2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
RIBAFORADA
Udal igerilekuen funtzionamenduari eta erabilerari buruzko erregelamendua. Behin betiko onespena
Ribaforadako Udalak, 2024ko maiatzaren 13an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ribaforadako udal igerilekuen funtzionamenduari eta erabilerari buruzko erregelamendua.
Hogeita hamar egun baliodunean jendaurrean egon ondoan, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik, ez da jaso erreklamazio, kexa edo oharrik.
Horren ondorioz, delako erregelamendua behin betiko onetsitzat jo da eta behin-behineko onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da; indarra har dezan haren testu osoa argitaratuko da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.
RIBAFORADAKO UDAL IGERILEKUEN FUNTZIONAMENDUARI ETA ERABILERARI BURUZKO ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDEA
1. artikulua. Erregelamendu honen xedea da Ribaforadako udal igerilekuen erabilera eta funtzionamendua arautzea, eta orobat, haien erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak. Ribaforadako udal igerilekuak esparru batean daude, eta erregelamendu hau esparru horretan guztian aplikatzekoa da.
2. artikulua. Udal igerilekuak irekita egonen dira urtero, ekainetik irailera, salbu eta erabakitzen bada denbora-tarte hori laburtzea edo luzatzea.
3. artikulua. Denboraldia hasten denetik abuztuaren 22ra arte, igerilekuak irekita egonen dira goizeko 10:30etik gaueko 21:00etara. Aldiz, abuztuaren 23tik denboraldiko azken egunera arte (irailean), igerilekuak irekita egonen dira goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Itxiera hamabost minutu lehenago jakinaraziko da, megafonia bidez.
Edonola ere, Udalak irekiera eta itxiera orduak aurreratzen edo atzeratzen ahalko ditu, hori egitea komeni bada dena delako inguruabarrak direla eta.
4. artikulua. Udal igerilekuetako erabiltzaileek aldean izan behar dituzte une oro denboraldiko sarrerak edo abonu-txartelak, arduradunei erakusteko, eskatuz gero.
II. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK, ERABILTZEKO MUGAK ETA BERARIAZKO DEBEKUAK
5. artikulua. Debeku da berdeguneetan burua orraztea. Erabiltzaileek komunetara edo horretarako instalazio egokietara jo beharko dute.
6. artikulua. Debeku da berdeguneetan pixoihalak edo antzekoak aldatzea haurtxoei. Komunetara edo instalazio egokietara jo beharko da horretarako.
7. artikulua. Aldagelak erabili behar dira arropaz aldatzeko.
8. artikulua. Debeku da futbolean edo beste kiroletan aritzea berdeguneetan eta hondartzetan. Baimendutako gunean soilik jokatzen ahalko da.
9. artikulua. Debeku da bizikletak, ziklomotorrak, patinak, patinete elektrikoak, monopatinak eta abar erabiltzea udal igerilekuen instalazioaren barnean.
10. artikulua. 10 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta sartuko dira udal igerilekuetan, eta haren ardurapean egon beharko dute une oro. Bestela, sartzea debekatuko zaie.
11. artikulua. Bainu-eremuan, ezinbestekoa da bainujantzia eta bainu-txanoa erabiltzea, edo ilea biltzea, ile laburren kasuan izan ezik. Bainu-eremura sartu aurretik dutxatu behar da. Ez dago baimenduta bainu-eremura sartzea kaleko jantziekin eta oinetakoekin.
Haurtxoak ezin izanen dira sartu bainu-eremura bainatzeko egokiak diren pixoihalik gabe. Ondorio horietarako, "bainu-eremua" da igerileku-ontziek eta horiei atxikitako nasek edo ondoko igarobideek osatzen dutena.
12. artikulua. Bainu-eremuan, debeku da gainerako pertsonentzat arriskutsua izaten ahal den zernahi elementu erabiltzea, edozein janari edo edari sartzea, eta hamakak edo bestelako tresnak paratzea, baldin kontrol- eta zaintza-langileen ustez trabak eragiten badituzte igarotze-eremuetan.
13. artikulua. Osasun- eta higiene-neurri gisa, galarazita dago gaixotasun infekziosoak edo kutsakorrak dituzten pertsonak sartzea igerilekuen esparrura; ez dira sartzen ahalko, orobat, zauri larriak edo larruazaleko gaixotasunak dituztenak, hartarako baimena ematen duen txosten medikorik ezean.
14. artikulua. Galarazita dago lasterka egitea uretan sartzeko, baita igerileku-ontzietan modu arriskutsuan jolastea ere (itzulipurdiak, apnea, norbaiten lepora igotzea, ito-pasadak eta abar); era berean, debekaturik daude jarduera antihigienikoak edo gainerako pertsonen bainu normalari traba egiten ahal diotenak.
15. artikulua. Galarazita dago baloiak, koltxonetak edo gainerako bainulariei traba egiten dieten objektuak sartzea uretan, ez bada egoera berezietan, programatutako jardueraren batek elementu horiek erabiltzea eskatzen duenean edo instalazioen arduradunen iritziz bidezkoa denean.
16. artikulua. Igeri egiteko betaurrekoak, flotagailuak, burbuilak edo mahukak erabiltzea baimenduta dago. Ikastaroetan erabiltzen ahalko dira, orobat, flotagailuak, igeriketa-oholak eta igerian ikasteko beste tresna batzuk.
17. artikulua. Galarazita dago indarrean dagoen araudiak zehazturiko bainulari kopurua gainditzea uretan, eta, beharrezkoa izanez gero, erabilera-txandak ezartzen ahalko dira, zerbitzua eskatzen duten pertsona guztiei lekua egiteko.
18. artikulua. Galarazita dago hamabi urtetik beherakoak igerileku "handian" bainatzea, salbu eta gurasoekin, legezko tutoreekin edo arduradunekin badaude, ikastaroetan ari badira edo eskola-umeen edo klub eta elkarteetako talde antolatuetako kide badira, betiere klub edo elkarte horretako arduradunarekin baldin badaude.
19. artikulua. Plisti-plasta aritzeko igerilekua 6 urtetik beherakoentzat da soilik, eta igerileku "ertaina", berriz, 11 urtetik behekoentzat. Edonola ere, haietaz arduratuko den heldu batek lagunduta egon beharko dute une oro.
20. artikulua. Berariaz galarazita dago igerilekuetara sartzeko dutxetan xanpua eta xaboia erabiltzea, burua edo gorputza garbitzeko. Kasu horietan, erabili beharko dira aldageletan horretarako prestatutako dutxa-zerbitzuak.
21. artikulua. Aldagelez edo dutxez baliatzeko, partikularrek txankletak edo gisako oinetakoak erabili beharko dituzte, debekatua baitago oinutsik dutxatzea.
22. artikulua. Galarazita dago pipak eta txikleak jatea eta lurrera botatzea edalontziak, ontziak, janari-hondarrak, paperak eta bestelako hondarrak; beti bota behar dira dagokion zaborrontzira. Instalazio guztiak eta haietan dauden elementu guztiak zaindu behar dira. Instalazioetan, berdeguneetan eta zuhaitzetan eginiko kalteak egileak berak edo haren legezko ordezkariak ordainduko ditu. Udalak beretzat gordeko du epaitegietara jotzeko ahalmena, kalteengatik erreklamatzeko eta sor litezkeen kalte-ordainak eskatzeko.
23. artikulua. Belardian erabiltzen ahalko dira hamakak edo bizkarraldea duten aulkiak, baldin eta bateragarriak badira belarra behar bezala kontserbatzearekin. Erabiltzaile bakoitzak bere hamaka edo aulkia jaso beharko du, eta horretarako egokitutako eremuetan utzi, traba egin gabe belarra garbitzeko zerbitzuetarako edo ureztatzeko sistemei. Udalak ez du bere gain inolako erantzukizunik hartuko igerileku denboraldian zehar hondatzen edo galtzen ahal diren gauzen gainean.
24. artikulua. Udalak ez du erantzukizunik izanen udal igerilekuen instalazioak beren guraso, tutore edo legezko ordezkariak gabe erabiltzen dituzten adin txikikoen gainean.
25. artikulua. Debekaturik dago animaliak instalazioetan sartzea.
26. artikulua. Uneoro udal igerilekuen mantentze-lanetako arduradunek eta sorosleek zehazten dituzten jarraibideei eta arauei jaramon egin beharko zaie, Udalak horiek eskuordetu baititu zaintzeko eta ikuskatzeko ahalmenerako.
III. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK
Eskubideak
27. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak. Erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte instalazioak erabiltzeari eta haietaz gozatzeari dagokienez. Hauek dira eskubideak:
a) Udal igerilekuen instalazioak erabiltzea egutegiaren, ordutegiaren eta gainerako erabilera baldintzen arabera.
b) Instalazioetako langileek errespetuz eta adeitasunez hartzea.
c) Ribaforadako Udalari instalazioaren funtzionamenduari buruz egoki iritzitako eskaera, iradokizun edo kexa guztiak egitea.
d) Udalari eskatzea bete dezala aplikatu beharreko erregelamenduak xedatzen duena.
e) Instalazioa behar bezala mantentzen laguntzea, hautemandako akatsen ardura duten langileei jakinaraziz eta iradokizunak eginez.
f) Instalazioetako edozein langile edo arduradun identifikatzeko eskatzea, egin beharreko erreklamazioak egiteko.
g) Indarra duen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako eskubideak.
Betebeharrak
28. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
a) Udal igerilekuen instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arau guztiak onartzea.
b) Udal igerilekuak erabiltzeko interesa duen pertsona orok dagokion prezio publikoa ordaindu beharko du ezarritako epean eta moduan.
c) Kasuan-kasuan ezartzen ahal diren salbuespenekin, instalazioen erabilera lagatzeak ez ditu barnean hartzen kirol-materialez hornitzea eta horiek erabiltzea. Beraz, erabiltzaileek berek eraman beharko dute material hori, eta haren ezaugarri guztiek egokiak izan beharko dute, kasuan kasuko kirol-modalitateko arauzko baldintzen arabera.
d) Erabiltzaile guztiek zorrotz bete behar dituzte ezarritako arauak udal igerilekuetako eremu guztietan. Instalazioetako arduradunek eskatuko dute arauok betetzea, haiena baita indarrean dauden xedapenak betetzeko eta betearazteko ardura.
e) Udal igerilekuen erabiltzaileek errespetuz eta begirunez jokatuko dute une oro, bai gainerako erabiltzaileekin, bai instalazioez arduratzen diren langileekin eta sorosleekin. Azken horiekin duten harremanean, erabiltzaileek nahitaez bete beharko dituzte instalazioen ordenari eta funtzionamenduari buruz jasotzen dituzten jarraibide eta ohar guztiak, bai eta materialen eta zuzkiduren antolamenduari eta erabilerari buruz jasotzen dituztenak ere.
f) Arau hauek ez betetzeak edo bandalismo-ekintzek eta jokabide kaskarrek ekartzen ahal dituzte erregelamendu honetan aurreikusitako zehapenak, eta ekartzen ahal dute, orobat, eragindako kalteak konpondu, birjarri eta/edo ordaindu beharra. Kirol klub edo sozietateetako erabiltzaileen kasuan, horiek izanen dira kideen portaeraren erantzule subsidiarioak.
Erabiltzaileen erantzukizunak
29. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
1. Erabiltzaileek hurrengo erabilerarako egoera ezin hobean utzi beharko dituzte erabilitako instalazioak. Bestalde, erantzukizun zuzen eta osoa beren gain hartuko dute instalazioak erabiltzen dituztenean izaten diren kalte eta galerengatik, bai eta lokalaren edo eraikinaren gainerako guneetan izaten direnengatik eta jarduera baimenduaren ondorioz pertsona fisikoek jasaten dituztenengatik ere.
2. Baimenaren titularra –sarrera edo abonua ordaindu duena, alegia– joko da egindako erabileraren erantzule zuzentzat, ez badu behintzat hartua duen ordezkaritza frogatzen, halakoetan ordezkatuaren gain egonen baita erantzukizuna.
3. Adingabeen segurtasuna da gurasoen, legezko tutoreen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna, eta haiek erantzule izanen dira, halaber, adingabeek ez badituzte betetzen instalazioen funtzionamendu-arauak.
4. Ribaforadako Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen aurrean arau hauek ez betetzeagatik edo instalazioak modu desegokian edo zuhurtziagabean erabiltzeagatik erabiltzaileek izan ditzaketen istripuen edo kalteen kasuan.
5. Udal igerilekuen erabiltzaileak izanen dira bai instalazioei bai hirugarrenei eragiten dizkieten kalteen edo lesioen erantzuleak.
IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
30. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.
1. Erregelamendu honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik erantzukizuna eskatzeko, zehapen-ahalmena erabiltzeko lege eta erregelamenduek ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2. Ribaforadako Udalari dagokio zehapen-espedienteak proposatzeko ahalmena erregelamendu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik.
3. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik baita zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte. Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
31. artikulua. Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
Hona hemen arau-hauste arinak:
–Belarra eta gainerako berdeguneak zapaltzea hondatzeko moduko oinetako desegokiekin.
–Plisti-plasta aritzeko igerilekuan sartzea bainujantzirik edo uretako pixoihalik gabe.
–Aldageletan eta barneko dutxetan behar ez bezalako oinetakoekin ibiltzea.
–Igerileku-ontzietan erretzea.
–Esparruan edozein animalia sartzea.
–Igerilekuko instalazioak zikintzea.
–Aire zabaleko jantokia erabili ondotik zikin uztea.
–Igerileku-ontzien inguruan jatea edo edatea.
–Berdeguneetan burua orraztea, baita haurtxoen pixoihalak edo gisakoak aldatzea ere.
–Instalazioen funtzionamendu egokia nahastea, gainerako erabiltzaileei eragozten ahal dieten oihuekin.
–Erregelamendu honetan ezarritakoari kontra egiten ahal dion beste edozein jarduketa, astuntzat edo oso astuntzat hartua ez bada.
Arau-hauste hauen zehapena izanen da organo eskudunak idatzizko kargu-hartzea egitea.
Arau-hauste eta zehapen arinak hamabost egun igaro ondoren preskribatuko dira.
32. artikulua. Hona hemen arau-hauste astunak:
–Bonua edo sarrera titularra ez den beste pertsona batek erabiltzea.
–Ez betetzea instalazioetako arduradunek emaniko jarraibideak (harrerako langileek, sorosleek, udal-langileek eta, oro har, mantentze-lanetako langileek).
–Instalazioak edo materialak hondatzea, funtzionamenduari kalte larririk egin gabe.
–Jostetan eta kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.
–Modu arriskutsuan jostatzea igerileku-ontzian.
–Komunak eta aldagelak behar diren kasuetan ez erabiltzea.
–Beste sexuarentzat soilik diren eremuetan sartzea.
–Arau-hauste arinetan bitan berrerortzea.
Arau-hauste astunak honela zehatuko dira:
Aldi baterako kanporatzea, gehienez ere hamabost egunerako, eta aldi horretan galtzea abonatu gisa dagozkion eskubide guztiak.
Arau-hauste eta zehapen astunak sei hilabeteren ondoren preskribatuko dira.
33. artikulua. Hona hemen arau-hauste oso astunak:
–Instalazioen funtzionamendu egokia urratzea beste erabiltzaile batzuen, sorosleen edo instalazioen arduradunen kontra gatazka, zalaparta, eraso fisiko edo hitzezkoak erabiliz.
–Igerileku-ontzietan pixa edo kaka egitea, eta, ondorioz, kalte larriak eragitea zerbitzuaren funtzionamenduan.
–Materiala ebastea edo lapurtzea eta instalazioak hondatzea, funtzionamenduari kalte larria eginez, eta berdin erabiltzaileen gauzei dagokienez.
–Ezarritako ordutegitik kanpo instalazioetan sartzea.
–Arau-hauste astunetan bitan berrerortzea.
Arau-hausteak honela zehatuko dira:
Instalazioetan sartzeko debekua denboraldiaren gainerakoan.
Arau-hauste eta zehapen oso astunak lau urteren ondoren preskribatuko dira.
34. artikulua. Zehapenak aplikatzeko, irizpide hauei jarraituko zaie horiek zehazterakoan:
–Intentzionalitatea.
–Egitatea ezkutatzeko asmoa.
–Zerbitzuari eragindako nahasmendua.
–Instalazioei eta materialari egindako kalteak, baita erabiltzaileen gauzei ere.
–Berrerortzea.
–Noraino hartu den parte.
–Arau-haustea egiteak egileari ekarri dizkion onurak.
–Arau-hausleak bere kabuz ekin izana arau-haustea zuzentzeari.
35. artikulua. Zehapen-prozedura honela hasiko da: instalazioetako arduradunek edo sorosleek idatziz emanen diote gertatukoaren berri Ribaforadako udalari, eskabidea aurkeztuta erregistroan.
36. artikulua. Zehapen espedientea probidentziaren edo alkateak emandako ebazpen baten bidez abiaraziko da. Hartan instruktore bat eta idazkari bat izendatuko dira, eta hori guztia espedientepekoari jakinaraziko zaio.
37. artikulua. Instruktoreak egitateak argitzeko balio duten froga eta jarduketa guztiak egiteko aginduko du, eta kargu orri bat aurkeztuko du. Hartan, egotzitako egitateak adieraziko dira. Kargu orria interesdunei jakinaraziko zaie, hamabost egunean erantzun dezaten.
38. artikulua. Kargu orriari erantzuna eman edo horretarako epea iragan ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena aurkeztuko du, eta hura interesdunei jakinaraziko zaie, egoki juzgatzen dutena hamabost egunean alega dezaten.
Proposamena eta alegazioak espedientea abiarazi zuen organoari igorriko zaizkio, ebazpena eman dezan.
39. artikulua. Zehatzeko eskumena alkateari dagokio.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Erregelamendu hau indarrean jartzen denetik indargabetu egiten dira, eta inolako baliorik eta ondoriorik gabe uzten, maila bereko edo apalagoko xedapen eta erregelamendu guztiak, erregelamendu honen aurkakoak badira.
Erregelamendu hau lotuko zaie udal igerilekuek bete beharreko osasun-arauei buruz Nafarroako Foru Komunitatean zuzenean aplikatzekoak diren goragoko mailako lege-xedapenei, Udalak nahitaez bete beharrekoak dira eta.
Ribaforadan, 2024ko abuztuaren 19an.–Alkatea, Tirso Calvo Zardoya.
Iragarkiaren kodea: L2412159