19. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Ordenantza fiskala, Udal materiala mailegatzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Gesalazko Udalak, 2023ko irailaren 8ko osoko bilkuran, ordenantza hasiera batean onetsi zuen.

Aipatu onespena 2023ko 196. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 19an. Jendaurreko aldia iraganik inork alegaziorik egin gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi, eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuta dagoenarekin, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez.

Muetzen, 2023ko abenduaren 14an.–Alkatea, Juan Antonio Urra Caro.

UDAL MATERIALA MAILEGATZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Oinarria eta izaera.

Konstituzioaren 133. artikuluak eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, udal honek ordenantza hau ezarri du.

2. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren altzariak maileguan ematea; zehazki, aulkiak, mahaiak, puzgarriak, proiektagailua, soinu-ekipoa, orga, karpa eta maileguan har daitekeen udal-jabetzako beste edozein elementu.

3. artikulua. Subjektuak.

Ordenantza honen subjektuak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, aipatutako altzariak erabiltzea eta maileguan hartzea eskatzen dutenak, erabilera publiko nahiz pribaturako. Erabilera pribatua egiteko, eskatzaileak urtebete eraman beharko du ibarrean erroldatuta, edo, enpresa bada, egoitza soziala ibarrean izan beharko du.

4. artikulua. Eskaera.

Ordenantza honetan araututako altzariak erabili nahi dituzten pertsonek idatzizko eskabidea aurkeztu beharko dute, altzariak erabili eta mailegatzeko aurreikusi den data baino bost egun baliodun lehenago gutxienez.

Eskabidean erantzule baten izena jarri beharko da, hark izanen baitu altzarien erabileraren eta egoera onean itzultzearen erantzukizuna.

5. artikulua. Altzarien erabileraren eta maileguaren kudeaketa.

–Gauzak eta haien zerrenda bat emanen dira, eta zerrendaren edukia egiaztatuko da bai mailegatutako gauzak ematean bai itzultzean.

–Puzgarriak:

Erabilera-arauak jasotzen dituen orri bat emanen zaie puzgarrien erabiltzaileen arduradunei. Hau izanen da edukia:

  • 9 urtetik beherako haur bakoitzak heldu erantzule batek lagunduta egon behar du.
  • Udala eta Kontzejua ez dira erabiltzaileek izan ditzaketen kalteen erantzule.
  • Debekatua dago 16 urtetik gorakoek erabiltzea.
  • Debekatua dago 60 kilotik gorakoek erabiltzea.

–Gauzak eskatzailearen axolagabekeriagatik hondatzen badira edo osorik itzultzen ez badira, eskatzaileak bere gain hartuko ditu gastuak eta, babespeko kontzejuak izanez gero, herri eskatzaileko bizilagunek.

–Puzgarriak ez dira inoiz bustirik jasoko.

  • Puzgarriak ostegunean edo ostiralean jasoko dira, eta astelehenean edo asteartean itzuliko, bulego-orduetan.
  • Puzgarriak udaletxetik eramateko, eskaera egin duen herriko bi lagunek etorri beharko dute bila, baita itzultzeko ere (puzgarriak gurditik jaitsi behar dira).
  • Puzgarriak herrietan egoten direnean estalpean gorde beharko dira.
  • Garbi eta lehor jasoko dira, paletetan ongi tolestuta, eta olanak ez dira zintzilik geratuko, mugitzean ez dezaten lurra ukitu eta ez daitezen hautsi.
  • Zulatzen edo hausten badira, zer herritan gertatu den kaltea, kontzeju horren kontura izanen dira kostuak.
  • Puzgarriak herri batera zulatuta, hautsita, zikin... iristen badira, Udalari horren berri eman beharko zaio, kaltea aurreko herrian gertatu dela jaso dadin.
  • Puzgarriak erabiltzen diren bitartean zaintzaile bat egonen da, egoki erabil daitezen.
  • Puzgarriak eskatzen diren bakoitzean, dagokion eskaera sinatu beharko da, jasota gelditu dadin eskatzaile bakoitzak horiek zaintzeko erantzukizuna hartzen duela.

6. artikulua. Lehentasun-hurrenkera maileguan.

–Egun baterako zenbait eskaera badaude, mailegurako hurrenkera honi jarraituko zaio:

1. Ibarreko festa.

2. Herriko festa nagusiak.

3. Herriko festa txikiak.

4. Udalaren parte-hartzea duten festak.

5. Erromeriak.

6. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak, sozietatearen egoitza ibarrean badute.

7. Ibarrean erroldatuta dauden norbanakoak, gutxienez urtebeteko antzinatasuna dutenak.

8. Egoitza soziala ibarrean duten enpresak.

9. Administrazio publikoak.

10. Irabazi-asmorik gabeko beste elkarte batzuk.

7. artikulua. Tasak.

–Salbuespenak: administrazio publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakundeek ez dute erabileragatik ordaindu beharko. Hala ere, karpa maileguan hartzen denean, hura muntatzeak Udalari dakarkion kostua ordainduko da.

–Karpa: karpa muntatzeak Udalari dakarkion kostua, gehi Udalak urtero onartzen duen tasa mailegu mota horietarako.

–Puzgarriak eta mailegatutako gainontzeko elementuak: Udalak urtero onartzen duen tasa mailegu mota horietarako.

8. artikulua. Fidantza.

–Salbuespenak: administrazio publikoek ez dute fidantzarik jarri beharko.

–Maileguan hartutako elementuak jaso aurretik, 300 euro ordaindu beharko dira fidantza gisa. Elementuak zein egoeratan dauden egiaztatu ondoren itzuliko da.

9. artikulua. Erreserba-aldiak: erreserba gehienez ere astebeterako izanen da, muntatzen den egunetik desinstalatzen den arte. Erreserbak asteburu bakarra hartzen ahalko du.

10. artikulua. Muga teknikoak: karpa instalatzeko, lurzoruaren malda %3 edo txikiagoa izanen da.

11. artikulua. Osoko Bilkuraren eskumenak.

Osoko Bilkurak mailegua ukatzen ahalko du, arrazoi justifikatuak direla eta, erabaki baten bidez.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geldituko da Udaleko altzarien mailegua arautzen duen aurreko arau oro.

Azken xedapena.–Ordenantza fiskal hau, jendaurreko epean erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betikoa bihurtuko da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Aldatu edo espresuki baliogabetu arte izanen du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2317697