Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LESAKA
Aldaketa, Bide publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko beste elementu batzuk paratzeari buruzko ordenantzan. Behin betiko onespena
Lesakako Udalak, 2024ko apirilaren 25eko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Bide publikoan terrazak eta ostalaritzari zein merkataritzari loturiko beste elementu batzuk paratzeari buruzko ordenantza.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 16an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Aditzera ematen da, orok jakin dezan eta ondorioak izan ditzan.
Lesakan, 2024ko uztailaren 17an.–Alkatea, Ladis Satrustegui Alzugaray.
ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOAN TERRAZAK ETA OSTALARITZARI ZEIN MERKATARITZARI LOTURIKO BESTE ELEMENTU BATZUK PARATZEARI BURRUZKO ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDEA, KONTZEPTUA, APLIKAZIO EREMUA, MUGA OROKORRAK ETA APLIKATZEKO ARAUDIA, ERANTZUKIZUN ZIBILEKO ASEGURUA
1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.
1. Ordenantza honek araubide tekniko, estetiko eta juridikoa arautzen du jabari eta/edo erabilera publikoko eremuen aprobetxamendu berezirako, hain zuzen ere eremu horiek terrazekin eta beladoreekin edo gisako instalazioekin (mahaiak, altzariak edo bestelako elementuak) aldi baterako okupatu nahi badira, ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduen zerbitzurako irabazi asmoz.
2. Ordenantza hau nahitaez bete beharko da udal mugartearen barnean, eta haren aginduen mende egonen dira jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentzia duten jarduera guztiak, hala nola, ostatuak, kafetegiak, jatetxeak eta ostatu bereziak, tabernak, txokolategiak, izozki dendak eta horiekin parekatuak, bai eta denda txiki edo merkataritzako jarduera ekonomikoak ere (zapata-dendak, mertzeriak, arropa-dendak, burdindegiak, loradendak, optikak, botikak, ile-apaindegiak, drogeriak...), erabilera publikorako baitira guztiak, erabilera publikoko enpresa eta lokalen erregistroan inskribatuta badaude.
3. Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatzen ahal zaie, haien titulartasuna edozein izanik ere. Egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak finkatzen dute erabilera publikoaren izaera.
2. artikulua. Definizioak.
Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, hona zer diren beladoredun terrazak: mahai eta aulkien multzoa, baita haien instalazio osagarri finko nahiz mugikorrak ere, Udalaren baimena duen ostalaritzako edo merkataritzako tokiko jarduera baten aldi baterako osagarriak direnak. Hona hemen kontzeptu horien definizioak:
a) Beladoreak dituen terraza, itxitura iraunkorrik gabea: beladoreak dituen itxitura iraunkorrik gabeko terraza da hiri altzarietako elementu desmuntagarriek –mahai, aulki, eguzkitako, toldo, lore-aska, upel, taburete, haize-babes eta beste– osaturiko instalazio multzoa, espazio ireki eta eraikuntzarik gabeko batean paratua eta hurbil dagoen ostalaritzako establezimendu bateko jarduerei lotua.
b) Altzariak: Instalatutako mahai, aulki, mahai garai, upel, berogailu, lore-aska, eguzki-babes eta antzekoen multzoa, bai eta edozein produktu erakutsi eta saltzeko balio duten elementuen multzoa ere.
c) Barra-salmahaia: elementu eramangarria.
3. artikulua. Muga orokorrak.
1. Terraza eta altzariak paratzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza izanen da udal ogasunarekin zorrik ez izatea jardueraren eta/edo jarduera gauzatzen den establezimenduaren ondorioz, eta orobat asotsari buruzko araudia ez betetzeagatik zehatua ez izana.
2. Baimenen izaera juridikoa dela eta, aldi baterako eteten ahal dira, baldin Udalak sustatutako edo baimendutako festa, kultura, gizarte edo kirol jarduerak egiten badira. Orobat, eten eginen dira herri lanak egiten direlarik, edo zerbitzuen hornitzaile diren enpresek nahiz partikularrek egiten dituzten obra pribatuak egiten direlarik, gauzatzeko baimendu den denboran, horietarako nahitaezkoa baldin bada espazio publiko bera erabiltzea.
3. Halaber, terrazak, beladoreak eta altzariak jartzea debekatzeko beste arrazoi batzuk izan daitezke, behar bezala arrazoituz gero: bide segurtasuna, traba nabarmena egitea oinezkoen trafikoari, irisgarritasuna, nahiz segurtasuna (eraikin eta lokal hurbilen ebakuazioa, larriki galarazten edo trabatzen delako hiri-ekipamenduen edo altzarien erabilera, edo interes publikoko antzeko beste inguruabar batzuk).
4. artikulua. Aplikatuko beharreko araudia.
Ordenantza honetan arautzen diren instalazioek, ezarri denaz gainera, aplikatzeko diren araudiei jarraitu behar diete, erran nahi baita, irisgarritasunari buruzkoari, ikuskizun publiko eta josteta jarduerei buruzkoari, merkataritzari buruzkoari eta ingurumenaren babesari buruzkoari; beraz, haien determinazioak oso-osorik galdatzen ahalko dira, ordenantza honetan berariaz ez aipatuagatik ere.
5. artikulua. Erantzukizun zibileko asegurua.
Baimenaren titularrak establezimendu nagusiaren gaineko erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua beharko du izan, eta haren estaldurak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu.
II. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN BALDINTZAK
6. artikulua. Funtzionamendurako baldintzak.
1. Baimenen edo kontzesioen titularrek instalazioak eta elementu guzti-guztiak behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte, eta segurtasun baldintza egokiak betetzen dituztela bermatu. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.
2. Baimenen edo kontzesioen titularrak erantzuleak izanen dira erabiltzaileek auzoei traba egiten badiete; haien lana da, halaber, galaraztea erabiltzaileek janari-edariak terrazarako eremu baimendutik kanpora ateratzea.
3. Higiene eta osasun arloko baldintzei eta kontsumitzaileak nahiz erabiltzaileak babesteari buruzko araudi orokorrean biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie ordenantza honen xede diren instalazioei.
4. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:
a) Ur horniduraren, saneamenduaren eta/edo argindarraren harguneak, azken kasu horretan, argietarako eta/edo berokuntzarako argindarrarena izan ezik, ordenantza honetan arautzen diren baldintzetan.
b) Irudia eta/edo soinua erreproduzitzeko gailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailuak, telebistak edo bertze edozein (ekipo informatikoak, karaokeak etab.). Dena den, baimena ematen ahal da horiek establezimenduko fatxadan jartzeko, edo horiek aldi batez instalatzeko.
c) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.
d) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, futbolinak edo antzeko beste edozein.
e) Haurrendako josteta makinak jarri ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.
5. Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:
a) Zoladuran ezer finkatzea, non eta ez duen lizentziak halakorik baimentzen.
b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik altxatu edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bertzelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.
7. artikulua. Terraza beladoredunak paratzeko baldintza orokorrak.
1. Aprobetxamenduaren baldintzak eta ezaugarriak.
a) Espazioak eta banaketa:
a.1) Beladoredun terraza establezimenduaren fatxadaren ondoan edo aitzinean paratzen bada, bere luzera gehienez ere establezimenduarena bera izan daiteke, salbu eta etxebizitza eta lokal mugakideek, halakorik bada, idatzizko baimena ematen badiote, eta betiere bermatzen bada haien sarbidea.
a.2) Beladoreak paratzeak ez du inola ere trabatuko edo galaraziko oinezkoen joan-etorri librea edo irisgarritasuna oztopatuko; gutxienez ere 2 metroko tartea utzi beharko da libre. Tarte hori murrizten ahalko da, Udalaren irizpidearen arabera, baldin eta espazio hori, haren forma edo hiri bilbean duen kokalekua direla-eta, erabili ohi ez bada oinezkoen joan-etorrietarako, edo beste pasabide batzuk badira inguruan.
a.3) Aldi berean jarri nahi badira terraza bat fatxadaren ondoan eta beste bat fatxadaren aitzinean, pasabide bat mugatu beharko da bien artean, gutxienez ere 2 metroko zabalera librea izanen duena oztoporik gabe. Itsuei oztopoa identifikatzeko aukera eman beharko diete.
a.4) Terraza galtzadaren ondoan paratu behar bada, hura luzetara jarriko da eta zintarritik gutxienez 50 cm bereizia.
a.5) Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, hots, landare-ontziak, farolak, bidegorriak eta espaloietan dagoen beste edozein elementu, beste terraza batzuek hartzen duten eremua barne.
a.6) Udalak beretzat gordetzen du beladore bakoitzak betetzen ahal duen lekua baimentzeko ahalmena, inguruabar zehatzen arabera, auzoko bizikidetza eta ostalaritza jarduera bermatzeko.
b) Terrazaren kokapena:
b.1) Terraza edo hura osatzen duten elementuetakoren bat paratzeko lekurik egokiena zein den erabakitzea Udalari dagokio.
b.2) Nahiz eta eremu batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, jaso dezake debekua edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena, lehentasuna emanik interes orokorrari interes partikularraren gainetik.
b.3) Beladoreen kokalekkuak ez du oztopatuko galtzadaren irisgarritasuna ondoko finketako atarietatik eta ez ditu eragotziko legez baimendutako iraganbideen sarrera edo irteera mugimenduak.
b.4) Sarbidea bermatu beharko zaie beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduei, larrialdietako zerbitzuei eta zerbitzu konpainiei, 24 orduetan bermatu ere.
b.5) Orobat debeku dira instalazio horiek higiezin, lokal eta garajeetarako sarbideen, oinezkoen pasabideen eta semaforoen aitzinean, minusbaliatuak aparkatzeko tokietan, larrialdiko irteeretan, autobusen geralekuetan, taxien aparkalekuetako burualdeetan, zakarrontzien ondoan, lurpeko aparkalekuetako aire-zuloen gainean etab.
Salbuespenez eta modu arrazoituan terrazak galtzadan paratzea onartzen ahalko da, ordenantza honetan araututako baldintzen arabera.
b.6) Lokaleko jabea da arduraduna bezeroek terraza heda ez dezaten muga baimenduetatik at.
b.7) Salbuespenez, lizentzia ematen ahalko da beladoredun terrazak paratzeko oinezkoendako espazio publikoan, establezimendutik eremu publikoko galtzada batez bereizirik badaude. Zerbitzuari sostengu emateko mahai osagarri bat paratzeko baimena ematen ahalko da halakoetan.
c) Baldintza estetikoak:
c.1) Udalak instalazioa paratzeko eskabideari ezetza ematen ahal dio, ingurunearekin egokia ez bada edo harekin ez badator bat, hori guztia hiriaren estetika begiratu beharrez. Alde horretatik, altzariek tratamendu bateratua izan beharko dute diseinuaren eta kolorearen aldetik; koloreek apalak izan beharko dute eta inguruarekin bat etorri. Ahal dela, ez da erabiliko altzari deigarririk edo kolore bizi-bizirik.
c.2) Altzariak metalezkoak baldin badira, gomazko babesgarriak edo neoprenoak beharko dira paratu bai aulkietako hanketan baita mahaietakoetan ere.
d) Segurtasun baldintzak:
d.1) Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.
d.2) Alboetako babesgarriek mugatzen ahalko dute terrazak okupatzen duen aldea; horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete itsuei oztopoa dagoela gaztigatzeko. Alboetako babesgarri horiek mugigarriak izanen dira eta betiere bat eginen dute ordenantza honetan biltzen diren baldintza estetikoekin eta inguruaren ezaugarriekin. Ez dira terrazarako baimendutakoa baino zabalagoak izanen eta, garaieraz, 0,40 metro izanen dira gutxienez eta 0,90 metro gehienez.
Haizea harrotzen denean eguzki-babesak tolestu eta bildu beharko dira, baldin eta haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.
2. Zuzeneko emanaldiak.
Zuzeneko emanaldiek Udalak aurretik emandako baimena behar dute.
8. artikulua. Eguzkitakoen edo eguzki-babesen baldintzak.
Eguzkitakoak edo eguzki-babesak (toldoak, egitura autosostengatzaile batekin) paratzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta ez badira inola ere okupatzeko espazio baimendutik harata ateratzen, eta beren garaierak oinezkoei arriskurik ekartzen ez badie. Elementu horiek aise desmuntatzeko modukoak izanen dira, egitura sendoa eta pertsonendako segurua izanen dute, olan edo gisako oihalez egina, garbiketa erraza bermatzeko tratatuak, lisoak eta kolore bakarrekoak, eta aise biltzen ahalko dira eta ez dira zorura finkatuz paratzen ahalko. Ahal dela ez da kolore nabarmenik erabiliko. Alde horretatik, Udaleko zerbitzu teknikoek baloratuko dute proposatutako koloreen egokitasuna, edo komenigarriak juzgatzen diren aldaketak sartzen ahalko dituzte, betiere ingurunearekin ongi ematen dutenak.
Egitura izanen da aluminio leundu eta anodizatukoa, altzairu herdoilgaitzekoa edo zur tratatukoa.
Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta bildu beharko dira, haizearen abiadura baldin bada egileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.
Haren osagai guztiek, gutxienez ere, 2,20 m-ko garaiera librea utziko dute, eta ez dira 3,50 m baino garaiagoak izanen.
9. artikulua. Berokuntzako aparatuen baldintzak.
Beladoreak paratzeko baimena duten establezimenduetan berogailuak paratzeko baimena izanen da, ondotik ematen diren baldintzei lotuz gero eta, betiere, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak eta Europako arauek homologaturik badaude:
a) Nolanahi ere, berogailuaren egitura babesturik egon beharko da karkasa edo gisako batekin, gasa daukaten elementuen manipulazioa galarazteko.
b) Bide publikotik kendu beharko dira terrazari baimendutako ordutegiaren arabera.
c) Berogailuak eramangarriak eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira. Beraz, ezin izanen dira zorura finkaturik egon. Gas-berogailuen kasuan, erregai-botila kentzen ahalko da modu independentean.
Argindarrez elikatzen diren berogailuen kasuan, hornidura elektrikoa instalatu behar denean, soilik onartuko da eraikinaren fatxadan paratzea hori, edo integratua itxituren edo eguzki-babesen egituran, terraza elementu horiez hornituta badago. Kasu horietan, instalazio elektrikoa diseinatuta dago titularrak azkar eta aise desmuntatu ahal izateko, inolaz ere ez galarazteko ixteko elementuaren edo eguzki-babesaren desmuntaia.
Ezin izanen da inolako kable elektrikorik paratu espaloietan, ezta arboladia edo hiri altzariak euskarritzat hartu ere.
Argindarrez elikatzen diren berogailuen osagaiak ezin dira egon 2,20 m-tik beherako garaieran.
Berogailuen instalazio elektrikoak bete beharko ditu lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak.
Urtero, paratzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasunaren txostena egin.
Instalazio elektrikoa eraikinetako elementu komunetan barna badoa, dagokien auzo elkarteen baimena beharko da.
10. artikulua. Argiteriarako instalazio elektrikoen baldintzak.
Terraza argitzeko instalazio elektrikoa dagoenean, bete beharko ditu lokal bustietako instalazioetarako Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoak ezarritako baldintzak. Gidariak edozein pertsonarengandik urrun geldituko dira, eta ezin dute espaloi gainean ibili, ezta arboladia edo hiri altzariak euskarritzat hartu ere. Fokoak edo argiztatzeko aparatuak estankoak izan beharko dira, eta ez dituzte inoiz itsutuko bizilagun, oinezko edo ibilgailuak, ezta bestelako trabarik eragin ere.
Urtero, paratzaile baimendu batek berrikusi beharko du instalazioa, eta adostasunaren txostena egin.
Instalazio elektrikoa eraikinetako elementu komunetan barna badoa, dagokien auzo elkarteen baimena beharko da.
11. artikulua. Mahai, aulki eta bestelako elementuen ezaugarriak.
Oro har, mahaiak, aulkiak eta paratzen diren gainerako elementuak ahalik eta asots gutxien ateratzen duen materialekoak izanen dira; bestela, egokitu beharko dira, ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko. Ordenantza honetan ezarritako baldintza guztiak betetzeaz gain, bat etorri beharko dute beren artean eta inguruarekin kromatismo, material eta diseinu aldetik.
Baimen eta/edo establezimendu baten elementu guztiak kolore, diseinu eta testura berekoak izanen dira.
Terrazen diseinuak, materialek eta kromatismoak ez dute inoiz gaizki emanen ondoko terrazekin eta hiri ingurunearekin edo ingurune arkitektonikoarekin.
Multzoaren diseinu formal eta materialaren kalitatea bermatu beharrez, hiri altzariek (mahaiak, aulkiak etab.) ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Materialak: egituran, ahal dela, aluminioa edo altzairu herdoilgaitza erabiliko dira, eta horiek konbinatzen ahalko dira garbiketa erraza bermatzeko tratamendua jasotako oholtzekin; horiek zur tratatukoak, aluminiokoak, zuntz sintetikokoak edo gisakoak izanen dira. Bestelako materialaz egiten ahalko dira, betiere terraza kokatzeko baldintzek eta inguruneak horretarako bidea ematen badute eta Udalak baimen espresa ematen badu. Jarlekuan eta bizkarraldean onartzen da kuxin moduko elementuak erabiltzea. Metalezko altzarietan, hanka edo euskarrien muturrek gomazko edo neoprenozko babesgarriak izan beharko dituzte.
b) Koloreak: Ahal dela ez da kolore nabarmenik erabiliko. Udaleko zerbitzu teknikoek baloratuko dute proposatutako koloreen egokitasuna, eta komenigarriak juzgatzen diren aldaketak sartzen ahalko dituzte, betiere ingurunearekin ongi ematen dutenak.
Erranak erran, nabarmengarri kromatikoak erabiliko dira, ingurua bertzelakotu gabe, ikusteko desgaitasuna duen jendearen mugikortasuna errazteko bereizgarriak izan daitezen. Ahaleginak eginen dira batasun kromatikoa mantentzeko hiri espazio berdinetan (etxe-sailak, plazak etab.).
c) Publizitatea: establezimenduaren izena paratzen ahal da beladoredun terrazen kanpoaldean. Mahaietan, aulkien bizkarraldean eta altzarietan, oro har, establezimenduaren izena paratzeaz gain marka komertzialena ere paratzen ahal da, modu nabarmenean ez bada. Berariaz debeku dira publizitateko terraza beladoredun estandarrak.
d) Upelak, mahai garaiak, barrak, mostradore eramangarriak eta antzeko elementuak lerro bakarrean kokatuko dira, lokalaren fatxadara itsatsita, eta hura gainditu gabe. Oinezkoentzako pasabide bat utzi beharko da, eta upelen, mahai garaien eta abarren lerroak metro bateko zabalera izanen du gehienez.
III. KAPITULUA.–BAIMENAK ETA BERRITZEAK
12. artikulua. Terrazak baimentzea.
1. Terrazak baimentzea.
Ostalaritzako eta merkataritzako establezimendu behar bezala legeztatuei baizik ez zaie emanen terrazak paratzeko baimena, hau da, egin behar duten jarduerarekin bat datorren jarduteko eta irekitzeko lizentzia dutenei.
Jabari publikoa besterenezina eta preskribaezina denez eta baimen hauek guztiak aukerakoak direnez, aitzinetik ez da halakorik paratzeko eskubiderik, ez jabari publikoko lurzoruetan ez erabilera publikoa duten titulartasun pribatuko espazioetan; beraz, baimenak behin-behinekoak izanen dira.
2. Baimena errebokatzea, aldatzea eta etetea.
Lizentziak noiznahi errebokatzen ahalko dira, arrazoiak emanez, interes orokorraren kariaz. Bereziki, bidezko izanen da errebokatzea, geroago onesten diren arau edo irizpideekin bateraezinak direnean, espazio publikoan kalteak eragiten dituztelarik, hura interes publiko handiagoa duten jardueretarako erabiltzea galarazten dutelarik, erabilera orokorra mendratzen edo zailtzen dutelarik, baimena ematea ekarri zuten arrazoiak aldatzen direlarik edo baimena eman zen momentuan gertatu balira ukatzea ekarriko zuten inguruabarrak gertatzen direlarik.
Aitzineko paragrafoko arrazoi berengatik eta baldintza beretan, Administrazioak lizentziak aldatzen ahalko ditu kokalekuaz, zabaleraz, altzariez, ordutegiez edo beste edozein alderdiz den bezainbatean.
Aitzineko paragrafoetan aipatu bezala ezeztatzea edo aldatzea deklaratzeko, beharrezkoa izanen da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen VI. tituluan ezarritako prozedurari segitzea, lege horren 72. artikuluarekin bat hartu beharko baitira behar diren neurri behin-behinekoak tramitazioa bitartean interes orokorrak segurtatu beharrez. Hala ere, errebokatzea ekarri badu baldintzak ez betetzeak, arrazoi berengatik segitzen ari den zehapen prozeduran ebazten ahalko da.
Lizentziaren eraginkortasuna besterik gabe etenik geldituko da baldin egiten badira segizioak, kabalkadak, azokak, merkatuak, ikuskizunak, kirol emankizunak, manifestazioak edo lehentasunezko interesa duten antzeko ekitaldiak, baita obrak, zerbitzu publikoen eskakizunak edo bestelako jarduerak direlarik ere, betiere nahitaez behar badute libre gelditzea terrazak okupatzen duen espazioa. Eteteak ezinbesteko iraupena izanen du, eta lizentziak bere eraginkortasuna berreskuratuko du etetea ekarri duten arrazoiak desagertzen direnean, betiere administrazio ebazpen baten beharrik gabe.
Horren ondorioz, lehentasunezko interes publikoa dela-eta terraza aldi baterako edo behin betiko eteteak ez du inolako kalte-ordainik ekarriko, bai ordea jabari publikoa erabiltzeagatik kobratu diren tasak itzuli beharra, behar den ordenantza fiskalean ezartzen den gisan.
13. artikulua. Baimen eskaera eta dokumentazio erantsia.
1. Interesdunak baimenaren eskaera aurkeztu beharko dio Udalari, eredu ofizialaren arabera eta behar bezala betea. Hartan jasotzen diren datuez aparte agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Kokalekuaren planoa eta xehetasunekoa, gutxienez ere 1:200 eskalakoa, instalazioak okupaturiko azaleraren definizio aski duena; hartan jasoko dira paratu nahi diren altzariak, kopurua, luze-zabalak, guztira okupatuko den azalera eta kokalekua; orobat islatuko dira oztopo finko guztiak (trafikoa, bankuak, farolak, arbolak, lorategiak, hiri altzariak, karrerapeetako pilareak etab.).
b) Bidezko bada, ere 1:25 eskalako planoa; hartan, alboetako haize-babesen xehetasunak agertuko dira plantan eta altxaeran.
c) Paratu gogo diren mahai, aulki, eguzki-babes edo eguzkitako eta abarren ereduak, Udalak baimen ditzan, baimenarekin batera.
d) Egiaztagiria, dioena 5. artikuluak aipatzen duen aseguru poliza indarrean dagoela eta haren ordainketa eguneratua dagoela. Orobat aurkeztuko da erantzukizun zibileko aseguruaren kopia edo zinpeko aitorpena hura baduela, hain zuzen ere instalazioak erabiltzaileei nahiz hirugarrenei eragiten ahal dizkien kalteak estaltzeko.
e) Aldameneko etxebizitza eta establezimenduen titularren baimena, hala behar duten kasuetan.
f) Berogailuak paratu nahi izanez gero, 10. artikuluan aipatzen diren egiaztapenak ere aurkeztu beharko dira.
14. artikulua. Terrazen funtzionamendurako aldiak eta aroak.
1. Baimena gehienez ere urtebeterako eta gutxienez ere hilabeterako eskatzen ahal da.
2. Lizentzia aldi hauetakoren baterako emanen da:
–Urterako, urte naturalarekin bat, hau da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra.
–Sasoirako, hau da, martxoaren 15etik urriaren 31ra.
–Hilabete natural oso baterako edo gehiagotarako, hau da, hilabete baten 1etik hil beraren edo hurrengo baten azken eguna arte.
3. Salbuespenez, hilabete baino gutxiagoko aldiak baimentzen ahalko dira, halako ospakizun, ekitaldi eta/edo jai batzuk daudenean.
4. Terrazak paratzeko eskaerak, gutxienez ere, egin gogo den okupazioa egin aitzineko 15 egunean aurkeztu beharko dira. Aitzineko epeengatik ere, establezimendu berriek, hirigintzako, jarduerarako eta irekitzeko lizentziak eskuratu edo titulartasuna aldatu ondoan, urte naturalaren hondarrerako eskaera egiten ahalko dute, nahiz sasoirako edo horren hondarrerako.
5. Administrazioaren isiltasunak ezespen ondorioak ditu; gisa hartara, ez da espazioa erabiltzen ahal horretarako gaitzen duen titulua aitzinetik eskuratu gabe.
6. Indarraldia iraganik, lizentziaren titularrak edo establezimendukoak instalazio guztia kendu beharko du eta eremu publikoa lehengoratu.
7. Lizentziaren titularra den establezimendua itxirik dagoenetan (oporretan etab.) ere kendu beharko dira elementu baimenduak.
8. Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera.
15. artikulua. Berritzea.
Terrazak zer aldirako baimendu diren, aldi horretan egonen dira indarrean baimenak. Dena den, urtebeteko baimenak titularrak berritu beharko ditu urtarrilaren 1a baino lehen. Nolanahi ere, uko egiten ahalko zaio paratzeko epe baimendua hasi baino 10 egun lehenago.
Beharrezkoa izanen da berritzeko eskaerarekin batera aurkeztea hura emateko baldintzak betetzen direlako erantzukizunpeko adierazpena.
Nolanahi ere, 7 eta 8. artikuluetako kasuetarako, inguruko establezimenduen adostasuna eguneratu beharko da, baita hura ekarri ere; 11. artikuluko kasuetarako, berriz, instalatzaile baimenduak instalazioaren gainean egindako ziurtagiria ekarriko da.
Halaber, azaleretan, altzarietan, itxituretan, babesetan eta abarretan aldaketarik bada, 14. artikuluan aipatzen zen dokumentazioa ekarri beharko da eskaerarekin batean.
IV. KAPITULUA.–ERABILERA BAIMENDUAREN BALDINTZAK
16. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.
1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, hari lotutako terraza edo antzeko instalazioa erabiltzeko ordutegia 6:00etatik 23:00etara artekoa izanen da . Larunbat, igande eta jai bezperetan, beste ordubetez edo bi orduz luzatzen ahalko da ordutegi hori. Udaberri-udako denboraldian (maiatzaren 1etik irailaren 30era) hiru ordukoa izanen da asteburuetako (ostiraleko eta larunbateko gauak) eta jaiegun bezperetako luzapena.
Debeku da terraza edo antzeko instalazioa muntatzen hastea edo hartan zerbitzu ematea goizeko 6:00ak baino lehen. Inolaz ere ezin izanen da lokal hartarako zehaztutako ordutegiaz kanpo aritu.
Salbuespen gisa, muntatzeko eta kentzeko ordutegi zabalagoa baimentzen ahalko du Udalak, bai udalerri osorako, bai eremu zehatz baterako.
Aitzineko apartatuetan agindu denagatik ere, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak bilduz gero, edo inguru hartako bizilagunendako eragozpenak sortzen dituzten asotsak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.
2. Aitzineko puntuan ezarritako ordutegia bukatuta, titularrak 60 minutuko epea izanen du instalazioa jasotzeko.
3. Instalazioa osatzen duten elementuak eta altzariak lokalaren barnean biltegiratuko dira.
4. Biltzeko lanek bizilagunei nahiz bide publikoan traba egiten badute, salbuespena erabakitzen ahal da betebehar horretatik; inguruabar hori Udalak aztertuko eta baimenean jaso beharko da berariaz.
17. artikulua. Okupatzen den azalera mugatzea eta baimena ikusgai paratzea.
1. Lizentzia erdietsirik, haren titularra beharturik dago okupatzen den gehieneko azalera baimenduaren mugak bere bizkar seinalatzera argi eta garbi eta bertan, Udaleko zerbitzu teknikoek horren gainean ematen dizkioten aginduei jarraikiz.
Mugatzeko, elementu fisikoak erabiliko dira, hala nola lore-askak; horiek paratzeak galarazi behar die beladoreen erabiltzaileei erabiltzen den azalera hedatzea oinezkoek inguruan egiten duten joan-etorrien kaltetan. Orobat, Udalak mugatzeko bestelako sistemak ezar ditzakete, okupatzeko eskatu den eremuari begiraturik, egokiagoak eta komenigarriagoak badira.
18. artikulua. Instalazioaren garbitasuna eta apaindura.
1. Baimena zer zorurako eman den, huraxe mantentzea lizentziaren titularrak egin beharko du, eta orobat mantendu beharko ditu instalazioa bera eta haren elementu osagarriak, eta lokalaren eta terrazaren edo beladorearen arteko trantsizioko espazioa (lokaletik bereizia dagoelarik), egoera ezin hobean mantendu ere garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik.
Alde okupatuan eta lokalaren eta terrazaren edo beladorearen arteko trantsizioko espazioan gelditu diren hondakinak egunero kenduko dira, baita erratza egunero pasatuko ere.
2. Pertsona hori erantzulea izanen da terraza eta beladoreen funtzionamenduaren ondorioz udal ordenantzei arau-hausteak egiten bazaizkie (asotsak, karrikaren garbitasuna etab.).
V. KAPITULUA.–DIZIPLINA ARAUBIDEA
19. artikulua. Lizentziarik gabeko instalazioak.
1. Beladoreak baimentzeko eskumena duten udal agintariek –udaltzainek, alegia–, ofizioz, terrazak edo bestelako elementu osagarriak kentzen ahalko dituzte, eskura dituzten baliabideak, bereak nahiz besterenak, erabiliz horretarako, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, bide publikoan lizentziarik gabe paratu badira, eta, orobat, horretarako toki batean biltegiratuko dituzte, betiere erantzulearen bizkar eta bidezko diren zehapenak ezartzeaz aparte.
Kendutako elementu horiek berreskuratzeko, dagokion isuna ordaindu izana frogatu beharko dute.
2. Lizentziak babesten duen aldia bukatu ondoan terrazak eta beladoreak bertan segitzea, diziplina kontuei dagokienez, baimen faltaren parekoa izanen da.
20. artikulua. Arau-hausteak.
1. Arau-haustetzat hartuko dira ordenantza honetan xedatutakoaren aurka doazen ekintzak eta omisioak.
2. Aplikatzen ahal den araudi sektorialaren arabera zehatuko dira ikuskizun publikoei eta josteta jarduerei buruzko legerian nahiz adin txikikoen babesari eta kontsumitzailearen babesari buruzkoan tipifikaturiko arau-hausteak.
21. artikulua. Subjektu erantzuleak.
Jardueren titular diren pertsona fisiko edo juridikoak dira arau-hausteen erantzuleak.
22. artikulua. Arau-hausteen sailkapena.
Ordenantza honetako arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.
1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:
a) Bizilagunak gogaitzea.
b) Behar diren neurriak ez hartzea instalazioaren erabiltzaileek beladoreak okupatzeko markatu den gunetik kanpora heda ez ditzaten.
c) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.
d) Terrazak edo beladoreak okupatzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea, hura bide publikotik kendu ondoren.
e) Lizentzian baimendurikoa ez den espazio bat okupatzea.
f) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bestelako zerak paratzea.
g) Irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea ordubeteko eta ordu eta laurdeneko tarte batez.
h) Ordenantza honetan araututako elementuak paratzea Udalaren aginduzko lizentzia gabe, legeztatzeko aukera dagoenean.
i) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, betiere astuntzat edo oso astuntzat jotako arau-hausteak ez badira.
2. Arau-hauste astunak hauek izanen dira:
a) Arau-hauste arinetan hiru aldiz berrerortzea.
b) Irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea ordubeteko eta ordu eta erdiko tarte batez.
c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %10etik gora eta %25etik behera, edo mugatzeari dagokionez dauden beste baldintza batzuk ez betetzea.
d) Nahitaezko asegururik ez izatea.
e) Instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba frogatuak berriz eragitea.
3. Arau-hauste oso astunak hauek izanen dira:
a) Hiru falta astunetan berrerortzea.
b) Beladoreak dituzten terrazak baimenik gabe edo baimenduriko alditik kanpora paratzea.
c) Baimendu baino azalera gehiago okupatzea, %25etik gora.
d) Instalazioak zerbitzu publiko baten erabilera edo funtzionamendua galarazten edo trabatzen duenean edo ekipamenduei, azpiegiturei, zerbitzu publikoen muntadurei, espazio publikoei edo haien muntadura guztiei hondamen larria ekartzen dienean, hura berehala eteteko agindua ez betetzea.
e) Ordenantza honetan ezarritako baldintzak behin eta berriz eta larriki ez betetzeagatik, instalazioaren funtzionamenduaren ondorioz bizilagunei edo oinezkoei traba larriak eragitea.
f) Irekitzeko eta ixteko ordutegia ez betetzea ordu eta erdiko eta ordu eta hiru laurdeneko tarte batez.
3.a) eta 3.d) letretako kasuetan, nahaste nabarmentzat joko da modu larrian, berehalakoan eta zuzenean eragitea beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari.
23. artikulua. Zehapenak.
1. Ordenantza honetan jasotako arau-hausteak egiteak berarekin ekarriko du honako zehapen hauek ezartzea:
a) Arau-hauste arinek 300 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
b) Arau-hauste astunek 301etik 1.200 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
c) Arau-hauste oso astunek 1.201etik 2.000 eurorainoko isuna izanen dute zehapen.
2. Oso astunen sailkapena duten arau-hausteek, aitzineko artikuluko 3.d) eta 3.e) kasuetakoek, badaezpadako neurritako ekarriko dute jarduera etetea, horren gainean ireki den zehapen espedientea ebazten den bitartean.
24. artikulua. Zehapenak finkatzea.
Zehapen espedientea instruitu bitartean hautematen diren inguruabar zehatzen ponderazioak aparte utzirik, urratze zehatzak duen garrantziari begiraturik graduatuko dira isunak, arau-hauste bakoitzak espazio publikoaren erabilera komun orokorrari, Udalaren zerbitzu publikoen garapen arruntari eta elkarbizitza publikoko harremanei egiten duen ukipena kontuan hartuta.
Bete beharrekoak bete daitezen agintaritzaren agenteek ematen dituzten jarraibide eta errekerimenduei kasurik ez egitea bereziki hartuko da kontuan, zehapenen zenbateko zehatza finkatzeko tenorean.
Betiere, proportzionaltasun printzipioa kontuan hartuko da zehapenen zenbatekoa zehazteko, eta aipatu diren inguruabarrez landa, asmoa, berrerortzea edo errepikatzea hartuko dira aintzat.
25. artikulua. Zehapen prozedura.
Tartean baimenik ez bada, zehapen prozedura orokorra ofizioz abiatuko da, behar den salaketaren ondorioz, eta abiatzeko ebazpen baten bidez eginen; hura, zehapenaren ebazpenaren proposamenarekin, ustezko erantzuleari igorriko zaio, bere eskubideak hobeki defendatzeko komenigarritzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan 15 eguneko epean. Prozedura abiatzeko ebazpenak pertsona bat izendatuko du prozeduraren instruktore; haren ardura izanen da zehapenaren ebazpenaren proposamen zehatza formulatzea, aurkezten diren alegazioen gainean ebaztea, komenigarri iruditzen zaizkion frogak egitea eta bidezko den isunaren azken zehaztapena, kasu bakoitzaren inguruabar berezien arabera.
Baldintzaren bat bete ez delako erantzukizuna duen pertsonari zehapen proposamena igorriz eta alegazioak egiteko 10 egun balioduneko epea emanez hasiko da jabari publikoa erabiltzeko baimena duten pertsonen kontra baimen horietan ezartzen ziren baldintzak ez betetzeagatik abiatutako zehapen prozeduren tramitazioa. Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenak, berriz, pertsona baimenduari zer zehapen jartzen zaion zehaztuko du, edo bestela erantzukizunik ez duela ezarriko.
26. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.
Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan.
Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezartzen direnak bi urteren buruan eta arau-hauste oso astunengatik ezartzen direnak hiru urteren buruan.
Preskripzio epearen kontaketa eta haren etena administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezartzen denari jarraikiz eginen dira.
27. artikulua. Zehapenak betetzea.
Administrazio bidean irmo bilakatu ondoko hilabetean bete beharko dira zehapenak, hau da, zehapenaren ebazpenaren kontra hautara jar daitekeen berraztertzeko errekurtsoaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean; batere errekurtsorik paratzen ez bada, zehapenaren ebazpena jakinarazi ondoko hilabetean.
Zehapena ordaintzeko emaniko epea iraganik, haren ordainarazpena betearazpen-bidetik eginen da, bidezko diren errekargu eta interesekin.
Ezartzen den epean ordainarazpena ez gauzatzeak baimena errebokatzeko edo iraungitzeko prozedura abiatzea ekarriko du.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehena.–Ordenantza honetan xedatzen denaren araberako ordenantza fiskala onetsi bitartean, egun indarra duena aplikatuko da, baina soilik zerga alorrean eta tasari dagokionez.
AZKEN XEDAPENA
Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 65. artikuluan adierazitako epea iraganda.
Iragarkiaren kodea: L2411176
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
