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Mélidako Udaleko kultura-kudeatzailearen plaza (B maila) aldi baterako betetzea, lehiaketa-oposizio bidez. Lanpostu hori betetzen duen izangaiak %57,4ko lanaldi partziala izanen du, eta kirol-koordinatzaile funtzioak ere bete beharko ditu.

Gainera, lanpostu horretan egon daitezkeen beharrak aldi baterako betetzeko, ordezkapen-poltsa bat sortuko da, oposizioaldiko lehen bi ariketetan gutxieneko puntuazioa lortu duten baina ordezkatu beharreko plaza lortu ez duten izangaiekin. Poltsa hori izangaien puntuazio-ordena zorrotzaren arabera ordenatuko da.

Lan-poltsa horrek indarrean jarraituko du beste deialdi bat egin arte. Deialdi honen oinarriak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren eta gainerako araudi aplikagarriaren mende daude.

1.2. Bere mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu: kultura-programak eta -jarduerak diseinatzea, planifikatzea eta ebaluatzea; entitateekin harremanetan jartzea; aurrekontuak kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; bere ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea; herriko elkarteekin eta mugimenduekin harremanetan egotea; jarduera eremuarekin lotura duten ekintzak eta gainerako eginkizunak koordinatzea, eta udalerriko gertaerak jakinaraztea. Era berean, beharrezkoa bada, udal-bulegoetatik kanpo eginen ditu ekintzak eta kudeaketak, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere.

Lanpostu horretan aritzeak berekin dakar, besteak beste, honako eginbehar hauek betetzea:

–Ekintza-plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultura-guneetarako.

–Espazioak eta materialak erabiltzeko eskaerak ebaztea, eta daten eta ordutegien banaketa planifikatzea.

–Aurkezten diren jarduera- eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.

–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitu den aurrekontua aplikatzea.

–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta haiek zuzen eta behar bezala inbertitzen saiatzea ere.

–Proposatzea nola arautu, aplikatu eta nola kontrolatu behar diren udalerrian jarduten duten beste erakunde batzuei emandako laguntzak eta dirulaguntzak.

–Hautemandako beharretatik sortutako kultura-proposamenak egitea, eta erabiltzaileek egindako eskaeretatik bere eskumeneko horiek ebaztea.

–Aldaketak proposatzea bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.

–Kultura-jardueren programazioa proposatzea, eta programazio hori eraginkortasunez eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea publiko potentzialari. Horretarako, IKTak, hedabideak eta kanalak erabiltzea; esate baterako, tokiko prentsa eta irratiak, webgunea, sare sozialak eta udalaren app-a.

–Jaiekin eta kultura-ekitaldiekin lotutako kudeaketak.

–Sorkuntza artistikoa sustatzea eta bultzatzea Mélidako auzotarren eta eragile sozial eta kulturalen artean, bai eta kultur etxeko erabiltzaileen artean ere.

–Ekimen komunitarioko jarduerak kultur etxearen eta udalaren berezko jarduerekin koordinatzea.

–Guneak ongi erabiltzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera-araudia betearaztea.

–Eraikineko zerbitzuak, areto teknikoak, armairuak eta mantentze-lanak koordinatzea.

Horrez gain, kirol-teknikariaren lanpostuari dagozkion eginkizunak bete beharko ditu, hala nola:

–Mélidako Udalak kirol arloan garatu beharreko programak eta jarduerak diseinatzea eta planifikatzea.

–Herriko kirol-taldeei laguntzea.

–Bere jarduera esparruan herritarren mugimendu eta ekimenak sustatzea eta babestea, jarduera bateratuak planifikatu ahal izateko.

–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratzea.

–Aipatuez gain, bestelako zereginak beteko ditu, bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortu beharrez agintzen zaizkionak.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen den pertsonak aldi baterako lan-kontratua izanen du Mélidako Udalean, harik eta lanpostu hutsa behin betiko bete arte, manu hauetan gai horri buruz ezarritakoari jarraikiz: Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, eta aplikatzekoa den gainerako legeria. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

1.4. Urteko lanaldia goizez eta arratsaldez eta igande eta jaiegunetan lan egiten duten Nafarroako administrazio publikoetako langileei dagokiena izanen da, eguneko lanaldiaren %57,4rekin.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da. Halere, organo administratibo eskudunek aldatzen ahalko dute zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko.

1.5. Ordezkapenaren xede den lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko ordainsarietatik B mailari dagozkionak izanen ditu, bai eta, Mélidako Udalaren plantilla organikoan lanposturako finkatzen diren ordainsari osagarriak ere (gaur egun %25ekoa da lanpostuko osagarria).

2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, lanpostuaren jabetza hartu arte eta kontratua indarrean egon bitartean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, jarraikiz abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako baldintzei.

Gainerako izangaiek Espainiako Estatuko bizileku- eta lan-baimena izan beharko dute.

2.2. Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

2.3. Diploma edo unibertsitateko gradu, ingeniaritza tekniko, arkitektura tekniko edo titulu baliokide bat izatea edo eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen hura lortzeko moduan egotea, edota titulua jasotzeko baldintzak bete izanaren ziurtagiria izatea.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.

2.4. Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisikoak eta psikikoak izatea.

2.5. Ez egotea desgaiturik edo gabeturik eginkizun publikoetan aritzeko, eta ez egotea bereizirik administrazio publiko baten zerbitzutik.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazio bat edo hitzemate bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ezen ez dutela beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik.

2.6. B1 gidabaimena izatea edo bitarteko propioen bidez lekualdatzeko konpromisoa aurkeztea.

3. oinarria.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mélidako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, udalaren egoitza elektronikoaren bitartez (https://melida.sedelectronica.es/info.0), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz.

Eskabidea 39/2015 Legean ezarritako bideetako bat erabiliz aurkeztea erabakitzen bada, posta elektroniko bat bidali beharko da ayuntamiento@melida.es helbidera eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen, egoera horren berri emateko. Eskabidea posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita hogeigarren egun naturalean amaituko da, 23:59an. Epe hori luzaezina izanen da.

3.3. Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira, eta beteta aurkeztu beharko dira. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako. Eranskinaren araberakoak ez diren edo behar bezala beteta ez dauden eskabideak aurkeztu gabetzat hartuko dira, eta akats hori ezin izanen da zuzendu.

3.4. Eskaerari, behar bezala bete ondotik, honako agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren edo nortasuna ziurtatzen duen beste agiri baten kopia.

b) Gidabaimenaren fotokopia (B1 mota) edo bitarteko propioen bidez lekualdatzeko konpromisoa.

c) Deialdian eskatutako titulazio akademikoaren fotokopia.

d) Desgaitasun aitortua duten izangaiek egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denbora eta baliabideen aldetik, ariketak egin ahal izateko, hala behar izanez gero. Halakoetan, eskabidean (I. eranskina) dagokion laukia markatu beharko dute, eta adierazi beharko dute zer nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

Era berean, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte ikasteko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonek, hala nola dislexia, disgrafia, diskalkulia, ADHN eta antzekoak. Zailtasun hori bitarteko ofizialen bidez egiaztatu beharko dute.

Egokitzapenen bat eskatuz gero, gaixotasuna edo akats fisiko edo psikikoa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, organo eskudunak emana, eta, gainera, egiaztatu beharko da hark ez duela eragozten lanpostuan normaltasunez jardutea.

e) Espedientea formalizatzeagatiko eta hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskubidea ematen dituen tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

f) Lehiaketaldian baloratzekoak diren merezimenduen frogagiriak.

3.5. Hautatutako izangaiek aipatu baldintzak akreditatu beharko dituzte, eta, horretarako, kontratua formalizatu aurretik agiri originalak aurkeztu beharko dituzte. Agiri originalak erkatu eta interesdunari itzuliko zaizkio.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

4. oinarria.–Tasa ordaintzea.

Ordaindu beharreko tasa 20 euro da.

Tasa ordaintzeko, Mélidako Udalaren kontu-zenbakira transferentzia eginen da, entitate hauetako edozeinetan: CIXA; Nafarroako Rural Kutxa eta Euskadiko Kutxa. Kontzeptu gisa "Kultura-kudeatzailea-" eta izangaiaren izen-abizenak agertu beharko dira.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da. Baldintza horren urraketa ezin izanen da zuzendu.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mélidako alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori argitara eman dadila Mélidako Udalaren iragarki-taulan, bai eta Mélidako egoitza elektronikoan egonenen den deialdiaren web-fitxan ere.

5.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko bost egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu.

5.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondotik, Mélidako alkateak ebazpen bat emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerrenda hori argitara eman dadila Mélidako Udalaren iragarki-taulan, bai eta Mélidako Udaleko egoitza elektronikoan egonen den deialdiaren web-fitxan ere.

Ebazpen horretan adieraziko da oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den.

Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin batera, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtzen ahal da berehalakoan, baldin eta izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.5. Onartuen eta baztertuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintza guztiak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak edo administrazioak bere eskuetan dauzkanak aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Francisco Javier Sesma Rodrigo jauna, Mélidako alkate udalburua.

  • Ordezkoa: epaimahaiak erabaki beharrekoa.

–Epaimahaikidea: Mirian Irisarri Iturralde andrea, Mélidako Udaleko kultura-zinegotzia.

  • Ordezkoa: epaimahaiak erabaki beharrekoa.

–Epaimahaikidea: "Kuna" kultura-kudeatzaileen elkarteko ordezkaria.

  • Ordezkoa: epaimahaiak erabaki beharrekoa.

–Epaimahaikide-idazkaria: Jorge Camino Unzu, Mélidako Udaleko idazkaria.

  • Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Julen Jiménez Jiménez, Murillo el Frutoko Udaleko idazkaria.

6.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

6.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, eta epaimahai horrek ezin izanen du jardun, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.

6.4. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotako abstentzio-arrazoiak badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiaren osaera aldatzen bada abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aditu horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Kalifikazio-epaimahaia eratuta dagoela epaimahaiburua edo epaimahaikide-idazkaria gaixotzen bada, edo haien aldi baterako absentzia-egoera justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 23.2 artikuluetan ezarritakoari jarraikiko zaio.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoa.

Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu.

Oposizio-lehiaketako ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuta:

–Lehiaketaldia: 20 puntu gehienez.

–Lehen ariketa: 35 puntu gehienez.

–Bigarren ariketa: 35 puntu gehienez.

–Elkarrizketa epaimahaiarekin: 10 puntu gehienez.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da oposizioko probak non, noiz eta zer ordutan eginen diren.

Oposizioaldiko probetarako, bai eta ariketa bakoitzerako ere, dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun ofizialaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia oposizioaldiaren aurretik baloratuko da, eta bertan 20 puntu emanen dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

Ez dira baloratuko eskabideak aurkezteko epea amaitu eta geroago egindako zerbitzuak.

Era berean, ez da baloratuko adierazitako data baino geroago egindako prestakuntza. Prestakuntza noiz egin den zehazteko, titulua edo behin-behineko frogagiri baliokidea eman den eguna hartuko da erreferentziatzat.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez frogatu ez den merezimendurik, eta ez du adierazitako puntuazioa baino altuagorik emanen merezimenduen apartatu bakoitzean.

3.4.g) apartatuan ezarritakoari jarraituz, alegatutako merezimenduak honela puntuatuko eta frogatuko dira:

7.1.1. Esperientzia: 10 puntu gehienez.

a) Administrazio publikoetan B mailan kultura-kudeatzaile gisa emandako zerbitzuengatik: 1 puntu lan egindako urte bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez.

b) Administrazio publikoetan C mailan kultura-teknikari gisa emandako zerbitzuengatik: 0,7 puntu lan egindako urte bakoitzeko, eta 8 puntu gehienez.

c) Administrazio publikoetan B mailan kirol-teknikari gisa emandako zerbitzuengatik: 0,7 puntu lan egindako urte bakoitzeko, eta 8 puntu gehienez.

d) Administrazio publikoetan C mailan kirol-teknikari gisa emandako zerbitzuengatik: 0,5 puntu lan egindako urte bakoitzeko, eta 5 puntu gehienez.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

2. Gehienez ere 10 puntukoa izanen da 7.1.1. apartatuaren puntuazioa.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Izangaia zerbitzu berezietan egon den aldiko zerbitzuak, benetan betetako lanpostuan emandako zerbitzu gisa kontatuko dira. Zaintzagatiko eszedentzia berezia salbuespena izanen da, izangaiak egoera horretara iristeko unean zuen lanpostuan emandako zerbitzutzat hartuko baita.

5. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira aldi berari badagozkio. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

6. Egin diren zerbitzuak frogatzeko, entitate kontratatzaileak emandako ziurtagiriak eta lan-bizitza soilik erabiliko dira.

7.1.2. Prestakuntza akademikoa: 10 puntu gehienez.

Bete beharreko lanpostuaren eginkizunekin lotura estua duten ikasketak baloratuko dira. Ikasketa horien tituluak prestakuntza-zentro ofizialek eman beharko dituzte.

Zerrenda osoa egiteko asmorik gabe, honako gai hauek baloratuko dira:

–Kultura-kudeaketa.

–Animazio soziokulturala.

–Kultura-industria sortzaileen kudeaketa.

–Kultura-politikak.

a) Gutxienez 60 ECTS kredituko unibertsitate-tituluak edo bi ikasturte edo gehiagoko ikasketa-plana duten Lanbide Heziketako tituluak edukitzeagatik, gai hauetan edo antzekoetan: 3 puntu titulu bakoitzeko.

b) 20 eta 59 ECTS kreditu bitarteko unibertsitate-tituluak edo bi ikasturtetik beherako ikasketa-plana duten Lanbide Heziketako tituluak izateagatik: 1,5 puntu titulu bakoitzeko.

c) Bete beharreko lanpostuarekin hertsiki lotutako ikastaroengatik (apartatu honetan sartuko dira aurreko apartatuetan adierazitako titulazioak, baldin eta a) eta b) apartatuetan finkatutako irakastorduak betetzen ez badituzte), gehienez ere 5 puntu eskuratzen ahalko dira c) apartatu honetan:

–300 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 1 puntu.

–200 ordutik 299 ordura bitarteko ikastaroak: 0,8 puntu.

–100 ordutik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,6 puntu.

–56 ordutik 99 ordura bitarteko ikastaroak: 0,4 puntu.

–15 ordutik 55 ordura bitarteko ikastaroak: 0,2 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 15 ordutik beherako ikastaroak.

Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Titulu bat apartatu batean baino gehiagotan baloratzen ahal bada, izangaiari puntuazio handiena emanen dion apartatuan soilik baloratuko da.

Ez da baloratuko deialdian parte hartzeko bidea ematen duen titulazioa.

Lehiaketaldia amaitzean, eta betiere oposizioaldiko lehenengo probari ekin aurretik, udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da izangai bakoitzak fase horretan lortutako puntuazioa.

7.2. Oposizioaldia:

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

7.2.1. Lehen ariketa. Teorikoa. Gehienez 35 puntu.

Test moduko 35 galderako galdera-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Erantzuteko lau aukera emanen dira, eta haietako bakarra joko da zuzentzat. Galderak II. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzkoak izanen dira. Galdera guztiek 1 puntu balioko dute. Erantzun oker bakoitza erantzun zuzenaren balioaren laurden bat kenduta zigortuko da.

Ariketan 35 puntu lor daitezke gehienez. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten pertsonak bazter geldituko dira, eta hurrengo ariketatik eta ordezkapen-poltsetatik kanpo geratuko dira.

Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili. Ezin da eraman, orobat, telefono mugikorrik, smartwachik edo bestelako gailu elektronikorik.

Epaimahaiak, hasi baino lehen, ariketa horretarako gehieneko denbora finkatuko du. Ariketa egiteko emandako gehieneko denbora agortzean, epaimahaiak azterketa guztiak gutun-azal itxietan jasoko ditu. Ariketako emaitzak argitaratuko dira ariketa egin den lekuan, Mélidako Udalaren iragarki-taulan eta Mélidako Udalaren egoitza elektronikoan egonen den deialdiaren web-fitxan.

Ariketak kalifikatutakoan, epaimahaiak emaitzak argitaratuko ditu Mélidako Udalaren iragarki-taulan eta Mélidako Udalaren egoitza elektronikoan. Emaitza horiekin batera, gutun-azal itxiak irekitzeko lekua, eguna eta ordua argitaratuko dira.

Gutun-azal itxiak irekitakoan, epaimahaiak Mélidako Udalaren iragarki-taulan eta Melidako Udalaren egoitza elektronikoan argitaratuko du gainditutako izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin, bai eta hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere, gutxienez 48 ordu lehenago.

7.2.2. Bigarren ariketa. Praktikoa. Gehienez 35 puntu.

Bigarren proban, kasu praktiko bat ebatziko da, eta izangaiek deialdiko lanpostuaren eginkizunei buruz dituzten ezagutza praktikoak frogatu ahal izanen dira, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaitegiari dagokionez.

Ariketan 35 puntu lor daitezke gehienez. Gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten pertsonak bazter geldituko dira, eta hurrengo ariketetatik eta ordezkapen-poltsetatik kanpo geratuko dira.

Ariketak gehienez 90 minutu iraunen du.

7.2.3. Elkarrizketa epaimahaiarekin. Gehienez 10 puntu.

Elkarrizketaren ardatz nagusia irakurketa publikoa egitea eta kasu praktikoa epaimahai kalifikatzailearen aurrean defendatzea izanen da. Gainera, epaimahaiak kasu praktikoari buruz edo lanpostuaren berezko eginkizunekin zerikusia duten beste alderdi batzuei buruz egin ditzakeen galderei erantzun beharko zaie.

Proba honetan, izangaiaren ekarpen pertsonalaz gain, hark aurkeztutako ideien argitasuna eta ordena, haren sintesi-gaitasuna eta ahozko adierazpena baloratuko dira.

Ariketa honek gehienez 15 minutu iraunen du.

Ariketa honetan 10 puntu lortzen ahal dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

7.3. 3. oinarriko 4.e apartatuan xedatutakoari jarraikiz, oposizioa egitean, desgaitasunen bat izanik halaxe eskatzen duten pertsonek denbora eta baliabide aldetik zilegi diren egokitzapenak izanen dituzte, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.4. Gehienez ere bost egun balioduneko epean, epaimahaiak Mélidako Udalaren egoitza elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratuko ditu proba praktikoaren emaitzak.

8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen-proposamena eta agiriak aurkeztea.

Azken proba kalifikatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du Mélidako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzak lortutako kalifikazioekin eta puntuazio-ordenaren hurrenkeran. Zerrenda horrekin, ordezkapenetarako poltsa sortuko da.

Azken kalifikazioa lortzeko, puntuazio hauek batuko dira: oposizioaldiko ariketetan lortutakoa (betiere izangaia kanporatua izan ez bada) eta lehiaketaldian lortutakoa (puntuazioa gorabehera).

Epaimahaiak izendapen-proposamena eginen du guztira kalifikazio handiena lortu duen izangaiaren alde. Proposamena argitaratuko da Mélidako Udalaren iragarki-taulan, bai eta Mélidako Udalaren egoitza elektronikoan egonen den deialdiaren web-fitxan ere.

Zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egunean, proposatutako izangaiak Udalean aurkeztu beharko ditu deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten egiaztagiri originalak, Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 32. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Agiriak erkatu eta itzuli egingo zaizkio.

Izendapena jakinarazten zaionetik, izangai hautatuak gehienez ere hamabost eguneko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko. Ez bada lanpostuaz jabetzen eta ez badu behar bezala justifikatzen, izangaiak funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu.

9. oinarria.–Ordezkapen-poltsaren funtzionamendua.

9.1. Zerrendan lehentasuna finkatzeko, probetan lortutako puntuazio handienari erreparatuko zaio. Berdinketa gertatuz gero, desgaitasun-maila handiena duenak izanen du lehentasuna, eta, berdinketak jarraituz gero, 55 urtetik gorakoak. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, bigarren proban (proba praktikoa) puntuazio altuagoa erdiesten duenaren alde jokatuko da.

9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan sartuko dira 7. oinarriko 2. apartatuan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen duten pertsona guztiak.

9.3. Deialdi honen arabera eratutako zerrendak indarrean egonen dira beste hautapen-prozesu baterako deialdia egin arte.

9.4. Zerrenda oinarri hauetan xedatutakoaren arabera kudeatuko da, eta, oinarriotan xedatuta ez dagoen orotan, Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio.

9.5. Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

9.6. Lanpostu baterako aldi baterako kontratazioa egin behar denean, une horretan zerrendako lehenbiziko lekuan dagoen izangaiari deituko zaio. Izangai bakoitza aurkitzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.

Udala izangai batekin harremanetan jarri, eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, izangai hori zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 9.7 apartatuan xedatutakoarekin bat.

Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio, eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.

Izendapena egindakoan, Udalak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.

9.7. Honako hauek onartuko dira eskainitako lanpostua kontratatzeari uko egiteko arrazoi justifikatu gisa eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun-ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:

a) Aldi baterako ezintasuna.

b) Amatasun- edo aitatasun-baimena.

c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.

d) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat zaintzapean izatea, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik ezin bada bere kabuz moldatu.

e) Norberaren ezkontza edo Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera parekatutako egoera, baldin eta eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera-eguna hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean badago.

f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.

g) Ikasketak aurrez aurre egiten egotea, eskaintzen den kontratuaren ordutegi berean.

h) Desgaitasunen bat behar bezala onartua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren ezaugarri bereziekin.

Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean egoera hori justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.

Baldin kontratazio-eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa ez bada aurkezten epe barrenean, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.

9.8. Izangaiak zerrendatik baztertuta geldituko dira honako kasu hauetan:

a) Kontratazio eskaintza onartua dela, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.

b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da egoera hori, ukoa formalizatzen denetik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.

c) Lanpostua bertan behera uztea.

d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan probaldia ezarri den kasuetan.

e) Kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere, urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez.

10. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdiaren, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Mélidako Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, eskumena duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Mélidan, 2023ko abenduaren 18an.–Alkatea, Francisco Javier Sesma Rodrigo.

I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_C.pdf

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Kultura-proiektuen diseinua eta hedapena. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak.

Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.

2.–Mélidako Udaleko Kultura Zerbitzuaren antolaketa, eta tokiko kultura-eragileak, jaiak eta elkarteak ezagutzea.

3. Gaia.–Komunikazio-estrategiak kultura-ekintzan eta publikoen kudeaketan.

4. Gaia.–Kultura-kudeatzailea: lanbide-heziketa. Enpatia lanerako dohain gisa. Harremana beste kultura-eragileekin eta artistekin. Hartzaileekiko harremana.

5. gaia.–Udalaren kultura-jardueraren finantzaketa-iturriak, publikoak zein pribatuak. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea. Mezenasgoari buruzko Foru Legea.

6. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki-erakundeei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.

7. gaia.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio-prozedura. Kontzeptua. Printzipioak.

Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Herritarraren eskubideak. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.

11. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.

12. gaia.–Mélidako kirol-jarduera, udalarena eta klub eta taldeena.

13. gaia.–Administrazioaren xedapenak eta egintzak. Administrazio-prozedura. Kontzeptua. Printzipioak. Faseak. Prozedura bereziak. Administratua. Herritarraren eskubideak. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea. Erregistroak. Epeen kontaketa.

14. gaia.–Nafarroako toki-erakundeen kontratuak. Xedapen orokorrak. Prestakuntzako jarduketa administratiboak. Kontratu-motak, prozedura eta esleitzeko moduak.

15. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki-erakundeak. Toki-erakunde motak. Udal-egintzak eta -erabakiak aurkaratzeko araubidea.

16. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.

Oharra: udalak ez du garatutako gairik emanen. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunean indarra duen legediaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2317794