181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

114E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 14koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2024-2025 ikasturterako Nafarroako gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programaren oinarri arautzaileak.

Gazteen Informazioaren Europako Gutunak adierazten du gazteentzako informazioak lagundu egin diezaiekeela gazteei beren nahiak lortzen, eta gizartearen parte aktibo gisa parte har dezaten sustatu. 2022an Gazteendako Informazio eta Aholkularitzako Europako Agentziara (ERYICA) atxiki ondoren, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bere egiten ditu aipatutako gutunean jasotako konpromisoak, besteak beste honako hauek: gazte guztiek informazioa eskuratzeko aukera berdinak izatea bermatzea; informazio-zerbitzuak doakoak izatea; eskainitako informazioa konfidentziala, kalitatezkoa eta objektiboa izatea; eta gazteek informazio-prozesuetan parte hartzea.

Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 14. artikuluak dioen bezala, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteei buruzko politika espezifikoak garatuko ditu, besteak beste, gazteen informazioarekin eta aholkularitzarekin lotuta. Jarduera horren helburua da gazteak modu integralean orientatzea eta aholkatzea, haien garapen pertsonalean laguntzeko, eta gazteentzako informazio zerbitzuen bidez ematen da. Era berean, 7. artikuluan adierazten du Nafarroako toki-entitateek gazteriaren arloko eskumena dutela beren lurralde-eremuan, eta, besteak beste, eginkizun hau betetzen dutela: "gazteentzako informazio, orientazio, aholku eta laguntza zerbitzuak ematea, herri bakoitzeko beharren arabera". Gainera, 19.3 artikuluak jasotzen du hezkuntzaren eta gazteriaren arloan eskumena duten departamentuek neurriak hartuko dituztela informaziorako eta orientaziorako zerbitzuak koordinatzeko eta bultzatzeko.

Bestalde, abuztuaren 22ko 109/2005 Foru Dekretuak arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko gazteentzako informazio zerbitzuen sarea. Horrek ezartzen duenez, Gazteentzako Dokumentazio eta Informazio Zentroaren eginkizunen artean dago "Nafarroako Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sarea sendotzea, bultzatzea eta koordinatzea". Halaber, 9. artikuluan aurreikusten duenez, "ofizialki onartutako gazteentzako informazio zerbitzuek bulegoak izan ditzakete lokal nagusiaz gainera"; horri esker, gazteentzako informazio korrespontsaliak sar daitezke ikastetxeetan eta gazteentzako beste gune batzuetan.

2023-2024 ikasturtean programa pilotu bat egin ondoren, planteatzen da Nafarroako gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programa onestea 2024-2025 ikasturterako. Helburu hauek ditu: gazteentzako informazio zerbitzuak hobetzea, gazteen parte-hartzea sustatzea, aisialdi hezitzailea sustatzea eta balioetan hezten laguntzea. Horrela, gazte gehiagorengana iritsi nahi da, gazteak baitira berdinen artean informazioa transmitituko dutenak.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuak aitortzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2024-2025 ikasturterako Nafarroako gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programaren oinarri arautzaileak eta oinarriak.

2. 2025eko aurrekontuko 19.800 euroko gehieneko gastua baimentzea, gazte berriemaileentzako sariei aurre egiteko. Xede horretarako 2025erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaituko den eta 2024ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko 340002 34100 4809 232105 ("Sariak, lehiaketak eta txapelketak") aurrekontu-partidaren baliokidea izanen den partida ekonomikoaren kargura ordainduko da, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Administrazio eta Kudeaketa Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Atalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiari, guztiak ere Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentukoak, eta orobat, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatura.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 14an.–Gazteriako zuzendariordea (Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea ez dagoelako, bat etorriz Nafarroako Gazteriaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 242/2023 Foru Dekretuarekin), Carlos Amatriain Busto.

NAFARROAKO GAZTEENTZAKO INFORMAZIOAREN BERRIEMAILEEN PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK - 2024-2025 IKASTURTEA

1. Xedea.

Oinarri hauen helburua da 2024-2025 ikasturteko Nafarroako gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programan parte hartzeko baldintzak arautzea, berriemaileek bere eginkizunak bete ditzaketen guneak dituzten herrietan (gazteentzako informazio zerbitzuak eta bigarren hezkuntzako ikastetxeak edo bestelako zentro, zerbitzu edo gune laguntzaileak), eta programa ezarrita ez badute udal baliabideen bidez.

Gazte berriemaileen programaren bidez, berdinen arteko informazio sare bat sortu nahi da, eta gazteen artean gazteentzako informazioaren hedapena hobetu, gazteen berezko metodologien eta hedapen-bideen bidez.

2. Garapena.

Gazteek osatutako bikoteak izanen dira gazteentzako informazioaren berriemaileak, eta zentro laguntzaileekin lotuta egonen dira.

Pertsona horiek beren ikaskideen artean informazio interesgarria zabaltzeaz arduratuko dira, eta herriko gazteentzako informazio zerbitzuak koordinatu eta gainbegiratuko du haien jarduna. Horretarako, ikastetxean informazio-panel bat eguneratzeaz arduratuko dira, arreta pertsonala emanen diete beste gazte batzuei, informazio-gune birtual bat kudeatuko dute eta informazioa zabaltzeko beste lan batzuk eginen dituzte.

Berriemaileak gazteentzako informazio zerbitzu bati atxikita egonen dira, eta haren informazioa jasoko dute aldian-aldian. Gazte horiek beren kideen artean zabalduko dute jasotako informazioa, bereziki gazteentzat bereziki interesgarria den informazioa: bekak eta laguntzak, ikasketak, lana, baliabide eta helbide interesgarriak, gazteentzako ostatuak, aisialdia eta denbora librea, etab.

Era berean, gazte berriemaileek interesgarritzat jotzen duten informazioa biltzen ahalko dute, gero zabaldu ahal izateko, bai hezkuntza esparrutik kanpoko jardueren ingurukoa, bai beren ikastetxeak edo zentro laguntzaileak sortzen duen informazioa.

3. Faseak.

Gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programak honako fase hauek izanen ditu:

1. Plangintza.

–Toki erakundeek programan izena ematea, eta adieraztea zein den dagokien gazteentzako informazio zerbitzua, eta zein diren atxikitako zentro laguntzaileak eta berriemaileen bikoteak.

–Nafarroako Gazteriaren Institutuak onestea udalek proposatutako zentro laguntzaileak eta horiek proposatutako berriemaileen bikoteak.

–Nafarroako Gazteriaren Institutuak, toki erakundeek eta atxikitako zentro laguntzaileek lankidetzarako hitzarmena sinatzea.

2. Exekuzioa.

–Hasierako prestakuntza ematea berriemaileei, gune laguntzaileetako langileei eta gazteentzako informazio zerbitzuetako langileei.

–Berriemaileen eta gazteentzako informazio zerbitzuetako profesionalen hasierako topaketa.

–Gazte berriemaileen bikoteek ikasturtean zehar informazioa zentro laguntzaileetan zabaltzeko jarduerak egitea.

–Gazte berriemaileen eta gazteentzako informazio zerbitzuetako profesionalen topaketa.

3. Ebaluazioa eta itxiera.

–Berriemaileek egindako lanaren ebaluazioa.

–Sariak banatu, eta programa ixtea.

–Programa osoaren ebaluazioa.

4. Inplikatutako erakundeen ekintzak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuari honako ekintza hauek egitea dagokio:

–Programa koordinatzea: deialdiak egin, administrazio espedienteak kudeatu eta abar.

–Programa gauzatzeko aurrekontua ematea.

–Bere gain hartzea berriemaileentzako sarien ordainketa eta kudeaketa.

–Protokoloak, tresnak eta programari lotutako bestelako dokumentazioa prestatzea (jarraipen- eta ebaluazio-orriak, irizpideak, programaren irudia, diplomak, etab.).

–Inplikatutako erakundeekin –udalekin, informazio zerbitzuekin eta gune laguntzaileekin– koordinatzeko gune eta tresnak sortzea.

–Programan parte hartzen duten eragile guztien hasierako prestakuntza landu eta gauzatzea, bai eta beren lana egiteko komenigarri den beste edozein prestakuntza ere.

–Berriemaileen sareari informazio-lehentasunak ezartzea, Nafarroako Gobernuak edo Europak gazteei zuzendutako kanpainekin bat etorriz.

–Berriemaile guztien ekintza komunak antolatu, koordinatu eta finantzatzea (bisitaldiak, topaketak, etab.).

–Berriemaileen sarearen ordezkaritza lanak bere gain hartzea estatuan zein Europan.

–Inplikatutako profesionalei ziurtagiriak ematea haien lanorduak aitortzeko.

–Programako datuak ebaluatu eta erregistratzeko prozesuak sistematizatzea.

–Berriemaileen lana egiteko euskarri fisikoak ematea.

–Irudi bat sortzea marka gisa eta merchandisingerako.

–Programari buruzko datuak ebaluatzeko eta erregistratzeko protokoloak sistematizatzea.

Toki erakundeei honako ekintza hauek egitea dagokie:

–Udalerria gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programari atxikitzea.

–Berriemaileei sariak emateko proposamena egitea, hala dagokionean, gazteentzako informazio bulego edo gunearekin eta erreferentziazko ikastetxe laguntzailearekin koordinatuta.

–Izena ematea eta datuak kudeatzea.

–Gazteentzako kanpaina espezifikoak, prestakuntzako moduluak, informazio-jardunaldiak eta abar egitea, bere eskumenen esparruan.

–Gazteentzako informazio zerbitzuei honako ekintza hauek egitea dagokie:

–Programa eskualdean zabaltzea eta herriko berriemaileen taldea eratzea.

–Berriemaileei informazioa ematea, gune laguntzaileetan eta beren sareetan zabal dezaten.

–Zerbitzu horien mende dauden berriemaile gazteei informazio-lehentasunak ezartzea, toki erakundearen eremuari dagokionez.

–Berriemaileekin erlazionatzea eta koordinatzea.

–Berriemaile gazteen lanaren jarraipena egitea.

–Programa hori gazteen esparruan dinamizatzea inplikatutako eragileekin batera.

–Eskualdeko berriemaileek eta gazteek diseinatutako ekintzak sustatzea eta horietan lagun egitea; orobat, proposamenak egitea.

–Berriemaileen lana ebaluatzea, ikasturtean zehar egindako jardueren erregistroan oinarrituta eta berriemaileek beren lanari buruz aurkezten duten bukaerako txostena ikusita.

–Programan parte hartu dutenei sariak emateko proposamena egitea, egindako ebaluazioarekin bat.

Zentro laguntzaileei honako ekintza hauek egitea dagokie:

–Berriemaileen programa beren espazioetan hedatzea.

–Gune laguntzailearen izenean programan parte hartuko duten gazteak hautatzea, gazteentzako informazio zerbitzuekin lankidetzan, eta dagokion gazteentzako informazio zerbitzuari jakinaraztea.

–Gune bat uztea, berriemaileen informazio-panela paratzeko.

–Berriemaileei laguntzea zentro laguntzailean hedapen-lana egiten.

–Berriemaileek prestakuntzako ekintzetara, bileretara edo ekitaldietara joan beharra dutenean, hori egiteko erraztasunak ematea.

–Ikastetxe edo gune laguntzaileko pertsona bat izendatzea, programaren jarraipena egin dezan ikastetxearen eskumeneko eremuan.

–Berriemaileei informazio-lehentasunak ezartzea ikastetxearen eremuari dagokionez.

–Gazteriaren alorreko arduradunei erraztasunak ematea ikastetxean eta guneetan sartzeko, berriemaileen programa gauzatzearren.

–Proposatutako jarduerak egiteko ordutegiak ezartzea.

5. Parte hartzeko baldintzak.

1. Toki erakundeek Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarean inskribatuta dagoen gazteentzako informazio zerbitzu bat izan beharko dute, bai eta zentro laguntzaile bat ere, gutxienez. Halaber, ezin izanen dute informazio programa udal mailan ezarrita izan.

2. Gazteentzako informazio zerbitzuek Nafarroako Gazteentzako Informazio Sarearen barnean egon beharko dute.

3. Zentro laguntzaileak bigarren hezkuntzako ikastetxeak edo bestelako zentro, zerbitzu edo guneak izanen dira, non berriemaileek beren eginkizunak betetzen ahalko baitituzte.

4. Berriemaileak 14 eta 30 urte bitarteko pertsonak izanen dira, ahal dela, eta parte hartzea eskatzen duten toki erakundeen eremuko zentro laguntzaileren batean izena emanda egon beharko dute.

5. Hizkuntza-eredu bat baino gehiago dituzten ikastetxeek korrespontsal bikote bat izendatzen ahalko dute dagoen hizkuntza-eredu bakoitzeko.

6. Berriemaileen hautapena.

Zentro laguntzaileek, dagokion gazteentzako informazio zerbitzuaren laguntzarekin, hautatuko dute programa garatuko duen berriemaile bikotea (edo bikoteak). Hautapen hori prozesu baten bidez eginen da, eta interesa duten gazteek korrespontsalia-proiektu bat aurkeztu beharko dute, idatziz, bideo baten bidez edo horretarako egokia den beste edozein bitartekoren bidez. Proiektu horiek baloratzerakoan, zentro laguntzaileek zenbait alderdi hartzen ahalko dituzte kontuan, hala nola bikoteak proposatzen duen proiektuaren kalitatea edo hautagai horien trebetasun pertsonalak eta sozialak; bai eta egokia iruditzen zaien beste edozein alderdi ere.

7. Berriemaileen egitekoak.

Berriemaileek honako egiteko hauek izanen dituzte:

–Zentro laguntzailean gazteentzako informazio gune bat abian jarri, eta arreta eskaintzea.

–Gazteentzako informazio gune horren jardunari eustea 2024ko azaroaren 15etik 2025eko maiatzaren 15era bitarte.

–Astero erreferentziazko gazteentzako informazio zerbitzura joatea, berriemaile gisa egiten duten lanaren jarraipen teknikoa egiteko.

–Ezartzen diren informazio saioetan parte hartzea, eta koordinazioko bileretara joatea; halaber, egiten diren topaketetara joatea.

–Informazioa hainbat euskarriren bidez kudeatu eta zabaltzea; besteak beste, zentro laguntzailean jarritako panel fisiko bat erabiliko dute, bai eta baliabide birtualak ere, hala nola webguneak edo sare sozialetako kontuak.

–Dagokion gazteentzako informazio zerbitzuak eta, hala badagokio, Nafarroako Gazteria Institutuak aldizka ematen duten informazioa zabaltzea.

–Erreferentziazko gazteentzako informazio zerbitzura bidaltzea zentro laguntzailearen ikasleen informazio-kontsultak, baldin eta eskura dituzten baliabideekin ezin badiete erantzun onik eman.

–Berriemaile gisa egiten duten lana ebaluatzea.

–Erreferentziazko gazteentzako informazio zerbitzuak egiten dituen egiaztapen guztiei men egitea.

8. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Programan parte hartu nahi duten toki erakundeek programan sartzeko eskaera egin beharko dute, I. eta II. eranskinak beteta. Eranskin horiek Nafarroako Gazteriaren Institutura bidaliko dituzte, erregistro orokor elektronikoaren bidez. Programan izena emateko azken eguna 2024ko urriaren 15a izanen da.

Inskripzioak jaso eta baloratu ondoren, Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, eta, bertan, aintzatetsiko ditu Nafarroako gazteentzako informazioko berriemaileen programaren II. edizioan parte hartuko duten eta 5. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki erakundeak, gazteentzako informazio zerbitzuak, zentro laguntzaileak eta gazte berriemaileak.

Ondoren, lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute Nafarroako Gazteriaren Institutuak (III. eranskina), toki erakundeek eta zentro laguntzaileek. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren izenean, bertako zuzendari kudeatzaileak sinatuko du hitzarmena; toki erakundeen izenean, alkateak edo hark eskuordetzen duenak; eta zentro laguntzaileen izenean, zuzendariak edo hark eskuordetzen duenak.

9. Sariak.

Ikasturtean zehar beren eginkizunak behar bezala betetzen dituen berriemaile bakoitzak 300 euroko saria izanen du.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak horri buruzko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, dagokion gazteentzako informazio zerbitzuek berriemaileen lanaren azken ebaluazioa egiten dutenetik aurrera.

Saria emateko bide bakarra izanen da irabazlea titularra edo titularkidea den banku-kontuan sartzea dirua.

Eskudiruzko sari horretaz gain, honako aintzatespen hauek ere izanen dituzte:

–Nafarroako Gazteriaren Institutuak emandako ziurtagiria, egindako lana jasotzen duena.

–Lehentasunez sartzea Nafarroako Gazteriaren Institutuaren jardueretara, berriemaile lanak irauten duen bitartean hala eskatzen dutenean.

–Europako gazte txartela doan lortzea berriemaile lanak irauten duen bitartean.

10. Datuen babesa.

Datuen babesaren gaineko oinarrizko informazioa.

–Arduraduna: Nafarroako Gazteriaren Institutua.

–Xedea: Programan duen parte hartzea kudeatzea, eta parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiekiko komunikazioak eta informazio-trukeak ahalbidetzea.

–Legitimazioa: Botere publikoak erabiliz eta interes publikoa aintzat hartuta egiten den ezinbesteko tratamendua, honako arau hauei jarraikiz egina: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

–Hartzaileak Ez zaizkie datuak hirugarrenei lagako, ez bada horretarako baimena eman dela edo, baimenik eman gabe, araudiak hartarako gaitzen duela.

–Eskubideak: Datuetara sartzea, datuok zuzentzea eta ezabatzea eta haien tratamendua mugatzea.

Eskubide horiek baliatzeko helbidea: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/datu-pertsonalak-babesteko-eskubideak-baliatzea.

–Informazio gehigarria.

Argibide gehiagorako, web-orria kontsultatzen ahal duzu: https://www.juventudnavarra.es/imagenes/documentos/clausulas-informativas-proteccion-de-datos-inj-526-es.pdf#lnk.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak klausula bat ezarri du, Berriemaileen programan parte hartzen dutenek beren irudi-eskubideak lagatzeko, haien irudiak programaren hedapenean erabiltzearren.

11. Jarraipena.

Gazteentzako informazioa emateko berriemaileen programa honetan parte hartzeak esan nahi du guztiz onartzen direla oinarri hauek, bai eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak oinarri horiek interpretatu eta aplikatzeko hartzen dituen erabaki guztiak ere.

Nafarroako Gazteriaren Institutua programako jardueren jarraipena egiteaz arduratuko da eta ikasturtean zehar lortzen diren emaitzak aztertuko ditu.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak ebatziko ditu programa garatzean sortzen diren gorabeherak. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, halaber, ahalmena izanen du oinarri hauek interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantzak ebazteko.

12. Kontaktua.

Nafarroako Gazteriaren Institutua.

Yanguas y Miranda kalea 27, behea.

Telefono zenbakiak: 848 42 39 00 / 650 80 13 64.

juventud@navarra.es

www.juventudnavarra.es/eu

Iragarkiaren kodea: F2412250