1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
132E/2024 FORU AGINDUA, abuztuaren 2koa, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariak emana, esku-hartze globaleko proiektua onesten duena Corellako hamar jabeen erkidegorentzat (Tafalla kaleko esparrua, PIG 85).
Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean, esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu, bizitegi multzoak berroneratzeko xedea dutenak.
Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbean harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.
Aurrekoarekin bat etorriz, esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea eskatu da, Corellako atari hauek hartzen dituena:
–Tafalla kalea, 1-10 zenbakiak.
Guztira 60 etxebizitza dira, 10 ataritan, Corellako 1. poligonoko 636., 637., 638., 639., 640., 641., 642. 643. 644. eta 645. lurzatietan.
1975ean eraikitako eraikinak dira, eta atari guztiek tipologia eta eraikuntza ezaugarri komunak dituzte. Atari bakoitzak bolumen angeluzuzen bakarra osatzen du, eta "U" forman taldekatzen da barruko beste bloke batekin. Fatxadek eta estalkiek ez dute isolamendurik. Hasiera batean, eraikin batek ere ez zuen igogailurik; gaur egun, 7. atarian igogailua jartzen ari dira, eta ataria bera eta eremu komunak irisgarritasun unibertsalari buruzko araudi espezifikora egokitzen ari dira.
Jarduketa honen bidez, inguratzaile termikoa hobetuko da, eta eraikinak irisgarritasun unibertsalari buruzko berariazko araudira egokituko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Corellako Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Corellako Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.
Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Esku-hartze orokorreko proiektu bat onestea Corellako Tafalla kaleko esparruko kale hauetako jabeen erkidegoetarako:
–Tafalla kalea, 1-10 zenbakiak.
Proiektua Tafalla kaleko 2, 3, 5, 6, 7 eta 10 zenbakietako jabeen erkidegoei aplikatuko zaie. Kanpo geratu dira 1, 4, 8, eta 9 zenbakietako erkidegoak. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko dio etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura batu nahi duela, eta hori nahikoa izanen da proiektua erkidego horietan ere aplikatzeko.
Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da behar diren proiektuak aurkeztea dagokion birgaitze bulegoan eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.
2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Corellako Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.
4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (https://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2024ko abuztuaren 2an.–Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria, Begoña Alfaro García.
Iragarkiaren kodea: F2411769