1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
59E/2024 FORU AGINDUA, abuztuaren 16koa, Lurralde Kohesiorako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Esteribarko Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bat, udal mugarteko lurzoru urbanizaezin osoan energia-azpiegiturak arautzeari buruzkoa, Esteribarko Udalak sustatua.
Esteribarko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Kohesiorako Departamentuan, behin betiko onets dadin.
Espedientearen xedea da Esteribarko udal mugarte osoan energia berriztagarrien azpiegitura-jardueren (haize-parkeak eta eguzki-baratzeak) eta horiei lotutako ebakuazio-lineen ezarpena arautzea, eta horretarako Esteribarko Arau Subsidiarioetako Hirigintza Araudi Orokorreko 41. artikulua ("erabilerak eta eraikuntzako jarduerak") aldatzea.
Artikulu hori aldatzeko proposamena da, laburbilduta, autokontsumorako ez diren azpiegitura energetikoak baimendu ahal izatea lurzoru urbanizaezin generikoan. Salbuespen gisa, lurzoru urbanizaezinaren kategoria guztietan baimentzen ahalko dira Esteribarko Udalak sustatutakoak edo haren partaidetza dutenak, bai eta autokontsumokoak ere, zenbait baldintza beteta eta LAP 3k eta aplikatu beharreko beste legeria sektorial batzuek ezarritako mugak errespetatzen badira.
Ingurumeneko zuzendari nagusiaren abuztuaren 3ko 759E/2024 Ebazpenaren bidez, ingurumen txosten estrategikoa egin da, aldaketaren aldekoa, ingurumenaren gaineko ukipenik ez duela sortzen iritzita.
Ebazpen hori 2023ko 178. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 28koan.
Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.
Azaldutakoarekin bat, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 249/2023 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz,
AGINTZEN DUT:
1. Behin betiko onestea Esteribarko Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bat, udal mugarteko lurzoru urbanizaezin osoan energia-azpiegiturak arautzeari buruzkoa, Esteribarko Udalak sustatua.
2. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Ebaluaziorako Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Foru agindu hau Esteribarko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.
4. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrolerako onespen egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.
5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 16an.–Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Óscar Chivite Cornago.
Iragarkiaren kodea: F2412559