181. ALDIZKARIA - 2024ko irailaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

625E/2024 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita amiantoa ezabatzeko dirulaguntzen deialdia, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko dena. DDBN identifikazioa: 776554.

Nafarroan amiantoa kentzeko plan zuzentzaile bat egitea eta garatzea bat dator Europako Parlamentuaren 2013ko martxoaren 14ko 2012/2065 Ebazpenarekin (amiantoa dela-eta lantokietan dauden osasun arriskuei eta Europar Batasunean dagoen amianto guztia desagerrarazteko aurreikuspenei buruzkoa) eta Europar Batasunean amiantoa ezabatzeari buruzko Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2014ko Irizpenarekin.

2017ko irailaren 14an, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onetsi zuen, non Nafarroako Gobernuari eskatzen baitzitzaion aurkez zezala Nafarroan amiantoa ezabatzeko garatu beharreko prozesuaren plan zuzentzaile bat. Eta agindu hori betez, Foru Gobernuak Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailea prestatu zuen 2018an, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak koordinatuta.

Gauzak horrela, 2024ko ekainaren 19ko Erabakiaren bidez, Gobernuaren oniritzia jaso da banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz tramitatuko den deialdi honetatik eratorritako betebeharrei erantzuteko, eta, beraz, 100.000,00 euroko gastua baimentzea proposatzen da, 2024ko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa ezabatzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidaren kargura.

Nafarroako Gobernuak, 2024ko ekainaren 19an egindako bilkuran, erabaki du baimena ematea Ingurumeneko zuzendari nagusiari, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, laguntzak eman ditzan enpresetan amiantoa duten zuntz-zementuzko estalkiak kentzeko 2024. urtean.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Amiantoa ezabatzeko dirulaguntzen deialdia onestea, amiantoa daukan materialari dagokionez Nafarroan Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailean adierazitako ekintzak aurrera eramateko 2024. urtean zehar. Dirulaguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatuko dira.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen eranskinean bildu direnak.

3. Deialdi honetako konpromisoei aurre egiteko, 100.000,00 euroko aurrekontu-kreditua baimentzen da, 2024ko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa ezabatzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidaren kontura.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2024ko uztailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da behar den prozedura ezartzea ekoizpen zentroa Nafarroako Foru Komunitatean duten enpresei dirulaguntzak emateko 2024an, banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz, aurrera eraman ditzaten amiantoa daukan materialari dagokionez Nafarroan Amiantoa Ezabatzeko Plan Zuzentzailean adierazten diren ekintzak, betiere oinarri arautzaile hauetako betebeharrak betetzen badituzte eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean.

Dirulaguntza honen xedea da hondakinen arloan aurreikusitako helburuak betetzen laguntzea, bat etorriz Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean ezarritakoarekin, bai, halaber, zuntz-zementuzko hondakinak bereizirik biltzeko eta behar bezala kudeatzeko neurriak, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean ezarritakoak, garatzen laguntzea.

Deialdi honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko baimendutako kreditua 100.000 eurokoa da, eta hurrengo atalean zehazten diren jardueren artean banatuko da.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Ekoizpen zentroa Nafarroako Foru Komunitatean duen edozein enpresak jaso ditzake oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzak.

2. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak 13. artikuluan ezartzen dituen betebehar orokorrak bete beharko dituzte. Eskaera-orrian dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahalko da horiek betetzen direla. Nolanahi ere, Administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako adierazpenak edo justifikazioak egiazkoak diren ikertzeko.

Betebehar horiek deialdi honen hurrengo atalean (5. oinarria) aipatzen diren agiriak aurkeztuz frogatu beharko dira, eta horiek betetzen jarraitu beharko da dirulaguntza ordaindu arte.

3. Era berean, egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak.

3. oinarria.–Jarduketa diruz lagungarriak eta kostu diruz lagungarriak.

1. Dirulaguntza honen xede izanen dira amiantoa duten zuntz-zementuzko estalkiak kentzearekin eta horien hondakinak kudeatzearekin lotutako gastu arruntak, erakunde onuradunek Nafarroan dituzten ekoizpen zentroetako obretan egiten dituztenak.

Amiantoa kentzeko lan horiek Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroan legez inskribatutako enpresa batek egin beharko ditu, bat etorriz amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun eta osasun xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritakoarekin.

Sortutako hondakin arriskutsuak kudeatu beharko dira bat etorriz Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearekin eta hondakinak Estatuaren lurraldearen barruan garraiatzea arautzen duen ekainaren 2ko 553/2020 Errege Dekretuarekin.

2. Jarduketa diruz lagungarriak ezin izanen dira hasi oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baino lehen.

3. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Europar Batasuneko edo espainiar estatuko indarreko nahitaezko arauetara egokitzeko jarduketak.

b) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo egiten diren jarduketak.

c) Lurrak eskuratzeko eta industria nabeak eraikitzeko gastuak.

d) Produktuak seriean fabrikatzeko erabilitako lehengaiak.

e) BEZa edo beste zerga batzuk.

f) Finantza-gastuak.

g) Eskuratzen diren ekipamendu, patente eta bestelakoen amortizazio gastuak, dirulaguntza edo laguntza publikoren bat jaso badute.

h) Erabilera orokorreko gailu informatikoak: PCak, ordenagailu eramangarriak, inprimagailuak...

i) Hasierako memorian zehaztu gabe dauden gastuak, dirulaguntzaren xederako ez direnak, bai eta proiektuari zuzenean egotzi ezin zaizkion gastuak ere.

j) Azpiegituren alokairua.

k) Legezko betebeharrak betetzearen ondorioz nahitaezkoak diren jarduketei dagozkienak, hala nola arauzko segurtasun probak.

l) Aholkularitza eta ziurtapen gastuak, proiektuaren kudeaketari eta dirulaguntzen eskaerak tramitatzeari lotutakoak.

m) Nominak, bidaia gastuak, dietak eta kilometrajea, egonaldiak eta joan-etorriak.

4. Oinarri arautzaile hauei jarraikiz emandako dirulaguntzen zenbatekoa ezin da izan, inola ere, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzekin batera, erakunde onuradunak garatuko duen proiektuaren kostua baino handiagoa.

4. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

1. Deialdiaren hasierako zenbatekoa 100.000 eurokoa da, zeina erabilgarri baitago 2024ko gastu-aurrekontuko "Bizitegi-erabilerakoak ez diren eraikin pribatuetan amiantoa ezabatzeko funtsak" izeneko 740001 74100 7701 456204 partidan. Emanen diren dirulaguntzak kontraprestaziorik gabeko diru-entregak izanen dira.

2. Eskaerei erantzuteko, aurkezpen ordenari jarraikiko zaio zorrotz, aurrekontua agortu arte. Aurrekontua agortutzat joko da aipatutako diru kopuru osoa (100.000 euro) bukatzen duen azken laguntza eskaera erregistratzen den unean.

3. Laguntzen gehieneko zenbatekoa zehaztuko da garatuko diren jarduketen kostu osoa kontuan hartuz, zenbatekoak finkatzeko irizpide hauen arabera:

Jarduketa mota

Jarduketaren kostutik diruz lagun ­daitekeen gehieneko ehunekoa

Laguntzaren gehieneko ­zenbatekoa (eurotan)

Amiantoa duten materialak kentzeko lanak (1)

%90

20.000

(1) Materialak kentzeko lan horietan honako hauek sartzen dira: Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak onetsitako lan plana egitea, bertan adierazitako lan guztiak, material horren garraioa eta xedeko kudeatzailearen instalazioan tratatzeko kostua.

5. oinarria.–Eskaerak eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko urriaren 30ean bukatuko.

Dirulaguntzen eskaera eta eman beharreko agiri guztiak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez. Eskaeren tramitazioa errazteko, eskatzaile posibleen eskura jarri da Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro elektroniko orokorrean sartzeko esteka bat egonen da, eta, identifikatzeko, beharrezkoa izanen da webgunea edo haren pareko bitartekoa kautotzeko ziurtagiri onartuak edo kualifikatuak izatea, edo sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutako zigilu elektroniko bat izatea.

2. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira (eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta):

a) Eskaera-orria (I. eranskina).

b) Lan plana onesten duen ebazpena.

c) Eskatzen den dirulaguntzaren xedeko lanen aurrekontu xehatua; lan plana egitea eta eraispen-lanak, honako hauek adierazita: amiantoa duten estalkien m² kopurua, hornitzailea, faktura-zenbakia eta faktura horretatik zenbateko ehunekoa dagokien lan horiei, baita materiala xedeko kudeaketa-instalaziora bidaltzearekin eta tratatzearekin lotutako gastuak ere.

d) Hala badagokio, amianto-hondakinen garraioa identifikatzeko dokumentuak, xedeko kudeatzaileak baliozkotuak.

e) Aurreko aurrekontuan sartutako ordainketen fakturak eta transferentzia.

Ordainketen justifikazioak argi eta behar bezala frogatu beharko dira (faktura bakoitza eta onuraduna identifikatuta). Nolanahi ere, ordainketa efektiboa atal honetan adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen egin beharko da.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoa betetzeko, erakunde onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatu duela. Horretarako, dirulaguntzaren xede diren ondasun edo zerbitzuen 2 eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez, azkenean eskuratu direnen antzeko ezaugarriak dituztenak.

f) Emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskinaren araberakoa.

g) Gardentasun Legea betetzeari buruzko III. eranskina betetzea.

6. oinarria.–Instrukzio organoa.

1. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari dagokio prozeduraren instrukzioa, eta hark berrikusiko ditu eskaera guztiak eta aurkeztutako dokumentazioa.

2. Eskaerak oinarri arautzaile hauetan eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez badu, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio, hamar (10) egun balioduneko epe luzaezinean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatuta, akatsa zuzen dezan edo aginduzko agiriak aurkez ditzan, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela eta beste tramiterik gabe artxibatuko dela, horretarako emanen den ebazpenaren arabera.

3. Eskaerak berrikusi eta zuzenketak egin ondoren, baldintza guztiak betetzen dituzten eta beharrezko dokumentazioa erantsi duten administrazio espedienteak baloratuko dira. Oinarri hauetan edo aplikatzekoa den araudian jasotako eskakizunak betetzen ez badituzte edo behar den dokumentazioa ez badute, tramitera ez onartzeko edo ukatzeko ebazpena emanen da, kasu bakoitzean gertatzen den egoeraren arabera.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio sistemaren bidez emanen dira, eskaerak aurkezteko ordenari zorrozki jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta osoki ordainduko dira baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak, kreditu erabilgarria agortu arte.

2. Deialdi honetako dirulaguntzak "minimis laguntzak" dira, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko modua zehaztea (2831. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2023ko abenduaren 15ekoa), eta bertan ezartzen da Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati gehienez 300.000 euroko minimis laguntza ematen ahal diola hiru urteko epean.

3. Minimis laguntzak emantzat hartuko dira enpresari onartzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea, kasuan-kasuan aplikatzekoa den araubide juridiko nazionalaren arabera, kontuan hartu gabe enpresari zein egunetan ordaintzen zaion minimis laguntza.

4. 2. atalean ezarritako gehieneko muga aplikatuko da edozein dela ere minimis laguntzaren forma edo laguntza horrek lortu nahi duen helburua, eta kontuan hartu gabe estatu kideak emandako laguntza guztiz edo partzialki finantzatzen den Batasunaren baliabideen bidez.

5. 2. atalean ezarritako gehieneko mugaren ondorioetarako, laguntzak eskudiruzko dirulaguntza gisa adieraziko dira. Erabiltzen diren zifra guztiak zenbateko gordinak izanen dira, hau da, zergak eta bestelako kargak kendu aurretikoak. Laguntza ematen bada dirulaguntza gisa ez den beste modu batean, laguntzaren zenbatekoa izanen da haren baliokidea den dirulaguntza gordina.

6. Epe batean baino gehiagotan ordaindu beharreko laguntzen kasuan, ematen diren unean duten balioaren arabera eguneratuko dira. Eguneratzeetan erabili beharreko interes-tasa laguntza ematen den unean aplikatzekoa den eguneratze-tasa izanen da.

7. Minimis laguntza gehiago emateagatik 2. atalean ezarritako gehieneko muga gaindituz gero, laguntza berri horiek ezin izanen dira bildu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendura.

8. oinarria.–Antolaketa eta instrukzioa.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Hondakinen Atalari esleitzen zaizkio laguntzak emateko prozeduraren antolamendu- eta instrukzio-eginkizunak. Eskaeren ebaluazioa ofizioz eginen du, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat.

9. oinarria.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

1. Onuradunak jarduketa gauzatu duela eta aurreko ataletan eskatutako dokumentazio guztia ezarritako epearen barruan aurkeztu duela egiaztatu ondoren, laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren zuzendariak proposatuta. Ebazpena gehienez ere 2 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Bi hilabeteko epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, behar den errekurtsoa aurkeztu ahal izateko.

2. Ebazpen horretan bertan aginduko da dirulaguntza ordaintzeko.

10. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

Dirulaguntza jasotzen duten erakundeek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz laguntzen den inbertsioa oinarri hauetan ezarritako moduan egin eta justifikatzea.

b) Jasotako dirulaguntzari buruzko publizitate aktiboa egitea.

c) Diruz lagungarriak ez diren inbertsioen eta gastuen finantza karga beren gain hartzea.

d) Kontabilitate sistema bereizi bat edukitzea, edo kontabilitate kode egoki bat, proiektuarekin zerikusia duten transakzio guztiei dagokienez.

e) Ekipo ondasunak edo ondasun higiezinak diruz laguntzen badira, ondasun horiek onuradunaren ondarean egon beharko dute, dirulaguntzaren xedeari atxikita, gutxienez zazpi urtez, erregistro publiko batean inskribagarriak badira, edo bi urtez, gainerako ondasunen kasuan, 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera (4. eta 5. apartatuak).

f) Dirulaguntzaren ondoriozko harremanak iraun artean, neurriak ezartzea honelako helburu sozialak lortzeko: desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketan dauden edo hura jasateko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna; laneko eta familiako bizitza eta norberarena bateragarri egitea; lan eta soldata baldintzen hobekuntza; profesional gazteen parte-hartzea eta langileen erakunde edo sozietate txikien parte-hartzea; enplegu-zentro bereziekin eta laneratze enpresekin azpikontratatzea; irizpide etikoak eta gizarte erantzukizunari lotuak, dirulaguntzaren xedeko jarduerari dagokionez; prestazioa eman behar duten langileen prestakuntza, osasun babesa eta parte-hartzea; edo antzeko beste batzuk.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan onuradunentzat ezarritako gainerako betebehar orokorrak betetzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta aurreko puntuetan aipatutako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdurik, diru kopuru horiek askatzen badira, beste erakunde onuradun batzuei dirulaguntza emateko erabiltzen ahalko dira; alegia, dagokien zenbateko diruz lagungarria osorik jaso ezin izan dutenei.

11. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste dirulaguntza batzuekin, izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko edo pribatuek emanak nahiz partikularrek emanak, Espainiakoek nahiz nazioartekoek.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

12. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka administrazio errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

13. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, dirulaguntza zer programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru-kopurua eta dirulaguntzaren helburua.

14. oinarria.–Gardentasuna, informazio publikorako sarbidea eta gobernu ona.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako erakundeak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo betetako aurrekontua.

b) Kasua bada, organo eskudunak erakundeari onartutako aurrekontua edo negozio-zifra, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretakoa.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten erakundeek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Erakundearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda eta dedikazio araubidea.

c) Erakundeak kargudun bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinak eta gainerako konpentsazio ekonomikoak, kontzeptuen arabera banakatuak, eta urteko kontuak, hauek jendaurrean erakutsi ahal izateko.

Informazio hori erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, 15 hilabeteko mugarekin informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, erakunde onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Erakundeak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

I. ERANSKINA.–DIRULAGUNTZA ESKAERA

Izen-deiturak:

IFZa:

EJSNa:

Helbidea:

Herria:

PKa:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

Erakunde hau ordezkatuz:

Erakundearen izena:

IFZa:

Egoitza soziala:

Herria:

PKa:

Probintzia:

Telefonoa:

Helbide elektronikoa:

EGIAZTATZEN DU:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13 artikuluko betebeharren gaineko aitorpena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrei dagokienez, adierazten dut ez dudala artikulu horretan onuradun izateko ezarri diren debekuetako bakarrik ere.

2. Beste dirulaguntza eta minimis laguntza batzuk jaso izanaren adierazpena.

Enpresak aurkeztutako proiekturako bestelako laguntzarik edo dirulaguntzarik eskatu eta/edo jaso duen dioen adierazpena. Hala bada, jasotako zenbatekoak eta nondik jaso dituen zehatz-mehatz adieraziko da.

Halaber, egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotako bestelako minimis laguntzen adierazpena, 14. oinarriko araudiaren arabera. Jasotako laguntza minimis laguntzatzat hartzearen gainean zalantzarik edukiz gero, deialdiaren foru aginduan kontsultatzen ahal da, edo kontsulta egin organo kudeatzaileari.

Eskatutako dirulaguntzaren xedeari buruz, zera adierazten dut:

ERAKUNDEA

KONTZEPTUA

EMANDAKO ZENBATEKOA

3. Baimena.

Baimena ematen diot Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari dirulaguntzen ebazpen proposamena egiten denean egiazta dezan zerga guztiak ordainduta eta Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dauzkadala.

.........................................(e)n, ...........(e)ko ......................... aren ..............(e)(a)n.

ESKATZAILEA,

Sinatua:

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA, EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN ERAGINGARRIAREN ARLOAN INDARREAN DAGOEN ARAUDIAN EZARRITAKO BETEBEHARRAK BETETZEARI BURUZKOA

...................................................................... jaunak/andreak, ......................... NAN zenbakidunak, ............................................. erakundearen izenean eta hura ordezkatuz (IFZa: ..............................., helbidea: ....................................................................................), ............................................... dirulaguntzen deialdiaren esparruan, ...................................................................... proiekturako laguntzak eskatzearen ondorioetarako,

ADIERAZTEN DUT:

Lehena.–Erakundeak betetzen dituela lan eta gizarte arloan indarrean dauden xedapen guztiak, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarriaren arloan indarrean daudenak ere.

Bigarrena.–Ordezkatzen dudan pertsonak edo erakundeak ez duela zigorrik jaso arau-hauste oso astunagatik, eta ez dela kondenatua izan, administrazio ebazpen edo epai judizial irmo baten bidez, berdintasunari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik, zeinak jasota baitaude Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan edo aplikatzekoa den hitzarmenean.

Hirugarrena.–Enpresak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoa betez,

Berrogeita hamar langile edo gehiago dituela, eta betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluak ezartzen duena.

Berrogeita hamar langile baino gutxiago dituela eta, aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezartzen den bezala, betetzen duela berdintasun plan bat egiteari eta aplikatzeari buruz 3/2007 Lege Organikoaren 45.3 artikuluak ezartzen duena.

3/2007 Lege Organikoaren 45.5 artikulua aplikatuz, enpresa ez dagoela beharturik berdintasun plan bat egitera eta ezartzera.

Laugarrena.–Aurkeztutako proiektuaren esparruan egindako ekintzek, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa betez, foru lege horretan jasotako neurriak bultzatzen dituztela:

–Langileei dagokienez, tratu berdintasunaren, aukera berdintasunaren eta aniztasunarekiko eta diferentziarekiko errespetuaren printzipioen arabera jokatuz.

–Jarduketetan genero-ikuspegia eta ekintza positiboa txertatuz eta sexuaren araberako rol eta estereotipoak baztertuz.

–Zuzendaritza organoak osatzeko, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzen saiatuz.

–Mota orotako euskarrietan, sexistak ez diren hizkera eta irudiak erabiliz.

............................................................(e)n, 20...(e)ko ..........................aren ......(e)(a)n.

ESKATZAILEA,

Sinatua:

III. ERANSKINA.–GARDENTASUN BETEBEHARRARI BURUZKO ADIERAZPENA

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (PDF).

Organoen osaketari eta dedikazioari buruzko adierazpena (PDF).

Karguen ordainsariei buruzko adierazpena (PDF).

Iragarkiaren kodea: F2411759