Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LOS ARCOS
Ordenantza, Udalaren titulartasuneko kirol-instalazioak erabiltzeko arauei buruzkoa. Behin betiko onespena
Los Arcosko Udalak, 2024ko maiatzaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Udalaren titulartasuneko kirol-instalazioak erabiltzeko arauei buruzko ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 120. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 11n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Los Arcosen, 2024ko uztailaren 24an.–Alkatea, Eduardo García de Galdiano Baños.
ATARIKO TITULUA
1. artikulua. Xedea.
Erregelamendu honen xedea da Los Arcosko Udalaren titulartasuneko kirol-instalazioen erabilera eta funtzionamendua arautzea, bai eta erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak ere.
Erregelamendu hau udal kirol-instalazio guztietan aplikatuko da; bertan adierazten den moduan, hain zuzen.
I. TITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
2. artikulua. Kontzeptua.
1. Udal kirol-instalaziotzat hartzen dira Los Arcosko Udalaren titulartasuneko eraikin, pabiloi, barrunbe, esparru, zelai, pista eta hornidura guztiak, zeinak berariaz erabiltzen baitira kirolarekin lotutako jarduerak egiteko eta kultur fisikorako edo kirol aisialdirako. Halaber, barnean biltzen ditu kirol-jarduera garatzeko beharrezkoak diren ekipamendu eremu osagarriak edo funtzionalki beharrezkoak.
2. Erregelamendu hau aplikatzearen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira kirol-instalazio izaera ez izan arren aldi batez kirol-jarduerak egiteko gaitzen diren eremuak, bai eta Los Arcosko Udalari edozein titulu juridikoren bitartez laga zaizkionak ere, kudea ditzan, nahiz eta Udalaren titulartasunekoak ez izan. Kasu horretan, instalazioak erregelamendu honen bidez arautuko dira, lagapen tresnan ez bada berariazko araubiderik ezartzen haiek kudeatzeko.
3. artikulua. Ondasunen kalifikazio juridikoa eta kirol-instalazioetarako sarbidea.
1. Toki entitateen ondasunei buruzko foru araudian ezarritakoarekin bat, Udalaren kirol-instalazioak jabari publikoko ondasunak dira, erabilera publikoari edo kirol zerbitzu publikoari lotuak.
2. Kirol-instalazioak, kudeatzeko modua edozein dela ere, herritar guztiek erabil ditzakete, banaka edo taldeka, eta legeetan edo erregelamendu honetan ezarritako mugak baino ez dituzte izanen.
Ondorioz, pertsona fisikoek zein juridikoek erabil ditzakete. Ondorioz, pertsona fisikoek zein juridikoek erabil ditzakete.
3. Hala ere, honako hauek baldintzatuko dute kirol-instalazioetarako sarbidea: instalazio bakoitzaren edukiera, egoeraren arabera ezar daitezkeen edukiera mugak eta, hala dagokionean, kasuan kasuko kirol-jarduera edo instalaziorako ezarritako indarreko prezio publikoak ordaintzea.
Era berean, publikoaren asistentzia ekartzen duten jarduera eta ikuskizunei dagokienez, kasuan kasu aplikatu beharreko araudiak baldintzatuko du instalazioetarako sarbidea, erregelamendu honetako lehentasun-ordenaren arabera.
4. artikulua. Instalazioen sailkapena.
1. Erabiltzeko ezaugarri eta baldintzen arabera, udal kirol-instalazio publikoak bi motatakoak izanen dira: erabilera arautukoak edo erabilera librekoak. Udal organo eskuduna arduratuko da instalazioak erabilera batean edo bestean sailkatzeaz.
2. Erabilera arautuko instalazioek araubide espezifikoa daukate, lehentasun irizpideen arabera, eta, kasuan kasu, haiek erabiltzeagatik ezarritako prezioak ordaindu beharko dira.
3. Erabilera librekoek ez dute erabiltzeko inolako baldintzarik. Instalazio horiek erregelamendu honetatik kanpo geratzen dira; hala ere, udal organo eskudunak erabiltzeko erreserbak marka ditzake, premia espezifiko propioengatik edo hainbat erakundek edo pertsonak eskatutako erreserbengatik.
4. Eskolako kirol-instalazioak erabilera arautuko instalaziotzat jotzen dira, eta arautzen dira instalazio motaren eta kirol-instalazio horiek erabiltzeko udal programazioari jarraikiz, III. tituluan agindutakoaren arabera:
5. artikulua. Erabilera.
1. Udalaren kirol-instalazioak honetarako erabiliko dira: eskolako kirolak eta jarduera fisikoa egiteko; herritarrek, oro har, aisialdiko edo astialdiko kirola egiteko; eta erakustaldiko, lehiaketako eta errendimendu handiko kirola egiteko, baita kirol profesionala egiteko ere.
2. Instalazio bakoitzean, arau orokor gisa, instalazio horri berariaz dagozkion kirolak bakarrik egiten ahalko dira, eta Udalaren aldez aurretiko baimenarekin. Dena den, beste kirol batzuk ere egin daitezke, betiere teknikoki posible bada.
3. Kirola egiteko erabiltzeaz gain, horretarako baitira berez, kirolari lotuta ez dauden beste ekintza batzuk edo ezohiko jarduerak ere baimentzen ahalko dira udal kirol-instalazioetan. Horretarako, bateragarriak izan beharko dira lehendik dauden azpiegiturekin, zehazten diren baldintza partikularrak bete beharko dituzte eta ezin izanen dute instalazioen funtzionamendu normala oztopatu.
4. Erregelamendu bidez ezartzen diren beste alderdi batzuk.
II. TITULUA.–ERABILERA ARAUTUKO UDAL KIROL-INSTALAZIOAK
I. KAPITULUA.–ARAUBIDE OROKORRA
6. artikulua. Egutegia.
Erabilera arautuko udal instalazioen irekiera eta funtzionamendua arautzeko, urtero ezartzen diren egutegia, ordutegia eta erabilera hartuko dira kontuan.
7. artikulua. Sartzeko modua.
1. Instalazioak eguneroko sarreraren, abonuaren edo erreserbaren bidez erabiltzen diren aldian, erabiltzaileak dagokion txartela, giltzatakoa edo tiketa eraman beharko du aldean.
2. Eguneko sarreren eta ordaintzeko kuoten zenbatekoa ezin izanen da itzuli behin ordainduta dagoenean, erregelamendu honetan ezarritako tarifen eta aurreikusitakoaren arabera.
3. Abonatuaren txartela, giltzatakoa edo QRa pertsonala eta besterenezina da; beraz, behar ez bezala erabiliz gero, kendu eginen zaio, eta dagokion zehapena ezarri.
8. artikulua. Erabiltzeko modua.
1. Erabilera arautuko udal kirol-instalazioak erabiltzeak berekin dakar dagokion araudian ezarritako prezioa ordaintzea.
Pertsona eta kolektibo oro hartuko da instalazioen erabiltzailetzat, baldin eta kirolari lotutako ikastaro edo jardueretan izena eman badu, eta instalazioak alokatzen edo ordaintzen baditu.
2. Pertsona fisiko eta juridikoek instalazioak erabiltzen ahal dituzte, erregelamendu honetan jasotako arauen arabera.
3. Edozein kasutan, debekatuta dago kirol-instalazioetan honako objektu hauek erakutsi edo erabiltzea:
a. Edukiz edo esanahiz indarkeria erabiltzera dei egin dezaketen pankarta, sinbolo, ikur edo idatziak.
b. Armak edo arma gisa erabil daitezkeenak.
c. Bengalak edo su artifizialak.
d. Pertsonei kalterik eragin diezaieketen objektuak.
e. Erregelamendu bidez debekatzen diren beste objektu edo tresna guztiak.
4. Instalazio batentzat ezarritako edukierara iritsiz gero, ezin izanen da inor gehiago sartu.
9. artikulua. Eskaerak eta baimenak.
1. Erabilera arautuko udal kirol-instalazioak erabiltzeko, nahitaezko baimena beharko da.
2. Egun bakarreko kirol erabileretarako, interesdunek instalazio bakoitzean zuzenean eskatuko dute instalazio hori ordutegi erabilgarrietan erabiltzeko, eta baldintza bakarra izanen da eskatu eta ordaindu beharreko instalazioarekin harremanetan jartzea eta finkatutako prezioa aurretik ordaintzea. Erabiltzeko urteko arauek eta egutegiak ezarriko dituzte epeak eta baldintzak.
3. Erabilera ez-jarraituak, hau da, hilabetetik beherako iraupena dutenak, idatziz eskatu beharko dira, kasuan kasuko instalazioa erabiltzeko aurreikusitako datak baino gutxienez hamabost egun lehenago. Prezioa erabilera baimendu eta gero ordainduko da, eta, edonola ere, instalazioa erabili aurretik.
4. Erabilera jarraituen edo sasoikoen kasuan, eta kirol-denboraldia hasi baino lehen, Los Arcosko Udalak deialdi publiko bat iragarriko du erabilera arautuko kirol-instalazioen esleipena arautzeko. Udal-organo eskudunak esleipena onartu ondoren, nahi duenak baja eman ahal izanen du, egokitzat jotzen duen egunean, Udalari idatziz jakinarazita.
5. Instalazio batean aldi berean erabilera bateraezinak dituzten bi eskaera edo gehiago badaude, 12. artikuluan ezarritakoa hartuko da kontuan lehentasunari buruz ebazteko. Berdinketak jarraitzen badu, jarduerek gizartean duten oihartzuna hartuko da kontuan.
6. Udal kirol-instalazioak erabiltzeko baimena edo emakida eskubide besterenezina da; beraz, titularrek ezin izanen dute eskuratutako erabilerak trukatu edo besteei utzi, salbu eta Udalaren baimena badute.
7. Instalazioa edo erabili beharreko materiala egoera txarrean badago, eta, beraz, kirol-jarduera ezin bada egin edo arriskutsua bada, eskatu ahal izanen da zenbatekoa itzultzeko edo beste erabilera bat egiteko baimena ematea, inolako kargurik gabe, aurreikusitako dataren ondorengo zortzi egunen barruan, eta egin ahal izanen da, betiere, instalazioa libre badago eskatutako ordutegian. Aldaketa ez bada eskatzen ezarritako epe horren barnean, erabiltzaileak bere eskubidea galduko du.
8. Era berean, kirol-instalazioetan ustekabeko konponketak egiten badira, antzeko ezaugarriak dituen beste espazio bat eskaintzen saiatuko da Udala, ahal den neurrian. Hori ezinezkoa bada, erabiltzaileak eskubidea izanen du dagokion prezio publikoa itzul dakiola eskatzeko.
9. Nolanahi ere, erreserbatutako instalazioa interesdunari egotz dakiokeen arrazoi batengatik ez erabiltzeak ez du ezarritako prezioa ordaintzetik salbuesten, eta ez du ekarriko ordaindutako zenbateko osoa edo zati bat itzultzea.
10. Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko baimena, nolanahi ere, Los Arcosko Udalaren beharren mende egonen da.
11. Los Arcosko Udalak beretzat gordetzen du jada baimendutako erabilerak aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, baita zerbitzua aldi baterako eteteko ahalmena ere, udal intereseko arrazoiak direla medio. Hori dela eta, ez zaie interesdunek izan ditzaketen kalteei erantzunen, ordaindutako prezioen itzulketa proportzionala izan ezik.
12. Instalazio batean aldi berean erabilera bateraezinak dituzten bi eskaera edo gehiago badaude, hurrengo artikuluetan ezarritakoa hartuko da kontuan lehentasunari buruz ebazteko. Berdinketak jarraitzen badu, jarduerek gizartean duten oihartzuna hartuko da kontuan.
13. Ohiz kanpoko ordutegian edo egutegian egiten edo egiten ez diren kirol-jarduerek erabilera bererako ezarritako prezioa handitzea ekar dezakete. Prezio horretan ordu guztiak zenbatuko dira, bai prestakuntzakoak, bai ekitaldia edo ikuskizuna egiteko behar direnak.
14. Kirol-instalazio batean egin beharreko jarduerek –kirol-jarduerak izan edo ez– behar badute ekipamenduak muntatzea eta desmuntatzea, horretara bideratutako denbora zenbatuko da, eta horrek finkatutako prezioa handitzea ekar dezake. Hori ere gertatuko da baldin eta instalazioen lagapenak eragiten badu langile gehiago kontratatu behar izatea instalazioak arduratzeko. Kirol-instalazioa erabiltzen duenaren ekimenez eginen dira muntatzeko eta desmuntatzeko lanak, instalazioaren arduradunek gainbegiratuta. Gainera, bera kontura izanen dira zaintza, garbiketa, loturak, energia elektrikoaren kontsumo eta ekipamenduak muntatzearen eta desmuntatzearen ondoriozko gainerako zerbitzuen gastuak, baita jarduera egitearen ondoriozkoak ere.
10. artikulua. Objektuak eta ekipajeak zaintzea.
1. Los Arcosko Udalak ez du bere gain hartuko udal kirol-instalazioetan galtzen edo hondatzen diren objektu pertsonalen gaineko erantzukizunik, eta gomendatzen du ez eramatea objektu baliotsurik udal kirol-instalazioetara.
2. Armairuak dituzten instalazioetan, armairua erabiltzen duenaren ardura izanen da ixteko sistema erabiltzea, eta Udalak ez du galeren gaineko erantzukizunik izanen.
3. Debekatuta dago armairuak egun batetik bestera okupatzea; kasu horretan, instalazioa ixtean, langileek bertan dauden objektuak kenduko dituzte, eta galdutako objektutzat joko dira.
4. Udalaren kirol-instalazioetan jasotako objektuak dagokion instalazioaren bulegoetan utziko dira hamabost egunez, eta, epe hori igaro ondoren, galdutako objektuen udal bulegora eramanen dira.
11. artikulua. Erabiltzeko mugak eta debekuak.
1. Arropa aldatzeko leku bakarra aldagela da, eta instalazioko langileek aldagela esleituko diote pertsona edo talde bakoitzari.
2. Parketez edo material sintetikoz estalitako instalazioetan sartzeko, kiroleko arropa eta oinetakoak erabiliko dira, eta inoiz ez kalean eramatekoak. Kaleko arropa eta oinetakoak pasabideetan eta jendearentzat gordetako guneetan baino ezin izanen dira jantzi.
3. Debekatuta dago bizikletekin, ziklomotorrekin, patinekin, monopatinekin edo bestelakoekin sartzea kirol-instalazioetara, salbu eta berariazko instalazioen kasuan edo programatutako jarduerarako berariazko baimenaren kasuan.
4. Debekatuta dago tabakoa, edari alkoholdunak eta elikagaiak kontsumitzea edo hondakinak sortzen dituen edozein ekintza egitea, horretarako prestatutako guneetan izan ezik.
5. Kirol-anitzeko pabilioien kantxetatik kanpo ezin izanen da kirol-jarduera edo jokorik egin; izan ere, erabiltzaileak eta publikoa igarotzeko eta bertan egoteko eremuak dira.
6. Debekatuta dago animaliak sartzea udal kirol-instalazioetara.
7. Erabiltzaileek instalazio, ekipamendu eta material guztiaren garbitasuna eta ordena mantenduko dute, eta pertsona ororekiko errespetuzko portaera izanen dute.
8. Debekatuta dago barrutian argazkiak ateratzea, erabiltzaileen ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea bermatzeko.
9. Instalazioaren zuzendaritzak instalazioetan kirola egitea debekatzeko eskubidea izanen du, betiere kirol hori erabiltzailearen osasunerako kaltegarria dela uste badu.
10. Langileek zuzendaritzaren baimena daukate indarreko araudia betarazteko. Gainbegiratuko da betetzen direla erabilera arau orokorrak eta instalazioaren zuzendaritzak langileen bitartez ematen dituen beste arau berezi eta jarraibideak.
11. Ezarritako edozein arau urratzeak instalazioaren erabilera etetea ekar dezake.
12. Erabiltzaileak bere gain hartzen ditu kirol-jarduera desegokiaren ondorioak.
12. artikulua. Erabiltzeko lehentasunak.
1. Kirol-instalazioak erabiltzeko, lehentasun irizpideei jarraituko zaie, jarraian zehaztutako lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta aurkezten diren eskaeren xedearen eta Udalaren beharren arabera.
2. Eskolako orduetan, "Santa María de Los Arcos" ikastetxe publikoko ikasleek lehentasuna izanen dute udal kirol-instalazioak erabiltzeko, beren curriculumean jasotako gorputz hezkuntzako programak egin ditzaten.
3. Eskolako orduetatik kanpo, udaleko kirol-instalazioak erabiltzeko, ordena honi jarraituko zaio: lehenbizi, kirolaren hastapeneko eta sustapeneko udal programak garatzeko (nahi duten herritar guztiek izanen dute programa horietarako sarbidea, instalazioari edo programaren erabilgarritasunari dagozkien mugak soilik kontuan hartuta), gero, hiriko kirol-kluben eta sozietateen beharretarako, eta, azkenik, herritarren aisialdiko kirolerako.
13. artikulua. Abonamenduak.
1. Kirol-instalazioen abonua nahi duenak dagokion inskripzio-orria bete beharko du. Orri horren bidez erregelamendu hau onartzen du, bai eta zuzendaritzak emandako jarraibide guztiak ere.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, lege hori betez emandako datuak erabiltzaileen fitxategian sartuko dira. Horrela, kirol-instalazioetara sartzeko baimena, ordainagirien kudeaketa edo merkataritza-harremana kontrolatzen dira.
Pertsona batek eskaera egiten badu instalazioan abonatu izateko, edo izaten jarraitzeko, eskaera Zuzendaritzak onartu beharko du, eta horretarako pertsona horrek ezin izanen du izan Los Arcosko Udalarekin ordaindu gabeko kuotarik, itzulitako ordainagiririk edo ordaindu gabekorik.
Beraz, pertsona batek automatikoki baja izanen du baldin eta ordainagiri bat itzultzen badu eta 28 eguneko epean ordaintzen ez badu, ordainagiria igorri zen egunetik zenbatzen hasita.
2. Kuotak banku-helbideratzearen bidez kobratuko dira hilabete bakoitzaren hasieran, honako kasu hauetan izan ezik, horiek eskudirutan edo txartel bidez ordainduko baitira instalazioan:
a. Matrikularen kuota kobratzea.
b. Alta ematen den hileko kuotaren zati proportzionala.
c. Banku erakundeek itzulitako kuoten ordainagiriak eta prezio publikoetan onartutako itzulketa gastuak.
d. Hilabeteko abonuen kuotak.
Prezio publikoak urtero aldatuko dira Los Arcosko Udalak onetsitako aldaketaren arabera, egoki irizten badio.
Dagozkien kuotak ordaintzen ez dituztenak ezinen dira instalazioetara sartu.
3. Abonatuek 3 hilabetetik 12 hilabetera bitarteko eszedentzia hartu ahal izanen dute, baina ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, haurdun egotearekin, ikasketekin, lanagatiko joan-etorriekin edo baja medikoarekin lotuta. Eszedentzian dagoen bitartean, mantentzeko kuota bat ordaindu beharko du hilero. Kuota hori ordaintzeak ez du eskubiderik ematen instalazioa erabiltzeko. Aldi hori amaitzen denean, alta emanen da berriz ere, eszedentziaren aurreko baldintzetan.
4. Behin betiko baja emateko, jakinarazpen idatzi bat egin beharko zaio Los Arcosko Udalari, hilaren azken eguna baino lehen. Familientzako abonua –hau da, hobaria duena– izanez gero, zehaztu beharko da familia-unitateko zer kidek nahi duen baja. Abonatuta jarraitzen duten pertsonek baldintza berriari heldu beharko diote. Baja emateak matrikularen kuota galtzea dakar.
III. KAPITULUA.–FUNTZIONAMENDU ARAU ZEHATZAK
Arau orokor gisa, Udalak arautzen ahalko du funtzionamendurako arau zehatzak behar dituzten kirol-hornidura guztien funtzionamendua.
14. artikulua. Aldagelak.
1. Nahitaezkoa da txankletak edo oinetako babesak erabiltzea dutxatzeko edo aldageletan ibiltzeko.
2. Instalazioen barruan, ezin izanen da bizarra moztu, depilatu, ilea tindatu, azazkalak moztu edo higiene pertsonaleko beste ekintza batzuk egin.
3. 8 urtetik gorakoak beren sexuari dagozkion aldageletan aldatu beharko dira, eta bakarrik joan beharko dute.
4. 8 urtetik beherakoek heldu batekin sartu beharko dute aldageletara.
5. Aldageletan debeku da jatea.
6. Paperak, konpresak edo ileak dagozkien paperontzietan bota beharko dira.
7. Segurtasunarekin lotutako arrazoiengatik, debekatuta dago aldageletan tresna elektronikoak erabiltzea.
15. artikulua. Kiroldegiak eta erabilera anitzeko aretoak.
Erabilera anitzeko gelak, gimnasioa eta kiroldegia arautzen dira printzipio orokorren arabera, oinarrizko kirol-instalazio gisa.
16. artikulua. Igerilekuak.
1. Ezinbestekoa izanen da bainujantzia, txankletak eta eskuoihala erabiltzea bainu-eremuan, eta uretan sartzeko txanoa ipini beharko da. Ez dago baimenduta bainu-eremura joatea kaleko jantziekin eta oinetakoekin. Ondorio horietarako, "bainu-eremua" da basoek eta horiei atxikitako nasek edo ondoko pasealekuek osatzen dutena.
2. Instalazioetan sartu aurretik dutxatu beharra dago.
3. Debekatuta dago ur-basoetara makillaje, krema edo aposituekin sartzea.
4. Norberaren segurtasuna zaintzeko, uretara sartu aurretik, sorosleari ohartarazi behar zaio norberak zer nolako maila duen, eta ba ote duen jarduerari eragiten ahal dion lesio edo arazorik.
5. Bainu-eremuan ez da baimenduko, kontrolaz eta zaintzaz arduratzen diren langileek hala iritzita, gainerako pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen elementuak erabiltzea, ezta hamakak edo igarobideetan traba egiten duten bestelako tresnak jartzea ere.
6. Galarazita dago jolaserako materiala uretan sartzea, ez bada egoera berezietan, hau da, programatutako jardueraren batek elementu horiek erabiltzea eskatzen duenean, edo instalazioen arduradunen iritziz bidezkoa denean. Salbuespenak dira igeriketarako betaurrekoak, flotagailuak, mahukak, taulak eta igeri egiteko txurroak.
7. Galarazita dago lasterka egitea uretan sartzeko, baita bultza egitea ere; era berean, debekaturik daude jarduera antihigienikoak edo gainerako pertsonen bainu normalari traba egiten ahal diotenak.
8. 10 urte beherakoek ezin izanen dute igerilekuan bainatu, salbu eta adinez nagusiko arduradun batekin sartzen badira.
9. Plisti-plastako igerileku estaligabea 6 urtetik beherakoentzat bakarrik izanen da, eta beti lagundu beharko die adin nagusiko pertsona batek, haien ardura hartzeko.
10. Galarazita dago indarrean dagoen araudiak zehazturiko bainulari-kopurua gainditzea uretan, eta, beharrezkoa izanez gero, erabilera-txandak ezartzen ahalko dira, zerbitzua eskatzen duten pertsona guztiei lekua egiteko.
11. Bainu libreko kalean, edozein estilotako igeriketa egin ahal izanen da, gainerako pertsonak kaltetu gabe eta igerileku estalietarako indarrean dauden xedapenak betez. Instalazioko materiala instalazioen barnean erabiltzeko da, eta unean uneko begiraleak izanen du haren gaineko kontrola.
12. Une oro erabilera bakoitzera bideratutako espazioak errespetatu beharko dira (ikastaroak, igeriketa librea...).
13. Ondoezik egonez gero, uretatik atera eta sorosleari jakinarazi behar zaio.
14. Debeku da animaliak sartzea.
III. TITULUA.–ESKOLAKO KIROL-INSTALAZIOAK
17. artikulua. Kontzeptua.
1. Erregelamendu honen ondorioetarako, eskolako kirol-instalaziotzat hartuko dira ikastetxe publikoetako kirol-instalazioak, hezkuntza-administrazio eskudunek udal-administrazioari aitortutako erabilerak dituztenak, eta, bereziki, hiriko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetakoak.
2. Erabilera arautuko kirol-instalazioetarako ezarritako araudia beteko dute gimnasioek eta antzeko hornidurek, bai eta zentroen kanpoko instalazioek ere, baldin eta halakotzat jo baditu udalaren kirol-instalazioen urteko erabilera planak.
IV. TITULUA.–KIROLGUNEAK
18. artikulua. Kontzeptua.
1. Kirolgunetzat hartzen dira hainbat kirolen espazioak biltzen dituzten instalazioak.
2. Kirolgunea osatzen duten instalazioak erabilera arautuko kirol-instalazio publikotzat hartuko dira, sarbide orokorra duten aldetik. Aitzitik, behin erabiltzaile izaera eskuratuta, erabilera librekoak izanen dira hango espazio komunak. Ondorioz, erabilera arautuaren izaera duten horniduretarako ezarritako araudi orokorraren arabera arautuko dira, bai eta erregelamendu honek berariaz jasotzen dituen edo etorkizunean gainerako horniduretarako ezar daitezkeen arauen arabera ere.
19. artikulua. Sartzeko modua.
1. Instalazioak eguneroko sarreraren edo abonuaren bidez erabiltzen ari den bitartean, erabiltzaileak aldean eraman beharko ditu dagozkion tiketak.
2. Eguneko sarreren eta ordaintzeko kuoten zenbatekoa erregelamendu honetan ezarritako moduan ordainduko da, bertan araututako tarifen arabera, eta zenbateko hori, behin ordainduta, ezin izanen da itzuli.
3. Abonatuaren txartela besterenezina da; beraz, behar ez bezala erabiliz gero, kendu eginen zaio, eta dagokion zehapena ezarriko zaio.
4. Los Arcosko Udalak eskumena du, egoki irizten dionean, zirkulazioan dauden abonatuen txartel guztiak indarrik gabe uzteko, eta ezar dezake, adierazten duen epean, txartel zaharrak aldatzea berrien truke.
20. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.
1. Instalazio batentzat ezarritako gehieneko edukierara iritsiz gero, ezin izanen da inor gehiago sartu.
2. Uneko inguruabarrak direla-eta instalazioetara sartzeko mugak ezartzen direnean, instalaziootan abonatutako pertsonek izanen dute sartzeko lehentasuna.
V. TITULUA.–JENDAURREKO JARDUERAK ETA IKUSKIZUNAK
21. artikulua. Araubide juridikoa.
Erregelamendu honetan ezarritakoari kalterik egin gabe, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko zaio titulu honetan araututakoari.
22. artikulua. Erabiltzeko arauak.
1. Udal kirol-instalazioetan jendaurreko jarduera eta ikuskizunak egiteko, udal kirol-instalazioak erabiltzeko eskaera egin beharko da jarduera edo ikuskizuna hasi baino gutxienez hamabost egun lehenago.
2. Udal kirol-instalazioetan egiten diren jendaurreko jarduerak eta ikuskizunak ordainpekoak direnean, sarrerak egokitu beharko dira instalazioaren edukierara, ezaugarrietara eta bertara sar daitekeen jende kopurura.
3. Eremu itxietako doako doako ekintzak direnean, jendea dagokion kontrolarekin eta eremu bakoitzaren gehieneko edukiera errespetatuz sartuko da.
4. Pistako eremua ezin izanen da erabili ikusleentzat, salbu eta Los Arcosko Udalak berariaz baimendutako salbuespeneko egoeretan.
5. Jendaurreko jarduerak edo ikuskizunak egiteko udalaren kirol-instalazio baten erabileraren emakidadunak bere kontura jarri beharko ditu jarduera hori osorik garatzeko behar diren langile guztiak, baldin eta, Los Arcosko Udalaren iritziz, premiek instalazioen ohiko funtzionamenduaz arduratzen diren langileen aukerak edo eginkizunak gainditzen badituzte. Gainera, langileen laguntza eskatu ahal izanen da, arduratu daitezen ekitaldi bakoitzean instalazioetarako sarbideaz, barruko zaintza eta ordenaren aldeko zerbitzuaz eta erabiltzaileei eta, oro har, jendeari arreta emateaz. Langile horiek instalazioetako arduradunen mende egonen dira.
6. Nolanahi ere, instalazioaren erabileraren emakida duen erakundearen kontura izanen dira ekipamenduak muntatzeko eta desmuntatzeko gastuak, bai eta ondasunak eta pertsonak babesteko zerbitzuaren gastuak ere, ekitaldia gauzatzeko beharrezkoak badira. Berdin lizentzia bereziekin, zeinak eskatu beharko baitira, bai eta erantzukizun zibilarekin, garatutako jardueraren ondorioz etor baitaiteke.
7. Udalaren kirol-instalazioek, baldin eta Los Arcosko Udalaz kanpoko jarduera edo ikuskizun publikoak hartzen badituzte eta palkorik edo tribunarik ez badute, udalbatzarentzat gordetako lehentasunezko toki bat izanen dute nahitaez, eta Udalak berak zehaztuko du toki horren kokapena eta edukiera, dena delako erabilera ematean. Hala dagokionean, erreserba hori beste agintari eta gonbidatu batzuentzat ere zabalduko da.
8. Tribuna edo palkoa duten kirol-instalazioetan, haiek titularraren esku egonen dira beti, bai eta, hedaduraz, izaera instituzionalekoa izan daitekeen beste edozein. Bertara sartzeko, erabiltzaileek Los Arcosko Udalarekiko duten harremana baino ez dute frogatu beharko.
VI. TITULUA.–PUBLIZITATEA UDAL KIROL-INSTALAZIOETAN
I. KAPITULUA.–ARAU OROKORRAK
23. artikulua. Arau orokorrak.
1. Kirol-instalazioek publizitaterako espazioak edo eremuak eduki ahal izanen dituzte, Los Arcosko Udalak libreki zehaztu eta esleituko dituenak.
2. Udalaren kirol-instalazioak erabiltzeko emakidak ez dakar berekin instalazio horien publizitate-aprobetxamendua.
3. Los Arcosko Udalaren kirol-instalazioetan agertzen den publizitateak beteko ditu gai horri buruz indarrean dauden xedapenak, eta, nahitaez, Udalaren adostasuna beharko du.
4. Udal kirol-instalazioak erabiltzeko lagapenaren titularrek, kirol-ekitaldiak edo kiroletakoak ez direnak egiteko, horretarako gaitutako eremuen publizitate-aprobetxamenduaren onura jaso ahal izanen dute udalaren baimen edo emakida bidez.
5. Hala ere, publizitatea negoziatu ahal izanen dute beren ekitaldi publikoak gauzatzen diren aldirako eta espresuki esleitzen zaizkien lekuetan bakarrik, eta euren kontura izanen dira aprobetxamenduaren ondoriozko eragiketa eta kostu guztiak.
6. Kiroldegietan, irizpide orokor gisa, pertsona edo erakunde erabiltzaileek kudeatutako publizitatea pistaren zoruaren gainean agertzen da batez ere, jokatzeko eremutik kanpo, horizontalki edo euskarri bertikal mugikorren gainean, eta dagozkien udal zerbitzuek zehaztutako ezaugarri materialekin.
7. Ezin izanen da publizitaterik jarri pisten jokatzeko eremuan, salbu Los Arcosko Udalak sustatzen duen publizitatea eta, noizean behin, klub erabiltzaileen ligek oro har hitzartutakoa.
8. Kirol-instalazioak erabiltzen dituztenek ezin izanen dute publizitaterik jarri instalazioen barneko igarobideetan (atondoa, korridoreak, etab.), salbu eta, salbuespen gisa, berariazko baimena badute.
II. KAPITULUA.–KONTSUMIGARRIEN USTIAPENA
24. artikulua. Kontsumigarrien ustiapena.
1. Udaleko kirol-instalazioetan gai kontsumigarriak ustiatzeko eskubidea Los Arcosko Udalarena da; hala ere, ustiapen mota horren aprobetxamendua lagatzen ahalko du, egokitzat jotzen duen moduan.
2. Kasu horretan, lagapen-hartzaileak dagokion araudia betetzen dela zainduko du, eta, bereziki, kirol-instalazioen barruan edari alkoholdunak eta tabakoa saltzeko eta kontsumitzeko araudia betetzen dela.
3. Debekatuta dago instalazioetan kristalezko ontziak edo arriskutsutzat jotzen den beste edozein material sartzea eta erabiltzea.
VII. TITULUA.–ERABILTZAILEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA ERANTZUKIZUNAK
I. KAPITULUA.–ESKUBIDEAK
25. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.
Erabiltzaile guztiek eskubide berberak izanen dituzte instalazioak erabiltzeari eta haietaz gozatzeari dagokienez. Hauek dira eskubideak:
a) Udalaren kirol instalazioak erabiltzea egutegiaren, ordutegiaren eta gainerako erabilera baldintzen arabera.
b) Kirol-instalazioetako langileek errespetuz eta adeitasunez hartzea.
c) Los Arcosko Udalari instalazioaren funtzionamenduari buruz egoki iritzitako eskaera, iradokizun edo kexa guztiak egitea.
d) Udalari eskatzea bete dezala aplikatu beharreko araudiak xedatzen duena.
e) Instalazioa behar bezala mantentzen laguntzea, hautemandako akatsen ardura duten langileei jakinaraziz eta iradokizunak eginez.
f) Kirol-Instalazioetako edozein langile edo arduradun identifikatzeko eskatzea, egin beharreko erreklamazioak egiteko.
g) Indarra duen legediak eta erregelamendu honek aitortzen dizkioten gainerako eskubideak.
II. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK
26. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.
1. Udalaren kirol-instalazioetan sartzeak berekin dakar erregelamendu honetako arau guztiak onartzea.
2. Udal kirol-instalazioak erabiltzeko interesa duen pertsona orok horretarako baimena eskatu beharko du, ezarritako prozeduraren arabera, eta dagokion prezio publikoa ordaindu beharko du ezarritako epean eta moduan.
3. Kasuan-kasuan ezartzen ahal diren salbuespenekin, instalazioen erabilera lagatzeak ez ditu barnean hartzen kirol-materialez hornitzea eta horiek erabiltzea. Beraz, erabiltzaileek berek eraman beharko dute material hori, eta haren ezaugarri guztiek egokiak izan beharko dute, kasuan kasuko kirol-modalitateko arauzko baldintzen arabera.
4. Erabiltzaile guztiek zorrotz bete behar dituzte edozein kirol-instalaziotan ezarritako arauak. Instalazioetako arduradunek eskatuko dute arauok betetzea, haiena baita indarrean dauden xedapenak betetzeko eta betearazteko ardura.
5. Udal kirol-instalazioen erabiltzaileek errespetuz eta begirunez jokatuko dute une oro, bai gainerako erabiltzaileekin, bai instalazioez arduratzen diren langileekin. Azken horiekin duten harremanean, erabiltzaileek nahitaez bete beharko dituzte instalazioen ordenari eta funtzionamenduari buruz jasotzen dituzten jarraibide eta ohar guztiak, bai eta materialen eta zuzkiduren antolamenduari eta erabilerari buruz jasotzen dituztenak ere.
6. Arau hauek ez betetzeak edo bandalismo-ekintzek eta jokabide kaskarrek ekartzen ahal dituzte erregelamendu honetan aurreikusitako zehapenak, eta ekartzen ahal dute, orobat, eragindako kalteak konpondu, birjarri eta/edo ordaindu beharra.
Kirol klub edo sozietateetako erabiltzaileen kasuan, horiek izanen dira kideen portaeraren erantzule subsidiarioak.
III. KAPITULUA.–ERABILTZAILEEN ERANTZUKIZUNAK
27. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
1. Erabiltzaileek hurrengo erabilerarako egoera ezin hobean utzi beharko dituzte erabilitako instalazioak. Bestalde, erantzukizun zuzen eta osoa beren gain hartuko dute instalazioak erabiltzen dituztenean izaten diren kalte eta galerengatik, bai eta lokalaren edo eraikinaren gainerako guneetan izaten direnengatik eta jarduera baimenduaren ondorioz pertsona fisikoek jasaten dituztenengatik ere.
2. Baimenaren titularra joko da egindako erabileraren erantzule zuzentzat, ez badu behintzat hartua duen ordezkaritza frogatzen, halakoetan ordezkatuaren gain egonen baita erantzukizuna.
3. Adingabeen segurtasuna gurasoen edo haiekin doazen helduen erantzukizuna da, eta haiek erantzule izanen dira, halaber, adingabeek ez badituzte udal kirol instalazioen funtzionamendu arauak betetzen.
4. Los Arcosko Udalak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen aurrean arau hauek ez betetzeagatik edo kirol instalazioak modu desegokian edo zuhurtziagabean erabiltzeagatik erabiltzaileek izan ditzaketen istripuen edo kalteen kasuan.
5. Udalaren kirol instalazioen erabiltzaileak izanen dira bai instalazioei bai hirugarrenei eragiten dizkieten kalteen edo lesioen erantzuleak.
IV. KAPITULUA.–ZEHAPEN-ARAUBIDEA
28. artikulua. Araubide juridikoa eta prozedura.
1. Erregelamendu honetan tipifikatutako arau-hausteak egiteagatik erantzukizuna eskatzeko, zehapen-ahalmena erabiltzeko lege eta erregelamenduek ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2. Zehapen prozedura abiatzeko eskumena duen organoak baldin badaki gertaerak izan daitezkeela ez bakarrik arau-hauste administratibo, baizik zigor-zuzenbideko arau-hauste ere, organo judizial eskudunari jakinaraziko dio, eta geldirik utziko du zehapen prozedura –hasita badago–, harik eta agintari judizialak erabakia hartu arte.
Zehapen prozedura etenda dagoen bitartean, etentzat joko dira bai arau-haustearen preskripzio epea, bai prozeduraren beraren iraungipena.
29. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
1. Arau-hausteak arinak eta astunak izanen dira, ondoren adierazten denaren arabera:
A) Arau-hauste arinak:
–Instalazio bakoitza erabiltzeko berariazko arauak ez betetzea.
–Instalazioa erabiltzen ari diren pertsonak edo bertako langileak modu desegokian tratatzea.
–Pertsona batek bere titulartasunekoa ez den txartela edo sarrera erabiltzea.
–Jostetan edo kirolean aritzea horretarako prestaturik ez diren tokietan.
–Arautegi honetan ezarritako beste edozein betebehar, debeku edo mugapen ez betetzea, betiere horrek arau-hauste astunik edo oso astunik ez badakar.
B) Arau-hauste astunak:
–Instalazioetan ebastea edo lapurtzea, eta instalazioak, ekipamenduak, kirol materiala edo erabiltzaileen gauzak nahita hondatzea.
–Arduradunek instalazioen funtzionamendu egokirako ezartzen dituzten jarraibideei behin eta berriz kasurik ez egitea.
–Erregelamenduaren 7.3 artikuluan ezarritako debekua ez betetzea.
–Instalazioen barrenean ordena hankaz goratzea.
–Hiru arau hauste arin egitea.
30. artikulua. Zehapenak.
1. Arau-hauste diren ekintzak artikulu honetan zehazten den moduan zehatuko dira.
Zehapenak mailakatzean kontuan hartuko dira kalte egin nahia, arduragabekeria edo egindako ekintzaren larritasuna.
A) Arau-hauste arinen ondorioz, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: idatzizko ohartarazpena edo erabiltzaile izaera gehienez ere 15 egunez galtzea.
B) Arau-hauste larrien ondorioz, haiei dagokien zehapena ezartzen ahalko da: erabiltzaile izaera gehienez ere 30 egunez edo behin betiko galtzea.
Zehapen baten ondorioz erabiltzaile-izaera galtzeak berekin ekarriko du instalazioa erabiltzeko ordaindu zen prezioa galtzea.
2. Hala ere, erabiltzaileak erregelamendu honen aurka nabarmen jokatzen badu eta ahozko ohartarazpenei jaramonik egiten ez badie, instalazioetako arduradunek ahalmena izanen dute instalaziotik kanporatzeko, gerora aplika daitezkeen ekintzak alde batera utzi gabe.
3. Ez bada betetzen, eta alde batera utzita arau-hauste baten ondorioz hala badagokio aplikatu beharreko zehapena, eragindako kalteak konpondu, berrezarri eta/edo ordaindu beharko ditu erabiltzaileak.
4. Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.
5. Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartzen ahalko dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.
XEDAPENAK
Xedapen indargabetzaile bakarra.
Erregelamendu honek indarra hartzearekin batera, indarrik gabe geldituko da arlo honi buruz orain arte indarra izan duen maila bereko edo apalagoko udal araudia.
Azken xedapenetako lehena.–Araudi gehigarria.
Erregelamendu honetan jasotzen ez den orotan kirolari buruzko araudian xedatua aplikatuko da, ondoko hauetan zehazki: Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legea, Ikuskizun publikoak eta josteta jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea eta indarrean dagoen eta aplikatzeko den gainerako araudia.
Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, erregelamendu honek ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateko Administrazioak toki erakundeei egintzak edo erabakiak deuseztatzeko errekerimenduak egiteko ahalmena erabiltzeko epea iragan arte.
Iragarkiaren kodea: L2411282
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
