183. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

158E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Ogasunean hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonentzako bi prestakuntza-beka emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 730192.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza-bekak emateko araubide orokorra ezartzen da. Beka emateko prozedurari hasiera eman aurretik organo eskudunak deialdiaren oinarri arautzaileak onetsi beharko ditu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira.

Nafarroako Foru Ogasunak bi prestakuntza-beka emateko deialdia onestea proposatzen du, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako titulazioak lortu dituzten pertsonentzat, helburua izanik haien prestakuntza sustatzea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoko zergadunei arreta emateko Iruñeko bulegoan antolamendu- eta informazio-jarduerekin lotutako ezagutzak eskuratuz.

Azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuen 12. artikuluak esleitzen dizkidan eskudantziak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Oinarriak onestea, hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonentzako bi prestakuntza-beka, emateko deialdiarenak. Bekak Nafarroako Foru Ogasuneko Zergadunei Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuan aritzeko dira.

2 Bekek hasiera batean izanen duten iraupenaren aldirako (12 hilabete), 19.638,48 euroko guztizko gastua baimentzea, partida honen kargura: Nafarroako 2024ko Aurrekontu Orokorretako "Informaziorako prestakuntza-bekak" izeneko 156000-17900-4800-932100 partida eta 2025eko aurrekontuetako partida baliokidea, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago. Hauxe da urtez urteko banaketa:

–2024. urtea: 4.773,08 euroko guztizko gastua; horietatik 4.500 euro bi beken zuzkidurari dagozkio, eta 273,08 euro, berriz, Gizarte Segurantzaren indarreko enpresa-kuotari.

–2025. urtea: 14.865,40 euroko guztizko gastua; horietatik 13.500 euro bi beken zuzkidurari dagozkio, eta 1.365,40 euro, aldiz, Gizarte Segurantzaren indarreko enpresa-kuotari.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Zergadunei Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuari, kontabilitate-zentroari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari.

5. Adieraztea ebazpen honen eta bere oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 26an.–Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, Óscar Martínez de Bujanda Esténoz.

1. ERANSKINA.–HEZKUNTZA-PREMIA BEREZIAK DITUZTEN PERTSONENTZAKO BI PRESTAKUNTZA-BEKA EMATEKO DEIALDIA, NAFARROAKO FORU OGASUNEAN ARITZEKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da bi prestakuntza-beka ematea, norgehiagokako araubidean, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako titulazio hauetakoren bat, gutxienez, lortu duten bi pertsonari:

–Zerbitzu Administratibo eta Orokorretako laguntzailea.

–Datuen Tratamenduko, Ofimatikako eta Artxiboko Eragiketetako laguntzailea.

–Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea.

–Sistema Mikroinformatikoen Muntaketa eta Mantentze-lanetako Eragiketetako laguntzailea.

Deialdiaren helburua, beraz, bi pertsona horien prestakuntza sustatzea da, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoko zergadunei arreta emateko Iruñeko bulegoan antolamendu- eta informazio-jarduerekin lotutako ezagutzak eskuratuz.

Bigarrena.–Beken iraupena eta zenbatekoa.

1. Prestakuntza-bekek hamabi hilabeteko iraupena izanen dute hasiera batean: 2024ko urrian hasi eta 2025eko irailean bukatuko dira.

Nafarroako Foru Ogasuneko Zergadunei Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuak eskatuz gero eta aurrekontu-baliabideen arabera, beka luza daiteke, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapena egiteko, beharrezkoa izanen da berariazko ebazpena ematea eta horretarako behar den gastu konpromisoa hartzea.

2 Prestakuntza-bekek 818,27 euroko zuzkidura izanen dute hilean. Horietatik 750 euro hilabetea amaitutakoan ordainduko zaizkio onuradunari, edo dagokion zati proportzionala, hala badagokio, eta 68,27 euro 2024ko ekitaldian Gizarte Segurantzako kotizazioa ordaintzeko dira. Gizarte Segurantzaren kostua eguneraketen arabera aldatzen ahalko da. Ordaintzen den diruari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

Hirugarrena.–Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoak izan daitezke beka honen onuradun:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Dirulaguntzak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

e) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

f) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan eskuratu izana beharkizun den titulua, edo aipatu epearen barnean eskatu izana titulu hori, eta, betiere, beka hasteko eguna baino lehenago.

g) Ehuneko 33ko desgaitasun-maila edo handiagoa aitortua izatea.

2. Beka eskatzeak berekin dakar Nafarroako Foru Ogasunari baimena ematea egiazta dezan betetzen diren aurreko ataleko a), b) eta c) letretako baldintzak. Baimena ematen zaio, orobat, egiaztatzeko onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen beka emateko proposamena egiten den unean (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).

Goiko d) eta e) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaera-orrian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

f) letrako baldintza betetzen dela egiaztatzeko, Lanbide Heziketa Bereziko titulua edo haren eskaera aurkeztu beharko da.

3. Baldintza guztiak bekaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2 Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Eskaerak, halaber, aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuko egoitza elektronikoan gaitutako inprimaki bera erabiliz, Nafarroako Gobernuko erregistro bulegoetan (horretarako irekita daudenetan), aldez aurretik hitzordua eskatuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetatik edozeinetan.

3. Nolanahi ere, eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) NANaren kopia.

b) Curriculum vitaea, non adierazi beharko baitira egindako ikasketak, egindako jarduerak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak. Agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

c) Eskuratutako tituluen eta diplomen fotokopia.

d) Dagokion ikastetxeak emandako ziurtagiria, eskatzen den tituluarena edo titulu eskaerarena.

e) Seigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen frogagiriak.

Deialdia egin duen organoak, administrazio-prozeduraren edozein unetan eskatzen ahalko ditu eskaerari erantsitako dokumentu elektroniko guztiak sortzeko erabili ziren jatorrizko dokumentuak, haien baliozkotasuna eta bat-etortzea egiaztatzeko.

4. Eskaerak aurreko ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, kudeaketa unitateak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta ebazpen hori jakinaraziko zaiola.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Bosgarrena.–Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz, seigarren oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Zergadunei Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzuko zuzendaria.

–Batzordekidea: Administrazio Ataleko burua.

–Idazkaria: Zergadunei Arreta Emateko Ataleko burua.

2. Nafarroako foru lurraldean desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten entitateetako aholkulari teknikoen txostenak eta lankidetza eskatzen ahalko ditu batzordeak, prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen guztiak.

3. Ebaluazioa hurrengo oinarrian adierazitakoaren arabera egin ondoren, ebaluazio batzordeak hautatutako pertsonen aldeko proposamen loteslea igorriko dio Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

Eskaerak baremo honi jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Titulua: gehienez ere 10 puntu.

–5 puntu emanen dira deialdi honetan eskatzen den titulu edo titulu eskaera bakoitzeko.

–Deialdiaren xede diren prestakuntzekin lotuta egin diren boluntariotza-jarduerak: 1 puntu emanen dira jarduerak garatu diren irabazi-asmorik gabeko entitatearen edo onura publikoko entitatearen ziurtagiriarekin egiaztatutako hilabete bakoitzeko; 5 puntu, gehienez.

b) Deialdiaren helburuarekin zerikusia duten gaiei buruzko prestakuntza-ikastaroak: 2 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu); 10 puntu, gehienez.

c) Euskara, ingelesa eta frantsesa jakitea: 10 puntu gehienez.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 4 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 3 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulazioa izatea, 2 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

d) Deialdi honen xede den Lanbide Heziketa Berezian ikasketak amaitu ondoren emakumeek laneratzeko duten zailtasuna kontuan hartuta, eta sektorean duten presentzia sustatzeko helburuarekin, 2 puntu gehiago emanen zaizkie emakumezko eskatzaileei.

e) Banakako elkarrizketa: gehienez ere 10 puntu.

Banakako elkarrizketa eginen zaie bost kalifikazio onenak lortzen dituzten hautagaiei. Elkarrizketan motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk baloratuko dira.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.

Elkarrizketa gainditzeko, 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira.

Oinarri honen ataletan ezarritako puntuak batu ondoren puntuazio onena lortzen duten pertsonei esleituko zaizkie bekak.

Berdinketa kasuetan, banakako elkarrizketan nota onena duen eskatzailearen alde eginen da.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

Ebaluazio batzordearen proposamena ikusita, Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak bi prestakuntza-bekak emateko ebazpena emanen du, bertan onuradunen izenak jasota eta berariaz adierazita gainerako eskaerak ezetsi direla.

Halaber, ebazpenean lehentasun ordena ezarriko da deialdira aurkeztu diren pertsonekin, baldin bekaren onuradunak uko egiten badio bekari, bederatzigarren oinarrian ezarritakoa betetzeko.

Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ezetsi egin direla ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Beken onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Bekaren xede den prestakuntza jarduera egitea eta justifikatzea. Prestakuntzaren ardura duen administrazio unitateak eskatzen ahalko du lanak eta txostenak aurkeztea, bekadunaren errendimendu mailaren jarraipenaren kontrola eta ebaluazioa egin ahal izateko.

b) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea.

c) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

f) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

g) Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoko zergadunei arreta emateko Iruñeko bulegoko barne- edo funtzionamendu-araubideari men egitea, bertan garatuko baititu bere jarduerak.

Bekadunak ez baditu betetzen aipatu betebeharrak edo agintzen zaizkion zereginak, edo haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa edo ezdeusa badu, edo egiten dituen lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, interesdunari entzun ondoren.

Beka galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.

1. Prestakuntza-beken onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute lanean. Horrela egiten ez badute, ulertuko da bekari uko egiten diotela, non eta Nafarroako Foru Ogasuneko arduradunek ez duten erabakitzen ezinbesteko arrazoi bat edo behar bezala justifikatutako besteren bat dagoela.

2. Jardunean hasteko unean, Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, bi onuradunek zerga-betebeharrak eguneraturik dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baita zinpeko adierazpen edo hitzemate idazki bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, entitate publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

3. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, Nafarroako Foru Ogasunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak betetzea.

4. Bekari berariaz uko eginez gero, horren berri eman beharko da, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Hamargarrena.–Prestakuntza jarduera eta tutoretza.

1. Prestakuntza-jarduerak astean 20 orduko iraupena izanen du, eta Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoko zergadunei arreta emateko Iruñeko bulegoan eginen da (Ezkirotz kalea 16).

2. Prestakuntza jasotzen ari diren pertsonek beren jarduera garatzeko behar dituzten egokitzapen eta laguntza pertsonal eta teknologikoak izanen dituzte.

3. Beken onuradunek 2,5 egun balioduneko atsedenaldia izanen dute bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

4. Bestalde, onuradunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko dituzte, eta eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

5. Organo eskudunak prestakuntza-beka eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak gertatzen direnean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du, eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira. Nafarroako foru lurraldean desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten entitateetako aholkulari teknikoen laguntza izaten ahalko du.

6. Zergadunei Arreta Emateko Ataleko buruak zuzendu eta gainbegiratuko du prestakuntza jarduera. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, bekadunak egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta haren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituen begiratzeaz arduratuko da.

Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

1. Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

2. Beken onuradunek Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

Hamabigarrena.–Lan harremanik ezaren adierazpena, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

2. Prestakuntza-beken onuradunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak tutoreak gainbegiratuko ditu eta hura izanen da lan horien erantzulea. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

3. Bekadunek, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari diren, administrazio horrekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

4. Beken onuradunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza-bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Ondorio horietarako, prestakuntzan aritzen direnek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

Hamahirugarrena.–Beken bateraezintasuna.

Deialdi honetako prestakuntza-bekak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste beka batzuekin.

Hamalaugarrena.–Emandako bekaren publizitatea.

Nafarroako Foru Ogasunak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza-bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete oinarri arautzaile hauen aurka, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2412584