177. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASCANTE

Ordenantza fiskala, kontribuzio bereziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Cascanteko Udalak, 2024ko ekainaren 13an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Kontribuzio bereziak arautzen dituen ordenantza. Hasierako onespenaren iragarkia 2024ko 135. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 2an.

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsirik gelditzen da, eta argitara ematen da haren testua, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Cascanten, 2024ko abuztuaren 19an.–Alkate udalburua, Alberto Añón Jiménez.

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluaren 8. ataleko 109.etik 120.era bitarteko artikuluetan, biak barne, xedatutakoaren babesean ezarri da ordainarazpen hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Honako hau da kontribuzio berezien zerga-egitatea: subjektu pasiboak onura bat edo bere ondasunen balio gehitze bat erdiestea Udalak herri lanak egitearen ondorioz edo zerbitzu publikoak ezarri edo handitzearen ondorioz.

3. artikulua.

1) Honako hauek hartuko dira Udalaren obra eta zerbitzutzat:

a) Udalak bere eskumenen esparruan esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko egiten dituenak, salbu eta bere ondareko ondasunen jabe titular gisa egiten dituenak.

b) Udalak beste entitate publikoren batek esleitu edo eskuordetuta egiten dituenak eta legeari jarraikiz titulartasuna bere gain hartuta egiten dituenak.

c) Udalak dirulaguntza emanik bertze entitate publikoren batek edo haien kontzesiodunek egiten dituztenak.

2) Aurreko zenbakiko a) letran sartzen direnak Udalaren esparruko lan edo zerbitzutzat joko dira nahiz eta haien egileak izan kapital soziala osorik Udalarena duten erakunde autonomo edo merkataritza elkarteak, edo Udalak dirulaguntza emandako kontzesiodunak edo zergadunen administrazio elkarteak.

4. artikulua. Kontribuzio berezien aldera bildutako zenbatekoak bakar-bakarrik erabil daitezke, zein obra edo zerbitzurengatik eskatu diren, haiexen gastuak ordaintzeko.

Subjektu pasiboa

5. artikulua.

1) Kontribuzio berezien subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, unitate ekonomikoa edo ondare banatua osatzen dutenak, haiek ordaintzera behartuak, obrak egiteagatik edo Udalaren zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik onura berezia jasotzen badute.

2) Onura berezien hartzailetzat jotzen dira:

a) Kontribuzio berezia delarik ondasun higiezinak ukitzen dituzten obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien jabeak.

b) Kontribuzio berezia delarik enpresa ustiapenen ondorioz obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik, haien titular diren pertsona edo erakundeak.

c) Kontribuzio berezia delarik su-itzaltze zerbitzuak handitu edo hobetzeagatik, ukitutako ondasunen jabeak eta, gainera, arlo horretan udalerrian diharduten aseguru konpainiak.

d) Kontribuzio berezia delarik lurpeko galeriak egiteagatik, haiek erabili behar dituzten hornidura enpresak.

3) Jabetza horizontalaren araubideko kasuetan, jabeen erkidegoko ordezkaritzak udal administrazioari emango dizkio jabekideen izenak eta erkidego horretan bakoitzak duen parte-hartzearen koefizientea, banakako kuotak igor ditzan. Horrela egiten ez bada, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko da, eta erkidegoak berak egingo duela banaketa.

Zerga-oinarria

6. artikulua.

1) Gehienez ere, obrak egiteagatik edo zerbitzuak ezarri edo handitzeagatik Udalak pairatzen duen kostuaren %90ak osatuko du kontribuzio berezien zerga-oinarria. Udalak, antolatzeko erabakia hartzean, kasu bakoitzean aplikatu beharreko portzentajea finkatuko du.

2) Kostu hori honako kontzeptu hauek osatuko dute:

a) Peritu lan, proiektu prestatze eta obra zuzentze, plan eta egitarau teknikoen kostu benetakoa.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak ezarri edo handitzeko lanen zenbatekoa.

c) Lan edo zerbitzuek etenik gabe okupatu behar dituzten lurren balioa, non eta erabilera publikoko ondasunak ez diren, edo Udalari dohainik eta nahitaez emandako lurrena edo Estatuak nahiz Nafarroako Foru Komunitateak Udalari emandako eraikinena.

d) Eraikinak lurreratu eta laborantzak, obrak edo instalazioak desegiteagatik ordaindu behar diren kalte-ordainak, baita lurreratu edo okupatu beharreko ondasunen errentariei dagozkienak ere.

e) Zerbitzu eta obretan inbertitu den kapitalaren interesa, Udalak kreditura jo behar duenean kontribuzio bereziek ez dutelako kostu osoa berdintzen edo, berdinduta ere, kontribuzioak orokorki zatikaturik daudelako.

3) Obra edo zerbitzuetarako aurrekontuak jarritako kostu osoa aurreikuspen hutsa izango da. Benetako kostua handiagoa edo txikiagoa izatera, hura hartuko da dagokion kuota kalkulatzeko.

4) Obra edo zerbitzuak direlarik 3.1 artikuluko c) letrak aipatzen dituenetakoak, edo artikulu horrexetako 2) zenbakiak aipatzen dituenetakoak, Udalak diru-laguntza emanda kontzesiodunek egindakoak alegia, kontribuzio berezien zerga-oinarria finkatzeko, diru-laguntza horien zenbatekoa hartuko da kontuan; horrek ez du ukatzen beste administrazio publikoek lan edo zerbitzu horrexengatik ezar ditzaketenak ukatu gabe. Nolanahi ere, artikulu honen lehen zenbakian aipatzen den muga begiratuko da, %90 alegia.

5) Zerga-oinarria finkatzeko, hau izango da udal administrazioak bere gain hartutako kostua: kostu osoaren zifrari udal administrazioak erdiesten dituen diru-laguntzak kenduz ateratzen den zenbatekoa.

6) Dirulaguntza edo laguntza hori kontribuzio bereziaren subjektu pasibo batek emana bada, haren zenbatekoak pertsona edo erakunde horren kuota konpentsatzea izanen du lehen helburua. Dirulaguntzaren edo laguntzaren balioa kuota hori baino handiagoa bada, soberakinak gainerako subjektu pasiboen kuotak gutxitzeko hainbanatuko ditu.

Kuota

7. artikulua. Kontribuzio berezien zerga-oinarria subjektu pasiboen artean banatuko da, obra eta zerbitzuak zer motatakoak eta nolakoak diren kontuan hartuz eta arau hauei jarraikiz:

a) Oro har, lurzati bakoitzaren eraikigarritasuna aplikatuko da. Dena den, 2/1995 Foru Legean jasotako inguruabarretako bat aplikatzen ahalko da, baina horretarako justifikatu beharko da.

b) Su-itzaltze zerbitzua ezarri, handitu edo hobetu beharra delarik, udalerrian dauden ondasunengatik arriskua estaltzen duten entitate edo sozietateen artean eginen da banaketa, aurre-aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan egin ere. Subjektu pasibo bakoitzari eskatuko zaion kuota baldin bada berak bildutako primen %5 baino handiagoa, gaindikina hurrengo ekitaldietara pasako da, erabat amortizatu arte.

c) Ordenantza honetako 5. artikuluko 2. zenbakiko d) apartatuan aipatzen diren obren kasuan, haiek erabili behar dituzten konpainia edo enpresen artean banatuko da kontribuzio bereziaren zenbateko osoa, bakoitzari erreserbatzen zaion espazioaren arabera edo haien osotarako sailarekiko proportzioan, nahiz eta berehala erabiltzekoak ez izan.

8. artikulua. Lege edo hitzarmen nazioartekoek onura fiskalak ematen badituzte, onuradunei egokitzen zaizkien kuotak ez dira banatuko beste zergadunen artean.

9. artikulua. Ordaindu beharreko kuota finkatu delarik, Udalbatzak zilegi izanen du, subjektu pasiboak hala eskatuta, kuota zatikatu edo gerokotu dadin agintzea gehienez bost urtez.

Tributuaren sortzapena

10. artikulua.

1) Obrak gauzatzen diren unean berean edo zerbitzua ematen hasten denean gertatzen da kontribuzio berezien sortzapena. Obrak zatikatzea zilegi baldin bada, tarte edo zatiki bakoitza burutu denetik izango da sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat.

2) Aurreko zenbakian xedatu dena ukatu gabe, ezartzeko eta antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik, Udalak zilegi izango du eskatzea aurrez ordain daitezela kontribuzio bereziak, hurrengo urterako ezartzen den kostuaren arabera. Aurrerakina zer obratarako eskatu zen, hura burutu ez bada ez da zilegi izanen beste urte batekoa aurreratzeko eskatzea.

3) Kontribuzio berezien sortzapen unea kontuan hartuko da ordaintzera nor beharturik dagoen finkatzeko 5. artikuluaren arabera, nahiz eta antolatzeko erabaki zehatzean beste subjektu pasibo bat agertu, hura onetsi zen datan hala zena alegia, eta kuoten ordainketa berak aurreratu bazuen ere, artikulu honetako 2. zenbakian xedatzen denarekin bat. Antolatzeko erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa ageri den pertsonak jakinaren gainean egon eta ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gainean dituen eskubideak eskualdatzen baditu, erabaki hori onestetik hasi eta sortzapena gertatu arteko epean, egin den eskualdatzearen berri eman beharko dio Udalari eskualdatzearen datatik hasi eta hilabeteko epean, eta hala egiten ez badu, administrazio horrek zilegi izango du espedientean subjektu pasibo gisa ageri zenaren kontra bideratzea kobratzeko ekintza.

4) Obrak osorik nahiz partez burutu direlarik, edo zerbitzua ematen hasi delarik, subjektu pasiboak, oinarria eta kuota indibidualizatu behin betikoak seinalatuko dira, bidezko likidazioak igorriko eta aurreratuta egon litezkeen ordainketak konturako entrega gisa konpentsatuko. Udalak egingo du behin betiko zehaztapen hori, obra edo zerbitzuari dagokion tributua antolatzeko erabaki zehatzaren arauei jarraituz.

5) Ordainketa aurreratuak tributua sortu zen egunean subjektu pasibo ez diren pertsonek egin badituzte, edo berez tokatzen zaien kuota indibidual behin betikoaz gora egiten badute, udal administrazioak bere kabuz egingo du behar den itzulketa.

Ezarpena eta antolamendua

11. artikulua.

1) Kontribuzio bereziak ordainarazteko, kasu bakoitzean hura ezartzeko erabakia hartu beharko da aldez aurretik.

2) Kontribuzio berezien bidez ordaindu beharreko obraren bat egin edo zerbitzuren bat ezarri edo handitzeko erabakia betearazi aurretik, beharrezkoa izanen da kontribuzio horien ordenazio zehatza onestea.

3) Antolatzeko erabakia nahitaez hartu beharrekoa izango da eta obra eta zerbitzuen kostu zenbatetsia finkatu beharko du, baita onuradunen artean banatu beharreko zenbatekoa eta banaketa irizpideak ere. Antolatzeko erabaki zehatzak ordenantza honi egingo dio aipua.

4) Behin kontribuzio bereziak antolatzeko erabaki zehatza hartu delarik eta ordaindu beharreko kuotak zehaztu, subjektu pasibo bakoitzari jakinaraziko zaizkio kuota horiek, baldin subjektua edo haren helbidea ezagunak badira; bestela, ediktu bidez. Interesdunek zilegi izango dute errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen bederatzigarren tituluko II. kapituluak ezartzen duen moduan.

12. artikulua.

1) Udalaren eskumeneko obrak eta zerbitzuak Udalak beste toki entitate baten laguntzarekin egiten dituenean, eta baldin kontribuzio bereziak ezartzen badira foru arauetan xedatzen denaren arabera, obra egitea edo zerbitzuak ezartzea bere gain hartzen duen entitatea arduratuko da kontribuzio horiek kudeatu eta biltzeaz, nahiz horrek ez duen galarazten entitate bakoitzak dagokion eskumena atxikitzea, ezartzeko eta antolatzeko erabakiei dagokienez.

2) Entitate horietako batek onesten ez badu antolatzeko erabaki zehatza, jarduketa unitatea baliogabetuko da eta haietako bakoitzak bakarka hartuko ditu behar diren erabakiak.

Herritarren lankidetza

13. artikulua.

1) Lanek ukitutako jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboa sortzen ahal dute, Udalak obrak egin edo zerbitzuak paratu edo handitu ditzan sustatzeko, konpromisoa hartuz, obra edo zerbitzua zein izan, dagokien zatia ordaintzeaz gain, hari dagokion zatia ere ordaintzeko, Udalaren finantza egoera larria denean.

2) Orobat, Udalak sustatutako lanak egitean edo zerbitzuak ezartzean edo handitzean, ukituriko jabe edo titularrek zergadunen elkarte administratiboak sortzen ahal dituzte, kontribuzioak antolatzeko erabakia jendaurrean egon artean, Udalak aurretik erabakita eginen den obran edo zerbitzuan parte hartzeko.

3) Zergadunen elkarteen funtzionamendu eta eskumenak haien estatutuetan xedatzen direnak izango dira. Estatutuak Udalak onetsi beharko ditu. Nolanahi dela ere, zergadunen elkarteak gehiengo osoz hartzen dituen erabakiak, ukitutako jabetzaren bi herenak biltzen baldin badituzte, lotesleak izango dira gainerakoentzat. Elkarteak, behar den quoruma bildurik, zuzendaritza batzordea izendatzen baldin badu, horrek hartutako erabakiak lotesleak izango dira interesdun guztientzat.

14. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren zergadunen elkarte administratiboak sortu ahal izateko, ukitutakoen erabateko gehiengoaz hartu beharko da erabakia; ordaindu beharreko kuoten bi herenak biltzen baldin badira edo, kuotak zehaztu gabe izanez gero, ukitutako jabetzaren bi herenak.

Azken xedapena.

Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan, eta indarrean segituko du berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte. Ordenantza fiskal hau zati batean aldatuz gero, aldatzen ez diren artikuluek indarrean segituko dute.

Iragarkiaren kodea: L2412150