182. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

564/2024 EBAZPENA, abuztuaren 19koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zenbait eskudantzia uzten baitira Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku.

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuak xedatzen du Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartuko dituela aurreko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak baliatutako eskumenak, arlo horretan eskuduntzak dituzten unitate organikoak hari atxikiz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 36.3 artikuluak ezartzen du ezen zerbitzuetako zuzendariak, artikulu horretan espresuki ezarritako eginkizunez gain, banatu edo eskuordetzen zaizkien eginkizunak ere bete beharko dituztela, beren eskumenekoak diren arloetan.

Egondako esperientzia ikusita, behar den eraginkortasuna eta bizkortasuna lortzeko, bidezkotzat jotzen da Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiari esleitutako zenbait arlori buruzko espedienteen ebazpena.

Eskuordetze hau dagokion arloan indarra duen legerian ezarritakoaren arabera egin behar da, hau da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uztea Etxebizitzako zuzendari nagusiari arlo hauetan dagozkion eskudantzien erabilera:

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuak sinatzeko baimenak ebaztea.

–Etxebizitza babestuen salerosketarako edo errentamendurako kontratuei buruzko bisatuen gainean ebaztea, bai eta etxebizitza erabiliak erosteko dirulaguntzei buruzkoak ere, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen hogeita laugarren xedapen gehigarrian aipatzen direnak.

–Konturako zenbatekoak jasotzeko baimenak.

–Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 33. artikuluan xedatutakoaz baliatzen direnei etxebizitza babestu egokiak esleitzearen gainean ebaztea.

–Lehentasunez erosteko eskubidea baliatzea edo hari uko egitea etxebizitza babestuaren kostu bidezko eskualdatze guztietan, bai eta gainerako etxebizitzen –libreak edo babestuak– eskualdatzeetan ere, eskubide hori Nafarroako Gobernuari baldin badagokio.

–Baimena ematea etxebizitza babestuak partikularren artean edozein tituluren bidez eskualdatzeko.

–Etxebizitza babestuak desokupatzeko baimen administratiboa ematea.

–Birgaitze jarduketa babestuen behin betiko kalifikazioa.

–Aldaketak egiteko baimena ematea etxebizitzetako birgaitze jarduketa babestuen espedienteetan eta etxebizitza babestuen espedienteetan.

–Bizigarritasun zedulak ebaztea.

–Estatuak Nafarroari abuztuaren 1eko 1484/1985 Errege Dekretuaren bidez eskualdatutako ondasun, eskubide eta betebeharren ondoriozko gorabeherak ebaztea; errege dekretu horren bidez, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak eskualdatu zitzaizkion Nafarroako Foru Komunitateari ondare arkitektonikoaren eta eraikuntzaren eta etxebizitzaren kalitatearen kontrolaren arloan.

–Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeari buruzko ebazpena.

–Etxebizitza babestuen sustapenetan eraikuntzaren aldetik dauden akatsei buruzko espedienteak ebaztea.

–Hirigintzako txostenak ebaztea.

–Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautu zituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaz baliatzeko baimenak ematea.

–Etxebizitza alokatzeagatiko kenkari fiskalak emateko eta aurretiaz ordaintzeko eskaerei buruz ebaztea.

2. Etxebizitzako zuzendari nagusiak edozein unetan bereganatzen ahalko du eskuordetze honen xede den edozein espediente, horren berri izateko edo ebazteko.

3. Eskuordetze hau erabiliz ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori aipatu beharko da berariaz. Ebazpen horiek Etxebizitzako zuzendari nagusiak emanak balira bezala hartuko dira, ondorio guztietarako, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua.

4. Indarrik gabe uztea Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren esku uzten duten beste edozein administrazio-ebazpen.

5. Ebazpen hau Etxebizitza Zerbitzura eta Idazkaritza Tekniko Nagusira igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 19an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Elga Molina Roig.

Iragarkiaren kodea: F2412174