Iragarkia
181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
729E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 12koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Granja Lucea SLk Berbintzanan (Nafarroa) sustatutako zerri gizendegia ustiategia 3.248 gizentze-plazaraino handitzeko proiektuak ingurumenean edukiko duen inpaktuaren adierazpena egiten baita.
Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da, 1. taldean, a) epigrafean. Aipatu arauak 7.1 artikuluan ezartzen duenez, I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta eginen zaie.
Aurrekariak:
Txosten honen helburu den handitze-proiektua 2019an izapidetu zen, eta ezin izan zuen baimenik lortu, ez baitziren betetzen une horretan Berbintzanako udal-planak nabe berrien eta lehendik zeudenen arteko distantzietarako ezartzen zituen mugak. Berbintzanako udal-plana aldatu egin zen, eta proposamena bateragarria da ikuspegi urbanistikotik. Sustatzaileak berriro aurkeztu zuen handitzeko proiektua, baimena jasotzeko.
Ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea:
Sustatzaileak, 2023ko otsailaren 15ean, ebazpen honen idazpuruan aipatutako espedientea aurkeztu zion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, organo eskuduna izaki. Proposamenaren laburpena txosten honen II. eranskinean deskribatu da.
Organo eskudunak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatuarekin bat, martxan jarri zuen ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea, eta jendaurrean jarri zituen 30 egunez proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa, iragarkia 2023ko martxoaren 21ean Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 57. zenbakian argitaratu zenetik hasita. Izapide horien nondik norakoak ingurumen txosten honen I. eranskinean ageri dira.
Izapide horiek amaitu ondotik, organo eskudunak kontsultei eta jasotako hiru alegazioei (bat datoz edukian) erantzuteko txostenak helarazi zizkion sustatzaileari. Txostenak eta alegazioak, izapide horietan jasoak, kontuan hartu ziren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan.
2023ko urriaren 18an, dagoeneko entregatutako dokumentazioa osatzeko dokumentazioa aurkeztu zuen sustatzaileak, ingurumen-baimen integratuaren izapideekin eta proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioarekin jarraitzeko. Organo eskudunak, dokumentazioa egiaztatu ondotik, 2023ko urriaren 20an ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.
2024ko ekainaren 20an, ustiategiko hilotzak kudeatzeko kanpoko edukiontziaren taxuari buruzko behin betiko proposamena aurkeztu zuen sustatzaileak, barne hartuta basafauna oro har eta bereziki hegazti sarraskijaleak eta nekrofagoak ez erakartzeko neurri jakin batzuk.
Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa:
Ingurumen-kalitatearekin, kutsadurarekin, isuriekin, hondakinekin, baliabideen kontsumoarekin, klima-aldaketarekin eta abarrekin lotutako inpaktuak minimizatu, ezabatu edo kontrolatu eginen dira jarduera-handitzearen ingurumen-baimen integratuaren betetzean.
Zabaltzeko proiektuan, egungo ustiategia dagoen lurzatian nabe berri bat egitea aurreikusten da; gaur egun erabiltzen ez den eremu bat hartuko luke nabe horrek. Ustiategia, eta, beraz, handitzea, Nafarroako ubideko lehenbiziko faseko ureztalurretan barne hartutako laboreen artean dago, Arga ibaiaren ezkerraldeko goialdeko terrazan, ibaiaren ertzetik 150 metro ingurura, eta, gutxi gorabehera, Berbintzanatik kilometro batera. Horrenbestez, proposamenaren ezaugarriak eta kokapena kontuan hartuta, handitze-proiektuak ez die zuzenean eraginen ingurune naturalaren balioei, ez da okupatuko ingurumen-balioko lurrik eta elementurik eta ez zaie eraginen.
Jarduerak (bereziki, hilotzen eta pentsuen kudeaketa) basafauna erakar dezake; bereziki, hegazti harrapariak eta sarraskijaleak. Jarduerak hegaztiak erakartzen baditu, hegazti horiek arrisku handiagoa izanen dute Linte haize-parkeko haize-sorgailuekin talka egiteko; izan ere, ustiategitik 250-800 m-ra daude haize-sorgailuak. Balizko inpaktu hori minimizatzeko, proiektatu da hilotzen edukiontzia lurzoruan zulatutako hobi errektangular batean jartzea, estalki metaliko eta guzti. Hobia itxita egonen da, salbu eta hilotzak edukiontzian uzteko eta kudeatzaile baimenduak jasotzeko uneetan.
Minda banatzeko aurkeztutako planean ez da barne hartzen ongarritzeko lurzatirik nekazaritza-iturrietako nitratoen kutsadurarekiko eremu zaurgarrietan, eta ez da barne hartzen, halaber, Natura 2000 Sareko eremurik. Hala ere, lurzati batzuk (Berbintzanako 5 eta 4 poligonoetakoak) AC 9: Berbintzana-Larraga-Lerin estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren eremuetan daude, eta duela gutxi egiaztatu da basoiloen –galzoriko espezie gisa katalogatua Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (CEEA)– eta basoilo handien –galzoriko espezie gisa katalogatua Nafarroan– presentzia toki horietan.
Proiektuan landaketa-proposamen bat jasotzen da, eta landaketa horiek bat datoz 2019an ustiategia zabaltzeko espedientean aurkeztutakoekin. Fruta-arbola txikien errenkada laxo bat izan ezik (minda-baltsatik mendebaldera dago), ustiategiko jarduera sailkatuaren 2015eko espedientean proposatutako gainerako landaketak egikaritzeke daude.
Jarduerako lursailaren mendebaldean eta minda-baltsaren mendebaldean landabide bat dago, ustiategira sartzeko balio duena, eta bat dator Miranda Arga eta Berbintzana herriak lortzen dituen aisia- eta turismo-erabilerako ibilbide interesgarri batekin; ibilbide hori oinezkoentzat eta txirrindularientzat da.
Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuko Ebaluazio Atalak, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondotik, ondorioztatu du ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura behar bezala egin dela, eta bat dator ingurumenaren aldetik bideragarritzat jotzen duen proposamenarekin. Horrenbestez, proposatu du ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea, eta, ingurumen-ondorioetarako bakarrik, proiektua egikaritzeko aukera ezartzea, betiere ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen diren neurri zuzentzaileak eta ebazpen honetatik eratortzen direnak betetzen badira.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. Granja Lucea SLk Berbintzanan (Nafarroa) sustatutako zerri gizendegia 3.248 gizentze-plazaraino handitzeko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea.
2. Aurkeztutako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz eginen da jarduera, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dira:
1.–Ustiategiari berari dagokionez:
Beteko dira ingurumen-baimen integratuan alderdi hauen inguruan ezartzen diren neurriak: berotegi-efektuko gasen, zaraten eta usainen sorrera, airearen, uraren, lurzoruen eta bestelakoen kutsadura, baliabideen kontsumoa eta hondakinen sorrera.
Hegazti sarraskijalerik eta nekrofagorik ez erakartzeko ustiategira (gainera, horri esker, hegazti horiek gertu dagoen haize-parkeko sorgailuekin talka egiteko arriskua saihestuko da), aurkeztutako dokumentazioan jasotzen denez, hilotzak jasotzeko edukiontzia hondeatutako hobi baten barruan jarriko da, estalki eta guzti. Hobia itxita egonen da, salbu eta hilotzak uzten direnean eta kudeatzaile baimenduak jasotzen dituenean.
Neurri horiek hartuta ere jarduerak basafauna erakartzen badu eta gertuko haize-parkeko haize-sorgailuekiko talkak areagotzen badira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak talka horiek saihesteko behar adina neurri egoki ezartzen ahalko ditu.
Aurreikusitako landaketak egikaritu aurretik, modu argian mugatuko da hego-mendebaldetik ipar-mendebaldera minda-baltsa inguratzen duen ustiategirako sarbidearen trazatua eta zabalera. Horren ondotik, zehazten den zabalera finkatuko edo zolatuko da, eta sarbide horren eta ustiategiko elementuen arteko espazioetan landareei berez hazten utziko zaie edo lorategiak jarriko dira.
Egikaritzeke dauden landaketak egikarituko dira, egungo ustiategiaren jarduera sailkatuaren espedientean jasoak, eta txosten honen xede den handitze-proiekturako aurreikusitako landareztatze-neurri hauek egikarituko dira (bat datoz 2019ko espedientean proposatutakoekin):
–Arbola-ilara bat landatzea iparraldeko mugarekiko paraleloan eta hegoaldeko mugarekiko paraleloan.
–Arbolaz eta zuhaixkaz osatutako zuhaizti bat landatzea lurzatiaren ipar-mendebaldean, ustiategirako iparraldeko sarbidetik nabe berrira.
–Minda-baltsaren mendebaldean dagoen fruta-arbolen pantaila mantentzea; haizeak baltsaren gainazalean eragin txikiagoa izateko eta ingurumenean hobeki integratzeko jarri zen.
–Minda-baltsako arbola-pantaila horren eta baltsaren beraren artean ipuru-hesi perimetral bat landatzea, helburu berarekin (integratzea eta haizeetatik babestea).
–Beste ipuru-hesi bat landatzea zuhaitz-ilararen eta ustiategiaren lurzatiaren ipar-mendebaldeko zuhaiztiaren artean.
Gaur egun baltsaren mendebaldean dauden fruta-arbolen saila ez da instalazioak errepidetik eta mendebalderantz integratzeko behar bezain sarria. Horregatik, alde horretan beste zuhaitz-ilara bat jarriko da, proiektuko lurzatiaren iparralderako eta hegoalderako aurreikusitakoen antzekoa.
Aintzat hartu behar da proiektuko eremuko espezie autoktonoak erabiltzea, landaketen helburuetarako egokiak. Hala, lerrokaduretarako, gomendatzen da makal beltzak edo zurzuriak (Populus nigra eta Populus alba), lizarrak (Fraxinus angustifolia), karraskak(Quercus rotundifolia) eta erkametzak (Quercus faginea) erabiltzea. 8-10 cm-ko diametroko landareak jarri beharko dira. Zuhaiztirako, gomendatzen dira iparraldeko elorri zuria (Crataegus monogyna), elorri beltza (Prunus spinosa) eta/edo tamariza (Tamarix canariensis edo Tamarix africana).
Landaketetan, zuhaitzen artean 5 m-ko tartea utziko da. Zuhaiztiko zuhaixkak bi ilaratan (bereiziak) landatuko dira, aleak hiruzuloka jarrita bi lerroetan, 3 edo 4 m utzita ilara bakoitzeko landareen artean.
Landaketek zurkaitzak izanen dituzte (zuhaitzentzat) eta etengabe ureztatuko dira finkatzen diren arte, eta egoki mantenduko dira, epe laburrean behar bezala garatuta egon daitezen.
2.–Mindak banatzeari buruzko neurriak:
Katalogatutako estepako hegaztiei eragitea prebenitzeko, Berbintzanako 4 eta 5 poligonoetan barne hartutako banaketa-planeko lurzatietan, "Abeltzaintzako ustiategietako mindak, digestatoa eta/edo simaurrak behar bezala kudeatzeko protokoloa"ri jarraituko zaio. Protokolo hori txosten honen III. eranskinean jasota dago, haietako batzuk AC 9: Berbintzana-Larraga-Lerin eremuan baitaude, non basoiloak eta basoilo handiak baitaude (galzoriko espezie gisa katalogatutako estepako hegaztiak).
Organo eskudunari iradokitzen zaio sistemaren bat ezartzeko eremu horietan nekazaritza-ongarriak estepako abifaunaren ugaltze-aldi kritikotik kanpo botatzen direla modu fede-emailean egiaztatzeko.
3.–Ingurumen-jarraipena:
Ustiategia handitzeko proiektua martxan jartzearen erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak txosten bat aurkeztu beharko du ingurumen-inpaktuaren adierazpena betetzen duela erakusten duena (memoria eta dokumentazio grafikoa); alderdi hauek jaso beharko ditu: aurreikusitako landaketen egikaritzea eta haien egoera eta sustatzaileak proposatzen dituenak, edukiontziek ez dezaten basafauna erakarri; bereziki, hegazti harrapariak eta sarraskijaleak.
Txosten horrek, gainera, instalazioaren funtzionamendu-fasean ingurumena zaintzeko proposamen bat ere izanen du, basabereak erakartzea prebenitzearekin lotua.
–Hilotzak jasotzeko sistemak behar bezala funtzionatzen duela, hondakin horren kudeaketari berari dagokionez eta hobiaren ingurura basafauna erakartzeari dagokionez; hala badagokio, alderdi horiek hobetzeko beste neurri batzuk ezarriko dira.
–Sistema horrek beste ingurumen-afektaziorik eragiten duen edukiontzia dagoen eremuko hobia eraikitzearen ondorioz (adibidez, ur freatikoa agertzea). Afektazio horiek epe laburrean konpondu beharko dira; hala badagokio, egokitzat jotzen diren aldaketak aurkeztuko zaizkio Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari.
3. Adierazten da ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek nahitaezko txosten erabakigarriaren izaera duela proiektua baimentzeari dagokionez.
4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, deusetan galarazi gabe administrazio-bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 42 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
6. Ebazpen hau jakinaraztea Ekonomia Zirkularraren Zerbitzuari, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldeari (11. barrutia, Lizarra Hegoaldea), Berbintzanako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 12an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.
I. ERANSKINA.–PROIEKTUAK UKITZEN DITUEN ADMINISTRAZIOEI ETA INTERESDUNEI EGINDAKO KONTSULTA-IZAPIDEEN ETA JENDAURREKO INFORMAZIOAREN TRAMITEAREN EMAITZA
Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari (ingurumen-organo gisa), Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Aurreneurrien Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Vianako Printzea Erakundeari eta Berbintzanako Udalari. Interesdun gisa, ingurumena babestearekin zerikusia duten 7 erakunde edo elkarteri egin zitzaien kontsulta. Izapide honetan, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren, Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren, Abeltzaintza Zerbitzuaren, Vianako Printzea Erakundeko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren eta Ingurumen Eraginaren Atalaren erantzunak jaso dira. Sustrai Erakuntza Fundazioaren erantzun-txostena ere jaso da, alegazio gisa; jasotako beste bi alegazioekin batera hartu da kontuan, eduki bera baitute.
Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi du egiaztatu duela betetzen direla Europar Batasunean zerrien hazkuntza intentsiborako ezarritako arauak, teknika erabilgarri onenak eta otsailaren 11ko 306/2020 Errege Dekretuaren (zerri-haztegi intentsiboen oinarrizko antolamendu-arauak ezartzen dituena eta zerr-azienda estentsiboko ustiategien oinarrizko antolamendu-araudia aldatzen duena.) 10. artikuluko 1. puntuan nabeei buruz ezarritakoak eta ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan (abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena) ezarritakoak.
Adierazi da, halaber, simaurren ekoizpen- eta kudeaketa-plana aztertu dela, eta, txostenaren datan, lurralde-oinarrian barne hartutako lurzatietako bat ere ez dagoela nitratoen kutsadurarekiko zaurgarri diren eremuetan (2020). Hala ere, detektatu da ekainetik irailera neguko zerealetan simaurrak zabaltzea aurreikusten dela. Data horietan, nekazaritza-lurzoruetan nutrizio jasangarrirako arauak ezartzen dituen abenduaren 27ko 1051/2022 Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, ongarritze nitrogenatua debekatuta dago labore horietan, betiere, errege-dekretu horren 4.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, ez badago ureztatze-sistema lokalizaturik edo doitasunezko laborantza-teknikak erabiltzen ez badira. Horrenbestez, adierazi du banaketa-plana aldatu beharko dela edo aurreko salbuespena justifikatu beharko dela.
Lurraldearen Antolamenduaren Atalak igorri du sustatzaileak kontuan hartu beharreko hirigintza- eta lurralde-arauei buruzko aurretiazko txosten bat (Arguedasko Udal Plangintza, Erdialdeko Lurralde Antolamenduko Plana –POT 4–). POT 4 horretan proiektu-lurzatirako jasotako kategorizazioari dagokionez, adierazten da jarduera "Natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua, Muga zehatzik gabeko ureztalurra (SNUPrtEN: R)" kategorian sartzen dela; lurzatia Nafarroako ubideko lehen faseko eremu ureztagarrien parte da, eta, horregatik, txostena eskatu beharko zaio Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atalari.
Udal-plangintzari dagokionez, adierazten da Udal Planeko (Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak urriaren 4an emandako 225E/2022 Foru Aginduak aldatua) araudiak ezartzen dituela lurzoru urbanizaezina okupatzeko eta hartan eraikitzeko baldintzak. Proiektuak baldintza horiek betetzen ditu, bereziki, eraikinen arteko gutxieneko 6 m-ko tarteari dagokionez. Hala ere, aldaketa horrek ez du eraginkortasunik, oraindik ez baita argitaratu. Horregatik, Berbintzanako Udalari eskatu behar zaio araudi hori argitaratzeko, distantzia proiektatuak (8 m) ez lituzkeelako beteko planeamenduan, aldatzeko proposamenaren aurretik, aurreikusitako 15 m-tik gorako tarteak.
Azkenik, gogorarazten da kontuan izan behar dela zuzenean aplikatzekoak direla Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86 eta 111.2 artikuluak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina).
Abeltzaintza Zerbitzuak aldeko txostena igorri du osasungintzako eta antolamendu zooteknikoko araudiari dagokionez, baina aldeko txosten baldintzatua igorri du animalien ongizateari buruzko araudiari dagokionez, kontuan hartuta emandako datuak eta kontuan hartuta, halaber, 2025eko martxoaren 8tik aurrera bete beharko direla martxoaren 7ko 159/2023 Errege Dekretuak (zeinaren bidez urriaren 31ko 1135/2002 Errege Dekretua aldatzen baita, zerriak babesteko gutxieneko arauei buruzkoa) ezartzen dituen animalien ongizatearen inguruko baldintzak.
Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak aldeko txostena eman dio proposamenari, proiektuko lurzatian ez baitago Nafarroako Inbentario Arkeologikoko aztarnategi arkeologikorik katalogatuta.
Ingurumen Eraginaren Atalak, ingurumen-organo gisa, adierazi du dagoeneko instalazioan egiten diren zerbitzuak zabalduko dituela jarduerak. Instalazio horrek jarduera sailkatuaren udal-baimenerako aldeko txostena du, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 15eko emandako 259E/2015 Ebazpenaren bidez emana.
Jakinarazi du, halaber, kontuan hartuta jarduerak mendebaldetik muga egiten duela Miranda Arga eta Berbintzana herriak lotzen dituen oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbide interesgarri batekin, ingurumen-inpaktuaren azterketak soluzio jakin batzuk barne hartu beharko dituela; adibidez, baltsa ezkutatzeko eta haizeak haren gainazalean eragin txikiagoa izateko arbola-pantaila bat sortzea, eta landaketa nabeen aurrealderaino zabaltzea, okupazioaren iparraldeko eta hegoaldeko perimetroan.
Azkenik, jakinarazi du behin betiko dokumentazioan jaso beharko dela hilotzak jasotzeko edukiontziak nola jarriko diren eta zer motatako edukiontziak jasoko diren zehazten duen proposamen egokia, hegazti sarraskijaleak ugaritu daitezen saihesteko –eta, modu horretan, ustiategitik gertuko haize-sorgailuekiko talken arriskua prebenituko da–; jakinarazi duenez, eraikin itxien barruan jartzea proposatu beharko da, eta positiboki baloratuko da adierazitako hegazti-espezie horiek jasan dezaketen eragina ezabatzeko beste sistema batzuk erabiltzea, hala nola hidrolisi-tangak.
Aurkeztutako alegazioei dagokienez (kontsulta-izapidean jasotako SUSTRAI ERAKUNTZA Fundazioarena eta beste bi alegazio: Julia María Goñirena eta Unzalu Salterain-Etxalde Nekazaritza Iraunkorra erakundearena), adierazi den moduan, eduki berekoak dira, eta alderdi hauei buruzko arazoak argudiatzen dituzte: abeltzaintzako araudiaren betetze-mailari buruzko zenbait alderdi, baimen substantiboa, udal- eta lurralde-planeamenduak, minda banatzeko planeko lurzatien jabeen baimenak eta hornitze-hargunearen baimena. Gainera, adierazten da gabeziak izan daitezkeela aurkeztutako ingurumen-inpaktuaren azterketan (azterketa arkeologikoa, neurri zuzentzaileak eta konpentsazio-neurriak eta zero aukeraren azterketa), eta, bestalde, argudiatzen da minda banatzeko planak abifaunari eragin diezaiokeela, lurzatiak baitaude estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren eremuetan eta jarduerak eta minda banatzeko planak eremuko alubialetako uraren kalitateari eragiten ahal diola, gaur egun duten nitratoen ondoriozko kutsadura dela eta.
Azkenik, kapitulu batean justifikazio-txosten txiki bat erantsi dute, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote gogoeta egin dezan nekazaritza- eta abeltzaintza-ereduari buruz, Nafarroan nitratoen ondoriozko kutsadurak izan duen bilakaera kontuan hartuta. Proposatu dute moratoria bat egitea industria-abeltegien baimenetan, kaltegarriak baitira Nafarroako ingurumen- eta gizarte-balioetarako.
Alegazio horien erantzunak, hein batean, emanak dituzte Nafarroako Gobernuko administrazioek, ukitutako administrazio publikoen kontsulta-izapideko txostenetan. Berbintzanako Udalak eta sustatzaileak berariaz erantzun diete proposatutako hirigintza- eta lurralde-egokitzapenari buruzko alegazioei dagozkien puntuei.
II. ERANSKINA.–PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA
Berbintzanako 2 poligonoko 939 lurzatian dagoen zerri gizendegia (20 kg-tik 108 kg-ra) handitu nahi da, 2.184 gizentze-plazatik guztira 3.248 gizentze-plazara (389,76 AzLU). Gaur egun abeltzaintzako 2 nabe ditu solairu bakarrean, elkarren antzekoak eta bata bestearekiko paraleloan; haien barrualdean zerritegiak eta bi maneiatze-korridore daude. Nabe bakoitzak gutxi gorabehera 15 m-ko zabalera eta 5,5 m-ko altuera (gailurrean) ditu, eta 950,13 m² eta 815,11 m² okupatzen dituzte, hurrenez hurren. Minda-baltsa bat dago kanpoan, 1.400 m³-koa, eta ur-biltegi orokor goratu bat, 400 m³-koa. Gainera, 24,15 m²-ko lokal tekniko bat ere badago. Ura, aziendak edateko eta instalazioak garbitzeko, presio bidezko ureztatze-saretik hartzen da, eta adierazitako biltegian gordetzen da.
Proposatutako handitze-proiektuan, nabe berri bat eraikiko da lurzati berean, lehendik daudenekiko paralelo eta haietatik iparraldera; ez da beharrezkoa gaur egungo zuzkidurak aldatzea, ez eta minda-baltsa zabaltzea ere. Nabe berria, 860,12 m²-koa (55,42 × 15,52 m), gaur egun daudenen antzekoa izanen da motari, neurriei, materialei eta akaberei dagokienez, zamalanetako kai independente bat izanen du, eta itxitura sanitarioarekin muga eginen du. Abeltzaintzako nabe berriak 41,3 m²-ko zamalanetako kaia eta bi silo berri izanen ditu; siloak hormigoi armatuzko 6 m × 3 m-ko (18 m²) plantxen gainean jarriko dira.
Simaurren ekoizpen- eta kudeaketa-planean lehorreko laborantzako eta ureztalurren 50 lurzati ditu mindari nekazaritzako ongarri gisa balioa emateko; lurzati horiek Berbintzana, Larraga eta Miranda Arga udalerrienak dira, eta Arga ibaiaren arroko lurretan daude.
Ustiategiaren ohiko funtzionamenduan, animalia-kopuru bat hil egiten da, eta kudeatu egin behar dira. %4-ko bajak zenbatetsita, kalkulatzen da urtean 3.248 animalia hilko direla (17,93 tona). Hilotzetarako berariazko edukiontzi batean (gutxi gorabeherako neurriak: 1,9 × 1 m eta 0,76 m-ko altuera) utziko dira hilotzak, kudeatzaile baimendu batek jaso arte; berehala emanen zaio abisua kudeatzaile baimenduari. Edukiontzia berezko lurrean hondeatutako hobi batean jarriko da; hobiak metalezko xaflazko estalkia (bi orri, erditik irekitzen direnak) izan beharko du. Hobia errektangularra (2,5 × 2 m) izanen da, 1 m-ko sakonerakoa. Hilotzak maneiatzeko estalkia irekita ez dagoen denboran, itxita eduki beharko da; modu horretan, ez da sartuko fauna nekrofagorik hobian.
Ingurua landareztatzea proposatzen da, aurretiaz 2019ko espedientean jaso zenez, ipar-mendebaldeko muturrean ipuru-hesi bat eta minda-baltsaren perimetroan ipuru-hesi bat (pantaila-lana egin diezaion eta haizeetatik babesteko) jartzeaz gainera. Ipuruak alde batera utzita, ez da adierazten zer espezie erabiliko diren.
III. ERANSKINA.–ABELTZAINTZAKO USTIATEGIETAKO MINDAK, DIGESTATOA ETA/EDO GOROZKIAK MODU EGOKIAN KUDEATZEKO PROTOKOLOA
Abeltzaintzako ustiategi bateko mindak, digestatoa edo/eta simaurren kudeaketa-planak ukitzen badu estepako hegazti katalogatuak edo bestelako espezie mehatxatuak daudela egiaztatua duen lurzatiren bat (esaterako, ibaien ibilguak, Natura 2000 sarearen barruko lekuak eta Nafarroako Foru Komunitatean estepako hegaztien kontserbaziorako kritikoak diren eremuak), kasu horretan, bermatu beharko da nekazaritza-jarduera eta txandakako lehorreko laborantza mantentzen direla, mesedegarriak izan daitezen faunaren kontserbaziorako, eta ondoko ingurumen-baldintza hauek ere bermatu beharko dira:
–Oro har, intereseko flora eta faunaren habitat eta espezieak ukitzen dituzten erabilerek eta jarduketek haien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak bete beharko dituzte.
–Debeku da urak kutsatzen ahal dituzten edo intereseko habitatak narriatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, mindak, digestatoa eta/edo simaurrak, obra hondakinak edo substantziak bertan uztea.
–Lehorreko zereal-alorretan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere, martxoaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, ugaltze-garaian estepako hegaztien babesa bermatzearren.
–Lugorrietan ez da mindarik aplikatuko, ezta deribaturik ere. Gainera, estepako hegaztien bizi-zikloa osatzeko lugorriek duten garrantzia ikusirik, simaurren planaren ondorioz ez da laborantza areagotu behar eta lehendik zegoen lugorri-sistema eraldatu.
–Ez da onartzen presio baxuko aspertsiozko ureztatze kokatuko banaketa-sistema (fertirrigazioa). Onartzen da tutu esekiak dituzten zisternen bidezko banaketa kokatua espazio horietan, lehenago aipatutako oharrekin: dosifikazioak errespetatu egin beharko du estepako hegaztiak babesteko egutegia, eta bermatu egin beharko du intereseko habitatei kalte egiten ahal dieten istiltzeak edo jariatzeak ez sortzea.
–Otalur edo alfer-lur iraunkorrez okupatutako lursailetan ez da simaur, minda edo horietatik eratorritako produkturik nekazaritzarako aplikatzen ahalko (bat etorriz Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuko 8.5 artikuluarekin). Gainera, alfer-lur horiei, bereziki intereseko habitatak badira –KBEaren barrukoak zein kanpokoak–, ez zaie zeharkako ukipenik ere eraginen mindak edo haien deribatuak aplikatzen diren alorren laborantzatik sor daitezkeen isuri edo putzuen ondorioz.
–Ez da onartzen mindak, digestatoa eta/edo simaur likidoa erabiltzea ur-masa iraunkorretatik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, izan ibilgu nagusiak edo bigarren mailako sarea. Ur-masak babesteko ezartzen diren banaketa-baldintzetan, kontuan hartuko dira estatuko araudi sektorial espezifikoan ezarritako betebeharrak (Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 EB Betearazpen Erabakian adierazitako TEOak-Abeltzaintza Sektorea).
–Ez dira kutsatu behar ur-ibilguak eta hezeguneak, urte-sasoi bateko ibilguak izan edo etengabeak. Erreka zuloak eta haien adarrak ur ibilgutzat hartuko dira, batez ere inguruan habitat naturalak dituztenak (gatzagak, larreak, landare higrofiloak edo mehatxatutako flora-taxoiak), habitat horiek KBEaren barnean sartuak egon edo ez. Nolanahi ere, ez da azaleko ur-jariatzerik bideratu behar hustubide edo drainatzeetara.
–Erreka-zuloen eta hezegune gazien arro hidrografikoan, kontuan hartu beharko dira Nafarroako Foru Komunitatearen Nekazaritzako Jardunbide Egokien Kodean lurzoruen erabilerari eta ongarritzeari buruz jasotako gomendioak (kode hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren 1997ko otsailaren 17ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen).
Iragarkiaren kodea: F2412088
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
