19. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

470E/2023 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez. Instalazioa Esteribarko udal mugartean dago eta haren titularra Laboratorios Cinfa SA da.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen-baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 4.3 taldean.

2023ko azaroaren 3an, titularrak eskatu zuen ingurumen-baimen bateratuan ezarritako baldintzak aldatzea, zehazki, ingurumen-baimen bateratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 200133* EHZ kodea duena, bulego-gailu elektroniko txikien pilei, zerbitzu orokorren eragiketetan sortutakoei, dagokiena.

Aurkeztutako eskaera aztertuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du ez dela onargarria hura hondakinen zerrendan sartzea. Izan ere, baimena du 160604 kodea duen hondakinerako, eta hori aurrekoa baino egokiagoa da. Proposatutakoa (20. kapituluko kodea) etxeko hondakinei buruzkoa da soilik. Hondakin horiek kasuan kasuko toki erakundearen bidez kudeatu behar dira (kasu honetan, Iruñerriko Mankomunitatea), eta, beraz, ez dira zerrenda horretan agertu behar.

Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ez da bidezkoa ingurumen-baimen bateratua aldatzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea espezialitate farmazeutikoak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen bateratuan eskatutako aldaketa, ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokiena. Instalazioa Esteribarko udal mugartean dago eta haren titularra Laboratorios Cinfa SA da.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Laugarrena.–Ebazpen hau Laboratorios Cinfa SAra eta Esteribarko Udalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko abenduaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Iragarkiaren kodea: F2318102