19. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLTZA ZENDEA

Ordenantza fiskala, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga. Behin betiko onespena

Oltza Zendeako Udalak, 2023ko irailaren 28an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen duena etxebizitza hutsen gaineko zerga. Erabaki horren iragarkia argitaratu zen 2023ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 10ean.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta osorik argitaratzeko agintzen, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz Nafarroako uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea; 325. artikulua aldatu zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Argitara ematen da, eta ohartarazten ezen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari (lege horren bidez arautu zen administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Oltza zendean, 2023ko azaroaren 24an.–Alkatea, José María Cuende Vallejo.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DUENA ETXEBIZITZA HUTSEN GAINEKO ZERGA

Oinarria.

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da honako arau hauek babes harturik: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, zehazki II. tituluko VIII. kapituluko 184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).

Zerga-egitatea.

2. artikulua. Zerga-egitatea da udal-mugartean dagoen etxebizitza huts baten titular izatea, hots, Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda dagoen etxebizitza huts batena.

3. artikulua. Zergaren ondorioetarako, etxebizitza huts gisa hartzen da holakotzat deklaratu eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda agertzen dena.

Subjektu pasiboak.

4. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren unitate ekonomikoa osatzen duten entitateak edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:

a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean ez dagoenean bestelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik.

b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo erabilera-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.

Salbuespenak.

5. artikulua.

1. Zergaren aplikaziotik salbuetsita egonen dira:

a) Baldin etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta beren eginkizunak betetzen badituzte etxebizitza dagoen herritik kanpora, jarraikiz aplikatzekoa den legediari.

b) Etxebizitzen titularrak baldin badira ohiko bizileku duten herritik kanpora aldi baterako joan behar izaten duten langileak, arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik edo, bestela, enpresaren jardunari dagozkion kontratazioengatik, edo langileek lanean tokiz aldatu behar izateagatik.

c) Administrazio publikoaren (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatea) esku jarri diren etxebizitzak, gizarte-alokairurako erabiltzeko.

2. Betiere zerga-salbuespena etxebizitza bakar batek izanen du.

Zerga-oinarria.

6. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.

Kuota.

7. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.

Karga-tasa.

8. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Zergaren sortzapena.

9. artikulua.

1) Zerga lehen aldiz sortuko da ebazpen bat ematen denean deklaratzen duena etxebizitza hutsik dagoela.

2) Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, Etxebizitza Hutsen Erregistroan etxebizitza alta emanda dagoen bitartean.

3) Kuotak sei hiletik behin izanen dira, seihileko naturalen arabera, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.

4) Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.

Zergaren kudeaketa.

10. artikulua. Zergaren ordainarazpena egiteko, oinarri hartuko da Etxebizitza Hutsen Udal Errolda.

11. artikulua. Aurreko artikuluan xedatuaren ondorioetarako, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dio Oltza Zendeako Udalari zer alta eta baja izan diren Etxebizitza Hutsen Erregistroan, bere udal-mugartean.

12. artikulua. Erregistroan alta emanda, Udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta karga-tasa indarduna.

13. artikulua. Zerga kudeatzeko, erabiliko dira lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak.

Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Genero berdintasuna hizkeran.

Pertsona, lanpostu edo karguei buruz ari denean, ordenantza honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituenean, gaztelaniazko testuan, ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta orokorrean hartzen direla, edozein dela ere aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua, eta erabateko berdintasuna egonen dela, ondorio juridikoei dagokienez.

TARIFEN ERANSKINA

Karga-tasa:

–Lehen urtea: %0,50.

–Bigarren urtea: %1,00

–Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,5.

Karga-tasa bat bera izanen da udal-mugarte osoan.

Iragarkiaren kodea: L2316917