Iragarkia
177. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 30a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ARGUEDAS
Udal ordenantza, helburu duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea. Behin betiko onespena
Arguedasko Udalak, 2024ko ekainaren 6an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen udal ordenantza bat, helburu duena gizalegezko jokaerak sustatzea eta espazio publikoak babestea Arguedasen.
Hasierako onespenaren iragarkia argitaratu zen 2024ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 18an, eta iragan da legearen araberako jendaurreko aldia, inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik nahiz oharrik. Hortaz, behin betiko onetsirik gelditu da ordenantza, jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. artikuluari, eta jarraian ageri den bezala gelditu da idatzirik.
Arguedasen, 2024ko abuztuaren 1ean.–Alkatea, José Luis Sanz Zubieta.
UDAL ORDENANTZA, HELBURU DUENA GIZALEGEZKO JOKAERAK SUSTATZEA ETA ESPAZIO PUBLIKOAK BABESTEA, ARGUEDASEN
ZIOEN AZALPENA
Arguedasek ditu kaleak, eraikinak, parkeak eta plazak, antolaturik daudenak herritarrek goza ditzaten.
Hiria hobetu egiten da, elementu fisikoak modernizatuz eta areagotuz, horrela asetzeko gerora sortutako gizarte-beharrak, eta hobetuz gizalegez jokatzeko jarraibideak, herritarrek bizikidetza hobetzeko eta, azken batean, hiri hobea eraikitzeko, bertan bizi edo hura bisitatzen dutenentzat.
Gizalegearen aurkako jarrerek, nahiz eta gutxiengoa izan, ez dituzte soilik kaltetzen eta hondatzen guztion ondareko ondasunak eta espazioak. Aitzitik, bizikidetzaren aurkako erasoa dira, elkartasunik eza eta errespetu falta dira, herritar gehien-gehienentzat, hots, beren eskubideak eta betebeharrak gizalegez betetzen dituzten herritar gehien-gehienentzat.
Beste alde batetik, gizalegearen aurkako portaerek behartzen dute diru kopuru handiak erabiltzera, garbitzeko, mantentze-lanetarako eta konponketetarako, edo ondasunak berrezartzeko, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean.
Tokiko Gobernua Modernizatzeko Neurriei buruzko 57/2003 Legeak lege batera ekarri du Auzitegi Konstituzionalaren 132/2001 Epaiak ezarritako doktrina. Hala, 139. artikuluan, udalerriei ahalmena ematen die antolatzeko tokiko intereseko bizikidetza-harremanak, eta, orobat, antolatzeko nola erabili haien zerbitzuak, hornidurak, azpiegiturak, instalazioak eta eremu publikoak.
Beraz, lege aurreikuspen horrek ahalbidetzen du Udalak arlo hori zabalago arautzeko. Horiek horrela, bada, ordenantza hau izanen da aipatutako alderdiak jorratzen dituen araua.
Orobat, 57/2003 Legeak mugak ezarri dizkio udal araudiari. Hortaz, ahalmen hori eraginkorra da "sektoreko araudi berariazkorik ez dagoenean" (139. artikulua). Era berean, errespetatu beharko da lege mailako antolamendua, eta ordenantzak ezin du sartu lege formal batean ezarritakoan, ezta hura urratu ere. Eta, jakina, are gutxiago jasotzen ahal ditu pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketak, hau da, Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideen urraketak.
Gainera, legeak udalei ahalmena ematen die arautzeko toki intereseko bizikidetza harremanak, eta, horrela, bidea irekitzen da arlo horri osotasunean heltzeko –hau da, ikuspegi orokorrez–.
Ordenantza honen bidez bultzatu nahi dira balioak eta gizalegezko jokaerak, udal helburu gisa, eta prebentziorako baliabide gisa, herritarren bizikidetza hausten duten jarreren aurrean. Horretarako, hainbat neurri bildu dira, hezkuntza nahiz dibulgazio arlokoak edo bestelakoak, sustatu dadin edozein gizarte demokratikotan bizikidetzari oinarri ematen dioten balioak.
Bigarrenik, testu arauemaile honen beste helburu bat da babestea ondasun publikoak nahiz eremu publikoan ikusgarri diren esparruak, baldin, titulartasun pribatukoak izan arren, apaindura publikoan ondorioak badituzte. Lehen kasua da administrazio guztiek duten beharraren ondorio logikoa: hots, administrazio guztien betebeharra da babestea herritar guztiek erabiltzekoak diren ondasunak, haiek erabiltzeko aukera izan dezaten, kontuan izanik herritarrek zergen bidez ordaintzen dituztela. Lortu nahi da espazio publiko guztiak ongi zaintzea, bizilagun guztien eskubidea baita udalerriaz gozatzea, behar bezalako apaindura eta osasungarritasun egoeran. Era berean, arautu da gaitzestea gizalegerik gabeko portaerak, herritarren arteko bizikidetza egokia bultzatzeko. Helburu horiek betetzeko, ezarri beharra dago arau-hausteen eta zehapenen araubidea. Gizalegezko kontzientzia sustatzearekin batera, Udalak zehapena ezarri behar die kontzientzia hori bultzatzen duten balioak urratzen dituztenei, zalantzarik gabe.
Hirugarrenik, ordenantzak bultzatzen du arau-hausleen erantzukizun eta errehabilitazio printzipioa: hala, diru zehapenaren ordez, arau-hausleek batzuetan egin beharko dituzte komunitatearen onurarako zereginak eta lanak, urratu baitituzte komunitatearen bizikidetzako printzipioak. Errehabilitazio neurria den aldetik, erabiltzen da bereziki behar denean gizalegezko balioez jabetzea, arau-haustea ekarri duen jokaera dela-eta. Alde horretatik, arau-hausleei ohartarazi nahi zaie bai egindako arau-hausteaz bai egindako kalteaz, gizalegezko balioak sendotzeko baliabide izan dadin. Bestalde, neurri hori zuzenean lotuta dago prebentzio lanarekin.
Xedapenaren testuak bost titulu ditu. Lehenbizikoak ordenantzaren xedeari heltzen dio, eta haren aplikazio eremua mugatzen du. II. tituluak, bestalde, ezartzen du zer esparru orokorretan sartu behar diren gizabidea sustatzeko Udalak egin beharreko jarduketak. III. tituluak biltzen du gizalegezko portaeraren gaineko arau multzoa, eta bost kapitulutan elkartzen, haien izaeraren arabera: xedapen orokorrak, kalteak ondasunei, publizitatea, herritarraren jarduketak, betebehar bereziak eta apaindura publikoa. Ordenantzaren IV. titulua zehapen araubideari buruzkoa da: arau-hausteak sailkatzen ditu, eta bidezko zehapenak ezartzen. V. tituluan, azkenik, arau-hausleen errehabilitazioa jorratzen da. Artikulu horiei xedapen indargabetzaile bat erantsi zaie: indargabetzen ditu gaur egun arlo batzuk arautzen dituzten arauak; ordenantza honek arautzen ditu arlo horiek orain, gizalegezko kontzientzia sustatzeko irizpide orokorraren azpian.
Arau hau antolamendu juridikoan txertatzea zuzenean loturik dago bere xedearekin: hau da, gizarteko bizikidetza-harremanak egoki antolatzearekin.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honek xede hauek ditu:
–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, prebenituz herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak.
Ordenantza honetan araututako gizalegezko jokabideek ahalbidetu behar dute herritar bakoitzaren askatasuna, besteekiko errespetuaren funtsezko mugarekin. Gizalegearen aurkako portaerek, gutxiengoa izan arren, kaltetzen dituzte guztion ondare diren ondasun eta espazio publikoak. Bizikidetzaren aurkako erasoa dira, eta errespetu falta dira herritar gehien-gehienentzat, hots, errespetuzko portaera zuten herritar gehien-gehienentzat, errespetuzko jokabidea baitzuten baita ordenantza honekin onesten diren arauen indarraldiaren aurretik ere.
–Babestea ondasun eta espazio publikoak eta udalerriaren hirigintzako eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak, erasoetatik, kalteetatik eta legez kontrako erabileretatik.
Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak dagozkie udal titulartasuna duten zerbitzuko edo erabilera publikoko ondasunei, hala nola kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak eta lorategiak, aparkalekuak, iturriak, urmaelak eta ontziralekuak, udal-eraikinak (museoak eta kultur zentroak), haitzuloak, karabana eremua, bideak, balkoitxoak, zirkuituak, ikastetxeak, haien patioak eta kirol-pistak, hilerriak, igerilekuak, kirolguneak eta haien instalazioak, estatuak eta eskulturak, bankuak, farolak, markesinak, oztopo-zutoinak, apaingarriak, semaforo-instalazioak (zutabeak eta bakuluak), erregistro-armairuak, bide-seinaleak eta horien zutoinak, zuhaitzak, landareak edo loreak eta horiek dituzten elementuak, edukiontziak eta paperontziak, hesiak, kioskoak eta udal-ibilgailuak, eta izaera bereko edo antzeko gainerako ondasunak.
Bere baitan hartzen ditu apaingarri publikoak babesteko neurriak, eta, hala, babesten ditu beste administrazio publiko eta erakunde publiko edo pribatuen titulartasuneko ondasun eta instalazioak, baldin badira Arguedasko hiri-altzarien parte, eta jendearentzat baldin badira, edo baldin badira zerbitzu publiko bateko ekipamenduak, instalazioak edo elementuak, hala nola, markesinak, garraioko elementuak, farolak, estatuak, hesiak, kartelak, iragarkiak eta bestelako publizitate elementuak (iraunkorrak nahiz aldi baterakoak), trafikoko seinaleak, kioskoak, edukiontziak, terrazak eta beladoreak, olanak, landareontziak, objektuak saltzen dituzten makinak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak.
–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.
Espazio publiko guztien zainketa egokia lortu nahian (auzotar guztien eskubidea baita udalerri bat gozatzea behar bezalako apaindura- eta osasungarritasun-baldintzetan), araubide bat ezarri behar da arau-hauste eta zehapenetarako. Hori dena, betiere gogoan harturik Udalaren betebeharra dela zehatzea gizalegezko balioei eraso egiten dietenak, eta, aldi berean, Udalaren betebeharra dela balio horiek sustatzea eta bultzatzea biztanleen artean.
Ordenantzak babesten du ondasunen erabilera egokia, eta eragozten du haiek kaltetzea, horretarako baliatuz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak emandako gaikuntza (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko testu bategina).
–Sustatzea bizikidetza-arauak hausten dituztenen errehabilitazioa. Ordenantzak sustatu nahi du arau-hausleen erantzukizun- eta errehabilitazio-printzipioa, halako moduz non, inguruabar berezietan, eginen dituzten komunitatearentzako lanak, diruzko zehapenaren ordez, baldin eta, hain zuzen ere, urratu badituzte komunitatearen elkarbizitza-printzipioak.
2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.
1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ezta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.
2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, zerbitzu publikoen jarduerei, baldin egiten badira egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko.
3. Ordenantza hau Arguedasko udal-mugarte guztian aplikatuko da.
II. TITULUA.–GIZALEGEA SUSTATZEA
3. artikulua. Xedapen orokorra.
1. Arguedasko Udalak gizalegezko balioak sustatuko ditu; gizalegezko baliotzat joko dira bizikidetza egokia ahalbidetzen dutenak gizarte demokratiko bateko herritarren artean. Gizarte horren ezaugarri nagusia da eskubide pertsonalak izatea; eskubide horien errespetuak berekin dakar eginbeharrak edukitzea eta herritar bakoitzak bete behar izatea.
Era berean eta berariaz, Arguedasko Udalak legez dituen eskumenak erabiliko ditu, herritarren kontzientzia guztiz pizteko, zuzen erabil ditzaten hiriko espazio komunak eta zaindu dezaten hiri-ingurunea.
4. artikulua. Hezkuntza jarduerak.
Udalak bultzatuko du transmititzea eta sendotzea gizalegezko balioak eta jokaerak, bere eskumeneko hezkuntza eta prestakuntza arloko jarduketetan.
5. artikulua. Hitzarmenak.
Udalak hitzarmenak egiten ahalko ditu beste administrazio edo erakunde publikoekin, eta/edo entitate pribatuekin, baldin bultzatzen badute gizalegezko kontzientziazioa eta prestakuntza, heziketa eta jarduerak aurreikusitako xedeei egokitzea.
Hitzarmen horien bidez, sustatuko dira herritarren ekimenak, bultzatu ditzaten arlo hauetako gizalegezko jarduerak, espazio publikoetan: kultura, kirola, osasuna, ingurumena, ekologia eta aisialdia.
Halaber, sustatuko da eremu publikoak apaintzea eta hiri ingurumena hobetzea (paperontziak, loreontziak).
6. artikulua. Komunikazio publikoa.
Udalak gizalegezko balioak eta jokaerak zabalduko ditu, horretarako erabiliz herritar guztiei edo biztanle talde zehatz batzuei zuzendutako zabalkunde kanpainak.
III. TITULUA.–HERRITARREN PORTAERA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
7. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.
1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu behar dute, eta ondasunak eta zerbitzu publikoak erabili berezkoa duten helburuaren arabera, betiere begiratuta gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei errespetua galtzen dieten portaerak, ordenantza honen arabera.
2. Herritarrek eskubidea dute hiriko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hori gizalegez erabiliko da, eta eskubide horren mugak izanen dira, batetik, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenak, eta, bestetik, gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharra.
3. Gauez ezin da zaratarik egin, baldin gainditzen baditu legez ezarritako soinu-mugak (22:00etatik 08:00etara astelehenetik ostiralera bitartean, eta 22:00etatik 9:30era larunbat, igande eta jaiegunetan). Orobat, ez da zilegi gaueko iskanbiletan parte hartzea, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.
II. KAPITULUA.–ONDASUNAK HONDATZEA
8. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.
Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.
9. artikulua. Pintadak eta grafismoak.
1. Debeku da egitea pintadak, idazkiak, inskripzioak, grafismoak eta pintura orbanak edo zipriztinak, ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.
2. Aurreko apartatuan jasotako debekutik kanpo geratuko da horma-irudi artistikoak egitea, Udalaren baimena izanda, orubeetako hesietan, obretako itxituretan, mehelinetan edo antzekoetan eta/edo horretarako prestatutako lekuetan.
Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun bete behar diren.
3. Agintaritzako agenteek ahalmena izanen dute kautelaz kentzeko edo atzemateko erabilitako materialak edo tresnak, baldin jarduerak egiten badira Udalaren nahitaezko baimenik gabe.
4. Eraikin publiko batean edo hiri-altzarien elementu batean pintadak egin badira, edo paperak edo eranskailuak jarri badira, edo kristalak marratu edo hautsi badira, bertan kartelak itsatsi badira (itsaskinarekin edo ez, baina itsasteko zintarekin jarri zen gainazala hondatzen bada), edo gertatzen bada haren egoera kaltetzen duen beste edozein ekintza, Udalak egozten ahal dio enpresa iragarleari, edo erakunde edo pertsona arduradunari behar den kostua, kasuan kasuko kalte-ordainetarako eta garbiketa-, birjartze-, egokitze- edo leheneratze-fakturetarako, alde batera utzita dagokion zehapena.
10. artikulua. Zuhaitzak.
Zuhaitzak babesteko, debeku dira honako hauek:
a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.
b) Zuhaitzetara igotzea edo eskalatzea, edozein dela ere haien lodiera.
c) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Udalaren baimenik gabe.
d) Inguruan zaborrak eta obra-hondakinak botatzea.
e) Baimenik gabe inaustea.
11. artikulua. Kaleak, plazak, parkeak eta lorategiak.
1. Herritarren betebeharra da hiriko kaleak, parkeak eta lorategiak errespetatzea.
2. Ongi zaindu eta mantendu daitezen landare-espezieak eta zuhaitzak, kaleetan, plazetan, parkeetan, lorategietan, lore-asketan eta bide edo espazio publikoetan, debeku dira honako ekintza hauek:
a) Loreak edo landareak ebastea, errotik ateratzea edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.
b) Belardia hondatzea eta horren gainean kanpatzea, salbu berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan.
c) Zuhaitzak moztea, inaustea edo haustea.
d) Zuhaitz-azaletan grabatzea edo pintatzea, puntapaxak sartzea, haiei lotzea eskailerak, tresnak, aldamio euskarriak eta abar, eta kartelak paratzea.
e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo haien gainean isurtzea edozein motatako produktu toxikoak.
f) Berdeguneetan botatzea zaborrak, hondakinak, harriak, legarra edo beste edozein produktu, baldin haiei kalte egiten ahal badiete edo eraso egiten ahal badiete haien estetikari eta gustu onari.
g) Gorotzak uztea belardietan eta lorategietan.
h) Sua egitea parke eta lorategietan.
3. Debeku da kasurik ez egitea dauden seinaleen ohartarazpenei, edo ez obeditzea eremu batzuetara sartzeko murriztapenei, aldi baterakoei nahiz behin betikoei. Debeku da parkeetako haur-jolasak erabiltzea, baldin gehieneko adina gainditzen bada (karteletan ezarriko da gehieneko adina).
12. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.
1. Debeku da erabiltzea bide edo espazio publikoetako paperontziak edo edukiontziak, halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen den edo erabilera oztopatzen den. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.
Bereziki debekatuta dago hartzea birziklatzeko utzitako kartoiak edo paperak (behar bezala tolestuta eta pilatuta daudenak), edukiontzietatik edo haien ondotik.
2. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta, birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.
3. Debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra, edo hondakin txikiak ez diren hondakinak, materialak, tresnak edo objektu arriskutsuak.
13. artikulua. Urmaelak eta iturriak.
Debeku da manipulatzea, baimenik gabe, urmaeletako, iturrietako edo horien eroanbide eta osagarrien instalazioak. Bereziki, debeku da barnean sartzea edo bertan gauzak garbitzea, arrantzan egitea, animaliei edaten ematea eta haietara botatzea substantziak edo gauzak.
III. KAPITULUA.–KARTELAK, PANKARTAK ETA ANTZEKOAK
14. artikulua. Publizitatea.
1. Edozein euskarri eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea soilik jar daiteke horretarako bereziki prestatutako lekuetan. Hortaz, Udalak horretarako euskarriak jarriko ditu, behar adinako toki eta kopurutan. Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan ezarri publizitatea duen inolako instalaziorik, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.
2. Hala, Udalaren baimenik izan ezean, debekatuta dago edozein iragarki mota jartzea eraikin publiko edo pribatuetako fatxadetan, arkupeetan, markesinetan, hiri-altzarietan, barandetan, faroletan, paperontzietan, edukiontzietan, zuhaitzetan, hormetan, tuneletan, lurpeko pasabideetan eta, oro har, bereziki prestatutako lekuetatik kanpo. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea, udal baimenik gabe, eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.
15. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.
1. Udalak espresuki baimentzen ahalko du kartelak eta banderolak paratzea eremu publikoan, honako kasu hauetan:
a) Udalerrian egiten direnean kultura, arte edo kirol ekitaldi garrantzitsuak.
b) Laguntzen dutenean nabarmentzen hirirako interesgarriak diren kontzertuak, ekitaldiak edo erakusketak.
c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.
d) Publizitate helburua dagoenean.
Salbuespen gisa, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea, espresuki adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan.
2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:
a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.
b) Kokatu nahi diren toki zehatzen zerrenda.
c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.
d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.
e) Banderolak kale-argiei edo bestelako hiri-altzariei lotzeko modua islatzen duen krokisa, ziurtatuz euskarriak ez duela kalterik eraginen pinturan edo galbanizatuan.
f) Harremanetarako pertsona eta mugikorraren zenbakia, errekerimendua egiteko, sor daitekeen edozein gorabeherarengatik.
3. Kartelak edo banderolak faroletan edo argi-puntuetan jartzeko, horren berri eman behar da gutxienez 24 ordu lehenago, instalazioa behar bezala berrikus eta kontrola dezaten udaleko zerbitzu teknikoek edo argien mantentze-lanetako enpresak.
4. Baimendutako zehaztapenak bete beharko dituzte kartelek eta banderolek.
5. Kartelek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta epea bukatu bezain laster kenduko ditu baimenaren eskatzaileak.
6. Agintaritzako agenteek pertsonalki ohartaraziko diote arau-hausleari, materiala ken dezan, eta konpon ditzan material hori jartzearen ondoriozko kalteak, alde batera utzi gabe arau-haustearen ondorioz ezartzen ahal diren zehapenak.
7. Ohartarazpenean esandakoa betetzen ez bada, Udalak kenarazi ditzake propagandako edo publizitateko elementuak, subsidiarioki eta kostua egotziz pertsona edo enpresa behartuari, galarazi gabe arau-haustearen ondorioz zehapenak ezartzea.
16. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.
1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatzea eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.
Udal zerbitzuek garbituko dute eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa, eta erantzuleei egotziko zaie aparteko zerbitzuen kostua, deusetan ukatu gabe dagozkien zehapenak.
2. Etxeetan publizitatea banatuko da halako moduz non ez den zikinkeriarik sortuko bide eta espazio publikoetan. Publizitatea utzi beharko da postontzi partikularren barnean eta/edo auzokideek edo eraikinaren jabeen erkidegoak horretarako ezarritako guneetan.
3. Udalaren baimena beharko da, aldez aurretik, mahaiak jartzeko, propaganda banatzeko, informazioa emateko edo sinadurak biltzeko.
IV. KAPITULUA.–HERRITARREN PORTAERA
1. ATALA.–ONDASUN EDO ZERBITZUEN ERABILERA ARRUNTAREN KONTRAKO JARDUERAK
17. artikulua. Bide edo eremu publikoen erabilera arruntaren kontrako jarduerak.
1. Araudiak oinarri hartzen ditu pertsonen zirkulazio askatasuna, oinezkoen babesa eta eremu publikoak beren izaera eta xedearen arabera erabiltzeko eskubidea.
2. Eremu publikoak erabiltzeko eskubideak bete behar du gainerako pertsonak errespetatzeko printzipio orokorra, eta, bereziki, haien segurtasuna eta lasaitasuna errespetatzekoa; gainera, ez da arriskurik sortu behar ondasun, zerbitzu edo instalazio publiko nahiz pribatuetan.
3. Debeku da edozein eratako jardueratan edo jostaketatan aritzea, baldin eta, kontuan hartuta kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak, kalte egiten bazaie pertsonei edo ondasun publiko nahiz pribatuei, edo herritarrei eragiten bazaizkie eragozpen nabariak, edo arriskuan jartzen badute pertsonen osotasun fisikoa, eta gainerakoen eskubideak urratzen badituzte jendea dabilen eremu publikoetan.
Debeku hori ez da aplikatuko aitzinetik baimena lortu denean, edo aipatutako jarduerak egiteko berariaz prestatutako lekuetan, edo horrexetarako diren lekuetan, ezarritako baldintzetan.
4. Eremu publikoetan, pistetan eta udal instalazioetan edo haurren jostetarako eremuetan (hots, eragozpenak sortzen dituzten jarduerak edo herritarren atsedena urratzen duten jarduerak egiten ahal diren tokietan), jarduera horiek debekatuta egonen dira 22:00etatik 08:00ak arte, baimen edo adierazpen espresurik izan ezean.
18. artikulua. Zerbitzu publikoen erabilera egokiaren kontrako jarduerak.
Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobilizatzea.
2. ATALA.–JARDUERA BERARIAZKOAK
19. artikulua. Sua eta jaiak.
1. Ezin da sua piztu edo mantendu bide publikoetan (barbakoak edo parrillak), esparru pribatuetan (barneko patioak / etxebizitzetako lorategiak), baldin eta horiek eragozpenak sortzen badizkiete hirugarrenei. Debekatuta dago, halaber, metxak piztuta eramatea eta pirotekniako edozein artikulu botatzea edo erabiltzea bide publikoan edo erabilera publikoko guneetan: petardoak, suziriak, trakak, bengalak edo antzeko beste batzuk.
2. Jaiegunetan edo ekitaldi zehatzetan, Udalak baimen orokor bat ematen ahalko du. Baimen horretan zehaztuko da zer baldintza bete behar dituzten suek, barbakoek edo parrillek edo baimentzen diren jarduketek, betiere kontuan hartuta unean uneko tradizioa edo inguruabarrak. Baimen horretan, honako hauek arautuko dira: zer baldintzatan egin behar diren, orientazioa, ordutegiak, eragozpenik ez sortzeko kokapena, egunak eta abar. Baldintza horiek orokorrak edo berariazkoak izanen dira eskatzaile bakoitzarentzat.
Debekatutzat eta baimenik gabekotzat joko da mota horretako edozein jarduera, baldin egiten bada baimenik gabe edo, hala badagokio, eskakizun orokorrak bete gabe.
20. artikulua. Zaratak.
1. Herritar guztiek errespetatu behar dituzte bizilagunen lasaitasuna eta atsedena. Halaber, saihestuko dituzte bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak, jarraikiz azaroaren 17ko 37/2003 Legeari (Zaratari buruzko Legea) eta 1367/2007 Errege Dekretuari. Orobat, jarraikiko zaie ordenantza honen zehaztapenei (Gizalegezko Jokaerak Sustatzeko Ordenantza):
a) Debekatuta dago erabiltzea petardoak, suziriak edo bengalak eta edozein gai pirotekniko, Udalaren baimenik gabe, baldin zarata sortzen badute edo suteak eragiten ahal badituzte.
b) Debekatuta dago saihestu daitekeen edozein zarata egitea etxebizitzetan, aisialdiko lokaletan edo etxabeetan, baldin eta urratzen badu auzokoen atsedena, edo hura larriki oztopatzen badu, eta gainditzen baditu legez ezarritako mugak.
c) Motorrek, ihes-hodiek, pneumatikoek eta klaxonek modu desegokian sortutako zaratak, edo zakar edo irregularki gidatzearen ondoriozkoak, baita ibilgailuetan musika ekipoak bolumen handiz erabiltzea ere, edo eremu publikoan beste zarata batzuk egitea, baldin larriki urratzen ahal badute gainerako pertsonen lasaitasuna edo bizilagunen atsedena.
d) Bozgorailuak erabiltzea edo jartzea eremu publikoan edo eremu publikoari begira, baimenik lortu ezean.
e) Animaliak uztea patioetan, terrazetan, etxabeetan, merkataritzako loketan, garajeetan, balkoietan edo beste eremu ireki edo itxi batzuetan, baldin eta beraien soinu, garrasi edo kantuek larriki urratzen badute bizilagunen atsedena.
f) Oro har, ez dira baimenduko, batez ere gauez, bizilagunei traba egiten dieten jarduerak: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin egotea musika emititzen... Ulertuko da eragozpenak sortzen dituztela baldin agintaritzako agenteek entzuteko modukoak badira.
Era berean, ez da onartuko gaueko jokorik edo jostaketarik, baldin auzokoei eragiten badie zaratarik edo eragozpenik, hala nola pilota edo futbol jokoak, berekin ekartzen badute fatxadak edo hiri-altzariak kolpatzea eta/edo jokoaren ondorioz oihuak eta garrasiak egitea.
21. artikulua. Kea eta usainak.
1. Herritarrek ez dute eginen kea, usaina edo hautsa sortzen duen jarduerarik espazio publikoetan edo pribatuetan, baimenik gabe, baldin kontra egiten badiete lasaitasunari edo osasungarritasunari edo apaintasun publikoari, jarraikiz indarreko legedian ezarritako mugei.
Aurreko debekutik kanpo daude aldez aurreko baimenik gabe gauzatu daitezkeen etxeko lanak, hala nola, zorua bernizatzea, hormak pintatzea, etab. Betiere, lan horiek egin behar dira kalerantz ahalik eta gehien aireztatuz, eta ahaleginak eginez usainak gune komunetara ez iristeko, hala nola eskailera, eskailera-buru eta patio txikietara.
2. Ibilgailuek ezin izanen dute egon bost minutu baino gehiago aparkatuta motorrak piztuta, baldin badaude bizitegien eraikinetatik 10 metro baino gutxiagora.
3. Errekuntzako motor gisa funtzionatzen duten sorgailu elektrikoak, pneumatikoak edo gisakoak eraikinen fatxadetatik 10 metrora jarri beharko dira gutxienez, eta haien keak bideratu beharko dira 2,5 metroko altueratik gora, baldin jendea distantzia hori baino hurbilago badago, Udalaren baimena izan ezean.
22. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.
1. Debeku dira baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak, zikintzen ahal badituzte erabilera publikoko bide eta espazioak, barnean direla orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak, parkeak, kaleak, plazak eta ibaien ibilguak. Batzuk aipatzearren, debeku dira aipatutako bide edo espazioetan automobilak garbitzea, konpontzea edo olioztatzea (ezinbesteko kasua izan ezean); botatzea zigarro-muturrak, bilgarriak, txikle erabiliak eta bildu gabeak eta hondakin solidoak edo likidoak; hautsontziak eta ontziak hustea; botilak haustea; zaborrak uztea edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan; eta gisako beste ekintza batzuk.
2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.
Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean. Azken kasu horretan, erabiliko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak. Espresuki debekatuta dago paperontzietan uztea etxeko zaborra.
Debekatuta dago zaborrontzietan edo edukiontzietan tresna edo objektu arriskutsuak uztea, bai eta zigarrokinak edo piztutako beste edozein objektu ere (hala nola errauts beroak edo berpiztu daitezkeenak, edo txingarrak, likido beroak...). Hala, tresna edo gauzaki arriskutsutzat jotzen dira jendeari kalte egiten ahal dieten guztiak, hala nola xiringak eta gai sorgorkariak hartzeko lanabesak, eritasunak kutsatzen eta zabaltzen ahal dituzten osasun-materialak, baita edozein droga toxiko, sorgorkari eta produktu kimiko, pirotekniko edo gisakorik ere.
Paperontzietara ezin bota diren hiri hondakinak sartu beharko dira horretarako jarritako edukiontzietan, jarraikiz Erriberako Hondakinen Mankomunitateko ordenantzan ezarritakoari.
Tamaina handiko hondakin solidoak ezabatzeko, aldez aurretik abisatu egin beharko da, eta berretsi beharko da hondakin horiek uzteko tokia eta ordua, gero Mankomunitateko zerbitzuek horiek kentzeko, edo zuzenean Arguedasko puntu finkora eramateko.
Debekatuta dago tamaina handiko hondakin solidoak botatzea Mankomunitatearekin deskribatutako izapideak bete gabe, eta uztea ere garbiguneen inguruan, landa-bideetan edo herri-lurretan edo eremu pribatuetan. Hondakinak utzi beharko dira Mankomunitateak ezarritako ordutegian.
3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan.
4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea, eta era berean, debeku da hondakinak edukiontzien inguruan uztea.
5. Debekatuta dago arropa eta oinetakoak ateratzea Mankomunitateak ongintzako erakundeekin batera arropa eta oinetakoak biltzeko prestatutako edukiontzietatik. Era berean, debekatuta dago hartzea Mankomunitateko edukiontzietan utzitako paperak, kartoiak, plastikoa eta gai organikoak. Edukiontzietan utzi ondoren, Mankomunitatearen jabetzakoak dira, birziklatzeko.
6. Debekatuta dago landareak baimenik gabe ureztatzea eta igerilekuak hustea, baldin soberako ura isuri badaiteke objektuetan edo etxebizitzen elementuetan, eta kaltetu badaitezke nolanahi, edo soberako urak kalteak edo eragozpenak eragiten ahal baditu bide publikoan edo haren erabiltzaileengan.
7. Debekatuta dago espazio publikora astintzea erratzak, eskoboiak, alfonbrak, arropak edo edozein motatako oihalak, balkoietatik, leihoetatik edo terrazetatik. Betiere, eragiketa horiek eginen dira kalterik edo eragozpenik egin gabe bide publikoari edo erabiltzaileei.
8. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon. Debekatuta dago etxebizitzetatik bide publikora hondakinak edo objektuak botatzea.
23. artikulua. Hondakin organikoak.
Debeku da kaka, pixa edo tu egitea bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan.
24. artikulua. Animaliak.
1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.
2. Araudi hau betetzeko, aplikatzekoak izanen dira bai apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea (foru lege horrek hizpide du lagun egiteko animaliak babestea Nafarroan), bai Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen Arguedasko Udalaren ordenantza.
25. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.
1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpin-denda jarri, edo prestatutako ibilgailurik jarri, lur publiko edo pribatuetan, baldin lur horiek ez badira aurreikusi 226/1993 Foru Dekretuan, horretarako baimenik izan ezean. Orobat, bete beharko da honako arau honetan ezarritakoa: udal ordenantza, arautzen duena Arguedasko autokarabana eremuan autokarabanak eta bizitegi ibilgailuak aparkatzea eta haietan gaua pasatzea.
Agintaritzako agenteek kanpin-denden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei eskatuko diete bertan behera uzteko kanpatzea, baldin bide publikoa bidegabeki okupatzen badute, galarazi gabe dagokien salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero, edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek behar diren baliabideak erabiltzen ahal dituzte haiek berehala kentzeko. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.
2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean. Baimenak berekin ekarriko du betetzea dagokion zerbitzuak proposatutako higiene eta elikadura neurriak.
3. Ezin da biluzik egon erabilera publikoko espazio eta bideetan –salbu eta administrazioak horretarako prestatzen dituen lekuetan, halakorik prestatuz gero–, horrek trabatzen duenean herritarren lasaitasuna edo beren eskubide eta eginbeharrak bakean gauzatzea. Betiere, oro har, inork ezin du bide edo eremu publikoetan duen portaerarekin gainerakoen eskubidea gutxietsi, ezta haien jarduteko askatasuna ere, ezta oro har onartuta dauden bizikidetzako sineste eta arauak laidoztatu ere; ez da zilegi genitalak erakustea, ezta ordenantza honetan edo beste araudi aplikagarri batean debekatuta dauden jokabide edo jarduketak ere.
3. ATALA.–BETEBEHAR BEREZIAK
26. artikulua. Kirol eta kultura eremuak.
Debekatuta dago gizalegearen aurkako jarrerak izatea udaleko kirol eta kultura eremuetan, eta, bereziki, adingabeak protagonista diren ekitaldietan.
Berariaz debekatuta daude irainak, mehatxuak, erasoak edo ohiko bizikidetzaren aurkako beste edozein eraso, bai ikusleen artean, bai ekitaldiaren parte-hartzaileen artean.
Era berean, berariaz debekatuta dago Udalaren eskola edo kirol instalazioetara sartzea irekiera ordutegitik kanpo.
27. artikulua. Merkataritza jarduerak.
1. Merkataritza, industria edo zerbitzu jarduera batek maiz zikinkeria sortzen duenean inguruetan edo baimendutako lekuetan (terrazak, edariak eta elikagaiak saltzeko establezimenduak eta gisakoak), establezimenduaren titularrak garbi utzi beharko du bide publikoan ukitutako zatia. Horrek ez du galarazten neurri zuzentzaileak hartu beharra, edo bete beharra nahitaezko lizentziei aplikatzen zaizkien araubideak ekarritako gainerako betebeharrak.
2. Kioskoen titularrek eta beste establezimendu batzuen titularrek, baldin badituzte terrazak, beladoreak eta bide publikoko beste instalazio batzuk, garbi utzi beharko dituzte okupatzen duten lekua eta ingurua, bai eta instalazioak berak ere.
Kioskoen, bazarren eta salmenta automatikoko ("vending") establezimenduen titularrek, gainera, paperontzi bat jarri eta eduki beharko dute hurbil, beren kargura. Paperontzi horrek behar den edukiera izan beharko du, hots, jardueraren ezaugarriekin bat datorrena, eta behar bestetan hustu beharko da.
Espazio eta ingurune horiek etengabe garbitu beharko dira eta, betiere, establezimendua ixten denean.
Estetika, higiene eta segurtasun arrazoiengatik, debekatuta dago tresnak edo produktuak biltegiratzea edo pilatzea espazio publiko nahiz pribatuetan.
Udalak edozein elementu edo altzari ken dezake, baldin bide publikoan jarri bada baimenik gabe, edo okupatzen badu baimendutakoa baino leku handiagoa. Halakoetan, instalazioaren erantzuleari eskatuko zaio hura kentzeko gastua, deusetan ukatu gabe dagokion zehapena.
28. artikulua. Kalez kaleko salmenta.
1. Eremu publikoan debekatuta dago kalez kale saltzea edozein janari edo edari eta beste produktu batzuk, berariazko baimenik izan ezean. Beteiere, lizentzia edo baimena behar bezala ikusteko moduan eduki beharko da.
Era berean, debeku da eremu publikoan baimenik gabeko saltzaile ibiltariei laguntzea, esaterako haiei salgaiak emanez edo agintaritzako agenteak ote dauden zainduz eta ohartaraziz.
2. Debeku da erostea edo eskuratzea eremu publikoan baimendu gabeko salmenta ibiltaritik datozen elikagaiak, edariak eta bestelako produktuak.
3. Kultura, jai, jolas edo kirol izaerako edo beste edozein eratako ekitaldi publikoen antolatzaileek zainduko dute ekitaldi horiek egiten diren bitartean ez dadin gertatu aurreko apartatuetan deskribatutako jokabiderik. Ekitaldi horietako edozein dela-eta jokabide horiek gauzatzen badira, antolatzaileek berehala jakinaraziko diete agintaritzako agenteei.
4. Agintaritzako agenteek kautelaz kenduko eta atzemanen ditu debekuen xede diren salgaiak edo elementuak eta erabilitako materialak. Elikagaiak badira, edo ondasun suntsikorrak, suntsitu eginen dira, edo egoki den erabilera emanen zaie.
29. artikulua. Lurrak, obra-hondakinak edo bestelako materialak garraiatzea.
1. Ibilgailuen jabeek eta gidariek, baldin garraiatzen badituzte lurrak, ikatza, obra-hondakinak, erregaia, hormigoia, hautsak, kartoiak, paperak edo beste material batzuk zeinak, isuriz gero, eremu publikoa zikinduko duten (eta, beraz, hirugarrenei kalteak eragiten ahal dizkieten), hertsiki bete beharko dute Zirkulazioko Erregelamendu Orokorra, eta karga ez erortzeko moduan egokituko dute, horretarako behar diren neurriak hartuz.
2. Ibilgailuaren jabea eta gidaria izanen dira arduradunak baldin betetzen ez bada aurreko apartatuan xedatutakoa, eta beharturik egonen dira garbitzera isuritako materiala eta ukitutako bide publikoa, deusetan ukatu gabe egoki diren zehapenak.
3. Erregai fosileko berogailua duten bizilagun-erkidegoek ongi mantendu beharko dute erregaiaren biltontzia kamioiaren mahukarekin lotzen duen ahoa, erregaia isur ez dadin.
4. Baldin bide segurtasunean arriskuak sortzeko aukera badago, istripua edo iraulketa gertatuz gero, edo karga bide publikora isuriz edo eroriz gero, gidariek ahalik eta lasterren jakinarazi beharko diote Udaltzaingoari, eta azken horrek Udaleko garbiketa-zerbitzuari jakinaraziko dio.
5. Lurrak eta obra-hondakinak bildu, garraiatu eta isurtzeari dagokionez, bete beharko da aplikatzekoa den araudia.
30. artikulua. Obrak bide publikoan.
1. Obra batek (esaterako, eraikuntzak egitea, zaharberritzea, berritzea edo eraistea) eremu publikoa ukitzen duenean (arrazoia edozein dela ere), finkaren jabeak eta, subsidiarioki, obrak egiten dituenak, kontrolatu beharko du ez dela zikinkeriarik sortzen, segurtasun eta prebentzio elementuak paratuz, materialik zabaldu eta isuri ez dadin lanek ukitutako eremutik kanpo (adibidez, eraispen-gaiak, lurrak eta obretatik soberan gelditzen diren beste material batzuk). Orobat, kontrolatu beharko du estolderiako hustubideak ez daitezen buxatu.
2. Bereziki, garbi eduki beharko dira beti eremu publikoan egiten diren zanga, kanalizazio eta abarren lanen inguruak, inolako hondakinik ez dagoela galtzadan eta, batez ere, espaloian, arriskurik ez sortzeko eremu publikoko erabiltzaileei.
3. Obrak eremu publikoan egiten direnean, hartu beharko dira lehenbiziko puntuan aipatutako segurtasun neurriak (adibidez, seinaleak, hesiak, babeserako elementuak, zamalanetarako tutuak eta eraispenak), hura ez zikintzeko eta pertsona edo gauzei kalterik ez egiteko.
4. Eraikinak eraisteko eta hondakinak ateratzeko lanetan, erabili beharko da behar adinako presioa duen ura, lan horiek sortzen duten hautsari eusteko.
31. artikulua. Ibilgailuen garbiketa.
1. Hamabosgarren artikuluan zehazten diren lanetarako erabiltzen diren ibilgailuek, eta hondeaketa lanetan, eraikuntzak egitekoetan eta antzekoetan erabiltzen diren ibilgailuek, gurpilak garbitu beharko dituzte, obretatik edo lan eremutik ateratzerakoan, lokatzik eror ez dadin bide publikoan.
2. Neurri hori hartuko da, halaber, eraikuntzak eraisteko obretan, eta, horrekin batera, hautsa saihesteko behar diren neurriak.
32. artikulua. Diru-bilketak.
Ezin izanen da eskean ibili, horrek herritarren lasaitasuna trabatzen badu, edo eragozten badu beste pertsona batzuek beren eskubide legitimoak erabiltzea.
Horri dagokionez, arau-hauste administratiboa izanen da, besteak beste, diru-bilketak egitea baldin larderiaz egiten badira edo oztopatzen badute herritarrak askatasunez ibiltzea.
33. artikulua. Establezimendu publikoak.
Establezimendu publikoen edo elkarte-establezimenduen jabeek edo titularrek, beste xedapen batzuk betetzeaz gain, ahalegina egin behar dute bezeroek eta/edo erabiltzaileek ez ditzaten egin gizalegearen aurkako ekintzak edo ekintza gogaikarriak, lokalen sarreran eta irteeran eta terrazan (terrazari emandako gehieneko espazioan).
Jokaera horiek eragotzi ezin direnean, poliziari deitu beharko diote, mantendu daitezen ordena eta herritarren bizikidetza, eta laguntza emanen diete, une oro, esku hartzen duten agenteei.
34. artikulua. Ekitaldi publikoak.
1. Eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren kultura, jaialdi, jolas, kirol edo beste edozein motatako ekitaldi publikoen antolatzaileen (eremu publikoan edo eraikin publikoetan egiten diren ezkontzak edo ospakizun pribatuak) erantzukizuna da horietan sortzen den zikinkeria, eta Udalari jakinarazi behar diote zein den egin gogo den ekitaldiaren ibilbidea, ordutegia eta tokia.
2. Udalak fidantza bat eska diezaieke, eta fidantza hori izanen da ekitaldi hori egitearen ondoriozko garbiketa lanetarako aurreikusten den zenbatekoaren adinakoa. Okupatutako eremu publikoa eta inguruak behar bezain garbi geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.
3. Ekitaldi publiko baten ondorioz, kalterik egiten bada eremu publikoan edo altzarietan, horren erantzuleak antolatzaileak edo sustatzaileak izanen dira, eta konponketa gastuak ordaindu beharko dituzte, ezar daitezkeen zehapenak gorabehera.
35. artikulua. Eskaletza.
Ordenantza honi dagokionez, eskean ibiltzea da limosna eskatzea erabilera publikoko bide edo eremu publikoetan, baita bestelako jarduera batzuk egitea ere, hala nola ibilgailuetako haizetakoak edo gainerako elementuak garbitzea edo baimenik gabe auto-aparkatzaile jardutea.
Debeku da diru edo limosna eskean ibiltzea larderiaz edo modu gogaikarrian, hitzez nahiz egitez. Orobat, debeku da larderiaz edo modu gogaikarrian gauzak edo zerbitzuak eskaintzea diru truke.
Eskean dabiltzanak adingabeak izanez gero, helduko zaio adingabeen babesaren arloan indarrean dagoen legediari.
Agintaritzako agenteek eragotziko dute eskaletza debekatua, alde batera utzita larderiaz edo modu gogaikarrian eskatzen den ala ez, eta eskaleari nahitaez emanen diote Arguedasko Udalaren Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen berri, beharrezko laguntza eskatu ahal izan dezan.
36. artikulua. Ibilgailuak garbitu eta konpontzea.
1. Debeku da bide publikoa zikintzen ahal duen edozein lan egitea, batik bat ibilgailuak garbitzea, olioa aldatzea, garbitu ondoko ura isurtzea eta hiri hondakin edo hondar solidoak hautatu edo manipulatzea.
2. Debeku da ibilgailuak konpontzea edo muntaketak egitea bide publikoan, edo bide publikoa erabiltzea materialak edo zernahi produktu gordetzeko.
37. artikulua. Arropa zabaltzea.
Balkoietan, terrazetan edo teilatu-hegaletan ezin da arropa zabaldu kaletik ikusteko moduan, salbu eta fisikoki bestelakorik egin ezin duten etxebizitzetan. Halakoetan, edonola ere, kaletik gutxien ikusten den aldean zabalduko dute, bizilagunei eragozpenik egin gabe.
Era berean, ezin da materialik, tresnarik edo altzaririk utzi balkoi edo galerietan, baldin horrek kalte egiten badio eraikinaren estetikari, edo arriskuan jartzen baditu eraikineko gainerako bizilagunak.
Debeku horiek ez betetzearen erantzulea etxebizitzako maizterra izanen da.
38. artikulua. Alkoholdun edarien kontsumoa.
1. Debekatuta dago edari alkoholdunak kontsumitzea bide edo espazio publikoetan, baldin berekin badakar ordena publikoa asaldatzea, edo jende-pilaketak sortzea, eta horren ondorioz oztopatzen edo eragozten bada bide edo espazioen erabilera edo helburu arrunta, edo pilaketa horiek aldatzen badituzte inguruneko ingurumen, garbiketa, estetika edo zarata baldintzak, eta, hala, oztopatzen badute bizilagunen atsedena.
2. Arguedasko Udalak salbuespenak ezartzen ahalko ditu, berariazko baimenaren bidez, Arguedasko hiriko leku jakin batzuetarako, ekitaldi edo jai tradizionalak direla eta, edo nahitaezko udal lizentzia edo baimena duten ostalaritza jardueretarako.
IV. TITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
39. artikulua. Xedapen orokorrak.
1. Zehapenak ezartzeko, bete beharko da legez eta erregelamenduz ezarritako prozedura, arlo honetako zehapen-ahala gauzatzeko.
2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik baita zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
40. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteak, izan egiteak nahiz ez-egiteak, joko dira oso astuntzat, astuntzat edo arintzat.
41. artikulua. Arau-hauste oso astunak.
Oso astunak dira honako hauek eragiten dituzten arau-hausteak:
a) Herritarren bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non kalte eginen zaien, larriki, berehalakoan eta zuzenean, beste pertsona batzuen lasaitasunari, edo eskubide legitimoen erabilerari, edo era guztietako jarduerak gauzatzeari, jarraikiz araudi aplikagarriari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoei, betiere jokaera horiek ez badaude tipifikaturik martxoaren 30eko 4/2015 Legean, IV. kapituluan (Herritarren Segurtasuna Babesteko buruzko Legea), edo ordezko araudian.
b) Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea.
c) Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea, edo horretarako oztopo larriak jartzea.
d) Larriki eta nabarmen hondatzea zerbitzu publiko baten ekipamenduak, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak.
e) Espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei galaraztea hartaz baliatzea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.
f) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak, edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez baldin badira herritarren segurtasuna asaldatzeak eragindakoak. Betiere, honako jokaera hauek arau-hausteak izanen dira:
–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.
–Bide publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak haustea, edo deusetarako ez direla uztea.
g) Bidegabeki eta maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezen.
h) Nahita itzaltzea argiteria publikoaren edozein sistema.
i) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.
j) Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.
42. artikulua. Arau-hauste astunak.
Arau-hauste astunak honako hauek dira:
a) Bizikidetza nabarmen trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren eskubide legitimoak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian.
b) Larriki trabatzea zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea, eta haiek erabiltzeko eskubidea dutenak larriki gogaitzea. Esaterako, turismorako eremuak, adibidez autokarabanen eremua.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta larriki trabatzea, esaterako:
–Baimenik gabe sartzea udal-instalazioetara, irekitzeko ordutegitik kanpo.
d) Larriki hondatzea zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak.
e) Larriki trabatzea osasungarritasun edo apaintasun publikoa. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Zaborrak edo hondakinak botatzea estolderia-sarera edo bide edo eremu publikoetara, eta, horrela, ibiltzea eragoztea, edo osasungaiztasun arriskua sortzea.
–Eremu publikoan janariak edo edariak saltzea Udalaren baimenik gabe.
f) Nahita oztopatzea oinezkoek edo ibilgailuek normal zirkulatzea, haientzat prestatutako tokietan.
g) Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haiei kalte egitea, baldin eta horrela eragozten edo zailtzen bada seinalea ikustea edo ulertzea.
h) Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.
43. artikulua. Arau-hauste arinak.
Honako hauek dira arau-hauste arinak:
a) Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Baimenik gabe sua piztea edo mantentzea bide publikoetan: barbakoak, parrillak etab.
–Bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten jarduerak egitea, batez ere gaueko ordutegian: kantatzea, instrumentuak jotzea, espazio publikoetan musika-ekipoekin musika emititzen egotea...
–Eremu publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, eragozpenak sortuz edo herritarren arteko elkarbizitza urratuz, edo beirazko ontziak erabiltzea.
–Ordenantzan debekatutako jokoak edo jostaketak egitea, edo tokiko seinaleen arabera debekaturik daudenak egitea, pilota jokoan aritzea fatxadak joz eta/edo jokoaren ondorioz oihuak eta garrasiak eginez.
b) Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea arinki trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Metxa piztuak edo gailu piroteknikoak eramatea, edo petardoak, suziriak edo gisakoak botatzea, baimenik gabe.
–Baimenik gabe kanpatzea.
–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.
–Espazio publikoetan autoak garbitu edo konpontzea.
c) Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta arinki trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:
–Iturri edo urmael publikoetan bainatzea.
–Baimenik gabe sartzea ikastetxeetako patioetara, edo eremu publikoetara, irekitzeko ordutegitik kanpo.
–Eremu eta instalazio publikoetara sartzea, behar den zenbatekoa ordaindu gabe.
d) Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak arinki hondatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.
–Arbola, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.
e) Osasungarritasun edo apaintasun publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:
–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.
–Eremu publikoan pixa, kaka edo tu egitea.
–Hiri eremu publikoak zikintzea lagun egiteko animalien eginkarien bidez, eta haiek ez garbitzea.
–Animaliei jaten ematea, horretarako gaitutako tokietatik kanpo, edo koloniak kudeatzeko laguntzailearen txartelik gabe.
–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu botatzea edo bertan uztea.
f) Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.
44. artikulua. Zehapenak.
Arau-hauste arinei 100 eta 750 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste astunei 751 eta 1.500 euro arteko isuna ezarriko zaie.
Arau-hauste oso astunei 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.
45. artikulua. Kalteak konpontzea.
Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari hondatutako egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.
Lehengoratzeko eta kalteak ordaintzeko eskaera Udalak izapidetuko du, antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera, eta kontuan hartuta hondatutako ondasuna nolakoa den.
Udalak egin beharrekoak eginen ditu betebeharpekoaren kontura, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, jarraikiko zaio antolamendu juridikoan ezarritakoari.
46. artikulua. Erantzuleak.
1. Ekitaldi publikoetan erantzule solidario izanen dira antolatzailea edo sustatzailea, eta baimena eskatzen duena.
2. Animaliak daramatzaten pertsonak, eta, modu subsidiarioan, animalien jabeak izanen dira erantzuleak, animaliek gauzei edo pertsonei sortutako kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.
3. Kanpoko publizitateari (eskuorriena barne) buruzko arau-hausteen erantzuleak izanen dira iragarlea eta zuzeneko egilea, modu solidarioan.
4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira 21.1, 22.6, 27. eta 37. artikuluetan bildutako arau-hausteen erantzuleak.
5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.
6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.
Erantzulea adingabea izanez gero, edo lege-arrazoiren bat izanez gero hari ez egozteko, erantzuleak izanen dira gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak.
7. Arau-haustea dakarten jarduketak hainbat pertsonaren artean gauzatzen direnean, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan.
47. artikulua. Zehapenen mailaketa.
Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Berrerortzea: baldin urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
b) Errepikatzea: urtebetean arau-hauste larriago bat egin bada, edo larritasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.
c) Intentzionalitatea.
d) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.
e) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.
f) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.
V. TITULUA.–ERREHABILITAZIOA
48. artikulua. Itundutako bukaera.
1. Bidezko zehapen-ebazpena eman aurretik, Udalak espedientatuari eskaintzen ahal dio komunitaterako zeregin edo lanak egiteko aukera, ezar litekeen isun osoaren ordez nahiz zati baten ordez. Zein den arau-haustearen larritasuna, haren araberako eta proportzioko zeregina izanen litzateke.
2. Aukera hori arau-hausleen errehabilitazio bide bezala eskainiko da, eta horregatik, beharrezkotzat jotzen denean baino ez da aplikatuko:
a) Arau-hausteak oso zehapen astuna ezartzea dakarrenean.
b) Zehapen astuna dakarren arau-haustea izanda, aurretik arau-hauste astunak edo oso astunak egin direnean.
c) Neurri hori hartzearen alde egiten duten baldintza bereziak ikusita, modu arrazoituan horrela erabakitzen denean.
3. Espedientatuak Udalari esanen dio zer lan egiteko prest dagoen. Ahal dela, komunitatearen onerako borondatezko lanak izanen dira, gizalegezko jokabideak sortzen dituztenak edo ekintzek eragindako kalteak konpontzen dituztenak. Udaltzaingoak kontrolatu eta bermatuko du betetzen direla.
4. Espedientatuak eskaera egin ondoren, prozedura ebazteko epea eten eginen da, eta Udalak arau-hausleari jakinarazi beharko dizkio egin beharreko zerbitzuaren baldintzak.
5. Udalak prozedura bukatzeko, ebazpen ekitaldian zehaztuko du espedientatuak egin beharreko zerbitzua, baita isunaren zenbatekoa ere, zehapena zerbitzuarekin osorik ordezten ez denean.
6. Kasu bakoitzaren inguruabarrak ikusita, Udalak kautelazko neurriak hartzen ahalko ditu, bermatzeko zerbitzua betetzen dela behar den denboran eta moduan.
7. Espedientatuak zerbitzuaren baldintzak onartu ondoren, zehapen prozedura bukatutzat joko da, 39/2015 Legearen 88. artikuluan ezarritakoaren arabera (lege horrek hizpide ditu herri administrazioen araubide juridikoa eta administrazio prozedura erkidea).
8. Zerbitzua behar den denboran eta moduan betetzen ez bada, isuna ezarriko da, prozedura laburtuaren bidez erabakita. Hori zehazteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Hasierako arau-haustearen sailkapen bera izanen du arau-hausteak.
b) Zehapena mailakatzeko, berariazko astungarria izanen da Udalaren eta arau-hauslearen artean itundutako zerbitzua ez betetzea.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza hau indarrean jarriko da behin iraganik 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritako epea (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iragarkiaren kodea: L2411632
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
