1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
74/2024 FORU DEKRETUA, abuztuaren 21ekoa, María José Leoz Tellería andreari 2024ko Nafarroako boluntarioaren saria ematen diona.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 7.16 artikuluan, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskudantzien artean dagoela ohore eta goresmen sariak ematea, berariazko araudiari jarraikiz.
Nafarroako Boluntariotzari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluaren iritzia oinarri harturik, urtero emanen du Nafarroako boluntarioaren saria, helburu duena boluntariotzaren arloan nabarmendu den pertsona fisiko edo juridiko bat aintzatestea, dela boluntariotza-lanetan izandako dedikazioagatik, dela boluntariotza-lanean gizartearentzat eredugarria izateagatik, dela egin dituen boluntariotza-lanek garrantzi berezia izan dutelako.
Azaroaren 28ko 279/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako boluntarioaren saria eta aitortza berezia arautzen dira.
Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariaren martxoaren 27ko 20/2024 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako boluntarioaren sarirako 2024. urteko deialdia egin zen.
Jaso diren 24 hautagaiak azterturik, saria emateko irizpideetan oinarrituta egindako balorazioaren ondoren, Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluak proposatu du María José Leoz Tellería andreari ematea 2024ko Nafarroako boluntarioaren saria, bai Nafarroako Down Sindromearen Elkartean egindako boluntariotza-lanagatik (elkarte horren sortzailea izan zen), bai Motxila 21 rock taldearen eraketagatik (mundu osoan aitortza eta oihartzuna lortu duen taldea), non boluntarioak eta Downen sindromea duten pertsonak elkartzen baitira.
María José Leoz Tellería andreak borondatez lagundu du desgaitasuna duten pertsonen bizitza hobetzen, eta, horri esker, autonomia eta independentzia handiagoa lortu dute, bai eta aitortza sozial handiagoa ere, eta horregatik merezi du sari hau.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko abuztuaren 21ean egindako bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. 2024ko Nafarroako boluntarioaren saria María José Leoz Tellería andreari ematea, zeina Nafarroako Down Sindromearen Elkarteak proposatutako hautagaia baita.
2. Foru dekretu hau interesdunari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2412272