Iragarkia
181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
ITURMENDI
Deialdia, administrari-ofizialaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, funtzionarioen araubidean
Iturmendiko alkateak, 2024ko abuztuaren 16an emandako 65. Ebazpenaren bidez, erabaki zuen, besteak beste, deialdi bat onestea, administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzeko, funtzionarioen araubidean. Deialdia gauzatuko da jarraian ematen diren oinarriei jarraikiz.
Iturmendin, 2024ko abuztuaren 16an.–Alkatea, Kai Galartza Cervera.
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdiaren xedea da administrari-ofizialaren lanpostu bat betetzea oposizio-lehiaketa bidez, Iturmendiko Udalaren zerbitzura aritzeko. Plantilla organikoan honela identifikaturik dago: administrari-ofiziala; C maila; euskarako C1 nahitaezko hizkuntza-eskakizuna.
1.2. Izendapenak Iturmendiko Udaleko funtzionario bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, lanpostuaz jabetzen denetik aurrera. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da, hala behar badu, eta bertan alta emanen zaio.
1.3. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoko langileen C mailako ordainsariak. Plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak ere izanen ditu.
1.4. Lanaldia %40koa izanen da. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Egin beharreko lanak izanen dira haren mailari eta kategoriari dagozkienak; besteak beste, jendeari harrera egitea eta Udalaren administrazio zerbitzuei sostengu ematea. Batzuk aipatzeko, eta zerrenda mugatua izan gabe, honako eginkizun hauek nabarmentzen dira:
–Jendearentzako arreta: erabiltzaileen kontsultei eta eskaerei erantzutea, horiek haren alorrera iristen direnean, batez ere zehazki loturik baldin badaude katastroarekin, hirigintzarekin, artxiboarekin eta izatezko bikoteekin.
–Irteerak erregistratzea: ateratzen diren eskaerak eta gutuneria erregistratzea, bai eta jasotzen eta bidaltzen diren agiriak ere, erregistratzeko jarraibideen arabera jaso eta bidalitakoak betiere.
–Artxibo orokorra: agirien irteerak eta sarrerak kontrolatzea artxibo orokorrean. Udalaren agiriak eta espedienteak sailkatzea, katalogatzea eta antolatzea, sailkatzeko eta antolatzeko sistemari jarraikiz (artxibo orokorrerako ezarritakoa), eta begiratzea behar bezala funtziona dezaten eta eguneratu daitezen.
–Katastroa: katastroko informazio-basea mantentzea eta eguneratzea, agiriak jasotzea, eta datuak eta izandako aldaketak eguneratzea. Jendeari kasu egitea eta planoak interpretatzea, finkak identifikatzeko edo lurzatiak lokalizatzeko, eta gai honetan herritarrek dituzten zalantzak argitzea. Katastroa kontrolatzeko lan administratiboak egitea, eta dagozkion ziurtagiriak idaztea. Titulartasunak aldatzeko katastroko fitxak betetzea. Aldaketak erregistratzea Digit bidez eta Tracasarekin koordinatzea.
–Hirigintza: jarduera sailkatuari hasiera emateko eskaera izapidetzea, eta eskaera hori formalizatzeko behar diren agiri guztiak jasotzea. Espedientea irekitzea, sailkatzea eta artxibatzea. Prozesua bukaturik, irekitzeko lizentzia bidaltzea, espediente guztiaren jarraipena egitea, eta gero hura artxibatzea.
–Osoko bilkurako espedienteak: erabakitze organoek hartutako erabaki eta ebazpenak betetzea eta bideratzea, interesdunei igorriz eta jakinarazpenak eginez. Bandoen kopiak egitea, udaletxeko iragarki-taulan jartzeko, eta eguneraturik izatea jatorrizkoen artxibatzea, web-orria eta abar.
–Kontabilitatea eta ordainagiriak kudeatzea, bai eta borondatezko epean ordaintzen ez direnak ere.
–Beste batzuk: bere alorreko (hirigintza eta katastroa) ediktuak jasotzea eta izapidetzea, betiere Udalera posta bidez iristen badira behar den epean. Hirigintza Alorreko eta Idazkaritzako iragarki-taulak kontrolatzea eta jarraipena egitea, eta begiratzea eguneratuak eta behar bezala egon daitezen. Orobat, informazio publikorako eginbideak egitea. Udal kontratuak izapidetzean administrazio arloko sostengua ematea. Dirulaguntzak (proiektuak eta obrak) eskatzeko agiriak prestatzea. Izatezko bikoteen erregistroa kudeatzea. Ezkontza zibilen aktak prestatzea eta espedienteak izapidetzea. Laguntza ematea era guztietako dirulaguntzak kudeatzeko eta izapidetzeko. Ehiza-barrutiko txartelak izapidetzea eta trafiko isunak izapidetzea. Errolda mantentzeko laguntza ematea. Hilerria kudeatzea.
–Eta, oro har, aipatutakoen gisako lan guztiak, lanpostuari dagozkionak, zerbitzua dela-eta bere gain utzitakoak.
1.6. Halaber, deialdi honen xedea da zerrenda bat egitea hautapen prozeduran plaza eskuratzen ez dutenekin, aldi baterako kontratatzeko, jarraikiz deialdiaren 7.2 oinarriari.
2.–Betebehar orokorrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea, eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.
c) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
d) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hauetako bat edukitzea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea: Batxilergoa, II. mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidea.
e) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta inongo administrazio publikotan jardutetik kendua ez izatea.
f) Euskararen C1 gaitasun mailari dagokion ziurtagiria edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, erakunde ofizial batek emana, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.
Euskara maila hori frogatzeko beste bide bat izanen da, orobat, proba egitea Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren bidez. Hala eginez gero, proba egin nahi duten izangaiek horixe adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako prestatutako tokian. Proba hori lehiaketaldia hasi baino lehen eginen da.
2.2. Arestiko betebeharrak frogatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen izangaiak deialdi honen bederatzigarren oinarriak xedatzen duen moduan eta epean. Hori guztia bete beharko da, gainera, eskabideak aurkezteko epea burutzen den egunean eta hautapen-prozesu osoan, izendapen eguna arte bete ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezten ahalko dira Iturmendiko Udalaren erregistro orokorrean (Arrano Beltza 1, Iturmendi), haren egoitza elektronikoan, edo 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
Eskabideak deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute betetzen dituztela eskatutako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
3.2. Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo zer moldaketa behar duten denboretan eta/edo baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztearekin batera, 3.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
3.3. Izangaiek alegatu egin beharko dituzte kalifikazio-epaimahaiak baloratu beharreko merezimenduak, deialdi honen seigarren oinarriaren arabera. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko.
3.4. Eskabideari agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren (NANa) fotokopia, edo atzerritarren identifikazio zenbakiarena (AIZa).
b) Deialdi honen 2. oinarrian eskatzen diren titulazioen fotokopiak.
c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen frogagiriak, jarraikiz aurreko puntuari eta deialdi honen seigarren oinarriari.
d) Eskatutako euskara-maila frogatzen duen agiria (C1 ahoz eta idatziz).
e) Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
3.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4.–Izangaiak onartzea eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Iturmendiko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Iturmendiko Udaleko Erregistro Orokorrean.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Iturmendiko Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.
4.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Epaimahaiburua: Kai Galartza Cervera, Iturmendiko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Ainhoa Alustiza Galarza, Iturmendiko Udaleko alkateordea.
1. epaimahaikidea: Ruth Sanchez Palazuelos, Etxarri Aranazko Udaleko administrari-ofiziala. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
2. epaimahaikidea: Nekane Areta Gaztañaga, Lakuntzako Udaleko administrari-ofiziala. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
3. epaimahaikidea: Susana Mendinueta Flores, Cederna Garalur. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
4. epaimahaikidea: Maialen López Cambra, Altsasuko Udaleko kontu-hartzailea. Ordezkoa: izendatu beharrekoa.
Epaimahaikide idazkaria: Eunate Nicuesa Txakon, Iturmendiko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Miren Pereda Razkin, Etxarri Aranazko Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean badaude (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta aipatutako egoerak gertatzen badira, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Epaimahaiaren osaera aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla medio, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera.
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jasotzen ahalko du proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere hilabete bat iragandakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondotik, berriz, oposizioaldia, oinarri hauetan zehaztu bezala.
6.2. Atariko fasea: euskara proba.
Lehiaketaldia hasi baino lehen, euskara proba, baztertzailea, eginen dute izangaiek, baldin ez badute agiri bidez frogatu deialdi honen oinarrietan eskatutako jakite-maila. Proba horretan ariketak eginen dira, idatzizkoak eta ahozkoak, eta horien bidez zehaztuko da izangaia gai den ala ez, C1 hizkuntza mailari dagokionez. Proba horiek Euskarabideko langileek eginen dituzte, eta, bukatutakoan, lehiaketaldia hasiko da.
6.3. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, eta gehienez ere 30 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:
6.3.1. Esperientzia (30 puntu gehienez).
1.–Udal batean administrari-ofizialaren lanetan emandako zerbitzu-urte bakoitzeko: 5 puntu urteko.
Zerbitzuak frogatuko dira dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez. Ziurtagirian agertu beharko dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu beharko dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta bukaera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Deialdia egiten duen toki-erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat. Zerbitzuak bete izana frogatzen duten agirietan espresuki adieraziko da zerbitzuak lanaldi osokoak izan diren ala murriztukoak, eta lanaldia murriztua bazen, zenbatekoa.
Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.3.2. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak Iturmendiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan jarriko du izangaien zerrenda, haien puntuazioa adierazita.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, alegazioak aurkezten ahalko dira bost egun naturaleko epean.
6.4. Oposizioaldia.
6.4.1. Oposizioa 2024ko urritik aurrera hasiko da.
Oposizioaldian, test motako proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.
Ariketa honetan, gehienez, 70 puntu eskuratzen ahal dira. Bazterturik geldituko dira gutxienez 35 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrak egiten badituzte, berehalakoan baztertuko dira probetatik.
6.4.2. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, Iturmendiko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan.
Behin-behineko kalifikazio horien aurka, izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte 5 egun naturaleko epean.
6.4.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak iragarki-taulan jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren araberako ordenan, eta izendapen proposamena igorriko du, puntuaziorik altuena lortzen duen izangaiaren alde.
Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian puntuazio handiena lortu dutenen alde ebatziko da.
Berdinketak segitzen badu, oposizioaldian puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, eta halarik ere segitzen badu, zozketa bidez ebatziko da.
7.2. Kalifikazio-epaimahaiak, aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, parte-hartzaileen behin betiko puntuazioak argitaratuko ditu Iturmendiko Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eta izangaien zerrenda alkateari igorriko dio, lortutako puntuazioaren arabera ordenaturik eta espediente osoarekin batera, hark ebazpena eman dezan izendapen proposamenari buruz, eta, gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.
Probak gainditu dituzten gainerako izangaiak sartuko dira Iturmendiko Udalaren kontratazioetarako zerrenda batean, lortutako puntuazioaren arabera. Zerrenda hori erabiliko da kontratazioak egiteko, Udalak ematen dituen zerbitzuetan sortzen diren beharrei erantzuteko, deialdi honen 1.6 oinarriari jarraikiz.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Iturmendiko Udalaren Erregistro Orokorrean:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo beste agiri bat, izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituena.
b) Deialdiko lanpostua betetzeko eskatzen diren tituluen fotokopia konpultsatua.
c) Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragotziko liokeenik karguaren eginkizunak betetzea.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, esaten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek emandakoa izan behar du.
d) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
e) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
8.2. Epe horretan, interesdunak agiri horiek ekartzen ez baditu, salbu behar bezala frogatutako ezinbesteko kasuetan, ezin izanen da izendatu, eta indarrik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik izan dezakeen erantzukizuna.
8.3. Aurreko apartatuan ezarritako kasuan, Alkatetzak hutsunea beteko du prozesua gainditu duten izangaien zerrendan hurrengoa den izangaiarekin, eta aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da harekin.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Iturmendiko Udaleko administrari-ofizial izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Iturmendiko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 8. oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.
10.–Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.
10.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.6 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat prestatuko da probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
Izangaiei dei egiten zaienean, administrari-ofizialaren lanpostua aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian. Xedapen horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutik lehena gordeko da %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenek betetzeko, baldin eta zerrenda horretan badaude eta dagozkien hautaprobak gainditu badituzte, eta frogatzen badute desgaitasuna bateragarria dela dagozkien zeregin eta eginkizunak betetzearekin.
10.2. Deitzea.
10.2.1. Zerbitzuaren beharren arabera kontratatuko dira probak gainditu dituzten izangaiak, oro har, aurretiaz banakako deiak eginik.
10.2.2. Izangaiek, azkar lokalizatuak izateko, ematen ahalko dituzte harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki, eta eguneraturik izan beharko dituzte beti.
Izangaiei dei eginen zaie zerrenda bakoitzean dagoen lehentasun ordenari jarraikiz. Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adieraziz gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, deituko zaio zerrendan hurrengoa denari, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte. Izangaiekin harremanetan jartzerik izan ez bada, izangai horiek eutsiko diote zerrendan zuten postuari.
10.2.3. Aurreko sei hilabetean kontratatukoak lehentasuna izanen du berriz ere kontratatua izateko.
10.3. Uko egiteak.
10.3.1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:
a) Horretara behartua egotea, indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik.
b) Baja-egoeran egotea, gaixotasun baten ondorioz.
c) Izendatua edo hautatua izatea kargu politiko baterako edo ordezkaritza kargu baterako, eta, horren ondorioz, bateraezintasuna izatea bere eginkizunetan aritzeko; aukeratua izatea administrazio publiko batean izendapen libreko postu batean aritzeko; edo Gorte Nagusiek edo parlamentu autonomiko batek hura aukeratzea konstituzio organoetan parte hartzeko edo ganberek hautatu beharreko beste postu batean aritzeko.
d) Ezkontzearen edo bikote egonkorra eratzearen ondorioz dagokion lizentzia gozatzen egotea, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamendua onesten duen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.
e) Bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat hiltzea edo gaixotasun larriren bat izatea, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
f) Amatasun, aitatasun edo adopzio nahiz harrera kasuetan, otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuan ezarritako epean.
g) Hiru urtetik beherako haur bat zaintzea, edo seme-alabak zaintzeko eszedentzian egotea.
h) Legezko zaintza dela eta, zuzenean zaintzea desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duen norbait, %33ko edo hortik gorako minusbaliotasuna duena, eta lan ordaindurik ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
i) Bere kargura izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaideren bat, bere kasa bizitzeko gauza ez dena, adinagatik (65 urtetik gorakoa), istripuagatik edo gaixotasunagatik, eta lan ordaindurik egiten ez duena. Hori frogatzeko, egoki diren frogagiriak aurkeztu beharko ditu.
j) Izangaiak hala erabakitzea, urtebetez genero indarkeriaren biktima izatearen ondorioz.
k) Erakunde ofizial baten beka bat jaso izana.
10.3.2. Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hamar egun balioduneko epea izanen dute, onartu gabeko lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
10.3.3. Arestian aipatutako kasuetan, izangaiek jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, agiriak aurkeztu beharko dituzte, adierazten dutenak noiz bukatu den uko egitea ekarri zuen egoera. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Alegatutako egoera frogatzen ez badu horretarako ematen zaion epean, ulertuko da eskainitako kontratuari uko egiten diola, bidezko arrazoirik gabe, deiaren egunetik hasita.
Era berean, izangaiak edozein unetan jakinarazten ahalko dio Iturmendiko Udalari prestasunik ez izateko edozein egoeratan dagoela, eta hala jakinarazten duen unean frogatu beharko du.
10.4. Zerrendatik kanporatzea.
10.4.1. Deia egiteko baliatu den zerrendatik kanpo geldituko dira honako egoera hauetako batean daudenak:
a) Ez betetzea betebehar orokorrak eta titulazioari lotutakoak, ezta lanpostuan aritzeko beharrezkotzat jotzen diren gainerako baldintzak ere.
b) Desgaitua egotea lanbidean jarduteko edo eginkizun publikoetan aritzeko, edo edozein administrazio publikotatik kendua izatea diziplinako espediente baten bidez, egoera horrek irauten duen bitartean.
10.4.2. Honako hau izanen da zerrendatik kanporatzeko prozedura:
Kanporatzeko arrazoiren bat dagoela jakinez gero, kasuan-kasuan eskumena duen organoak aginduzko txostena eginen du, eta, 10 egun balioduneko entzunaldia eman ondoren, bidezkoa denean, izangaia kanporatzeko proposamena eginen dio Iturmendiko alkateari.
Alkateak ebazpen bat emanen du izangaiak kanporatzeko, aurreko apartatuetan ezarritako arrazoiekin bat. Kanporatzeko ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio 10 eguneko epean gehienez, eta espresuki adieraziko zaio kanporatzearen arrazoia.
Kanporatzeko prozedura izapidetu bitartean, ulertuko da pertsona ez dagoela kontratatzeko moduan.
10.4.3. Izangaiek zerrendan zeukaten tokia galduko dute, eta zerrendetako azken tokira igaroko dira, baldin honako hauetako bat egiten badute:
a) Uko egitea, justifikatu gabe, eskainitako lanpostuari edo bi lan-eskaintzari.
b) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
c) Sinatutako kontratuari uko egitea.
d) Kontratatzeko deitzea eta ezinezkoa izatea izangaiarekin harremanetan jartzea, hark emandako bitartekoen bidez, gutxienez 6 aldiz saiatuta 2 hilabeteko epean.
11.–Datuen babesa.
Datuen tratamenduaren arduraduna: Iturmendiko Udala.
Datuak babesteko ordezkaria: udala@iturmendi.eus.
Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.
Datuak kontserbatuko diren denbora: aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira datuak, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen eta beronen oinarrien eta egintzen aurka, hautara, honako errekurtso hauetako bat jar daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Gainera, kalifikazio-epaimahaiaren erabakien aurka, posible da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Iturmendiko Udaleko alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN PARTE HARTZEKO ESKABIDEA, ADMINISTRARI-OFIZIALAREN LANPOSTU BAT OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN, ITURMENDIKO UDALAREN ZERBITZURA ARITZEKO
I.–HAUTAPEN-PROZESUA.
Deialdia egiten duen erakundea: Iturmendiko Udala.
Lanpostuaren izena: administrari-ofiziala.
II.–DATU PERTSONALAK.
Deiturak eta izena: ........................................................................................................................... Helbidea: ........................................................................................... Telefonoa: .......................................... Helbide elektronikoa: ......................................................................................................................................
III.–ADITZERA EMATEN DUT.
Eskabide honekin batera aurkezten ditut merezimenduak eta merezimenduen frogagirien kopiak, deialdiaren 3.4 oinarrian jasotzen den eran.
–Desgaitasun-baldintzak:
Desgaitasuna dut eta, hortaz, egokitzapenak eskatzen ditut (beste orri batean zehaztuko dira eskatutako egokitzapenak eta eskaeraren arrazoiak).
Desgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dut, erakunde eskudun batek emana.
–Euskararen jakite-maila frogatzea:
Titulua erantsi da.
Ezin dut aurkeztu euskararen jakite-maila frogatzen duen agiririk, eta, bete beharreko baldintza izanik, konpromisoa hartzen dut Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginen dituen egiaztatze probetara aurkezteko.
Horiek horrela,
ADIERAZTEN DUT:
1.–Betetzen ditut baldintzak guztiak, deialdiaren oinarrietan eskatzen direnak hautapen-prozesuan parte hartzeko.
2.–Ez nago kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez nago desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
3.–Ez dut berariazko arrazoirik indarreko xedapenetan ezarritako desgaitasunerako edo bateraezintasunerako.
4.–Errealitatearen isla zehatza dira alegatutako merezimenduak eta haien frogagiriak.
Horregatik guztiagatik,
Eskatzen dut onar nazatela eskabide honetan aipatzen den deialdian.
Eguna eta sinadura
Adierazpenaren egileak baimena ematen dio toki erakundeari, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, espedientean eta izapideetan jasota dauden bere datuak trata daitezen, fitxategi automatizatu batean sartzeko, fitxategi horren helburua baita datu pertsonal horiek sartzen dituzten organoei erraztea dagozkien kudeaketa, egiaztapen eta jarraipen prozedurak kontrolatzeko eta hobetzeko jarduketak; eta badaki, aipatu lege organikoan xedatutakoaren arabera, toki erakundearengana jo dezakeela datu horietan sartzeko, haiek zuzentzeko, haiek ezerezteko, eta haien tratamenduaren aurka egiteko eskubideak erabiltzeko, idatziz, eskatzailearen nortasunaren fede ematen duen frogarekin, eta erreferentzia gisa "Datuen babesa" paraturik.
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. Administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). Administrazio-egintzak: betekizunak, eraginkortasuna, jakinarazpena. Administrazio-prozedura erkidea: bermeak, faseak. Administrazio-errekurtsoak: printzipio orokorrak, gora jotzeko errekurtsoa eta berraztertzeko errekurtsoa.
2.–Administrazio-dokumentuak: ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak, ebazpenak, kontratua.
3.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Abstentzioa eta errekusazioa. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
4.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, arautzen dituena Toki Araubidearen Oinarriak. II. titulua: Udalerria. I. kapitulua: Lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: Antolamendua. V. titulua: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. I. kapitulua: Funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
5.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. titulua: Toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren prozedura eta araubide juridikoa, inpugnazioa eta kontrola: bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
6.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
7.–614/1996 Foru Dekretua, azaroaren 11koa, ekonomia-jardueren gaineko zerga edo lizentzia fiskala kudeatzeko arauak ematen dituena.
8.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Atariko titulua (xedapen orokorrak) eta II. titulua (Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea).
9.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina. V. titulua. I. kapitulua: esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileran.
10.–Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak. 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena, 15. artikulutik 17. artikulura. 1690/1986 Errege Dekretua, uztailaren 11koa, Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua onesten duena. II. titulua: Biztanleria eta errolda.
11.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak; funtzionario publikoen hautaketa; funtzionario-izaera eskuratzea eta galtzea; plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak; administrazio-egoerak; eskubideak eta betebeharrak; ordainsariak; administrazio-araubidean eta lan-araubidean kontratatutako langileak.
Iragarkiaren kodea: L2412156
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
