1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
128C/2024 EBAZPENA, uztailaren 23koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadila Igoa y Patxi Logística SL hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioa.
Ikusita Igoa y Patxi Logística SL enpresaren hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioaren testua, (kodea: 31101632012019), zeina erregistro honetan sartu baitzen 2024ko uztailaren 3an eta 2024ko ekainaren 13an sinatu baitzuten enpresako sindikatuen eta enpresarien ordezkariek.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan-Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Igoa y Patxi Logística SL enpresaren hitzarmen kolektiboa aldatzeko akordioa (kodea: 31101632012019).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Hirugarrena.–Ebazpen hau eskatzaileari jakinaraztea, eta ohartaraztea ebazpenak ez diola amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal diola Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko uztailaren 23an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
IGOA ETA PATXI LOGISTICA SL
Eguesen, 2024ko ekainaren 13an.
NEGOZIAZIO-BATZORDEAREN AKTA
HITZARMENAREN TESTUAREN 10. ARTIKULUA ALDATZEA
Parte-hartzaileak:
ENPRESA: Asier Igoa Cos
LANGILEEN ORDEZKARITZAN: Angel M. Garisoain Saldias
GAI ZERRENDA
1.–Igoa y Patxi Logística enpresaren hitzarmen kolektiboaren 10. artikuluko (Malgutasuna) 10. eta 17. paragrafoen testua aldatzea.
10. paragrafoa.
"Igandean edo jaiegunean lan egindako orduak. Lan egindako ordu bakoitzeko 2 orduko konpentsazioa sortuko da. Igandeko 22:00etan hasten den gaueko txandan eta jaiegunaren aurreko eguneko 22:00etan hasten den gaueko txandan lan egindako ordu bakoitzeko 2 ordu sortuko dira".
Igoa y Patxi Logística SA enpresak Nafarroako Volkswagen lantegiaren instalazioetan egiten du lan.
Nafarroako Volkswagen lantegiko txandek funtzionatzeko moduari egokitzeko, bai eguneko lanaldiaren zenbaketa hasten den txandan, bai jaieguntzat hartzen diren txandetan, beharrezkoa da artikulu honen testua aldatzea jaiegunarekin bat datorren gaueko txandari dagokionez. Beraz, 10. paragrafo hori honela idatzita geratuko da:
Igandean edo jaiegunean lan egindako orduak. Lan egindako ordu bakoitza 2 orduz errekuperatzen da. Igandeko 22:00etan hasten den gaueko txandan eta jaieguneko 22:00etan hasten den gaueko txandan lan egindako ordu bakoitzeko 2 ordu sortuko dira.
17. paragrafoa.
"Urte naturaleko ekainaren 30ean ordu-poltsan 24 ordu baino gehiago badaude langilearen edo enpresaren alde, ordu horiek uztaileko nominan ordaindu edo deskontatuko dira. Urte naturaleko abenduaren 31n ordu-poltsan 24 ordu baino gehiago badaude langilearen edo enpresaren alde, ordu horiek hurrengo urteko urtarrileko nominan ordaindu edo deskontatuko dira".
Paragrafo hori egungo hitzarmenean aldatu zen, eta bi alderdiek uste dugu paragrafo honetan adostutakoa lehen aldiz uztailean aplikatu ondoren (17. paragrafoa), ez direla bete plantillaren eta enpresaren itxaropenak. Hori dela eta, testu berri bat adostu da, eta, horren ondorioz, enpresa hitzarmena aldatu da.
Horrenbestez, Igoa y Patxi Logística enpresaren hitzarmenaren 10. artikuluko 17. paragrafoa honela idatzita geratuko da:
Urte naturalaren amaieran, ordu-poltsan langilearen edo enpresaren aldeko orduak badaude, ordu horiek hurrengo urteko urtarrileko nominan ordaindu edo deskontatuko dira, ordu arruntaren prezioan, eta poltsa zeroan geratuko da 2024ko abenduaren 31n.
Akordioa goian adierazitako egunean eta lekuan sinatu behar dute.
ENPRESA: Asier Igoa Cos.
LANGILEEN ORDEZKARITZAN: Angel M. Garisoain Saldias.
Iragarkiaren kodea: F2412263