Iragarkia
19. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BERRIOBEITI
Deialdia, lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko
Tokiko gobernu-batzarrak 2023ko urriaren 24an hartutako erabaki baten bidez deialdia onetsi zen, Berriobeitiko Udaleko lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko. Honako hauek dira deialdiaren oinarriak:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen helburua da Berriobeitiko Udaleko lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez eta barne-igoera murriztuaren bidez.
1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da bat etorriz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoarekin.
1.3. Deialdi honen karietara izendatua den izangaiak, dagozkion hautaprobak gainditu ondotik betiere, lorezaintzako arduraduna izanen da, C mailakoa, jabetza hartzen duenetik edo lanpostuan lanean hasten denetik. Aurretik okupatzen zuen lanpostua automatikoki amortizatuko da, eta ondorioz, plantilla organikoko lanpostu kopurua ez da handituko.
1.4. Deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen den langileak Berriobeitiko Udaleko plantilla organikoan lorezaintzako arduradunaren lanpostuarentzat ezarritako ordainsariak eta osagarriak jasoko ditu.
1.5. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa. Gizarte Segurantzaren araubide berari eutsiko dio.
1.6. Izendatuak bere mailan eta kategorian agintzen zaizkion eginkizunak beteko ditu, besteak beste:
–Udaleko parke, lorategi eta berdeguneen mantentze-lanak eta funtzionamendua planifikatu, antolatu, gainbegiratu eta kontrolatzea.
–Udaleko parke, lorategi eta berdeguneetan egindako ikuskapenen txostenak egitea.
–Parkeak eta berdeguneak berriz diseinatzeko proposamenak egitea, jasangarritasun-irizpideekin (lorezaintza jasangarria).
–Izurriteak eta gaixotasunak prebenitzeko eta tratatzeko proposamenak egitea.
–Udal-azpiegituren kontserbazioa eta segurtasuna hobetu eta bermatu beharreko neurri guztiak proposatzea eta bultzatzea, bere eskumenen esparruan.
–Bere ardurapeko langileen arloko giza baliabideak kudeatzea, beren eginkizunak eta zereginak betetzeari dagokionez:
- Bere ardurapeko langileen zereginak antolatzea eta gainbegiratzea.
- Bere karguaren arloetan protokoloak eta prozesuak egitea.
- Bere ardurapeko langileen ordutegiak, koadranteak eta baimenak kontrolatzea.
- Taldeen eginkizunak banatzea eta zerbitzuak antolatzea, erdi mailako kargudunekin koordinatuta.
- Kontrolatzea errendimenduak, lanen gauzatzea eta diziplina.
- Zerbitzuak betetzeko eta gauzatzeko beharrezko neurriak hartzea.
- Laneko arriskuen prebentzioari buruzko legeak betetzen direla zaintzea, eta bere eskumenen arloarekin zerikusia duten langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko eta bermatzeko neurri oro proposatzea eta bultzatzea.
–Gainbegiratzea eta kontrolatzea ibilgailuak, makineria, lorezaintzako erremintak eta norbera babesteko ekipamenduak.
–Kontrolatzea lorategi-zerbitzurako udal-lokalak eta lorezaintzako materialaren inbentarioa.
–Udalaren lorategi-eremuen inbentarioa egitea eta eguneratzea (zuhaitzak, heskaiak, landareak, soropila, ureztatze-sareak, etab.).
–Alkateari eta Hirigintza zinegotziari laguntza eta aholkularitza ematea, bere eskumenei eta ingurumenari dagokienez.
–Herritarrei noizbehinka arreta ematea.
–Erreklamazioen kudeaketa bere eskumenen alorrean.
–Diru-sarreren eta gastuen aurrekontuaren proiektuan parte hartzea, bere eskumenen esparruan, Hirigintzako zinegotziarekin eta Udaleko kontu-hartzailearekin.
–Bere eskumenetatik eratorritako administrazio-lan guztiak egitea, bai eta nagusiek zuzendutakoak ere, oinarri hauetan deskribatutako eginkizunak betetzeko.
–Gainera, Alkatetzak eta haren nagusi hierarkikoek lanpostuaren xedearekin eta eskumenekin lotuta esleitzen dizkioten antzeko zeregin osagarri guztiak egitea.
–Koordinazioa zerbitzu anitzetako arduradunarekin.
–Bere kargura esleitutako langileak zerbitzu anitzetako brigadako gainerako taldeekin koordinatzea, zerbitzua hobeto kudeatzeko eta eraginkorragoa izan dadin.
Eginkizunen eta zereginen zerrenda hori ez da zehatza; izan ere, oro har, lanpostu hori betetzen duen pertsonari dagokio deskribatutako eginkizunen eta horien antzekoen ildotik zerbitzuaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren zeregin guztiak betetzea.
2.–Baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:
a) Berriobeitiko Udalaren zerbitzuko langile finko izatea eta D mailan sailkatua egotea.
b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.
c) Batxilergoko edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea izatea. Baldintza hori bete ezean, administrazio publikoetan zortzi urteko antzinatasun aitortua duela frogatu beharko da.
d) Frogatzea bost urteko antzinatasun aitortua administrazio publikoetan.
e) Dagozkion eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun funtzionala izatea. Gaitasuna badutela frogatu beharko dute hautaprobak gainditu eta lanpostuetarako izendatuak izateko proposatu ondoren, deialdi honen 7.4 oinarrian adierazi bezala.
f) B motako gidabaimena edukitzea.
2.2. Betebehar horiek eskabidearekin batera egiaztatu beharko dira.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Berriobeitiko Udaleko erregistro orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz. Horretarako, 30 egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Eskabide eredua eskuratzeko, Udaleko Erregistro Orokorrera jo beharko da.
3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:
a) Deialdiaren 2.c) apartatuan aipatzen den tituluaren kopia, baldin eta izangaiak ez badu zortzi urteko antzinatasun aitortua deialdia argitaratzen den egunean.
b) B motako gidabaimenaren kopia.
c) Deialdi honen 6.3 apartatuan eta II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien egiaztagirien jatorrizkoak edo fotokopiak, salbu eta Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuen egiaztagiriak, horiek zuzenean igorriko baitizkio epaimahaiari deialdia egin duen organoak. Izangaiek merezimenduak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Berriobeitiko Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.
4.4. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio-epaimahaia:
Epaimahaiburua: Félix Remírez Hoyos, Berriobeitiko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Luis González Lorente, Berriobeitiko Udaleko lehen alkateordea.
1. epaimahaikidea: María José Moreno Merelo, Nekazaritza eta Basogintza ikastetxe bateratuko irakaslea.
Ordezkoa: Laura Luis Soto, Berriobeitiko Udaleko arkitekto teknikoa.
2. epaimahaikidea: Antonio Córdoba Morena, Nekazaritza eta Basogintza ikastetxe bateratuko irakaslea.
Ordezkoa: Silvia Barbarin Gomez, goi-mailako arkitektoa.
3. epaimahaikidea: Roberto Leon Zaro, Berriobeitiko Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: Maitena Alústiza Elorza, Berriobeitiko Udaleko langileen ordezkaria.
Epaimahaikide-idazkaria: Idoia Suárez Urrutia, Berriobeitiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Natalia Rodríguez Aguado, Berriozarko Udaleko idazkaria.
5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta epaimahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek.
5.3. Kalifikazio-epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeratakoren batean badaude. Halaber, izangaiek kalifikazio-epaimahaiko kideak errefusatzen ahalko dituzte, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat izaten denean.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira ariketak egiteko tokia eta eguna, eta hasteko ordua.
6.3. Lehiaketa-fasea.
6.3.1. Deialdiaren 3.3 oinarrian agindutakoaren arabera, merezimendu guztiak, administrazio publikoetan egindako zerbitzuenak izan ezik, organo deitzaileak epaimahaiari zuzenean igorriko baitizkio, agiri bidez alegatu eta frogatuko ditu izangai bakoitzak, jatorrizko agiriak edo kopiak erabiliz, oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskaera aurkeztean; bestela, ez aurkeztutzat joko dira.
6.3.2. Alegatu eta frogaturiko merezimenduak deialdi honen II. eranskinean azaldu baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko ditu epaimahaiak.
6.3.3. Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak:
a) Titulu akademikoak: gehienez ere 5 puntu.
b) Egindako zerbitzuak: gehienez ere 12 puntu.
c) Prestakuntzako ekintzak: gehienez ere 5 puntu.
d) Prestakuntza, laneko arriskuen prebentzioan: gehienez ere 3 puntu.
e) Euskaraz jakitea: gehienez ere 5 puntu.
6.3.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, aipatu baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.3.5. Lehiakideek alegatutako eta frogatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak noiznahi.
6.3.6. Merezimenduen kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitaratuko ditu lortutako puntuazioak Berriobeitiko Udaleko iragarki-taulan, eta hamar eguneko erreklamazio epea ezarriko du, izangaiek merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alegatu dezaten.
6.3.7. Erreklamazioetarako epea iraganik eta epaimahaiak haiek ebatzitakoan, iragarki-taulan ezarriko da izangaien zerrenda, lehiaketaldian ateratako puntuazioak dituena. Puntuazio hori oposizioaldian ateratzen denari gehituko zaio eta horrela aterako da oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa.
6.4.1. Oposizioaldia.
Oposizioan 70 puntu emanen dira gehienez ere, eta ariketa bakarra eginen da:
Proba teoriko-praktiko bat egin beharko da; zehazki, lanpostuarekin zerikusia duten proiektu edo kasu praktiko jakin batzuk garatu beharko dira. Epaimahaiak zehaztuko ditu proiektu edo kasu horiek, eta horien helburua izanen da frogatzea deialdiaren xede den lanpostuaren eginkizunei buruz izangaiek dituzten ezagutzak eta benetako jarduna.
Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, haren gehieneko iraupena finkatuko du.
Gehieneko puntuazioa 70 puntukoa izanen da, eta gainditzeko, gutxienez 35 puntu lortu beharko dituzte izangaiek.
6.4. Ariketen balorazioa:
Oposizioa gainditu beharko da oposizio-lehiaketa gainditutzat jotzeko.
6.5. Ariketarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat aldean dutela agertu beharko dute, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.
6.6. Pliken sistema erabiliko da ariketan. Plikak jendaurrean irekiko dira eta ekitaldi hori Berriobeitiko Udalaren iragarki-taulan iragarriko da, gutxienez ere 24 ordu lehenagotik.
6.7. Epaimahaiak taula horretan ipiniko ditu izangaiek lortutako puntuazioak.
7.–Izangaien zerrenda eta izendapen proposamena.
7.1. Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak Berriobeitiko Udalaren iragarki-taulan argitaratuko du gainditutako izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako kalifikazioak batuta.
7.2. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian Administrazio Publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko apartatuan puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da; eta, berdinketak segituz gero, oposizioaldian puntu gehien lortu dituenaren alde.
7.3. Epaimahaiak alkateari igorriko dio deitutako lanpostu-kopuruan puntuaziorik handiena atera duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
7.4. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Berriobeitiko Udalaren erregistro orokorrean:
a) Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.
b) Gaitasunari buruzko osasun azterketa, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egina, ebaluatzeko proba berariazkoak bilduko dituena.
7.5. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituen pertsona ezin izanen da izendatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe bere eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.
7.6. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, 7.1 apartatuan aipatzen den gainditutakoen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da baja, aurreko apartatuetan adierazitako moduan.
8.–Izendapena eta karguaz jabetzea.
8.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, izendapen proposamenean azaldutako izangaia izendatuko du, Berriobeitiko Udaleko lorezaintzako arduradunaren lanpostuan aritzeko.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza; izendapenak egun horretatik aitzina izanen ditu ondorio ekonomikoak eta administratiboak.
Proposatutako izangairen batek uko egiten badio bere izendapenari edo izendatutako izangaiak ez badu lanpostuaren jabetza hartzen adierazitako epearen barnean, lanpostu berrirako eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, 7.1 oinarrian aipatutako zerrendan ondotik heldu den izangaiarekin beteko da lanpostua.
9.–Errekurtsoak.
9.1. Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
9.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
9.3. Hori guztia, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
10.–Datuen babesa.
Helburua: ematen diren datu pertsonalak Udalak egindako hautapen-prozesuan erabiliko dira, udal eskumenak gauzatzeko.
Tratamendurako legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da betetzeko eginkizun bat interes publikoaren aldekoa edo botere publikoak erabiliz (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena).
Adostasuna. Eskubideak erabiltzea: Berriobeitiko Udalaren erregistro-bulegoan eta egoitza-elektronikoan erabiltzen ahalko ditu datuetan sartzeko eta horiek zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak, bai eta tratamendua mugatu eta haren kontra egitekoak ere. Era berean, interesdunek erreklamazio bat aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es) edo idazki baten bidez (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril).
Datuak gordeko diren epea: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak sindikatuei, langileen batzordeei eta organo judizialei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Berriobeitin, 2023ko abenduaren 11n.–Alkate udalburua, Félix Remírez Hoyos.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
Eskabidea, Berriobeitiko Udaleko lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia argitaratu zen ......................... zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean, data honetan: ..........................
1. Datu pertsonalak:
Izen-deiturak: ....................................................................................................................................,
NAN zenbakia: ...................................................................................................................................,
Helbidea: ................................................................................................................................................,
Posta kodea: ........................, Herria: ......................................................, Telefonoa: ...............................
Helbide elektronikoa: ........................................................................................................................
2. Administrazio-datuak:
Zein lanpostutarako izendatu ninduten:
Maila edo taldea: ................................................................................................................................
3. Hori dela eta, erantzukizuna nirea izanik, honako hau diot:
a) Ez dudala karguan aritzea galarazten didan gaixotasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
b) Ez dudala indarrean diren xedapenetan ezarritako ezgaitasunetarik batere.
c) Ez naizela diziplinazko espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
d) Administrazio publikoetan bost urtetik gorako antzinatasun aitortua dudala.
e) Berriobeitiko Udalean jarduneko zerbitzuan nagoela, D mailako lanpostuan.
4. Deialdian onartua izateko, eskabidearekin batera honako tituluak, edo horiek baditudala frogatzeko agiriak, aurkezten ditut: Batxilergokoa, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokidea.
Halaber, eskabideari atxiki dizkiodala baremoan ezarritakoaren arabera lehiaketaldian baloratzeko azaltzen ditudan merezimenduen frogagiriak, baita azterketarako eskubidea izateko tasa ordaindu izanaren frogagiria ere, entitate honen udal ordenantzetan arauturik baitago.
(X batez adierazi dut igoerarako sarbidea).
o Titulazioa eta benetako 5 urteko zerbitzualdia.
o Benetako 8 urteko zerbitzualdia.
Horiek horrela,
Eskabidea behar bezala eta epearen barrenean aurkeztu dela onartzeko eskatzen dut, eta hortaz, Berriobeitiko Udalaren lorezaintzako arduradunaren lanpostu bat oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko deialdian parte hartzeko onartua izan nadila.
(Eguna eta sinadura)
BERRIOBEITIKO UDALEKO ALKATEA.
II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUAK BALORATZEKO BAREMOA
1.–Titulu akademikoak.
a) Goi mailako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide espezialitatearekin lotuak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.
b) Erdi maila edo graduko ikasketa-titulu ofizialak, lanbide-arloarekin lotuak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.
c) Aurrekoez bestelako ikasketa-titulu ofizialak, lanbide arloarekin lotuak: puntu bat, kreditu bakoitzeko (10 irakastordu), eta 3 puntu gehienez.
Titulu akademiko batzuk merezimendu gisa alegatu badira eta baremoaren barrenean balorazio zehatza badute, ez dira baloratuko titulu horiek lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak. Era berean, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.
Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 5 puntu izanen da.
2.–Administrazio publikoetan egindako zerbitzuak.
Atal honetan baloratuko dira izangai bakoitzak deialdia argitaratzen den egunean, antzinatasuna zehazteko, aitortuak dituen zerbitzu urteak. Puntu bat emanen da urte bakoitzeko.
Zerbitzu urteen kopurua ez bada osoko zenbaki bat, izangaiei egokituko zaie egin dituzten zerbitzu egunei proportzioan dagokien puntuazioa.
Bigarren apartatu honi dagokion puntuazioa gehienez ere 12 puntukoa izanen da.
3.–Prestakuntza jarduerak.
Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak, entitate, erakunde, zentro eta unibertsitateek antolatuak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 5 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, prestakuntza ekintza horiek Administrazioak aginduri baditu, baimendu baditu edo berak baliozkotuak badira.
5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak.
4.–Prestakuntza, laneko arriskuen prebentzioan.
Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekintzak, entitate, erakunde, zentro eta unibertsitateek antolatuak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den eskola aldi bakoitzeko (10 irakastordu), eta gehienez ere 3,00 puntu.
Oharrak:
1. Baloratu beharreko prestakuntza jardueretan, eskola-orduen zatikiak hainbanatu eginen dira.
2. Eskola-orduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.
3. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.
4. Puntuazio bera emanen da, erakunde antolatzaileari dagokion beharkizuna betetzen ez badu ere, prestakuntza ekintza horiek Administrazioak agindu baditu, baimendu baditu edo berak baliozkotuak badira.
5. Apartatu honetan ez dira baloratuko titulu akademiko bat eskuratzeko ikasketak.
5.–Euskaraz jakitea.
Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu.
Oharrak:
1. EGA titulua izanez gero, edo beste titulu ofizial bat, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren baliokidea, gehieneko balorazioa jasoko da.
2. Titulu hori izan ezean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 maila izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da, A2 maila izanez gero, 2/5, B1 izanez gero, 3/5 eta B2 izanez gero, 4/5. Titulu baliokideek balorazio bera izanen dute.
3. Bestela, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da, edo Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzeko 1/12.
4. Izangaiak euskaraz dakiela frogatzen ahalko du, orobat, Euskarabideak-Euskararen Nafar Institutuak horretarako prestatutako berariazko proba gaindituz. Proba hori egin nahi duten izangaiek hautaprobetan onartuak izateko eskabidean adierazi beharko dute. Proba hori gainerakoak amaitu ondoren eginen da.
III. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA
1. gaia.–Lorezaintzako kontzeptu orokorrak eta/edo lorezaintzari aplikatzen ahal zaizkionak
1.1. Izendegia, espezieak identifikatzea, ezaugarri botanikoak eta landare espezieen aplikazioak lorezaintzan eta berdeguneetan.
1.2. Lorezaintzako planoen interpretazioa eta lorategiko markaketa. Plano motak, markaketarako tresnak, zuinketarako teknikak, zuinketa egiteko garaia.
1.3. Ibilgailuak, erremintak, makineria eta baliabide osagarriak. Motak eta erabilerak.
1.4. Izurriak eta eritasunak lorezaintzan, eta haien tratamendua.
1.5. Lan-arriskuen prebentzioa eta segurtasuna eta osasuna lorezaintzako lanetan.
1.6. Hiriko instalazio nagusiak. Oinarrizko ezagupenak. Sare elektrikoa eta telefoniarena, ur hotzaren sarea, saneamendu sarea, argiteria sarea, gas sarea.
1.7. Garbiketa.
2. gaia.–Lorezaintzako zaintze lanak.
2.1. Soropilak eta belardiak zaintzeko lanak. Ureztaketa. Motak eta maiztasuna, soropila moztea, lurra harrotzea, ongarritzea, aireztatzea, profilatzea, berrereitea. Zohien bidez berritzea. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.
2.2. Zuhaitzak eta zuhaixkak zaintzeko lanak. Ureztaketa. Motak eta maiztasuna, ongarritzea, aitzurtu eta jorratzea. Kimaketak. Zurkaiztea, oinarriak eta teknikak. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.
2.3. Landare loredunak eta landare erraboildunak zaintzeko lanak. Ureztaketa. Motak eta maiztasuna. Substratua ematea. Ongarritzea. Lurra prestatzea. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak. Garbitzea eta kentzea.
2.4. Barreneko landareak zaintzeko lanak. Ureztaketa. Motak eta maiztasuna. Abonatuak. Eguzkitan egotea, tenperatura eta hezetasuna. Izurriak eta eritasunak. Tratamendu fitosanitarioak. Segurtasun neurriak.
2.5. Ordena eta garbitasuna zaintze lanetan.
3. gaia.–Sortze eta/edo lehengoratze lanak lorezaintzan.
3.1. Soropila berriztatzea eta ereitea. Xedea. Berrereiteko moduak. Horiek egiteko aroa. Drainatzeak. Drainatze motak.
3.2. Zuhaitzak, zuhaixkak eta landare loredunak ordezkatzea. Zuhaitzak. Urteko landareak. Biurteko landareak. Landare erraboildunak. Landare bizikorrak. Lurra prestatzea. Drainatzeak. Drainatze motak. Landaketa motak. Landaketa esparrua eta espezieak hautatzea. Geotestilak eta mulch-a erabiltzea eta paratzea.
3.3. Barreneko landareak berritzea. Urteko landareak, biurteko landareak, landare erraboildunak, landare bizikorrak. Landaketa motak. Drainatzeak. Drainatze motak. Espezieak hautatzea.
3.4. Ordena eta garbitasuna sortze eta berritze lanetan.
4. gaia.–Kimatze lanak.
4.1. Zuhaitzak kimatzea. Kimatze behar bereziak. Kimatzearen printzipioak. Helburuak. Kimatze motak. Aroa eta maiztasuna. Langileak eta tresnak. Kimatzeko moduak.
4.2. Zuhaixkak, azpizuhaixkak eta heskaiak kimatzea. Kimatze behar bereziak. Kontuan hartu beharreko alderdiak. Kimatze motak. Kimaketa egitea. Kimatzeko aroa. Kimatzearen kasu partikularrak.
5. gaia.–Ureztaketa sarea kontserbatzeko lanak.
5.1. Iturgintzako oinarrizko ezagupenak. Erremintak, lanabesak, makinak. Planoen interpretazioa. Gai nagusiak. Gai osagarriak. Hodiak eta giltzak konpontzea. Saneamendu sarea konpontzea. Arriskuen prebentzioa.
5.2. Ponpaketa ekipoa eta ureztatzeko muntadura prest mantentzea. Aspertsoreak, difusoreak, tantakako sistema eta uholdeak. Ukondoak, t-ak, pasoko giltzak eta ixteko giltzak. Presioaren erregulatzaileak. Balbula elektrikoak. Iragazkiak. Euri sentsoreak. Zentralak. Zentralen programazioa. ETP (Ebapotranspirazioa).
6. gaia.–Ibilgailuen eta makinen eta bitarteko lagungarrien lehen mailako mantentzea eta erabilera, lorezaintzan. Erremintak zorroztea eta lanerako prest jartzea.
6.1. Ibilgailuak, traktoreak, soropila mozteko traktorea, kamioia, dunperra maneiatzea eta lehen mailako mantentze-lanak egitea. Baliabideak: zulatzeko, berrelikatzeko, ongarritzeko tresnak... Motordun makinak: soropila mozteko makina, sasi-garbitzekoa, motozerrak, heskaia moztekoa, aiztur pneumatikoak... Bitarteko osagarriak: eskuko eskailerak, aldamioak, saskiak.
6.2. Segurtasun neurriak, ibilgailuen eta makinen erabiltze eta mantentze lanetan. 6.3. Lorezaintzan erabiltzen diren erremintak zorroztea eta prest jartzea. Segurtasun neurriak.
6.4. Ibilgailuak, makinak eta erremintak garbitzea.
7. gaia.–Laneko arriskuen prebentzioa.
7.1. Zereginen eta lanen arriskuak detektatu eta ebaluatzea. Banakako eta taldeko babes baliabideak.
8. gaia.–Lantaldeen koordinazioa eta kudeaketa.
8.1. Lidergoa eta langileen kudeaketa. Lan-arloko legediari eta kontratazioari buruzko oinarrizko ezagutzak. Proiektuak kudeatzea.
9. gaia.–Berriobeiti. Historia eta geografia.
9.1. Berriobeitiko historia. Berriobeitiko geografia (mendiak, ibaiak, datu soziodemografikoak...). Berriobeitiko herriak eta mugak. Kaleen, bideen eta parajeen izenak.
Iragarkiaren kodea: L2317286
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
