181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

350E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 22koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Jarduera Alloko udal mugartean dago eta haren titularra Essity Operations Allo SL da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren abenduaren 23ko 607/2005 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 404E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren apirilaren 23ko 139E/2024 Ebazpenaren bidez aldatua.

2024ko maiatzaren 23an, titularrak ingurumen baimen integratuan jasotako baldintzak aldatzea eskatu zuen; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan, ekoizpen-prozesuari eta zerbitzu orokorrei dagozkien hondakin batzuk eta tratamendu-eragiketa batzuk sartzea, eta hiri-hondakinekin parekatu daitekeen hondakin bat zerrendatik ezabatzea.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aztertu du aurkeztutako eskaera, eta balorazio hau egin du:

EHZ KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

15 01 10*

Plastikozko ontzi kutsatuak

Ez da onargarria R5 azken tratamenduaren eragiketa sartzea

15 02 01

Plastikozko ontziak

Ez da onargarria R5 azken tratamenduaren eragiketa sartzea

19 08 09

Ura/substantzia oliotsuak bereiztearen ondoriozko koipe eta olioen nahasketak, olio eta koipe jangarriak bakarrik dituztenak

Onartzen da R0302 motako azken kanpo-kudeaketa sartzea, aurretik baimendutako kudeaketa-eragiketekin batera, eta ezabatzen da EHZ 20 01 25 kodea duen hondakina, olio eta koipe jangarriena, hobeki egokitzen baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakian jasotako hondakinen zerrendako kapitulura

16 02 15

Baztertutako ekipoetatik kendutako osagai arriskutsuak: kondentsadoreak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

03 03 99

Beste kategoria batean zehaztu gabeko hondakinak: nabeen garbiketa-hondarrak

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea, eta ezabatzen da EHZ 20 01 99 kodea duen hondakina, hiri-hondakinekin parekatu daitekeena (Azken kudeaketa: D5), hobeki egokitzen baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakian jasotako hondakinen zerrendako kapitulura

20 01 35*

Baztertutako ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak, 20 01 21 eta 20 01 23 kodeetan zehaztuta ez daudenak, osagai arriskutsuak dauzkatenak [9]

Onartzen da sortutako hondakinen zerrendan sartzea

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea tisu papera fabrikatu eta eraldatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Alloko udal mugartean dago eta haren titularra Essity Operations Allo SL da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez baldin badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Essity Operations Allo SLri eta Alloko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abuztuaren 22an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2412501