171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ZARRAKAZTELU ALDEKO OINARRIZKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Nuestra Señora del Rosario zahar etxearen estatutuak. Behin betiko onespena

Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2024ko apirilaren 25ean egindako bilkuran, aho batez erabaki zuen "Zarrakazteluko Nuestra Señora del Rosario zahar etxea" erakunde autonomoa eratzea eta hasiera batez onestea haren estatutuak.

Erabaki hori 2024ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 23an, eta ez zen haren aurkako alegaziorik jarri.

Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak, 2024ko uztailaren 1ean egindako bilkuran, aho batez onetsi zituen "Zarrakazteluko Nuestra Señora del Rosario zahar etxea" erakunde autonomoaren estatutuak.

Zarrakaztelun, 2024ko apirilaren 22an.–Mankomunitateko burua, María Burgos Catalan.

ZARRAKAZTELUKO NUESTRA SEÑORA DEL ROSARIO ZAHAR ETXEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Batzarrak erabaki du Zarrakazteluko Nuestra Señora del Rosario zahar etxea" erakunde autonomoa eratzea. Izaera juridikoa du eta lanerako ahalmen osoa, bere helburuak lortzeko.

2. artikulua. Erakunde autonomoaren egoitza Aragoiko etorbidea pasealekuko 4. zenbakian dago, zahar etxeari esleitu bulegoetan.

3. artikulua. Adineko pertsonen arretarako erakunde autonomo honen xedea da zahar etxearen funtzionamendu egokia zaintzea, bizitoki iraunkor eta komuna baita bere kabuz moldatzen diren edo laguntza behar duten adineko pertsonentzat, eta laguntza integrala ematea, patronatuaren batzarraren arabera eta onartuak izateko araudiari jarraikiz, bertan egoteko baldintzak betetzen dituzten interesdunei, bereziki, Mankomunitatea osatzen duten udalerrietan jaio eta bizi direnei.

III. KAPITULUA.–ARAUBIDE ORGANIKOA

4. artikulua. Honako organo hauek arduratuko dira Zarrakazteluko Nuestra Señora del Rosario zahar etxea gobernatzeaz eta administratzeaz:

1. Gobernu organoak:

a) Gobernu batzordea.

b) Lehendakaria.

c) Lehendakariordea.

2. Hautetsiak:

a) Diruzaina.

b) Idazkaria.

1. ATALA.–GOBERNU BATZORDEA: OSAERA, FUNTZIONAMENDUA ETA ESKUMENAK

5. artikulua. Gobernu batzordea izanen da erakunde autonomoaren organo gorena.

Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak eta ordaingabeak izanen dira.

6. artikulua. Gobernu batzordea honako hauek osatuko dute:

a) Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

b) Bost batzordekide, Mankomunitatea osatzen duten udalerriek izendatuak.

c) Zahar etxeko zuzendaria edo kudeatzailea.

d) Batzordeak une zehatzetarako interesgarria delakoan eskatzen duen beste edozein teknikari edo pertsona.

7. artikulua. Gobernu batzordeko kideen agintaldiak, berritu ezean, izendatu zituen udalbatzak adina iraunen du gehienez.

Udalbatzako kide izateari uzten dion batzordekide orok batzordekide izateari utziko dio, eta hura izendatu zuen udal organoak ordeztuko du.

8. artikulua. Gobernu batzordea hiru hilean behin bilduko da, bai eta behar den guztietan zein batzordekideen herenak eskatuta ere.

9. artikulua. Saioek balioa izan dezaten, 4 kideren bertaratzea beharko da gutxienez, eta batzordearen erabaki guztiak gehiengo soilaz hartuko dira.

Berdinketa gertatzen bada, batzordeburuaren kalitateko botoa erabakigarria izanen da.

10. artikulua. Batzordearen bilkurarako deialdia buruak eginen du, gutxienez ere 48 ordu lehenago, eta gai-zerrenda zehaztuko du aldi berean.

Kideek nahitaez azaldu beharko dute batzordera; ez agertzeak justifikatu egin beharko dira.

11. artikulua. Batzordearen bilera guztietan akta eginen da, eta hartutako erabakiak zehaztuko dira hartan.

12. artikulua. Gobernu batzordearen eginkizunak hauek dira:

a) Mankomunitateari proposatzea zahar etxearen ondasun higiezin eta eskubide errealen salerosketa, trukaketa edo bestela eskuratzea, besterentzea edo kargatzea.

b) Mankomunitateari proposatzea mota guztietako balore, titulu eta ondasun higigarrien salerosketa, are balio artistiko eta historikokoak ere, eta orobat mota guztietako eskubideak eta gordailu izendunak eratu eta erretiratzea, egoki juzgatzen denean.

c) Errekurtsoak paratu, auziak sustatu eta bide administratiboan nahiz judizialean eramatea, instantzia guztietan.

d) Erabakiak hartzea zahar etxea aitzina eramateko beharrezko edo komenigarri diren ahalmenak emateaz eta batzordekideak edo komenigarritzat jotzen diren pertsonak eskuordetzeaz den bezainbatean.

e) Erabakitzea bere ahalmenetan aritzeko komenigarri edo beharrezko diren agiri publiko eta pribatu guztiak emateaz den bezainbatean.

f) Erakundearen aurrekontuak hasiera batez onestea, Mankomunitateak gero onets ditzan.

g) Erakundearen urteko kontuak hasiera batean onestea, Mankomunitateak gero onets ditzan.

h) Erakundeko langileen plantilla onestea.

i) Zahar etxearen helburuak betetzeko behar diren bestelako eginkizun guztiak.

j) Gobernu batzordeak hartuko du bere administrazioaren ardura; bere eginkizunen bat edozein batzordekideren esku utz dezake, bai eta kanpoko beste nornahiren esku ere. Kargu hori dohainekoa nahiz ordaindua izan daiteke, batzordeak zer erabaki eta horixe.

2. ATALA.–LEHENDAKARIA ETA LEHENDAKARIORDEA

13. artikulua. Batzordeko lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Bilkuretarako deialdiak egin, haien buru izan eta zuzendari lana betetzea.

b) Batzordearen ordezkari izatea era guztietako erakunde, agintari, epaitegi, federazio eta abarretan.

c) Zahar etxeko agiri guztiak sinatzea, publikoak nahiz pribatuak izan.

d) Diruzaintzako agiriak eta idazkariak aurkezten dituen ziurtagiriak bere sinadurarekin baimentzea.

e) Gobernu batzordea biltzeko deia ez badaiteke egin, presako kasuetan, haren eskumenen esparruan erabakiak hartzea, eta batzordeari haien berri ematea hurrengo bilkuran.

f) Zerbitzu guztien goi ikuskapen eta zuzendaritza.

g) Erakundeko langileei diziplina-zehapena ezartzea.

h) Batzordearen eztabaidak gidatu eta zuzentzea.

Batzordeko lehendakariak bere ahalmenetariko edozeinetarako eskuordetzen ahalko du lehendakariordea edo beste batzarkide bat, zeregin berezietarako nahiz era iraunkorrean, eta horren berri emanen dio batzordeari.

3. ATALA.–HAUTETSIAK

14. artikulua. Diruzaina eta idazkaria hautetsiak izanen dira. Gobernu batzordeak horiek denak hautatuko ditu, bere kideen artean, lehenbiziko bileran, edo egiten den aurrenekoan, kargua hutsik geratuz gero.

Diruzaina.

15. artikulua.

a) Erakunde autonomoaren diruak zaintzea.

b) Gobernu batzordeari zahar etxearen egoera ekonomikoaren berri ematea.

c) Entitatearen diru eta baloreei dagozkien kobrantzak eta ordainketak baimendu eta agintzea, legearen xedapenekin bat etorriz.

d) Diruzaintzako agiriak egitea, batzordeko lehendakariaren oniritzia izanda.

Idazkaria.

16. artikulua.

a) Batzordearen bilkuren aktak idaztea eta onesteko aurkeztea. Berak beste inork ez ditu sinatuko, batzordeko lehendakariak oniritzia emanda.

b) Erakunde autonomoaren jarduerari buruzko liburu eta agiriak zain daitezen agintzea.

c) Erakunde autonomoari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea ematea.

d) Batzordearen egintza edo erabakiei buruz behar diren ziurtagiriak egitea.

e) Funtsen kontu-hartzailetza egitea.

f) Idazkariaren eta diruzainaren eginkizunak pertsona berak egiten ahalko ditu.

Batzordekideak.

17. artikulua. Batzordeko kideei dagokie:

a) Batzordeko lehendakariari proposatzea eguneko gai-zerrendan sartu beharreko gaiak.

b) Gobernu organoei sostengu ematea.

c) Gobernu batzordean izaten diren eztabaidetan parte hartzea eta erabakiak bozkatzea.

III. TITULUA.–ONDAREA ETA ARAUBIDE EKONOMIKO ETA FINANTZARIOA

18. artikulua. Erakundeak bere nortasun juridikoa duenez gero, ahalmena izanen du zahar etxearen funtzionamendurako, administraziorako eta haren helburuak betetzeko behar diren eragiketa ekonomiko-finantzarioak gauzatzeko.

19. artikulua. Erakunde autonomoari bere helburuak betetzeko atxikiko zaion udal ondarea zahar etxea ukitzen duten ondasunek osatuko dute. Ondasunok Zarrakazteluko Aragoiko etorbidea pasealekuko 4. zenbakian daude.

Orobat, erakunde autonomoari atxikiko zaizkio, bere helburuak bete ditzan:

1. Egoiliarren ekarpenak eta beste edozein pertsona edo entitatek haien izenean paratzen dituztenak.

2. Bere erreserba funtsak inbertitzetik eskuratzen diren interes eta produktuak.

3. Dirulaguntzak, dohaintzak, legatuak eta edozer tituluren kariaz legez eskuratzen dituen gainerako ondasun eta eskubideak.

4. Zarrakaztelu aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitateak adosten dituen ekarpenak.

5. Nafarroako Gobernuarekin edo beste entitate batzuekin sinatu itunen ondorioz lortzen dituen ekarpenak.

Aurrekontuak eta kontuak

20. artikulua. Gobernu batzordeak onetsitako aurrekontuak Mankomunitateari igorriko zaizkio, hark aztertu, fiskalizatu eta, bidezko izanez gero, entitatearen aurrekontu orokor bateratuan sar ditzan.

21. artikulua. Erakunde autonomoaren aurrekontu eta kontuen egitura, Nafarroako toki entitateen aurrekontu eta kontuetarako ezarritako erregela eta arauei egokituko zaie.

22. artikulua. Erakunde autonomoaren aurrekontuen exekuzioa eta likidazioa, bai eta haren kudeaketa ekonomikoa ere, gainerako entitateetarako ezarritako modu eta baldintza beretan ikuskatu eta kontabilizatuko dira.

IV. KAPITULUA.–FISKALIZAZIOA ETA TUTORETZA

23. artikulua. Zarrakaztelu aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak honako eginkizun hauek ditu:

a) Erakunde autonomoaren zerbitzu eta ekintzen zuzendaritza, zaintza eta tutoretza.

b) Erakunde autonomoak kudeatu beharreko arloen betearazpena bultzatu eta ikuskatzea.

c) Erakunde autonomoko langileen plantillak finkatu, handitu edo murriztea, gobernu batzordeak aurrez proposatuta.

Mankomunitatearen esku egonen da:

1. Gobernu batzordearen erabakiak bertan behera uztea, uste badu haren eskumenekoak ez direla edota Mankomunitatearen edo erakunde autonomoaren interes orokorren kontrakoak direla, edo legeak argi eta garbi hausten badituzte.

2. Gobernu eta administrazioko organoengandik jasotzea eskatzen dizkien txosten eta agiri guztiak.

3. Egoki deritzon ikuskapenak egitea.

V. KAPITULUA.–LANGILEAK

24. artikulua. Erakunde autonomoak honako kategoria eta zerbitzu hauen arabera behar dituen langileak izanen ditu (kopurua, kategoria eta eginkizunak gobernu batzordeak eratu eta onetsitako plantillan zehaztuko dira):

–Lan-kontratudun finkoak.

–Behin-behineko lan-kontratudunak.

–Zerbitzuen errentamendu-kontratua.

Erakunde autonomoarekiko harremanak ezarriko dira hitzarmen berariazkoetan, eta, hala dagokionean, zerbitzuen errentamendu-kontratuetan onesten den barne araubidearen erregelamenduan.

Kategoria eta lanpostu guztietako langileen izendapenaren berri eman beharko zaio gobernu batzordeari.

VI.–BARNE ARAUBIDEAREN ERREGELAMENDUA

25. artikulua. Erakunde autonomoko gobernu organoen jarduketaren, bilkura araubidearen eta, oro har, zerbitzu emateari buruzko alderdien arauak garatzeko, gobernu batzordeak barne araubidearen erregelamendua prestatuko du, zeinak beharko baitu Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatearen batzarraren onespena.

26. artikulua. Nahitaezkoa izanen da parte-hartzezko batzordea eratzea; batzarkide guztiek gehi langileen bi ordezkarik eta hiru egoiliarrek osatuko dute.

27. artikulua. Irabazi-asmorik gabeko erakundea denez, urteko balantze ekonomikoaren amaieran irabazirik edo superabitik badu, zahar etxeari itzuli beharko zaio nahitaez, ondasunak eta hornidurak eros ditzan, edota izan dezakeen edozein defizit arindu. Batzarrak erabakiko du zertan inbertitu, betiere zahar etxeko zuzendaritzak adierazitako premiak aintzat hartuta.

VII. KAPITULUA.–ESTATUTUAK ALDATZEA ETA ERAKUNDEA DESEGITEA

29. artikulua. Estatutuak onesteko zer prozedura erabili zen, horixe bera erabiliko da haiek aldatzeko.

30. artikulua. Erakunde autonomoa egoera hauetan desegiten ahalko da:

1. Zarrakazteluko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egoki irizten dionean, udal zerbitzua kudeatzeko sistema aldatu delako.

2. Ezinezkoa denean jardueraren helburua betetzea edo dituen baliabideak aplikatzea.

Erakunde autonomoa deseginez gero, Mankomunitatea izanen da haren oinordeko unibertsala, eta haren esku geldituko da hornidura guztia, desegindako entitatearen aktiboan azaltzen diren gehikuntza eta ekarpenekin. Ahal dela, antzeko helburuak betetzeko erabiliko du jasotako ondarea.

Azken xedapena.–Estatutuak behin betiko onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik aitzina jarriko dira indarrean.

Iragarkiaren kodea: L2410795