2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
AZPARRENGO KONTZEJUA
Ordenantza, mendiko pisten eta bideen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena
Azparrengo Kontzejuko Batzarrak, 2024ko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Azparrengo Kontzejuko mendiko pista eta bideen erabilera arautzen duen ordenantza.
Bukatu da jendaurrean egoteko epea, iragarkia argitaratu ondoren 2024ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 6koan, eta Kontzejuaren iragarki-taulan, eta epe horretan inork ez du aurkeztu erreklamazio, kexa edo oharrik.
Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hasierako onespena behin betiko bilakatu, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen dira artikuluak.
Azparrenen, 2024ko abuztuaren 16an.–Alkate udalburua, Fernando Ayechu Urtasun.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA AZPARRENGO KONTZEJUKO MENDIKO PISTEN ETA BIDEEN ERABILERA
Azparrengo (Artzibar) landabide publikoen sarea ibarreko herritar guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du kontzeju-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Funtsezkoa da, halaber, herritarren arteko komunikaziorako eta bisitarien nahiz pasadizokoen harat-honatak errazteko. Hitz batez, ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.
Azparrengo Kontzejuak eskumena du bere mugarteko landabideak kontserbatzeko, mantentzeko eta zaintzeko, hala xedatuta baitago Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 39 artikuluan (1. apartatuko b letra).
Gero eta gehiago erabiltzen dira Azparrengo herri-basoko pista eta bide publikoak, eta azken urteetan inbertsio handia egin da bideen sarea hobetzeko eta zabaltzeko. Hortaz, beharrezkoa da haien erabilera arautzea. Xedeak hiru dira: Azparrengo natura ondarea zaintzea; erabiltzaile guztiek eta bereziki bizilagunek modu orekatuan erabiltzea; erabiltzeko egoera onean mantentzea; eta paseatzaileen eta, oro har, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea.
Helburua horixe dela, Azparrengo Kontzejuak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek arautzen du, indarrean dagoen araudiarekin bat, Azparrengo kontzeju-mugarte osoko landabide publikoen sarearen erabilera. Artozkiko mugarte zaharreko lurretatik igarotzen diren bideak ere sartuta daude sare horretan.
2. artikulua. Landabideen kategoriak.
Erabilera nagusiaren arabera, Azparrengo landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
a) Pista nagusiak, mendietako halako eremu zabaletara iristeko erabiltzen direnak, edota inguruko herrietara iristeko erabiltzen direnak. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa, ehiza eta abar. Egoera ona izan ohi dute, eta hormigoizko, asfaltozko edo zabor-legarrezko zoladura, edo naturala. Haien dimentsioak direla eta, egurra garraiatzeko kamioiak ibil daitezke. Honako bide hauek daude kategoria horretan:
BIDEAK ETA PISTAK | EREMUA |
ARISTU | Azparren |
ABAURREATIK ASTAIBERAINO | Azparren |
AZPARREN-ARTOZKI ISTARRITIK (salbu eta Sarateko trokartea) | Azparren-Artozki |
b) Bigarren mailako bideak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, belardietara eta beste batzuetara. Haietatik ibil daiteke lur orotako ibilgailuekin edo traktoreekin, baina egun euritsuetan zaila da mota horretako bide batzuetatik ibiltzea. Zoladura naturala izan ohi dute, baina zati batzuetan gerta liteke legarrezkoa edo zabor-legarrezkoa izatea.
BIDEAK ETA PISTAK | EREMUA |
ASTAIBE-PAUXANDIKO TROKARTEA zatia | Azparren |
ASTAIBE-ABAURREPEKO MUGA (Latxe) zatia | Azparren |
LURO | Azparren |
ZURAZKUN | Azparren |
BAIGURA | Azparren |
BELKA | Azparren |
ORAI | Azparren |
ARTOZKI (zaharra) | Azparren |
LAPITU | Azparren |
SARATEKO TROKARTEko zatia | Artozki |
c) Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute: oro har, baso-erabilera edo norbanakoen lurzatietan sartzea. Horietako asko noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta luzaroan egoten dira ibilgailuak sartu ezin direla.
d) Bi metro zabal baino meharragoak diren bideak: orgabide zaharrak eta bidexkak, era askotako erabilerak dituztenak, barnean direla lasterbideak eta/edo bidexkak.
I. eranskinean ageri dira zehaztuta bide eta pista guztien egoera eta zoladura-mota, kategorien arabera sailkatuta.
3. artikulua. Kontserbazioa.
Azparrengo Kontzejuak aurreko a eta b apartatuetan zehazten diren landabide publikoak beti egon daitezen erabiltzeko maneran.
Horrez gain, behar diren neurriak hartuko ditu gal ez daitezen interesgarritzat jotzen diren bestelako bideak (besteen adar direnak, bidexkak).
4. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.
Debeku da, oro har, ibilgailu motordunetan eta motozikletetan ibiltzea ordenantza honetako 2. artikuluan adierazitako bideetan, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, ehizarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo baimendutako bestelako jarduera batzuekin, ondoko xedapenen arabera.
Salbuespen gisa Kontzejuak zerrenda bat onesten ahalko du, jasoko duena zein pista nagusitan ibil daitezkeen libre motozikletak eta 3,5 tonatik beherako ibilgailu motordunak. Horretarako, kontuan hartuko ditu une bakoitzeko inguruabarrak, pisten egoera edo berak ikusten duen beste arrazoiren bat, eta ez da beharrezkoa izanen ordenantza hau aldatzea.
Orobat, debeku da pistetatik kanpo ibiltzea ibilgailu motordunetan, salbu ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, basogintzarekin edo baimendutako bestelako jarduera batzuekin eta ezinbestekoak direnekin.
5. artikulua. Landabideetatik nola ibili.
Bideen erabiltzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Erabat debeku da basoko eta eraikuntzako gaiak herrestan eramatea bide eta pistetan.
b) Oinezkoek eta ibilgailuek, landabideetan zirkulatzean, Zirkulazio Kodean ezarritako arauak bete beharko dituzte.
c) Euri handia edo elurra badago, debeku da ibilgailu motordunetan zirkulatzea bide guztietan; "A" motako bideetan, ordea, debeku hori gomendioa da. Bestalde, "B" motako bideetan, nekazaritzako eta abeltzaintzako ezinbesteko jardueretarako ibilgailuak eta larrialdietarako ibilgailuak soilik ibiltzen ahalko dira euri handia edo elurra badago.
d) Azparrengo mendiko pista guztietan gehienez 20 kilometro orduko abiaduran ibiltzen ahalko dira erabiltzaileak.
6. artikulua. Erabileren mugak.
Kontzejuak, erabilera-mugak ezar ditzake kasu hauetan, unean-unean eta egoera horrek irauten duen bitartean:
a) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko aldietan.
b) Zoruaren egoerak hala eskatzen duenean.
7. artikulua. Baimenak.
Bestelako baimenik deusetan ukatu gabe, honako ibilgailu motordun eta motozikleta hauek ibiltzen ahal dira Azparrengo pista eta bideetan:
a) Nork bere jabetzara sartu beharra dela-eta zirkulatzen duten ibilgailuak, horien erabilera edozein izanik ere.
b) Kontzejuko herritarrak, baldin eta kontzejuarekin muga egiten duten herrietara joan behar badute.
c) Oihaneko suteen prebentziorako edo suteak itzaltzeko erabiltzen diren ibilgailuak.
d) Administrazio publikoetako edozeinen ibilgailu ofizialak.
e) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren oihan lanetan erabiltzen diren ibilgailuak (oihan aprobetxamenduekin, oihaneko beharrekin eta oihaneko azterlanekin zerikusia duten jarduera guztiak sartzen dira oihan lanetan). Baimena jarduerak iraun bitartean soilik izanen da indarrean.
f) Mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan egiten diren nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan erabiltzen diren ibilgailuak.
g) Administrazio Publikoenak ez diren ibilgailuak baina naturguneetan zaintza-lanetan ari direnak.
h) Linea elektrikoak, telekomunikazioak eta bestelako azpiegiturak mantentzeko lanetarako erabiltzen diren ibilgailuak.
i) Ehiza barrutietako bazkideen ibilgailuak, ehiza denboraldian, mendiko pistak zerbitzua ematen dien lurretan. Baimena jarduerak iraun bitartean soilik izanen da indarrean, bai eta denboralditik kanpo ehiza-barrutia prestatzeko lanek iraun bitartean ere.
j) Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak baimendutako kanpaleku antolatuei sostengu egiteko ibilgailuak.
8. artikulua. Ibilgailu motordunak salbuespenez pistetan ibiltzea baimentzeko eskumena.
Kontzejuko buruak emanen du baimena Azparrengo pistetan barna aurreikusitako kasuetatik kanpo ibiltzeko, eskaerako arrazoiak kontuan hartuta. Baimenak arrazoitua behar du izan. Baimena eskatzen ahalko dute bizilagunek, baldin eta ibilgailuren bat badute udalerrian erregistraturik, bai eta beste pertsona batzuek ere, baldin eta beren ibilgailuekin ibiltzeko beharra arrazoitzen badute.
Baimenak izaten ahal dira orokorrak eta urtebeterako, edo denbora-tarte baterako eta bide-tarte jakin batzuetarako.
9. artikulua. 3,5 tonatik goragoko ibilgailuentzako baimena.
3,5 tonatik gorako ibilgailu guztiek baimena beharko dute Azparrengo landabide publiko guztietan barna zirkulatzeko, salbu eta nekazaritzarako ibilgailuek.
Kontzejuko buruak emanen du baimen hori.
Baimen puntualak edo koiunturalak eskatzen direnean (esaterako, basoko jardueretarako, obrak egiteko lurzoru urbanizaezinean, etab.), eta ikusirik aurreikusitako erabileraren intentsitatea eta iraupena, Kontzejuak erabiltzaileari eskatzen ahalko dio abal bat aurkez dezala, bermatuko duena erabili ondoren pista ongi geldituko dela.
Edonola ere, bide horietatik zirkulatu ahal izateko, ibilgailuek, gehienez, 20 tona pisatzen ahalko dituzte.
10. artikulua. Abiadura egokia, pisten egoeraren eta inguruabarren arabera.
Istripu arriskuak apaltzeko, eta trabarik ez egiteko oinezkoei, txirrindulariei eta animaliei, gidariek beren abiadura egokitu beharko dute, behar adina mantsotuz maldetan eta toki arriskutsuetan, baita oinezkoak agertzean ere, edo denbora idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita. Azienda libre denean bidean edo bidetik gertu, hark izanen du lehentasuna, eta saiatu behar da abereei ahalik eta traba txikiena egiten.
11. artikulua. Jarduera debekatuak.
Espresuki debekaturik gelditzen dira lehiaketak eta lasterketak, bai eta gidatzeko muturreko modu guztiak ere, arriskugarri gerta daitezkeenak paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisa, Kontzejuak baimena ematen ahalko du egin daitezen ibilgailu motordunen lehiaketa ofizialak eta taldean antolatzen diren jarduera turistikoak.
12. artikulua. Bideak eta pistak ixtea.
Azparrengo Kontzejuak bere eskumeneko bideak eta pistak itxi ditzake.
Kontzejuko auzotar guztiek izanen dute itxituren giltza izateko eskubidea, bai eta bide eta pisten ixteak ukitutako finken jabeek eta errentatzaileek ere.
Azparrengo Kontzejua bide eta pisten itxitura guztiak giltza berberarekin edukitzen saiatuko da, erabiltzaileei sarbidea errazteko.
13. artikulua. Aparkatzeko araubidea.
Baimendutako ibilgailuak bideen ertzetan eta ohiko tokietan aparkatzen ahalko dira, modu ordenatuan, trabarik eta arriskurik eragin gabe bide horietatik ibiltzen ahal diren gainerako ibilgailuei.
Erabat debeku da aparkatzea areketan, bideen erdian edo bihurguneetan eta sestra-aldaketetan, bideetatik ibiltzen diren gainerako ibilgailuei ikus-eremua murrizten baitzaie. Orobat, debeku da aparkatzea trafiko-istripuak eragiteko arrisku handia dakarten tokietan.
Halaber, debeku da aire zabalean akanpatzea, banaka zein taldean, bide eta pistetako ertzetan, horretarako erabiliz kanpin-dendak, furgonetak edo autokarabanak. Kontzejuko buruak, salbuespen gisa, erabilera horiek baimentzen ahalko ditu; horretarako, eskaera egin beharko da aldez aurretik.
14. artikulua. Erantzukizuna.
Azparrengo Kontzejuak ez ditu bere gain hartuko ibilgailuek eta norbanakoek pista edo bideetan izaten ahal dituzten kalte-galerak, baldin eta horietatik ibili badira baimenik gabe edo ordenantza honetako xedapenei aurka eginez.
Bideetan, areketan, mugatzeko itxituretan edo animaliengan kalterik eraginez gero ordenantza honetan xedatutakoa ez betetzeagatik, erabiltzaileak izanen dira kalte ororen erantzule.
Erabilera debekatu horietako edozeinen ondorioz Kontzejuari sortzen zaizkion gastuak arau-hausleari egotziko zaizkio.
15. artikulua. Arau-hausteak.
Arau-haustetzat joko da ordenantza honetan ezarritako edozein betebehar edo debeku ez betetzea.
16. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; gehienez ere 300 euro izanen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan ezarri bezala.
Zehapenak ezartzea eragindako kalte-galeren ordainetik aparte izanen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
Isunen dirua eta kalte-ordainak biltzeko, administrazioko premiamendu bideari ekinen zaio, borondatez ordaintzen ez bada.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin betiko onetsi, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.
I. ERANSKINA.–BIDEAK ETA PISTAK
1.–Bide eta pista nagusiak.
BIDEAK ETA PISTAK | EREMUA | ZOLADURA MOTA | EGOERA |
ARISTU | Azparren | Asfaltatua | Arekak eta drainatzeak eginda |
ABAURREATIK ASTAIBERAINO | Azparren | Zolatua | Arekak eta drainatzeak eginda |
AZPARREN-ARTOZKI ISTARRITIK (salbu eta Sarateko trokartea) | Azparren-Artozki | Zati batean zolatua | Arekak eta drainatzeak eginda |
2.–Bigarren mailako bideak eta pistak.
BIDEAK ETA PISTAK | EREMUA | ZOLADURA MOTA | EGOERA |
ASTAIBE-PAUXANDIKO TROKARTEA zatia | Azparren | Zoladura jarri gabe | Arekak eta drainatzeak eginda |
ASTAIBE-ABAURREPEKO MUGA (Latxe) zatia | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
LURO | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
ZURAZKUN | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
BAIGURA | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
BELKA | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
ORAI | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
ARTOZKI (zaharra) | Azparren | Zoladura jarri gabe | Kaxa irekia eta lur-berdinketa egina |
LAPITU | Azparren | Zoladura jarri gabe | Arekak eta drainatzeak eginda |
SARATEKO TROKARTEko zatia | Artozki | Zati batean zolatua | Arekak eginda |
3.–Egurra ateratzeko bideak eta bide-adarrak.
Hona hemen, adibide gisa, oihana kudeatzeko gehien erabiltzen diren bideak, bide adarrak eta egurra ateratzekoak: Learpuruko bidea, Garaioako muga, linea elektrikoaren bidea, Ixtarri-Ramonekoa borda adarra, Luro-Oroz Beteluko muga...
Iragarkiaren kodea: L2412142