22. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

4/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 15eko 124/2022 Foru Agindua (haren bidez 346 eredua onetsi zen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa) eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Agindua (haren bidez 182 eredua onetsi zen, "Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izenekoa).

Abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, zenbait arau aldatzen ditu; besteak beste, 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua, ekainaren 2koa, Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena, eta 26/2016 Foru Legea, abenduaren 28koa, Sozietateen gaineko Zergari buruzkoa.

Alde batetik, salbuespen bat gehitzen du Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikuluan, Nekazaritza Politika Erkide (NPE) berriaren ordainketaren parte diren eko-araubideen laguntzei dagokiena. Laguntza horiek %100eko salbuespena izanen dute.

Halaber, eko-araubideen laguntza horiek gehitzen ditu Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 40. artikuluan, ez baitira zerga horren zerga-oinarrian sartzen.

Aldaketa horien ondorioz, beharrezkoa da 346 ereduaren edukia aldatzea ("Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izeneko eredua, abenduaren 15eko 124/2022 Foru Aginduaren bidez onetsia). Azpimarratu behar da ezen, sozietateen gaineko zergaren zergadunak diren hartzaileen kasuan, "A" hartutakoaren gakoa erabili beharko dela (78. idazgunea, erregistro-diseinuetako 2. motako erregistroan) zerga-oinarrian sartzen ez diren laguntzen berri emateko, aipatu foru legearen 40. artikulua aplikatzen baitzaie. Gainontzeko laguntzen berri emateko, "B" gakoa erabiliko da.

Bestalde, 22/2023 Foru Legeak aldatu egin du testu bateginaren 86.5 artikuluaren idazketa, berariaz aipatu daitezen ondare babestuak, Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa onesten duen martxoaren 1eko 1/1973 Legearen 44. eta 45. legeetan araututakoak.

Horrenbestez, beharrezkoa da 182. ereduan ere horiek berariaz aipatzea ("Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izeneko eredua, urtarrilaren 13ko 8/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia).

Horrez gain, eredu horri dagokionez, paperean aurkezteko aukera izanen da, baina soilik ondare babestuen titularrentzat, aintzat hartuz pertsona fisikoak direla, eta errazagoa izan dakien informazioa emateko beharkizuna betetzea.

Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu ahalaren erabilera bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin, zeinak ezarrita baitaude Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernua gaituta dagoenez behar beste xedapen emateko, garatu eta gauzatu dadin abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legea, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoa, foru lege horren azken xedapenetako laugarrenaren arabera,

AGINTZEN DUT:

Lehen artikulua.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 15eko 124/2022 Foru Agindua (haren bidez 346 eredua onetsi zen, "Nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako jardueren ondoriozko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak. Urteko aitorpen informatiboa" izenekoa).

124/2022 Foru Aginduaren eranskina aldatzen da, 2. motako erregistro-diseinuan, 78. idazgunean ("Hartutakoaren gakoa"), honela:

IDAZGUNEAK

IZAERA

EREMUEN DESKRIBAPENA

78

Alfabetikoa

HARTUTAKOAREN GAKOA.

Kasuan kasuko dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzari dagokio gako alfabetikoa adieraziko da, zerrenda honen arabera:

A.–Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik edo sozietateen gaineko zergatik salbuetsita dauden dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak, aitorpenari dagokion ekitaldian zerga horiek arautzen dituen indarreko araudiaren arabera, hala nola Europar Batasunaren nekazaritza politikako dirulaguntzak eta beste laguntza publiko batzuk, zehazten direnak ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren zortzigarren xedapen gehigarrian eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 40. artikuluan. Gako hau ez da adieraziko C edo D gakoak dagozkienean.

B.–Gako hau adieraziko da ez direnean A, C edo D letretan adierazitako dirulaguntza, kalte-ordain edo laguntzak.

C.–Nafarroako landa-garapenerako programako laguntzak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak kofinantzatuak, eta Europar Batasunaren nekazaritza politikako laguntzak eko-araubideetarako (klimaren eta ingurumenaren aldeko araubideetarako laguntzak), zerga-salbuespena izaten ahal baitute Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aplikatzearen ondorioz.

D.–Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsen bidez (NBEUF) osorik finantzatutako laguntzak, zerga-salbuespena izaten ahal dutenak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 7.z) artikulua aplikatzearen ondorioz, salbu eta C gakoan aitortu behar badira.

Bigarren artikulua.–Aldatzea Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 8/2013 Foru Agindua (haren bidez 182 eredua onetsi zen, "Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izenekoa).

8/2013 Foru Aginduaren manu hauek honako testu hau izanen dute:

Bat.–1. artikulua.

"Jasotako ekarpenen eta dohaintzen eta egindako erabileren aitorpen informatiboa" izeneko 182 eredua onesten da. Haren edukia I. eranskinean jasotzen da.

Bi.–2.c) artikulua.

"c) Ondare babestuen titularrak edo, horiek ezinduta badaude, ondare horien administratzaileak, honako lege hauetan arautzen denaren arabera: 41/2003 Legea, azaroaren 18koa, desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteari eta Kode Zibila, Prozedura Zibilaren Legea eta helburu hori duen zerga-araudia aldatzeari buruzkoa; eta 1/1973 Legea, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa onesten duena (44. eta 45. legeak)."

Hiru.–3. artikulua.

"3. artikulua. Aitorpenaren xedea eta edukia.

1. Dohaintzak jasotzen dituzten entitateek, ereduan dauden zehaztapenei jarraikiz, beren identifikazio-datuak emateaz gain, adieraziko dute sartuta dauden ala ez fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko I. kapituluan kenkarietarako ezarritako araubidean, eta dohaintza-emaileei buruzko honako datu hauek ere emanen dituzte:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Dohaintzaren zenbatekoa edo balorazioa.

d) Urte naturalean ezeztatutako dohaintzei buruzko informazioa, horrelakorik baldin badago.

2. Ondare babestuen kasuan (lege hauetan arautzen dira ondare horiek: 41/2003 Legea, azaroaren 18koa, desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteari eta Kode Zibila, Prozedura Zibilaren Legea eta helburu hori duen zerga-araudia aldatzeari buruzkoa; eta 1/1973 Legea, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa onesten duena –44. eta 45. legeak–), titularrek edo, horiek ezinduta badaude, ondare horien administratzaileek, izen-abizenez gain, honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Ekarpen-egileen eta egindako erabileren onuradunen izen-deiturak eta identifikazio fiskala.

b) Urte naturalean jasotako ekarpenen eta egindako erabileren mota, zenbatekoa eta identifikazioa.

3. Aurreko atalean aipatutako ondare babestuen titularrek edo, hala badagokio, ondare horien administratzaileek, 182 ereduaren arabera aurkezten duten lehenbiziko informazio-aitorpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteak:

a) Ondare babestuaren eraketari dagokion eskritura publikoaren kopia arrunt bat, hasieran osatu zuten ondasun eta eskubideen zerrenda ageri duena.

b) Ondare babestua eratu zenetik lehenbiziko aitorpen hau aurkeztu bitarte jasotako ekarpenen eta egindako erabileren zerrenda zehaztua.

4. Langileen sindikatuek, nork bere identifikazio-datuez gain, honako datu hauek adierazi behar dituzte haien afiliatuen gainean:

a) Izen-deiturak.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Urtean pagatutako sindikatu-kuota, kengarria dena Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5. Alderdi politikoek, nork bere identifikazio datuez gain, honako informazio hau adierazi behar dute haien afiliatuen edo dohaintza edo ekarpenen bat eman dietenen gainean, kasuan kasu:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Dohaintzaren zenbatekoa edo balorazioa.

d) Urtean pagatutako afiliazio-kuota edo egindako ekarpena.

e) Urte naturalean deuseztatutako dohaintzen berri, horrelakorik baldin badago.

6. Profesionalen elkargoek, nork bere identifikazio-datuez gain, honako informazio hau adierazi behar dute haien elkargokideen gainean:

a) Izen-deiturak.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Urtean ordaindutako lanbide-kuota, kengarria dena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 18. artikuluan ezarritakoarekin bat.

7. Interes orokorreko jardueretarako lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten entitateek eta enpresen bestelako lankidetzaren onuradun diren entitateek, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko I. kapituluaren 3. atalean eta II. tituluko III. kapituluan araututakoaren arabera, beren identifikazio-datuez gain, laguntzaile, dohaintza-emaile edo ekarpen-egileen honako datu hauek ere eman beharko dituzte:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Dohaintza edo ekarpen bidezko kopuruen zenbatekoa.

8. Babes-kontratuen ondoriozko diru kopuruak jasotzen dituzten entitateek, beren identifikazio datuez gain, babeslearen honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Babes-kontratuen ondoriozko publizitate-gastuen kopuruak, kengarriak direnak Sozietateen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 63. artikuluaren arabera.

9. Kultur mezenasgoaren onuradun diren pertsona eta entitateek, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko II. kapituluaren 1. atalean ezarritakoaren arabera, beren identifikazio-datuez gain, honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Mezenasaren izen-deiturak, edo, hala behar bada, haren sozietate-izena, baita haren identifikazio fiskaleko zenbakia ere.

b) Kenkarien eta murriztapenen oinarria, aipatutako testu bateginaren 30. eta 31. artikuluen arabera kalkulatua.

c) Urte naturalean ezeztatutako dohaintzei buruzko informazioa, horrelakorik baldin badago.

10. Gizarte-mezenasgoaren onuradun diren entitateek, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko II. kapituluaren 2. atalean ezarritakoaren arabera, beren identifikazio-datuez gain, mezenasari buruzko honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Kenkarien eta murriztapenen oinarria, aipatutako testu bateginaren 43. eta 44. artikuluen arabera kalkulatua.

d) Urte naturalean ezeztatutako dohaintzei buruzko informazioa, horrelakorik baldin badago.

11. Ingurumen-mezenasgoaren onuradun diren entitateek, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko II. kapituluaren 3. atalean ezarritakoaren arabera, beren identifikazio-datuez gain, mezenasari buruzko honako informazio hau ere eman beharko dute:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Kenkarien eta murriztapenen oinarria, aipatutako testu bateginaren 43. eta 44. artikuluen arabera kalkulatua.

d) Urte naturalean ezeztatutako dohaintzei buruzko informazioa, horrelakorik baldin badago.

12. Kirol-mezenasgoaren onuradun diren pertsonek eta entitateek, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bateginaren II. tituluko II. kapituluaren 4. atalean ezarritakoaren arabera, beren identifikazio-datuez gain, mezenasari buruzko informazio hau ere eman beharko dute:

a) Izen-deiturak edo, bidezkoa denean, sozietatearen izena.

b) Identifikazio fiskaleko zenbakia.

c) Kenkarien eta murriztapenen oinarria, aipatutako testu bateginaren 43. eta 44. artikuluen arabera kalkulatua.

d) Urte naturalean ezeztatutako dohaintzen gaineko informazioa, horrelakorik bada."

Lau.–5. artikulua.

"1. Aipatutako eredua formatu elektronikoan izanen da eskuragarri, eta modu elektronikoz aurkeztu beharko da, Internet bidez, 7. eta 8. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Eredua aurkezten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. 2.c) artikuluan adierazitako zergapekoek paperean (inprimatutako ereduan) aurkezten ahalko dute; horretarako, inprimakiak sortzeko zerbitzua erabili beharko dute, Nafarroako Foru Ogasunak garatutakoa eta erakunde horren Interneteko atarian eskura dagoena.

Papereko eredua Nafarroako Foru Ogasunak jendeari arreta emateko dituen bulegoetan aurkeztuko da."

Bost.–II. eranskina, 1. erregistro-mota ("Aitortzailearen erregistroa"), 160. idazgunea ("Aitortzailearen izaera"), 3. zenbakia.

IDAZGUNEA

IZAERA

EREMUEN DESKRIBAPENA

160

Zenbakizkoa

Ondare babestu baten titularra edo administratzailea, honako lege hauetan arautzen denaren arabera: 41/2003 Legea, azaroaren 18koa, desgaitasuna duten pertsonen ondarea babesteari eta Kode Zibila, Prozedura Zibilaren Legea eta helburu hori duen zerga-araudia aldatzeari buruzkoa; eta 1/1973 Legea, martxoaren 1ekoa, Nafarroako Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa onesten duena (44. eta 45. legeak).

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, lehenbizikoz aplikatuko zaie 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren eta 2023ko informazioa jasotzen duten aitorpenei.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 19an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2401206