171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESA

Ordenantza, arautzen dituena hilerriaren erabilera eta tasa. Behin betiko onespena

Esako Udalak, 2024ko apirilaren 17an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Hilerriaren erabilera eta tasa arautzen dituen ordenantza fiskala, aldatu dadin desobiratzeko gutxieneko denbora.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 106. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 23an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Esan, 2024ko uztailaren 8an.–Alkatea, Roberto Martínez Luyando.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA HILERRIAREN ERABILERA ETA TASA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Ordenantza hau ezartzen da honako arau hauen babesean: martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak (foru lege horrek hizpide ditu Nafarroako Toki Ogasunak), martxoaren 1eko 4/1999 Foru Legea, zeinaren bidez aldatzen baita 2/1995 Foru Legea, eta 6/1990 Foru Legea.

Orobat, ordenantza honek arautzen ditu Udal hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, bat etorriz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 4., 25. eta 26. artikuluekin (lege horren bidez arautu ziren Toki Araubidearen Oinarriak) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 4. eta 29. artikuluekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa); hori guztia, galarazi gabe bestelako administrazioen legezko eskumenak.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da Udalaren jarduera, sortzen dena alderdi batek eskaturik, Esako udal hilerrian egiten diren hobiratzeengatik eta desobiratzeengatik.

Salbuespenak

3. artikulua. Ez da salbuespenik eginen ordainarazpen honetan.

Subjektu pasiboak

4. artikulua. Subjektu pasiboak dira, zergadun diren aldetik, ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan aipatutako pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak.

Betiere, ordezko subjektu pasiboa izanen da Ordenantza fiskal orokorraren 8. artikuluan ezartzen dena.

Tarifak

5. artikulua. Honako hauek dira udal hilerriko zerbitzuak emateko tarifak:

Lurrean hobiratzea: kontzesioa, 99 urteko aldi luzaezin baterako: salbuetsia.

Nitxoan hobiratzea: kontzesioa, 99 urteko aldi luzaezin baterako: 420 euro.

Kolunbarioan hobiratzea: kontzesioa, errautsak kolunbario batean gordetzeagatik, 99 urteko aldi luzaezin baterako: 420 euro.

Bigarren eta ondorengo hobiratzeak nitxo eta kolunbarioetan: 210 euro (kontzesioa 99 urterako da, lehen hobiratzerako, eta ezin izanen da luzatu).

Sortzapena

6. artikulua. Tasa sortzen da, eta ordaindu beharra dago, zerga-egitatearen udal jarduera egiten denean.

Kudeaketa arauak

7. artikulua. Esako udal hilerria administratzeko, zuzentzeko eta zaintzeko, ahalmen hauek behar dira:

a) Hilerriko higienearekin eta osasunarekin zerikusia duen guztia.

b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.

c) Lurrak eta hilobiak antolatu, banatu eta aprobetxatzea.

d) Eskubideak eta tasak kobratzea.

8. artikulua. Udal organoen ardura da udal hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua, behar diren langileak prest izatea edo zerbitzuak nork eginen dituen erabakitzea.

9. artikulua. Hilerrian behar adina hilobi huts izanen dira, udalerriko biztanleriaren zentsuaren arabera, edo horietarako lur aski gutxienez izanen da.

10. artikulua. Hobiratzeko ekartzen diren hilotz guztiek hilobia izanen dute, baldin legezko tramiteak bete badira, eta ordaindu beharko dira ordenantza honen 5. artikuluan adierazitako eskubideak, hobiratzeko zerbitzuak erabiltzeagatik.

11. artikulua. Desobiratzeak izan daitezke hilerrian berean lekuz aldatzeko edo beste hilerri batera eramateko. Desobiratzeak ikuskatu eginen dira, osasun arloko xedapenek ezarritakoaren arabera, eta, oro har, ezin izanen da hilotzik desobiratu hobiratzetik bost urte igaro arte, salbu epaileek agintzen dutenean edo urriaren 15eko 297/2001 Foru Dekretuaren 49.2 artikuluko kasuetan (hileta-osasunari buruzko erregelamendua onesten duen foru dekretua).

Desobiratzeak honako baldintza hauetan egin daitezke, baldin heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik eragiten ez badu:

–Nitxoetan hobiratutako hilotzak. Gutxienez bost urte igaro beharko dira hobiratu denetik.

–Lurpean hobiratutako hilotzak. Gutxienez hamar urte igaro beharko dira, lurpean hobiratu denetik.

Ez da baimenik emanen denbora laburragoko epeetan desobiratzeko, epaile baten aginduz ez bada.

Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da desobiratzerik eginen, epaile batek agindu ezean.

Hilotzak ateratzen baldin badira beste hilerri batera eramateko, betiere beharrezkoa izanen da lekuz aldatzeko hilkutxa berezia izatea. Osasun Departamentuak, kontuan harturik inguruabarrak, ezarriko du zein diren neurri higieniko-sanitario egokiak, desobiratzeko. Erabaki dezake hilkutxa edo kanpoko kutxa aldatzea, baldin hilotzak desobiratzen badira lekualdatzeko hilkutxa berezietan, ez badago egoera onean.

Salbuespenez, Osasun Departamentuak baimendu dezake hilotzak ateratzea.

Baldin ateratzen diren hilotzak berehala berrobiratu edo erre behar badira, hilerrian bertan, hilkutxa arrunt batean berrobiratzen edo erretzen ahal dira.

Betiere, hilotz bat ateratzen denetik berriz ere hobiratzen den arte, ezin da inoiz igaro berrogeita zortzi ordu baino gehiago.

12. artikulua. Desobiratzea egin behar denean epea bukatzeagatik, ez da inolako abisurik eman beharko. Eskatzaileak bere kontura eginen ditu desobiratzeko lanak. Udalari jakinaraziko dio aurretik, hark lanak ikuskatzeko.

13. artikulua. Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak hobiratzeko ez da lur gehiagorik okupatuko. Gutxienez 10 urte duen hilobian ezarriko dira, edo, bestela, hezurtegira eramanen dira.

14. artikulua. Noiznahi baimendu daiteke gorpu baltsamatuak hobitik atera eta lekualdatzea, baina hilkutxaren kanpoko kutxa berria paratu beharko da, baldin ongi kontserbaturik ez badago.

15. artikulua. Nitxoen kontzesioa eginen da libreki aukeratuta, eta eskatu den ordenaren arabera, eta jadanik emanda daudenak errespetatuta. Kontzesio horien erregistro liburu bat izanen da, eguneratua.

Kolunbarioen kontzesioetarako ere berdin jokatuko da.

16. artikulua. Titularren betebeharra da seguru, garbi eta txukun edukitzea hobiak, hilobiak, panteoiak, nitxoak eta kolunbarioak.

17. artikulua. Hilerriko lurren aprobetxamendua honako arrazoi hauengatik iraungitzen ahal da:

a) Hilerria desagertzeagatik.

b) Interes publikoagatik.

c) Hobiak behar izateagatik, beste hobiratze batzuk egiteko.

18. artikulua. Hilobiak urratu behar direnean, bai alderdi batek eskaturik bai aurreko artikuluan bildutako arrazoiak gertatu direlako, beharrezkoa izanen da, hobitik atera baino lehen, ahaideek Udalari adieraztea (odolkidetasuneko bigarren gradu bitarteko ahaideek) zer egin apaindurako elementuekin. Hilerriko paretara aldatu daiteke hildakoaren identifikazio elementua, ez beste inora. Familiakoen ardura da elementu horiek kentzea; bestela, Udaleko langileek kenduko dituzte, baina kostua ordaindu beharko da.

19. artikulua. Debeku da errautsak hiri lurzoruan botatzea, baita interes kulturala edo turistikoa duten tokietan ere, Esako udal-mugarte osoan. Hilerrian, kolunbarioan hobiratu daitezke errautsak.

Arau-hausteak eta zehapenak

20. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, jarraituko zaio ordenantza fiskal orokorrari, bai eta honako arau hauei ere: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Ordenantza hau baino lehenagoko kontzesioak errespetatuko dira, zeuden horretan eta haien tituluei jarraikiz. Ondokoak, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko dira Ordenantza Fiskal Orokorra, martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legea eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, behin testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2410808