181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

358E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partzialki onartzen baita landare olioen eta animalia koipeen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Instalazioa Los Arcosko udal-mugartean dago, eta haren titularra Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abenduaren 17ko 8ko 2354/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 27ko 536E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua, eta, ondoren, urtarrilaren 22ko 25E/2020 Ebazpenaren eta irailaren 28ko 325E/2023 Ebazpenaren bidez berrikusia, biak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariarenak.

2024ko maiatzaren 31n, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin mota bat sartzeko, 180106* EHZ kodea duena, laborategiko erreaktibo gisa erabilitako produktu kimiko organiko eta ez-organikoei dagokiena.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak berrikusi du aurkeztutako eskaera, eta ondorioztatu du EHZ kode hori ez dela egokiena, hondakin berriaren jatorriari dagokionez. Horregatik, egokiagoa da haren ordez 160506* EHZ kodea sartzea, substantzia arriskutsuak diren laborategiko produktu kimikoak baitira, laborategiko produktu kimikoen nahasketak barne, edo substantzia arriskutsuak dituztenak.

Adierazitako EHZ kodea sartzea onargarria da; izan ere, bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamenduarekin eta teknika erabilgarri onenak aplikatzeko irizpidearekin.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partzialki onartzea landare olioen eta animalia koipeen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Los Arcosko udal-mugartean dago, eta haren titularra Gestión de Recursos y Soluciones Empresariales SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen-diziplinako neurriak hartuko dira (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Gestion de Recursos y Soluciones Empresariales SLra eta Los Arcosko Udalera, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2412669