182. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

360E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita etxeko hondakinen tratamendu zentro bat eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi bat hartzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazio Carcarko udal-mugartean dago, eta haren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 2004ko 29ko 2125 Ebazpenaren bidez emana.

2024ko ekainaren 3an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea eskatu zuen; zehazki, beste hondakin bat sartzea instalazioan kudeatzeko baimena duten hondakinen zerrendan, jada baimenduta dauden prozesuetan. Proposatutako aldaketa honi dagokio:

KUDEAKETA PROZESUA

INSTALAZIOAN KUDEAKETA BAIMENA DUTEN HONDAKINEN ZERRENDAN SARTZEKO
ESKAERAREN XEDE DEN HONDAKINA

ESKAERAREN
BALORAZIOA

HONDAKIN EZ-ARRISKUTSUEN ZABORTEGI AKTIBOA (D0502) - LEHENDIK DAGOENA

030399, nabeen garbiketa hondarrak

1. eta 2. oharrak

1. Hondakinaren ezaugarriak parekatzen ahal dira prozesuan kudeatzeko baimenduta daudenekin, eta bateragarria da kudeaketa prozesuarekin.

2 Hondakina bateragarria da prozesuarekin, baldin eta betetzen baditu hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onartzea etxeko hondakinen tratamendu zentro bat eta hondakin ez-arriskutsuen hondakindegi bat hartzen dituen instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen I. eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazio Carcarko udal-mugartean dago, eta haren titularra Servicios de Montejurra SA da.

Bigarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua emateko espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Hirugarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Seigarrena.–Ebazpen hau igortzea Servicios de Montejurra SAra eta Carcarko Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 29an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2412714