177. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 30a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa, honako ordenantza honetan: Udal ordenantza, hirigintza-jarduketei lotutako hirigintzako betebeharrak gauzatzea ezinezkoa izateagatik eman beharreko diruaren kalkulua arautzen duena. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2024ko martxoaren 27an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea aldaketa bat honako ordenantza honetan: Udal ordenantza, hirigintza-jarduketei lotutako hirigintzako betebeharrak gauzatzea ezinezkoa izateagatik eman beharreko diruaren kalkulua arautzen duena. Iragarkia 2024ko 83. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, apirilaren 23an.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, eta testu osoa argitaratzen, eraginkortasun juridikoa izan dezan; hori guztia, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Burlatan, 2024ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, Berta Arizkun González.

UDAL ORDENANTZA, HIRIGINTZA-JARDUKETEI LOTUTAKO HIRIGINTZAKO BETEBEHARRAK GAUZATZEA EZINEZKOA IZATEAGATIK EMAN BEHARREKO DIRUAREN KALKULUA ARAUTZEN DUENA

ZIOEN AZALPENA

Hiri-lurzoruko eta lurzoru urbanizagarriko hirigintza-jarduketetan, jabeek legezko betebehar batzuk dituzte. Izan ere, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzaren Legearen testu bategina onesten duen 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluetan ezartzen dira. Besteak beste, espazioak laga behar dituzte komunitate-ekipamendu, parke, lorategi, aparkaleku eta bestelako zuzkidura publikoetarako.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bateginaren 55. artikuluan ezartzen dira, oro har eta gutxienez, erabilera horietara zuzendu behar diren espazioak.

Haatik, hiri-lurzoru finkatuko zuzkidura-jarduketarik gehienetan, lagapen horiek ezin dira fisikoki gauzatu. Halaber, jarduketa sistematiko batzuen izaera edo konfigurazioa dela eta, batzuetan ez da posible osorik lagatzea artikulu horretan ezarritako betekizunak.

Horregatik Burlatako Udalak erabaki du balio ekonomiko homogeneo eta objektibo bat finkatzea hirigintzako betebeharrak diru emanez betetzeko, lurzoruan fisikoki gauzatzea ezinezkoa denean. Definizio horrek herriko lurzoru guztiak berdintzen ditu, eta aukera berak ematen dizkie, ordenantza indarrean jarri ondoren jarduketa guztiek legeak ezarritako lagapenak bete beharko dituztelako ordenantzan araututakoaren arabera. Modu horretan saihesten da lehenbizi gauzatzen diren jarduketak, argudiaturik herrian zuzkidura gehiegi daudela, lagapena egitetik salbuesteko aukera; izan ere, salbuespen hori behin eta berriz onartuz gero, zuzkidurek gainezka eginen lukete eta zuzkidura-eragiketa berriak guztiz ezinezkoak lirateke.

Bestetik, ordenantzak aukera ematen du kudeaketako hirigintza hitzarmena sinplifikatzeko, aski izanen baita ordenantza honen eranskinean agertzen den ereduzko hirigintza hitzarmenari atxikitzea, eta modu horretan zuzkidura-eragiketen tramitazioa erraztuko da. Izan ere, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 25. artikuluaren arabera, hitzarmena nahitaezkoa da lagapena egiteko betebeharra diru emanez betetzeko. Beraz, hiri-jarduketarako plan berezia tramitatzetik salbuetsitako zuzkidura-jarduketetan, lagapena egiteko hirigintzako obligazioak betetzeko, aski izanen da ordainketa egitea eta, obra-lizentzia eskatzeko unean, ereduzko hirigintza hitzarmenari atxikitzeko berariazko adierazpena aurkeztea.

Ordenantza honen bidez Burlatako Udalak arau-esparrua ezarri nahi du hirigintzako kudeaketa teknikaren eta balorazio tekniken arteko erlaziorako, balorazio-txostena oinarri harturik, hirigintzako betebeharra diru emanez bete behar denerako.

Lortutako diru-sarrerak udalaren lurzoru-ondarera pasatuko dira, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 230.2 artikuluan ezarritako xedeetara egiazki zuzentzeari atxikirik. Hona hemen xede horiek: udalaren lurzoru-ondarea zaindu eta hedatzea; urbanizazio obrak egitea; sistema orokorrak eskuratu eta gauzatzea; ekipamendu kolektiboak edo udal erabilera publikoko beste instalazio batzuk eraikitzea; ekimen publikoko eragiketak, hala eraikinak birgaitzekoak nola hiri-berroneratze eta -berrikuntzakoak, bai eta ekimen pribatuari xede berarekin laguntzak ematea ere; ordezko bizitokia emateko eta etxera itzultzeko gastuak; eta eraikinak erostea eta/edo birgaitzea babestutako etxebizitzak edo ekipamendu publikoak egiteko.

XEDEA ETA EREMUA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da arautzea nola kalkulatuko den hirigintza-jarduketei lotutako hirigintzako betebeharrengatik eman beharreko dirua horiek gauzatzea ezinezkoa denean.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie edozein lurzoru motatan garatu beharreko hirigintza-proiektuei, haietatik datozen hirigintzako betebeharrak gauzatu ezin direnean eta, ondorioz, diru emanez bete behar direnean.

Monetizazioak ordenantza honen seigarren kapituluko prozedurari jarraituko dio.

LEHEN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, SISTEMA OROKORRAK HANDITZEKO LAGAPENEN ORDEZ

3. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluei lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, espazio libre publikoen sistema orokorrerako lagapenari dagokionez (15 m², bizitegi-erabilerako eraikitako 100 m²-ko).

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzea.

–Bizitegi-erabilerako dentsitatea handitzea.

–Bizitegi-erabilera izatera aldatzea.

4. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

1. Bizitegi-azalera berriari lotutako sistema orokorreko erreserba kalkulatuko da:

SOko azalera = (15/100) × bizitegi-erabilerako eraikitako azaleraren gehikuntza

2. Lortutako azalera biderkatuko da balio-areako bizitegi-erabilerako lurzoruaren eragin-balioaren %10ari dagokion balioagatik; horretarako, kontuan hartuko da eskabidea egiteko unean Burlatako Udalean indarrean den balorazio-txostenean jasota dagoen balioa.

BIGARREN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, TOKI-ZUZKIDURETARAKO LAGAPENAREN ORDEZ

5. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluei lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, toki-zuzkiduretarako lagapenari dagokionez (115 m², bizitegi-erabilerako eraikitako 100 m²-ko).

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handitzea.

–Bizitegi-erabilerako dentsitatea handitzea.

–Bizitegi-erabilera izatera aldatzea.

6. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

3. Bizitegi-azalera berriari lotutako toki-zuzkidurako erreserba kalkulatuko da:

ZLko azalera = (50/115) × bizitegi-erabilerako eraikitako azaleraren gehikuntza

4. Lortutako azalera biderkatuko da balio-areako bizitegi-erabilerako lurzoruaren eragin-balioaren %10ari dagokion balioagatik; horretarako, kontuan hartuko da eskabidea egiteko unean Burlatako Udalean indarrean den balorazio-txostenean jasota dagoen balioa.

HIRUGARREN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, INDUSTRIALDE EDO ZERBITZU-POLIGONOETAKO LURZORUEN LAGAPENAREN ORDEZ

(sektorearen %10 berdegune handietarako erabili beharko da)

7. artikulua. Aplikazioa.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluei lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.3.c) artikuluan ezarritakoaren arabera, industrialde edo zerbitzu-poligonoetako lagapenari dagokionez (sektorearen %10 berdegune handietarako erabili beharko da).

Industrialde edo zerbitzu-poligonoen eraikigarritasuna handitzen denean kuantifikatuko da.

8. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

5. Eraikigarritasun hori lortzeko beharko litzatekeen lurzatiko azaleraren %10 kalkulatuko da:

Lagapenaren azalera = %10 × (eraikigarritasunaren gehikuntza m²c / batez besteko eraikigarritasuna m²c / m²s)

6. Lortutako azalera biderkatuko da balio-areako erabilerari dagokion lurzoruaren eragin-balioaren %10eko balioagatik; horretarako, kontuan hartuko da eskabidea egiteko unean Burlatako Udalean indarrean den balorazio-txostenean jasota dagoen balioa.

LAUGARREN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, JABARI PUBLIKOAN AURREIKUSITAKO APARKALEKUEN ORDEZ

9. artikulua. Aplikazioa.

1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluei lotutako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, 55.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, aparkatzeko aurreikusitako lekuaren lagapenari dagokionez.

Ondoko kasu hauetan kuantifikatuko da:

–Eraikigarritasuna handitzea. (Bizitegi-erabilerako lurzoruetan, ibilgailuetarako aurreikusitako aparkalekuak: 2 leku, sestra gaineko edozein erabileratarako eraikitako 100 m²-ko, garajeetarako espazioa kenduta, eraikin kolektiboetan; eta 3 leku, familia bakarreko eraikuntzen sektoreetan).

–Bizitegi-erabilerako dentsitatea handitzea. (0,5 leku, etxebizitza berri bakoitzeko).

–Bizitegi-erabilera, merkataritzako erabilera edo hirugarren sektoreko erabilera izatera aldatzea, egungo erabilera bestelakoa izanik. (2 leku, eraikitako 100 m²-ko).

–Industria eta zerbitzu erabileretan, arauetan ezarritakoaren arabera baloratuko da aparkalekuen premia.

–Ekipamendu pribatuetan, Burlatako Udaleko zerbitzu teknikoek baloratuko dute aparkalekuen premia espediente bakoitzean.

10. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

7. Aurreikusitako aparkalekuen azalera kalkulatzeko, 12,5 m² biderkatuko da leku kopuruarekin:

Aparkalekuen azalera = leku kopurua × 12,5 m²

8. Lortutako azalera biderkatuko da balio-areako bizitegi, industria edo merkataritza erabilerako lurzoruaren eragin-balioaren %10eko balioagatik; horretarako, kontuan hartuko da eskabidea egiteko unean Burlatako Udalean indarrean den balorazio-txostenean jasota dagoen balioa.

BOSGARREN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA

Aprobetxamenduaren gehikuntzaren %10 lagatzeko betebeharraren ordez

11. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da aprobetxamenduaren gehikuntzaren %10 lagatzeko betebeharragatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko; 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96. eta 98. artikuluetan jasotzen da betebehar hori.

Aprobetxamendua handitzen denean kuantifikatuko da.

12. artikulua. Kalkulua.

Honako prozedura honen bidez kuantifikatuko da kalkulua:

9. Eraikitako metro koadroen aprobetxamenduaren gehikuntzan handitutako eraikigarritasunaren %10 kalkulatuko da:

Azalera = %10 × handitutako eraikigarritasuna m²c

10. Lortutako azalera biderkatuko da balio-arean nagusi den erabilerarako lurzoruaren eragin-balioagatik; horretarako, kontuan hartuko da eskabidea egiteko unean Burlatako Udalean indarrean den balorazio-txostenean jasota dagoen balioa.

SEIGARREN KAPITULUA.–DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, APARKALEKURAKO LAGAPENAREN ORDEZ (INDARREAN DEN UDAL HIRIGINTZA PLANAREN 163. ETA 170. ARTIKULUETAN ETA HAIEKIN BAT DATOZENETAN EZARRITAKO BETEBEHARRA)

13. artikulua. Aplikazioa.

Kapitulu hau aplikatuko da indarrean den Udal Hirigintza Planaren 163. eta 170. artikuluetan eta haiekin bat datozenetan ezarritako betebeharrari lotutako aparkalekuagatik dirutan eman beharrekoa kalkulatzeko, arau horrek bide ematen duen kasuetarako eta hartan ezarritako kasuetan.

14. artikulua. Kalkulua.

Betebehar horrengatik dirutan eman beharrekoa balio-taula honetan ageri da, eurotan:

BALIO EREMUA

AZALERA (m²)

EUROAK/M²

BALIOA EUROTAN

01CC

12,50

226,00

2825,00

02CC

12,50

172,00

2150,00

02CA

12,50

215,00

2687,50

02CM

12,50

178,00

2225,00

03CC

12,50

204,00

2550,00

04AA

12,50

194,00

2425,00

05HA

12,50

82,00

1025,00

06II

12,50

128,00

1600,00

07DD

12,50

62,00

775,00

ZAZPIGARREN KAPITULUA.–PROZEDURA

15. artikulua. Prozedura.

11. Kudeaketako hirigintza hitzarmenari atxikitzean finkatuko da ordenantza honen arabera dirutan eman beharrekoa. Hitzarmenaren edukia ordenantza honen I. eranskinean dago jasota.

12. Kudeaketako hirigintza hitzarmenarekiko atxikimendua formalizatutzat joko da zuzkidura-jarduketaren sustatzaileak I. eranskineko hirigintza hitzarmenari atxikitzeko adierazpena aurkezten duenean, behar bezala beteta eta sustatzaileak sinatuta, eskabidearekin batera.

13. Hiri-jarduketarako plan berezia, beharrezkoa denean, ez da behin betiko onetsiko, edo, hura beharrezkoa ez denean, obra-lizentzia ez da emanen, lagapena egiteko hirigintzako obligazioak (ordenantza honetan ezarriak) dirutan eman beharrekoa egiazki pagatu arte eta I. eranskineko kudeaketako hirigintza hitzarmenari atxiki arte.

14. Obra-lizentzia ukatzen bada, edo, beharrezkoa denean, hiri-jarduketarako plan bereziaren behin betiko onespena ukatzen bada, hitzarmenarekiko atxikipena indarrik gabe geldituko da berehala, eta, beraz, Udalak sustatzaileari itzuli beharko dio ordaindutakoa, 15 egun baliodunean, lizentzia edo hiri-jarduketarako plan bereziaren behin betiko onespena ukatzen dela jakinarazten denetik.

1. XEDAPEN IRAGANKORRA

Espediente bat hasi bada ordenantza hau indarrean jarri baino lehen, espedientean ezarritakoaren arabera eginen da monetizazioa. Ezer ez bada ezartzen, ordenantza honetan xedatutakoa aplikatuko da.

2. XEDAPEN IRAGANKORRA

Seigarren kapitulua ez da indarrean jarriko harik eta dagokion artikuluak aldatzen ez diren arte Udalaren Hirigintza Planaren araudian. Izan ere, araudi horretan sartu beharko da zer kasutan den posible monetizazioa.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ez du ondorio juridikorik izanen harik eta oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun iragan arte, epe hori baitute Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateei errekerimendua egiteko, haien egintzak edo erabakiak deuseztatzeari dagokionez.

I. ERANSKINA.–KUDEAKETAKO HIRIGINTZA HITZARMENA, ZUZKIDURA-ERAGIKETETAN DIRUA EMATEKO NAHITAEZKO LAGAPENEN ORDEZ. EREDUA

Burlatan, 20.....(e)ko ..............aren ......(e)(a)n.

Bildurik:

Alde batetik, .........................................................................., Burlatako Udaleko alkate udalburua den aldetik (hemendik aurrera, UDALA).

Bestetik, ........................................................................., (bere buruaren izenean eta eskubidean) (............................... IFK duen ....................................... enpresa ordezkatuz, ...................................................................................................... notarioak .................................. egunean eta ................ protokolo-zenbakiarekin emandako ahalordearen arabera), ....................................................... helbidea duena jakinarazpenetarako (hemendik aurrera, SUSTATZAILEA).

ADIERAZTEN DUTE:

1. SUSTATZAILEAk zuzkidura-jarduketa bat gauzatu nahi duela Burlatan, honako ezaugarri hauek dituena:

–Kokapena:

Katastroa: ..........................................................................................................................................

Helbidea: .........................................................................................................................................

Indarrean dagoen Udal Plan Orokorra: ...........................................................................................

–Jarduketaren xedea: .......................................................................................................................

–Eragiketa honen ondorioz:

  • Bizitegi-erabilerako eraikigarritasuna handituko da: .............................. m².
  • Bizitegi-erabilerako dentsitatea handituko da: .............................. etxebizitza.
  • Egungo erabilera batzuk bizitegi-erabilera izatera aldatuko dira: ...................... m², eta etxebizitzen kopurua handituko da: ...................... etxebizitza.
  • Industriako eta/edo zerbitzuetako lurzoruan eraikigarritasuna handituko da: ...................... m².
  • Aprobetxamendua handituko da: ...................... m².

2. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 96.2 artikuluan ezarritakoa bete beharrez, SUSTATZAILEAk Administrazio jarduleari nahitaezko lagapenak egitetik datozen hirigintzako betebeharrak bete behar dituela (lege horren 55. artikuluan ezarrita daude lagapen horiek), bai eta indarrean dagoen Uda Plan Orokorraren 163. eta 170. artikuluetan eta haiekin bat datozenetan xedatutako betebeharrak ere.

3. Lagapen horiek fisikoki gauzatzea ezinezkoa denez, lur horiek entregatu beharrean, haien balioa dirutan emanen dela, jarduketan bertan aurreikusita egon daitekeen finantzaketa publikoaren parte bat ordaindu ahal izateko edo lurzoru-ondare publikoan sartzeko; horren xedea izanen da, nagusiki, eraikinen birgaitze-jarduketak edo hiri-berroneratzeko edo berrikuntzako jarduketak ordaintzea.

4. 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 23., 24., 25. eta 26. artikuluetako araudiak aukera ematen duela Udalak hirigintza hitzarmenak sinatzeko entitate eta pertsona publiko eta pribatuekin, hirigintza jarduera hobeki eta eraginkorrago gauzatzeko eta hirigintza garapen koherenteagoa lortzeko.

5. Lagapena egiteko betebeharren balorazio ekonomikoa Burlatako udalerrian indarrean dagoen monetizazio ordenantzan dagoela jasota (............. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ......................................... egunekoa), eta, ordenantza horretara igorrita, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 25.2 artikuluan ezarritako obligazioa betetzen dela.

Hiri-jarduketarako plan berezian ezarritakoarekin bat, aipatu alderdiek hitzarmen hau sinatzen dute, honako hauen arabera.

ESTIPULAZIOAK:

1. Azalpen zatiko 3. puntuan jasotako ezaugarriak ikusirik, SUSTATZAILEAk honako zor hauek aitortzen ditu:

a) Dirutan eman beharrekoa, sistema orokorretarako lagapenaren ordez (ordenantzaren 4. artikulua):

Handitzea (........... m²) × 15/100 × balio-eremuan nagusi den erabilerarako lurzoruak duen eragin-balioaren %10 = ...................... euro

b) Dirutan eman beharrekoa, toki-zuzkiduretarako lagapenaren ordez (ordenantzaren 6. artikulua):

Handitzea (........... m²) × 50/115 × balio-eremuan nagusi den erabilerarako lurzoruak duen eragin-balioaren %10 = ...................... euro

c) Dirutan eman beharrekoa, industrialde edo zerbitzu-poligonoetako lurzoruen lagapenaren ordez (ordenantzaren 8. artikulua):

%10 × handitutakoa / batez besteko eraikigarritasuna (........... m²) × (balio-eremuan nagusi den erabilerarako lurzoruak duen eragin-balioaren %10) = ...................... euro

d) Dirutan eman beharrekoa, aparkatzeko lekuaren lagapenaren ordez (ordenantzaren 10. artikulua):

........... (sortutako aparkalekuak, 9. artikuluaren arabera) × 12,50 × (balio-eremuan nagusi den erabilerarako lurzoruak duen eragin-balioaren %10) = ...................... euro

e) Dirutan eman beharrekoa, aprobetxamenduaren gehikuntzaren ordez (ordenantzaren 12. artikulua):

%10 × handitutako eraikigarritadsuna (............... m²) × (6.3.5.1 aparatuko taulako zenbatekoa) = ....................... euro

f) Dirutan eman beharrekoa, etxebizitza berri bakoitzeko aparkaleku bat izateko betebeharraren ordez, bat etorriz indarrean dagoen Udal Plan Orokorraren 163. eta 170. artikuluetan eta haiekin bat datozenetan xedatutakoarekin (ordenantzaren 14. artikulua):

Ordenantza honen 14. artikuluko taulan ageri den zenbatekoa = .............. euro

DIRUTAN EMAN BEHARREKOA, GUZTIRA (a), b), c), d), e) eta f) apartatuen batura): ……………………………………………. euro

2. SUSTATZAILEA behartuta dago dirutan eman beharrekoa (aurreko estipulazioan zehaztua) pagatzera, honako epe hauetan:

a. Zuzkidura-jarduketa gauzatu aurretik hiri-jarduketarako plan berezia edo Udal Plan Orokorraren aldaketa tramitatu behar baldin bada, tresna behin betiko onetsi baino lehen ordaindu beharko da zenbateko osoa. Banku-abala ere onartuko da, zor osoaren ordainketa bermatzen badu eta hilabeteko epean aurkezten bada, hiri-jarduketarako plan berezia edo Udal Plan Orokorraren aldaketa behin betiko onesten denetik hasita.

Hiri-jarduketarako plan berezia edo Udal Plan Orokorraren aldaketa ez da behin betiko onetsiko, inolaz ere, hirigintzako obligazioak bete eta/edo abalatu ez badira; SUSTATZAILEAK berariaz onartzen du hiri-jarduketarako plan bereziaren edo Udal Plan Orokorraren aldaketaren indarraldia etenen dela hirigintzako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa osorik pagatu arte.

b. Zuzkidura-jarduketak hiri-jarduketarako plan berezia edo Udal Plan Orokorraren aldaketa behar ez badu, obra-lizentzia eskatzeko unean ordaindu beharko da zor osoa.

Obra-lizentzia ez da emanen hirigintzako obligazioak bete ez badira; SUSTATZAILEAK berariaz onartzen du lizentzia emateko prozedura etenen dela hirigintzako betebeharrengatik dirutan eman beharrekoa osorik pagatu arte.

3. Burlatako Udalak, hirigintzako administrazio jardulea den aldetik, onartzen du egin zaion eskaintza, Administrazio horri nahitaez laga beharreko hirigintzako aprobetxamendua dirutan gauzatzeko, hitzarmen honen lehenbiziko estipulazioko zenbatekoan.

4. Hiri-jarduketarako plan berezia tramitatzea beharrezkoa denean, Burlatako Udalak jabetza-erregistroari igorriko dio monetizazio hitzarmena, inskriba dezan.

Zenbateko osoa likidatuta, Udalak ordainketa agiria egin eta jabetza-erregistroari igorriko dio.

5. Udalak eskuratzen duen zenbatekoak 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 226. artikuluan ezarritako izaera eta araubidea izanen ditu, eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 230. artikuluan ezartzen diren xedeetako batera zuzenduko da derrigorrez, eta honela, eta ez bestela, Udalaren aurrekontuan sartuko da.

6. Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, formalizatu eta onesteari dagokienez, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren IV. kapituluko arauei jarraituko die, baita arlo honetan aplikatu beharreko araudiari ere; hitzarmena bete, interpretatu eta azkentzeari eta haren efektuei dagokienez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenari dagokio eskumena.

Eta ados daudela erakusteko, bi alderdiek goian aipatutako tokian eta egunean sinatu dute.

UDALAREN ALDETIK SUSTATZAILEA

Iragarkiaren kodea: L2411737