171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ALESBES

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin, lan-kontratudun finkoen araubidean, arkitekto teknikoaren lanpostu bat

Tokiko Gobernu Batzarrak, 2024ko abuztuaren 6ko erabaki baten bidez, onetsi zituen deialdi baten oinarriak. Deialdi horren helburua da oposizio-lehiaketa bidez betetzea arkitekto teknikoaren lanpostu bat, Alesbesko Udalaren zerbitzura, lan-kontratudun finkoen araubidean.

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea arkitekto teknikoaren lanpostu bat, Alesbesko Udalaren zerbitzura, lan-kontratudun finkoen araubidean.

1.2. Izendapenak lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, eta izanen ditu egoki diren eskubide eta betebeharrak, hau da, ezarrita daudenak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren langileria arloan indarra duten xedapenetan.

1.3. Izendatzen den izangaiak jasoko du B mailari dagokion urteko ordainsari gordina, jarraikiz indarreko Funtzio Publikoaren Estatutuari, gehi %15eko osagarria lanpostuarengatik eta %20ko osagarria aginteagatik.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazioko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2.–Eginkizunak.

–Plangintza eta Koordinazio arloa:

  • Langileak zuzentzea eta, hartara, bulkatzea motibazioa, ekimena, kohesioa eta lantaldearen garapena, halakoak behar baitira zerbitzu efizientea eta kalitatezkoa lortzeko.
  • Zuzentzea, planifikatzea eta gauzatzea zerbitzuaren alor guztietako lanen segimendua eta kontrola (alorrak: Hirigintza, Obrak, Zerbitzuak eta Segurtasuna), eta, hartara, lantaldearen lan kargak banatzea, oinarritzat harturik eskura dauden baliabideak eta aurreikusitako epeak. Irtenbidea ematea gertatzen diren larrialdi, arazo eta desbideraketei, zuzenketa egokiak eginez, kontuan harturik nolakoak diren larrialdiak edo ezartzen diren lehentasunak, eta lantalde guztia koordinatzea.
  • Bilerak eta harremanak izatea idazkariarekin eta alkatearekin, lanen eta arazoen egoera aztertzeko eta ikuskatzeko.
  • Lana koordinatzea obra eta zerbitzuen kapatazarekin, herri-lurretako kapatazarekin eta brigadarekin.
  • Harremanak izatea, Udaleko beste zerbitzu batzuekin koordinatzeko, ahalik eta gehien aprobetxa dadin egitura osoa, lanak egoki egiteko.
  • Hirigintzako ikuskaritza.
  • Segurtasun eta osasun koordinatzailea, eraikuntza lanetan.

–Obretako Brigada zuzentzea eta koordinatzea:

Obretako Brigadaren zuzendari eta koordinatzaile den aldetik, eginkizun hauek izanen ditu:

  • Obretan, giza baliabideak eta baliabide materialak antolatzea, planifikatzea eta koordinatzea.
  • Eraikuntzako teknikak eta prozesuak ezagutzea.
  • Obretako kostuak eta epeak kontrolatzea.
  • Obren kalitatea kontrolatzea.
  • Dokumentazioa kudeatzeko gaitasuna.
  • Informazio teknikoa tratatzea eta aztertzea.
  • Kudeaketa ekonomikoa eta finantzarioa kudeatzea eta administratzea.
  • Segurtasun sistemak eta laneko arriskuen prebentzioa.
  • Proiektuak analizatzea.
  • Eraikuntza sektoreko arauak eta legedia.
  • Tresna informatikoak erabiltzea, planifikazio tekniko eta ekonomikorako.
  • Obrak akreditatzeko prozedurekin lotutako ezagutzak.
  • Langileen buruak agintzen dion beste edozein eginkizun, jarraikiz langilearen gaitasunari, titulazioari eta zerbitzuaren beharrei.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa (Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio); orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

b) Adinez nagusia izatea.

c) Arkitekto teknikoaren eginkizunetan aritzeko titulua edukitzea.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

4.–Eskabideak.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Alesbesko Udaleko erregistro orokorrean (Espainia plaza 1, 31330 Alesbes), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan –Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea–), hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean deialdi honen iragarkia argitaratu eta biharamunetik. Eskaerak aurkezteko, I. eranskineko eredua erabili beharko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren (NAN) fotokopia., edo haren balio bereko beste agiri batena.

b) Eskatutako tituluaren frogagiria.

c) Merezimenduen frogagiriak, kontuan harturik zer merezimendu baloratzen ahal diren lehiaketako fasearen baremoko irizpideen arabera. Ez dira baloratuko behar bezala justifikatzen ez diren merezimenduak, hots, dokumentu edo ziurtagiri egokien bidez ziurtatzen ez direnak, hurrengo 8. oinarrian ezarritakoaren arabera.

5.–Izangaiak onartzea. Behin-behineko eta behin betiko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ebazpen bidez onetsiko da onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, zeina argitaratuko baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Egun horretatik aurrera, eta hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, izangai baztertuek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabideak aurkeztean egindako akatsak zuzentzeko, halakorik bada.

Ez bada izangairik baztertu, behin betiko ebazpena emanen da, hurrengo oinarrian xedatutakoaren arabera.

Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onesteko onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Ebazpen berean zehaztuko da, halaber, probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.–Kalifikazio-epaimahaia.

6.1. Kalifikazio-epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: M.ª Carmen Segura Moreno

1. epaimahaikidea: Gelasio Fernández Morales.

2. epaimahaikidea: Ana Cirauqui Martínez.

3. epaimahaikidea: Delia Linzoáin Pinillos.

4. epaimahaikidea: Luis Ángel Pascual Álvarez (lan-kontratudunen ordezkaria).

5. epaimahaikidea: Emilio Lezana Pérez, Eraikuntzako Lan Fundazioko kudeatzailea.

Idazkaria: Udalekoa.

Epaimahaikideek, ezin badira bertaratu, ordezko bat izendatu dezakete.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bertan ez badago gutxienez kideen gehiengo osoa.

Baliozkoa izan dadin kide anitzeko organo horren eraketa, beharrezkoa izanen da bertan izatea epaimahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere epaimahaikideen erdiak.

6.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin badaude azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstenitzeko aipatzen diren egoeretakoren batean (lege horrek hizpide ditu Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, baldin egoera horietako bat gertatzen bada.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatzeko eta aplikatzeko moduari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da: lehiaketaldia lehenbizi, eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

7.2. Izangai onartu eta baztertuen zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zer ordutan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Ondotik, epaimahaiak behar den garaian emanen ditu argitara gainerako proben iragarkiak, Udaleko iragarki-taulan.

7.3. Lehiaketaldia.

Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, III. eranskineko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahal diete izangaiei alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu aurkeztu gabeko edo agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik.

Lehiaketaldiak 20 puntu izanen ditu guztira.

7.4. Oposizioaldia. Oposizioak honako ariketa hauek izanen ditu:

Lehena: bi ariketa egin beharko dira:

–Lehenbiziko ariketa: teorikoa. Test motako azterketa, hurrengo apartatuan agertzen diren gaiez.

Gehieneko denbora: ordubete.

Proba hau 30 punturekin baloratuko da.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak proposatutako kasu praktiko bat edo bi garatu eta ebatzi beharko dira.

Ariketa honetan, erabil daitezke nahi adina liburu, testu edo agiri, paperezkoak betiere.

Gehieneko denbora: 2 ordu.

Proba hau 40 punturekin baloratuko da.

Gai-zerrenda: bi ariketak loturik egonen dira honako gai hauetako batekin edo zenbaitekin:

–Segurtasuna eta osasuna eraikuntzako obretan, eta laneko arriskuen prebentzioa.

–Eraikuntza eta eraikuntzako materialak.

–Obrak antolatzea eta programatzea.

–Neurketak eta aurrekontuak.

–Dokumentuak kudeatzea obretan, eta eraikuntzako kalitatea kontrolatzea.

–Giza baliabideak kudeatzea eta langileak antolatzea.

–Kontratazioa administrazio publikoetan.

Proban, guztira, 70 puntu emanen dira gehienez. Proba gainditzeko, izangaiak gutxienez 35 puntu lortu behar ditu guztira, bi ariketetan.

–Hirugarren zatia. Elkarrizketa pertsonala. Proba honetan 10 puntu emanen dira gehienez, jarraikiz epaimahaiak ezarriko dituen irizpideei.

Proba guztiak baztergarriak izanen dira; beraz, izangaiak ez dira proba psikoteknikora igaroko, baldin ez badute lortzen proba teoriko-praktikoaren puntuazioaren erdia.

7.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, bai Udalaren iragarki-taulan bai probak egin diren tokian, haiek gainditzen dituztenen zerrenda eta lortutako kalifikazioak; halaber, iragarriko du oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere 24 ordu lehenago.

7.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

8.–Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Oposizioko azken probaren kalifikazioa emanik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udal iragarki-taulan eta ariketa egin den tokian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, horretarako baturik oposizioko probetan izangai bakoitzak lortutako kalifikazioak, eta izendapen proposamen eginen du, probak puntuaziorik altuenarekin gainditu dituen izangaiaren alde.

8.2. Alesbesko Udalak izendatuko du Epaimahaiak proposatutako izangaia, eta aginduko du izendapen proposamena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposatutako izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko bost egun naturaleko epean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide batena.

b) Deialdian eskatu den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.

d) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak baliogabetuko dira, galarazi gabe hasierako eskabidean gezurra esateagatik egozten ahal zaizkion erantzukizunak.

8.4. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, hutsunea beteko da zerrendan ondotik datorren izangaiarekin (9.1 apartatuan aipatutako zerrenda), eta harekin ere erabiliko da aurreko apartatuetako prozedura bera.

9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Hautatze prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Alesbesko Udalak.

9.2. Izendapena jakinarazi eta astebeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz izangai izendatuak. Aipatutako epean, ezinbesteko kasuetan salbu, lanpostuaz jabetzen ez bada, eskubide guztiak galduko ditu, eta orduan aurreko oinarrian aurreikusitako moduan jokatuko da.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Izena: ..............................................................................................................................., adinez nagusia. Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: .......................................................... (edo balio bereko beste agiriren bat); sorteguna: ..............(e)ko ......................................aren ..........(e)(a)n; sorterria: ........................................... (.............................................), nazionalitatea: .............................................; egungo bizitokia: .......................................... (..............................................), kalea: ................................................................................, posta kodea: .................., telefonoa: ...................................................... eta posta elektronikoa: .................................................................................................

Zure aurrera azaldu, eta adierazten dut:

Eskatzen dut onartua izan nadila honako deialdi honetan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko arkitekto teknikoaren lanpostu bat, Alesbesko Udalaren zerbitzura.

Betetzen ditut deialdiko baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Horiek horrela,

Eskatzen dut onartua izan nadila honako deialdi honetan: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko arkitekto teknikoaren lanpostu bat, Alesbesko Udalaren zerbitzura, lan-kontratudun finkoen araubidean.

Eguna eta sinadura

II. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA

1.–Antzeko postu batean emandako urte bakoitzeko, administrazio publiko batean: 2 puntu urteko.

2.–Antzeko postu batean emandako urte bakoitzeko, enpresa pribatu batean edo norberaren kontura: puntu bat urteko.

Lanean emandako denbora bat ez badator urte naturalarekin, proportzioan puntuatuko da.

Laneko esperientzia frogatzeko, aurkeztu beharko da administrazio publikoaren ziurtagiria, edo enpresarena, edo ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren frogagiria, norberaren konturako langilearen kasuan.

3.–Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten ikastaroak egiteagatik: puntu bat emanen da 20 prestakuntza-orduko, 10 puntu gehienez. Ez dira kontuan hartuko 20 ordutik beherako ikastaroak.

Lehiaketaldian gehienez lortzen ahal den puntu kopurua: 20 puntu.

Alesbesen, 2024ko abuztuaren 7an.–Alkate udalburua, María Carmen Segura Moreno.

Iragarkiaren kodea: L2411921