182. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

152E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa sarietarako deialdia egiten duena. DDBN identifikazioa: 780954.

Zientziari eta Teknologiari buruzko Foru Legeak hitzaurrean jasotzen duenez, askotariko arloetan ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+b) sortzea, zabaltzea eta aplikatzea funtsezkoa da Nafarroaren aurrerakuntzarako. I+G+b-k oparotasuna areagotzen du, bizi-kalitatea hobetzen du eta sorkuntzazko konponbideak ekartzen ditu gure gizarteak dituen desafio nagusietarako. Nafarroako gizarteak egun aurrez aurre duen desafio horietako bat da lan esparruko segurtasuna eta osasuna.

Laneko eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak 2023ko urtarrila-abendua arteko istripu-tasaren inguruko datu estatistikoen aurrerapena argitaratu zuen, eta bertan adierazten da Nafarroa estatuko batezbestekoaren gainetik dagoela intzidentzia indizeari dagokionez (baja eragin duten istripuen kopurua, arriskuaren eraginpean dauden ehun mila langileko). Hala, Nafarroak 3.756,8ko tasa du, eta estatuko batezbestekoa 2.715ekoa da, beraz, Nafarroa da baja eragin duten lan-istripuen intzidentzia handiena duen bigarren autonomia erkidegoa.

Halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako laneko istripu-tasaren 2023ko datuak argitaratu zituen, eta datu horiek erakusten dute mila langileko lan-istripuen intzidentzia-tasa zertxobait igo zela (2022an 41,4koa zen, eta 2023an 42,1ekoa izatera igaro zen), eta eraikuntza dela intzidentzia handiena duen sektore ekonomikoa (67,7), ondoren industria (58,9) eta, azkenik, nekazaritza (46,2).

Ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b) sustatu nahi da laneko arriskuen prebentzioan eta laneko osasunean eta segurtasunean, eta, horretarako, sari-deialdia eginen da, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloa ikertzen duten lanak saritzeko: gradu eta master amaierako lanik onenak –Nafarroako unibertsitateetako batean defendatuen edo beste unibertsitate batean baina Nafarroako pertsona batek defendatuen artean–, eta Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileena.

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketa sariak emateko deialdia onestea, bi modalitate hauetarako:

a) Unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak.

b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako saria.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Honako kreditu hauek baimentzea, 2024ko gastu-aurrekontuaren kargura:

a) Laneko segurtasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenak saritzeko, 3.000 euroko kreditua, "(E) Saria, laneko segurtasunaren arloko ikasketa-amaierako lanari" izeneko G20001 G2100 2268 467302 partidaren kargura.

b) Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileena saritzeko, 5.000 euroko kreditua, "(E) Saria, SINAIk laneko segurtasunaren arloan landutako proiektu edo artikulu berritzaileenari" izeneko G20001 G2100 2268 467300 partidaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 19an.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea eta helburua.

Sari hauen helburua da ikerketa zientifikoa eta berrikuntza teknologikoaren garapena (I+G+b) sustatzea laneko arriskuen prebentzioaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan. Horretarako, lanik onenak sarituko dira, bi modalitate hauetan:

a) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egin diren unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak, bi kategoria hauetan: gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL).

b) Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landu duten proiektu edo artikulu berritzaileenetarako sariak.

2. oinarria.–Xedeko pertsonak eta entitateak.

1. Unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako sariak:

a) Parte hartzen ahalko dute 2023-2024 ikasturtean gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL) defendatu duten pertsona guztiek, baldin eta egindako lana laneko segurtasunaren eta osasunaren arlokoa bada eta Nafarroako unibertsitate batean egina bada.

b) Halaber, parte hartzen ahalko dute 2023-2024 ikasturtean gradu amaierako lana (GrAL) eta master amaierako lana (MAL) Nafarroakoa ez den unibertsitate batean aurkeztu eta defendatu dutenek, baldin eta egindako lana laneko segurtasunaren arlokoa bada eta pertsona horiek 2023ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, Nafarroan erroldatuta badaude eta Nafarroan bizi badira eta hala jarraitzen badute eskaera aurkezteko unean.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenerako sariak.

Parte hartzen ahalko dute deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean honako kategoria hauetako batean akreditatuta dauden eragileek: unibertsitatea, ikerketa-zentroa, teknologia-zentroa, I+G+b enpresako unitatea, osasun ikerketarako institutua edo erakunde berezia.

3. Deialdian parte hartzeak berekin dakar oinarriok onartzea, bai eta epaimahaiak edo Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak hartzen dituzten erabakiei men egin beharra ere.

3. oinarria.–Aurkezten diren lanek bete beharrekoak.

1. Unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketara aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren inguruko lana izatea.

b) Gradu amaierako lan bati (GrAL) edo master amaierako lan bati (MAL) eskatzen zaizkion baldintza guztiak betetzea, eta dagokion ebaluazioa gainditu izana kasuan kasuko fakultate edo ikastegian.

c) Gutxienez 8 puntu jaso izana, 10etik.

d) 2023-2024 ikasturtean aurkeztua eta defendatua izatea.

e) Saririk eskuratu ez izana beste GrAL eta MAL sari-deialdiren batean.

2. Nafarroako I+G+b Sistemako (SINAI) eragileek landutako proiektu edo artikulu berritzaileenaren sariketara aurkezten diren lanek edo proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laneko osasunaren eta segurtasunaren ingurukoak izatea.

b) Ikerketa proiektuen kasuan, 2023. edo 2024. urtean amaituak izatea, eta Nafarroan laneko segurtasun eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean aurkeztu ez izana.

c) Artikulu zientifikoen kasuan, 2023. edo 2024. urtean argitaratuak izatea, eta Nafarroan laneko segurtasun eta osasunaren arloko sarien aurreko deialdi batean aurkeztu ez izana.

4. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa baliatuta (hemendik aurrera, laguntzen fitxa).

Eskaera aurkeztean, erantzuna bitarte elektronikoen bitartez jasotzeko laukitxoa markatu beharko da.

3. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide telematikoa.

b) GrAL, MAL, ikerketa proiektu edo artikuluaren kopia.

Horrez gain, unibertsitate ikasketen amaierako lanen sariketan parte hartu nahi izanez gero, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Lortutako kalifikazioaren egiaztagiria.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntzaren fitxan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa, aditzera emateko aurkeztutako lana bere horretan ebaluatu zuela dagokion unibertsitateak, eta ez dela beste inongo sariketatan saritua izan.

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (TOE).

d) Lana aurkeztu eta defendatu bada Nafarroakoa ez den unibertsitate batean, 2023ko errolda- eta bizikidetza-ziurtagiria aurkeztu beharko da, udalak emana.

4. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu betetzen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak, organo eskudunak entitate edo pertsona interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela.

5. oinarria.–Balorazio irizpideak.

Balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

BALORAZIO IRIZPIDEAK

GEHIENEKO
PUNTUAZIOA

1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa

40

1.1. Helburuak eta metodologia

15

1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran

15

1.3. Estiloaren zuzentasuna

10

2) Aztergaiaren garrantzia

60

2.1. Jorratutako gaiaren originaltasuna

20

2.2. Aplikazio-eremua

20

2.3. Inplikazio praktikoak

20

GUZTIRA

100

1) Kalitate zientifikoa eta teknikoa. 40 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

1.1. Helburuak eta metodologia: helburuak argi eta zehaztasunez definitzea baloratuko da, eta proposatutako metodologia helburu horiek lortzeko egokia izatea. 15 puntu, gehienez.

1.2. Zorroztasuna informazio-iturrien erabileran. Bibliografia- eta dokumentazio-iturri zabalak eta egokiak baliatzea baloratuko da, eta datuen tratamendu aproposa. 15 puntu, gehienez.

1.3. Estiloaren zuzentasuna. Lanaren adierazpidea, idazkera eta aurkezpena argiak izatea baloratuko da. 10 puntu, gehienez.

2) Aztergai den gaiaren garrantzia, laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketarako. 60 puntu gehienez. Alderdi hauek baloratuko dira:

2.1. Landutako gaiaren originaltasuna: laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan aurrera egiteko, edukiak eta ikuspegiak duten berritasuna baloratuko da. 20 puntu, gehienez.

2.2. Aplikazio-eremua: laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko ikerketan gaiak duen irismena baloratuko da. 20 puntu, gehienez.

2.2. Inplikazio praktikoak: lanak ikerketari egiten dion ekarpena baloratuko da, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeari dagokionez, bai eta prebentzioan inplikatutako eragile eta enpresek kontuan har ditzaketen proposamen zehatzak formulatzea ere. 20 puntu, gehienez.

6. oinarria.–Epaimahaia.

1. Sariketaren epaitza epaimahai batek emanen du. I+G+b Zerbitzuko Berrikuntza Digitalaren Poloaren Ataleko burua izanen da epaimahai horretako burua, eta I+G+b Zerbitzuko bi teknikari, epaimahaikideak.

2. Epaimahaiak ebaluatuko ditu aurkeztutako lanak, eta organo eskudunari proposatuko dio sariak nori eman. Saria emateko epaimahaiaren proposamena loteslea da eta saria emateko justifikazioa haren akta izanen da.

3. Unibertsitate ikasketen amaierako lanak baloratzeko, Nafarroan kokatuta dauden unibertsitateen aholkua eta laguntza izaten ahalko ditu epaimahaiak (Nafarroako Unibertsitate Publikoarena, Nafarroako Unibertsitatearena eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalarena).

7. oinarria.–Sariak.

1. Honako sari hauek emanen dira unibertsitate ikasketen amaierako lanen modalitatean:

a) Gradu amaierako lana (GrAL):

–GrAL saria, 1.000 euro.

–GrAL accesita, 500 euro.

b) Master amaierako lana (MAL):

–MAL saria, 1.000 euro.

–MAL accesita, 500 euro.

2. Honako sari hauek emanen dira proiektu edo artikulu berritzaileenaren modalitatean:

a) Proiektu berritzaileena:

–Saria, 1.500 euro.

–Accesita, 1.000 euro.

b) Artikulu berritzaileena:

–Saria, 1.500 euro.

–Accesita, 1.000 euro.

3. Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik.

8. oinarria.–Sariak emateko ebazpena eta ordainketa.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusia izanen da sariak nori eman ebazteko organo eskuduna. Ebazpena emateko eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.

Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez. Jakinarazpen horretara sartzeko, entitate edo pertsona eskatzaileak identifikatzeko sistema elektronikoren bat eduki beharko du, hala nola Cl@ve, NAN elektronikoa edo ziurtagiri digitala.

Ebazpen horretan berean eskuratutako sariaren zenbatekoa ordainduko zaie saridunei.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

9. oinarria.–Jabetza intelektuala.

Egileek aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak atxikiko dituzte. Nolanahi ere, erabiltzeko baimena emanen dute, argitaratu eta zabal daitezen, lehiaketa honen ideiak eta balioak sustatzearren.

10. oinarria.–Datuen babesa.

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, aditzera ematen da ezen eskaera bidaltzearekin eskuratuko diren datu pertsonalak honako helburu honekin tratatuko direla: Nafarroan laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan egindako unibertsitate ikasketen amaierako lanik onenetarako dirulaguntzak emateko, kudeatzeko eta kontrolatzeko. Halaber, honako hau jakinarazten da:

–Tratamenduaren arduraduna: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentua.

–Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren mesedetan egindako zeregin bat betetzeko eta botere publikoak baliatzeko (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1 art.).

–Hartzaileak: ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dutela edo araudiak hartarako gaitzen duela.

Tratatzeko bildu diren datu pertsonalei dagokienez, parte-hartzaileek eskubidea dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko. Horretarako, idatzizko eskaera egin behar zaio datuak tratatzeko arduradunari, helbide honetara:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea

Iragarkiaren kodea: F2412300