1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
69/2024 Foru Agindua, abuztuaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zenbait muga ezartzen dituena prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilerari dagokionez, zerealen 2024-2025eko kanpainak iraun bitartean.
Landare Osasunari buruzko martxoaren 30eko 4/2007 Foru Legearen 30. artikuluak xedatzen duenez (babes fitosanitariorako baliabideen mugak), arlo horretan eskuduna den departamentuak Estatuko Administrazio Orokorrari proposatuko dio baimendutako produktu bati zenbait muga jar diezazkiola, hura merkaturatzea eta erabiltzea murrizteko edo debekatzeko, baldin eta funtsezko arrazoiak badaude ondorioztatzeko produktu hori gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako arriskugarria izan daitekeela; eta egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario bat edo babes fitosanitariorako beste baliabide bat erabiltzea arriskugarria dela gizakien zein animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen da produktu horren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.
Nafarroako Foru Komunitatean produktu fitosanitarioen erabilera kontrolatzeko programa ofizialaren esparruan egindako kontroletan atzeman zen 2015ean prosulfocarb materia aktiboa zegoela olioa ekoizteko olibetan. Materia aktibo hori ezin da olibondoetan erabili, eta olibetan halakorik badago, elikadura-erabileratik kanpo uzten dira. Egindako kontrolen emaitzak azterturik, jakin da zein den olibetan atzemandako prosulfocarb horren jatorria: neguko zerealak lantzean materia aktibo hori duten herbizidak erabili ohi dira.
Landare Osasunari buruzko martxoaren 23ko 4/2007 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du ezen, baldin egiaztatzen edo arrazoibidez susmatzen bada produktu fitosanitario baten edo babes fitosanitariorako beste baliabide baten erabilera arriskugarria dela gizakien edo animalien osasunerako edo ingurumenerako, bidezkoa izanen dela haren erabilera aldi baterako etetea edo arautzea.
Irailaren 20ko 969/2016 Ebazpenaren bidez debekatu zen, 2016-2017ko zerealaren kanpainari begira, formulatuetan prosulfocarb substantzia zuten produktu fitosanitarioak aplikatzea bildu gabeko olibadietatik 100 metrora baino gutxiagora; hori beste neurri batzuen artean. Horrez gain, gomendio-sorta bat onetsi zen produktua jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua ekiditeko, eta prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onetsi zen.
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren irailaren 18ko 341/2017 Foru Aginduak eta urriaren 2ko 241/2018 Foru Aginduak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 17ko 14/2019 Foru Aginduak, irailaren 22ko 164/2020 Foru Aginduak, uztailaren 30eko 137/2021 Foru Aginduak, abuztuaren 30eko 118/2022 Foru Aginduak eta irailaren 21eko 16/2023 Foru Aginduak berriz ere mugak ezarri zizkioten prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioak neguko zerealen laborantzan erabiltzeari, eta udalerri eta eskualde jakin batzuetan debekatu egin zen halakoak erabiltzea harik eta, oliba biltzeko kanpaina amaitzear egoteagatik, arrisku txikia egon arte.
Nekazaritza Zerbitzuak 2023ko azaroan eta abenduan eta 2024ko urtarrilean egindako kontrolek berretsi dute beste behin ere prosulfocarb substantziaren erabilera mugatzea eraginkorra dela, eta muga horiek hurrengo kanpainarako mantentzea gomendatzen dute, oliben egokitasuna, Nafarroako olioaren ekoizpena eta elikadura-segurtasuna bermatzeko.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu egitura onesten duen abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen erabilera arautzea.
Prosulfocarb materia aktiboa duten produktu fitosanitarioen aplikazioa aldi baterako etetea, foru agindu honek indarra hartzen duenetik 2024ko abenduaren 15era, honako eskualde eta udalerri hauetan:
–III. eskualdea: Udalerri hauek: Añorbe, Tirapu, Obanos, Eneritz, Gares, Legarda, Uterga, Adios, Muruzabal, Biurrun-Olkotz, Ukar, Girgillao eta Artazu.
–IV. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak, Marañón, Genevilla, Cabredo, La Población-Meano, Zuñiga, Lana, Larragoa, Aranaratxe, Eulate eta Ameskoabarrena izan ezik.
–V. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
–VI. eskualdea: eskualdeko udalerri guztiak.
–VII. eskualdea: Ebro ibaiaren eskuinaldeko lurzatiak.
Gainerako eskualde, udalerri eta eremuetan, data beretan, uzta bildu gabe duten olibadietatik gutxienez 100 metroko tartea utzi beharko da.
Nafarroako nekazaritza-eskualdeen lurralde banaketari eta horietako bakoitzak biltzen dituen udalerri eta lurraldeei dagokienez, 1998ko martxoaren 2ko Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio, horren bidez aditzera eman baitzen Nafarroako nekazaritza-eskualdeen banaketa.
2. artikulua. Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onestea, baita hurbileko laboreak ez ukitzeko gomendioak ere.
Prosulfocarb substantziaren erabilera kontrolatzeko plan espezifikoa onesten da zerealen laborantzako 2024-2025 kanpainarako, foru agindu honetako I. eranskinean zehaztuta, eta gomendio batzuk onesten dira II. eranskinean zehaztutako produktu fitosanitarioak aplikatzean horiek jitoan ibiltzeagatik ingurua kutsatzeko arriskua ekiditeko.
3. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen araubidea.
Foru agindu honen 1. artikulua betetzen ez bada, Landare Osasunari buruzko azaroaren 20ko 43/2002 Legearen IV. tituluko I. eta II. kapituluetan arau-hausteei eta zehapenei buruz xedatutakoari jarraikiko zaio.
4. artikulua. Esperimentazio eta aholkularitza jarduketak.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, zuzenean edo Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) bidez, nekazarientzako aholkularitza eta esperimentazio jarduketak eginen ditu, prosulfocarb substantzia duten produktu fitosanitarioen alternatibak bilatzeko.
5. artikulua. Babes fitosanitariorako baliabideen murriztapenei buruzko komunikazioa.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari proposatzen zaio berriz azter ditzala prosulfocarb substantzia duten produktu fitosanitarioak baimentzeko baldintzak.
6. artikulua. Indarrea hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 27an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José M.ª Aierdi Fernández de Barrena.
Iragarkiaren kodea: F2412579