Iragarkia
171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
316/2024 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.
Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak txosten bat aurkeztu du, xede duena onestea 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak eta Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko arauak.
Horrenbestez, dagozkidan ahalmenak erabiliz, hala ematen baitizkit azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 2024-2025 ikasturtean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautuko dituzten jarraibideak, irakaskuntzak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitzeko. Jarraibide horiek eranskinean ageri dira.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalera, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegora eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Iruñean, 2024ko uztailaren 5ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–JARRAIBIDEAK, NAFARROAKO GOI MAILAKO MUSIKA KONTSERBATORIOAREN ANTOLAKETA ETA JARDUNA ARAUTZEKO 2024-2025 IKASTURTEAN
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.
Jarraibideak bi kapitulutan daude bereizita:
Lehenbizikoa, urteko programazio orokorrari buruzkoa da. Hor, beste batzuen artean, ikastetxearen hobekuntza planak prestatzeko argibideak ematen dira, bai eta ebaluazioetan duten parte-hartzearen gainekoak ere, hobetu daitezkeen eremuak detektatzeko.
Bigarrenean, antolaketaren alderdi batzuk zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak.
I.–Urteko programazio orokorra.
A) Alderdi orokorrak.
1.–Xedapen orokorrak.
Urteko programazio orokorra (UPO) kontserbatorioaren plangintzarako, antolaketarako eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da. Haren bidez, ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketa eta funtzionamendu arauak eta kudeaketa proiektua zehaztea errazten da.
Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
UPOa prestatzeko eta haren segimendua eta ebaluazioa egiteko, orientazio gida bat egonen da eskuragai eskola kudeaketako EDUCA sisteman (adibideak jasotzen ditu).
2.–Informazioa biltzeko iturriak.
UPOa prestatzeko, iturri hauek aztertzearen ondoriozko jarduketa ildoak hartuko dira kontuan:
a) Aurreko ikasturte bukaerako memorian proposatutako hobekuntza eremuak.
b) Ebaluazioen analisia, baita hobetzeko proposamenak ere.
c) 2023-2026 aldirako hobekuntza plana, autoebaluazio prozesutik eratorria.
d) Zuzendaritza proiektua edo plan estrategikoa.
e) Aurreko ikasturteko gainbegiratze prozesuen ondorioz Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak nabarmendutako alderdiak eta gomendioak.
f) Hezkuntza Departamentuak ematen dituen ikasturte hasierako jarraibideak.
g) Kontserbatorioan ezarritako bestelako programak. Bereziki jorratuko dira ikastetxeko berrikuntza eta eraldatze orokorreko programak.
h) Ikastetxearen kalitatea kudeatzeko sistemaren autodiagnostikoa, halakorik bada.
i) Ikastetxeko plan digitala.
3.–Edukia: atalak eta garapena.
Urteko programazio orokorrean honako alderdi hauek formalizatu beharko dira, indarreko araudiarekin bat:
a) Sarrera.
b) Ikastetxearen Urteko Plana.
c) Departamentuen eta beste lantalde batzuen planak.
d) Urteko Tutoretza Plana / Orientazio Akademikoaren Urteko Plana.
e) Urteko Bizikidetza Plana.
f) Irakaskuntza-programazioak.
g) Ikastetxearen beste plan batzuk.
h) Proiektu eta programa instituzionalak.
i) Ikastetxearen prestakuntza plana.
j) Ikastetxeko plan digitala.
k) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.
l) Urteko programazio orokorraren jarraipena eta ebaluazioa.
m) Eranskinak.
Ikastetxearen urteko plana da UPOaren elementu garrantzitsuenetako bat; izan ere, hortik abiatuta, organo eta taldeen jarduketa ildo nagusiak ezarri behar dira. Ikasturterako lehentasunez lortu nahi diren helburuak jasoko ditu, baita proposatutako helburuak eta jomugak lortzeko abian jarri behar diren ekintza garrantzitsuenak ere. Gauzatu beharreko ekintza edo zeregin horiek konponbide teknikoak eta neurri zehatzak eskainiko dizkiete departamentuei.
Departamentuek helburuen eta ekintzen plan propioa izanen dute, eta, horren bidez, urteko planean zehaztutako lehentasunezko helburuak ez ezik, kontserbatorioko beste plan espezifiko batzuetatik ateratako helburuak ere formalizatuko dituzte.
Horrez gainera, ikastetxean ikasturtean ezarri gogo diren beste jarduketa plan espezifiko batzuk jasoko dira, bai eta ezarri behar diren beste proiektu eta programa propio batzuk ere.
Planen egitura operatiboari dagokionez, haien gauzatzea eta segimendua errazteko modukoa izanen da, eta honako hauek zehaztuko ditu: helburuak, adierazleak, noraino iritsi nahi den, ekintzak, arduradunak, denbora-plangintza eta ebaluazioa.
Ikastetxeko plan digitala kanpoan aurkezteko esportatu behar den dokumentua denez, EDUCAn horretarako prestatu den txantiloian sartu beharko da.
4.–Prestaketa.
Zuzendaritza-taldea arduratuko da UPOaren prestaketa koordinatzeaz, eta zeregin hori beste pertsona edo batzorde batzuen esku uzten ahalko du.
Dokumentuaren eskema bat emanen da, parte hartu behar duten taldeak eta pertsonak finkatuko dira, talde bakoitzaren eginkizunak zehaztuko dira, tresna eta baliabideak jarriko dira eta epeak finkatuko dira.
Kasuan kasuko ikasturtean dauden beharrak eta aurreikuspenak azterturik, eta kontuan harturik organo bakoitzaren deliberoak eta erabakiak eta egindako oharrak eta ekarpenak, UPOaren atalak idatziko dira.
UPOa, ahal dela, EDUCA aplikazioarekin eginen da; horretarako, ikastetxearen plan digitalaren eta hobekuntza planaren antzeko txantiloia eta jardunbidea izanen ditu.
5.–Tramitazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Behin onetsirik, UPOa EDUCA aplikazioan argitaratuko da, urriaren 31 baino lehen. Kontserbatorioan ere utziko da, hezkuntza komunitateak eskura izan dezan.
Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak eta arduradunek aldizka eginen dute, EDUCA aplikazioaren bidez, UPOa osatzen duten planen, proiektuen eta programen garapen mailaren jarraipena.
Hori baino lehen, bete beharreko prozedura finkatuko da (nola), informazioa biltzeko irizpideak zehaztuko dira (zer), arduradunak izendatuko dira (nork) eta epeak finkatuko dira (noiz).
Aztertu eta baloratuko da zenbateraino garatu diren proposatutako ekintzak, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza konplitu den eta proposatutako helburuak lortu diren.
Ikasturtea amaitzean, kontserbatorioko eskola kontseiluak, irakasleen klaustroak eta zuzendaritza-taldeak UPOaren betetze mailari buruzko amaierako ebaluazioa eginen dute. Horretarako, arduradun bakoitzak dagokion planaren, proiektuaren edo programaren emaitzak aztertuko ditu.
Atal bakoitzaren ebaluazio prozesuan, datu esanguratsuak jasoko dira bateko eta besteko iturrietatik (datuak, iritziak, ohartarazpenak eta abar), eta gero, datu horiek aztertu eta interpretatuko dira ezarritako irizpideei jarraikiz.
Amaierako hausnarketa eta balorazioa ez da kuantitatiboa soilik izanen, emaitza horien arrazoiak baloratuko baitira.
EDUCA aplikazioan bertan, ikasturte bukaerako memorian bilduko dira UPOaren jarraipen eta ebaluazio prozesuan lortutako ondoriorik eta proposamenik garrantzitsuenak.
Dokumentuak bi dimentsio izanen ditu. Lehenik, ebaluazioaren dimentsioa, ikastetxeko urteko plangintzaren garapenari buruzko balantzea erakutsiko duena. Honako alderdi hauek nabarmenduko dira: proposatutako ekintzak zenbateraino bete diren, erantzukizunak nola bete diren, denbora-plangintza egokia izan den, aldizkako jarraipena egin den eta helburuak zenbateraino bete diren (adierazleen eta jomugen arabera). Bigarrenik, dimentsio proiektiboa izanen du, etorkizunean esku hartzeko ildoak eskainiko baititu, zentzuzko hobekuntza proposamenak zehaztuta.
Azkenik, memoriaren eranskin gisa, txosten bat gehituko da, ikasleek ebaluazioetan lortutako ikaskuntza-emaitzen analisi zehatza (emaitza akademikoak) biltzen duena, eta, horrekin batera, hausnarketa bat eginen da emaitza horiek eragin dituzten zergatiei buruz eta, hala badagokio, curriculum-elementuen, materialen, antolaketa-elementuen eta baliabide pertsonalen funtzionamenduan atzeman diren gabezia eta disfuntzioei buruz.
Behin onetsita, amaierako memoria ikastetxeko erreferentziako ikuskatzailearen eskura jarriko da, EDUCA plataformaren bidez, uztailaren 10a baino lehen.
6.–Gainbegiratzea.
Ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileak urteko programazio orokorra eta ikasturte bukaerako memoria gainbegiratuko ditu, egiaztatzeko bat datorrela indarreko araudiarekin eta ikastetxearen behar eta emaitzekin, eta, hala badagokio, behar diren zuzenketak eta doikuntzak egitea eskatuko du.
7.–UPOaren eranskinak.
UPOarekin batera, irakaskuntza programazioen adostasun agiriak aurkeztuko dira, ziurtatzearren programazioak egoki jaso dituela eskatzen diren atal guztiak. Beraz, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa arduratuko da programazio horiek zaintzeaz. Dena dela, beharrezkoa den kasuetan, Hezkuntza Departamentuko dagokion zerbitzuak programazioa berariaz eskatzen ahalko du, irakaskuntza ikuskatzeko prozesuetan sartzen direlako, kalifikazioen erreklamazio kasuetan, analisi estatistikoak egiteko edo beste arrazoi batzuengatik.
Irakaskuntza programazioen adostasun ereduak eskuragarri egonen dira, UPOaren eranskin gisa, EDUCAn.
B) Urteko programazio orokorraren gaineko azalpenak.
1.–Autoebaluazioa eta ikastetxearen hobekuntza plana.
2022-2023 ikasturtean zehar, autoebaluazioaren esparruan, baterako hausnarketako prozesu bat egin da, eta horren ondorioz, haien jarduna hobetzeko zenbait arlo detektatu dira. Ondoren, eta hautemandako beharrei erantzunez, hobekuntza planak egin ziren. Plan horiek EDUCA plataforman erregistratu ziren (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Hobekuntza plana).
Plan horiek –bai ikastetxearen hobekuntza orokorreko plana, bai departamentuetako hobekuntza planak– prestatu ondoren, horiek abian jarri dira, eta horien jarraipena eta ebaluazioa eginen da 2023-2026 aldian.
Horretarako, 2023-2024 ikasturtean, ikastetxeek lehenengo erantzun bat eman zieten, UPOaren planen bidez, hobekuntza planetan jasotako beharrei. Planak abian jartzeko bigarren ikasturte honetan, ikastetxeko zuzendaritzak, 2024-2025 ikasturteko urteko programazio orokorrean ikastetxearen urteko planaren urteko helburuak ezartzeko garaian, Hobekuntza Orokorreko Planean ezarritako helburuak hartuko ditu kontuan, besteak beste. Bestalde, urteko programazio orokorrean sartutako departamentuen urteko planetan, taldeek jaso beharko dituzte, helburuak zehaztean, autoebaluazio-prozesutik eratorritako zikloen hobekuntza planen helburuak.
Halaber, aipatzekoa da hobekuntza orokorreko planen eta departamentuen hobekuntza planen ebaluazioa egin beharra dagoela 2023-2026 aldiko ikasturte bakoitzaren amaieran, 2024., 2025. eta 2026. urteetan. Hau da, baloratu beharko da noraino lortu diren helburuak nahiz noraino gauzatu diren planteatutako ekintzak, eta hobetzeko proposamenak eginen dira. Ebaluazio hori EDUCAn erregistratuko da, horretarako diseinatutako txantiloi digitaleko ataletan (ebaluazioa, balorazioa eta hobekuntzak).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak 2024-2025 ikasturtean gainbegiratuko du ikastetxearen urteko planak eta departamentuen planek jasotzen dituztela hobekuntza planean ikasturterako adostutako helburuak.
Hezkuntza Departamentuak lagunduko du ikastetxeen hobekuntza planaren helburuak garatzen eta lortzen, departamentuko zerbitzuen bidez, orientabideak, proposamenak, jardunbide egokien adibideak eta, hala badagokio, prestakuntza emanez irakasle-taldeari.
Ikastetxearen prestakuntza plana funtsezko elementua da prestakuntza instituzionalerako. Zuzendaritza-taldeak ezarriko du haren edukia eta, betiere, hobekuntza planaren ondoriozko premiei erantzun beharko die.
2.–Kontserbatorioaren ordutegi orokorra prestatzeko irizpideak.
Zuzendaritza-taldeak prestatuko du kontserbatorioaren ordutegi orokorra, klaustroaren iritzia aditu ondoren, eta bide eman beharko du urteko programazio orokorrean aurreikusitako jarduerak aurrera eramateko. Hortaz, kontserbatorioaren ordutegi orokorrak honako hauek bilduko ditu gutxienez:
a) Kontserbatorioa zein ordutan egonen den irekita hezkuntza-komunitatearentzat.
b) Ikasleen eskola-ordutegia.
c) Maiatzeko eta ekaineko jardueren behin betiko egutegiaren aurreikuspena; horretan azken probak eta ebaluazioak noiz eginen diren adieraziko da, baita kontsultak egiteko epea zein izanen den ere. Apirilaren 30aren aurretik, kontserbatorioak aipatu diren jarduera horien behin betiko egutegia igorriko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura.
d) Irakasleen ordutegi orokorra.
e) Irakasleen banakako ordutegia.
Ikastetxearen ordutegi orokorra egiterakoan, klaustroaren ekarpenez gain, II.B) 1 puntuan zehaztutako irizpideak ere hartuko dira kontuan.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak:
A) Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren funtzionamendu organikoa.
1.–Alderdi orokorrak.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta jarduna arautzeko araudi berariazko bat, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruari egokitua, garatu bitartean, gobernu eta koordinazio organoek gaur egun indarra duten izen berberak izanen dituzte.
Kapitulu honetan aipatzen diren organo guztien zeregina da eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea, bidera daitezen, modu eraginkorrean bideratu ere, kontserbatorioaren hezkuntza helburuak lortzera.
2.–Gobernu organoak eta kide anitzeko organoak.
Nafarroako Musikako Goi Mailako Kontserbatorioak honako gobernu-organo eta kide anitzeko organo hauek izanen ditu:
a) Gobernu-organoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.
b) Kide anitzeko organoak: kontserbatorioko eskola-kontseilua eta klaustroa.
Gobernu organoen eta kide anitzeko organoen ardura da kontserbatorioko jarduerak Konstituzioaren printzipioekin eta balioekin bat egiten direla begiratzea, hezkuntzaren helburuak lortu eta hezkuntzaren kalitatea hobetu ahal izateko.
Gobernu-organoek eta kide anitzeko organoek bermatuko dute, beren eskumenen eremuan, betetzen direla ikasleei, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei aitorturiko eskubideak, eta zainduko dute dagozkien betebeharrak betetzen direla. Era berean, erraztasunak emanen dituzte hezkuntza komunitateko kide guztiek parte har dezaten ikastetxeko bizitzan, kudeaketan eta ebaluazioan.
2.1. Zuzendaritza-taldea.
Zuzendaritza-taldea honako kide bakarreko kargu hauek osatuko dute: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.
2.1.1. Zuzendariaren, ikasketaburuaren eta idazkariaren eginkizunak eta eskumenak.
Zuzendaritza-taldearen eginkizunak, eta kide bakarreko kargu bakoitzaren eskumenak, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan ezarri ziren. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa. Zuzendariaren kasuan, eskumenak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoak izanen dira.
2.2. Kide anitzeko organoak.
2.2.1. Eskola-kontseilua.
Hezkuntza komunitateak eskola-kontseiluaren bidez hartuko du parte kontserbatorioaren kontrolean eta kudeaketan. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren hezkuntza komunitatea osatzen duten sektoreetatik ikasleek eta irakasleek baizik ez dute izanen ordezkaritza eskola-kontseiluan.
Hutsik gelditzen diren postuak eskola-kontseiluen urteroko deialdien bidez berrituko dira.
Eskola-kontseiluaren eskumenak honako hauetan daude ezarrita: maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa, eta otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duena, baldin eta 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoari aurka egiten ez badio.
2.2.2. Klaustroa.
A.–Alderdi orokorrak.
Klaustroa arduratuko da, irakasleek kontserbatorioan parte hartzeko duten berezko organoa den aldetik, kontserbatorioko irakaskuntza jardueraren alderdi guztiak planifikatzeaz, koordinatzeaz, haren gaineko erabakiak hartzeaz eta, hala behar denean, txostenak egiteaz.
Klaustroa osatuko dute ikastetxean irakaskuntza zerbitzuak ematen dituzten irakasle guztiek, eta zuzendaria izanen da haren burua.
B.–Klaustroaren eskumenak.
Hauek dira klaustroaren eskumenak:
a) Zuzendaritza-taldeari eta eskola-kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.
b) Curriculumaren zehaztapena onestea eta ebaluatzea eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntzako alderdi guztiak.
c) Orientatzeari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.
d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.
e) Eskola-kontseiluan izanen dituen ordezkariak aukeratzea eta zuzendariaren hautaketa prozesuan parte hartzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako moduan.
f) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.
g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola errendimenduaren bilakaera eta ebaluazioen emaitzak (ikastetxeak parte hartzen duen barneko zein kanpoko ebaluazioen emaitzak).
h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.
i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zehapenak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.
j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.
k) Hezkuntzako Administrazioak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.
l) Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuan jasotakoak, baldin eta 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoei aurka egiten ez badiete (25/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa).
3.–Irakaslana koordinatzeko organoak.
Hauek dira irakaslana koordinatzeko organoak kontserbatorioan: koordinazio didaktikoko departamentuak, koordinazio pedagogikorako batzordea eta tutoreak. Ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, bere espezialitatearen arabera.
Organo horien zeregina eskola jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatzea da, kontserbatorioaren helburuak modu eraginkorrean lortzeko.
3.1. Koordinazio didaktikoko departamentuak.
3.1.1. Alderdi orokorrak.
Departamentu didaktikoak irakasleak kontserbatorioko bizitzan integratzeko bidea ematen duten lantaldeak dira, eta haien ardura da espezialitate eta irakasgaiei dagozkien irakaskuntzak antolatu eta garatzea, bai eta dagozkien eskumenen esparruan agintzen zaizkien jarduerak egitea ere.
Irakasleek irakaslanaren antolaketan parte hartzeko daukaten ohiko bidea dira departamentu horiek, eta, halaber, haien hobekuntza pedagogiko eta zientifikorako etengabeko baliabidea. Kideen aldizkako bilera sistemaren bidez jarduten dute.
Erantzukizuna eta zuzendaritza departamentuburuari dagozkio, eta, halakorik ezean, ikasketaburuari.
3.1.2. Departamentu didaktikoen osaera.
Kontserbatorioan departamentu didaktiko hauek izanen dira:
–Kantua eta Taldeak.
–Konposizioa.
–Hari instrumentuak.
–Haize eta perkusio instrumentuak.
–Tekla instrumentuak.
–Pianoa eta jazzaren instrumentu melodikoak.
–Jazzaren konposizioa eta erritmo-sekzioa.
–Musikologia.
–Pedagogia.
"Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean ere eskolak ematen dituzten kontserbatorioko irakasleak kontserbatorio horretan dagozkien departamentuetan ere sartuko dira. Horrelakoetan, irakasleek bi kontserbatorioetako departamentu didaktikoek deitzen dituzten bileretara joan behar dute.
3.1.3. Departamentuen eginkizunak.
Departamentu didaktikoen eginkizunak honako hauek dira:
a) Ikasturte bakoitzeko irakaskuntza antolatzea eta programatzea, departamentuko irakasgai edota espezialitateen irakaskuntzak garatuta.
b) Ikasturtea hastean, departamentuko irakasgai eta espezialitateen programazio didaktikoa egitea. Lan hori departamentuburuak koordinatuta eta haren zuzendaritzapean eginen da, koordinazio pedagogikorako batzordeak ezarri dituen irizpide orokorrei jarraikiz.
Departamentu guztiek indarra duen legediaren arabera egokitu beharko dituzte beren programazioak.
c) Departamentua osatzen duten espezialitate eta/edo irakasgaien programazioen alderdi orokorrekin lotuta dauden irizpideak bateratzea, haien arteko koherentzia bermatzeko eta ebaluazioaren oinarrizko ildoak ezartzeko, klaustroaren irizpideei jarraikiz.
d) Behar diren probak egitea, indarrean dagoen araudian ezarri denarekin eta ebaluazioaren oinarrizko ildoei buruz hartu diren erabakiekin bat.
e) Zuzendaritza-taldeari eta klaustroari kontserbatorioaren hezkuntza proiektuari buruzko proposamenak aurkeztea.
f) Zuzendaritza-taldeari eta klaustroari urteko programazio orokorrari buruzko proposamenak aurkeztea.
g) Koordinazio pedagogikorako batzordeari proposamenak egitea Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren araberako ikasketa planen hezkuntza garapenari buruz.
h) Koordinazio pedagogikorako batzordeari ikastetxean onartu, sartu edo mailakatzeko probei buruzko proposamenak aurkeztea.
i) Jarduera osagarriak eta ikasketez kanpokoak antolatzea eta koordinatzea, bat etorriz bidezko organoek ezartzen dituzten irizpideekin eta klaustroak zuzendaritza-taldeari aurkezten dizkion proposamenekin.
j) Beste departamentu batzuekin batera lankidetzan aritzea baterako jarduerak antolatzen, bai eskolako jarduerak bai osagarriak, ikasketaburuarekin koordinatuta.
k) Liburutegiaren ekintza-planaren diseinuan eta garapenean parte hartzea, eta aktiboki laguntzea zerbitzu horrek jardun ahal izateko zehazten diren lanetan.
l) Ebaluazioaren prozesuaren ondorioz ikasleek egiten dituzten erreklamazioei buruzko txostena egitea eta indarreko araudian adierazi diren kasuetan ebaztea.
m) Departamentuko irakasgai eta/edo espezialitateen programazio didaktikoaren garapena ebaluatzea eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak aplikatzea.
n) Ikasturtearen bukaeran memoria bat egitea eta horretan programazio didaktikoaren garapena eta lortu diren emaitzak ebaluatzea. Ikasturte bukaerako memori horrek atal hauek izanen ditu:
n.1) Emaitzen balorazioa.
–Kalifikazioen estatistika.
–Ikasleen errendimendu akademikoaren analisia, errendimendu horren faktoreak adierazita.
n.2) Funtzionamenduaren balorazioa. Programazioaren garapena.
–Eskumenen, edukien eta egindako jardueren balorazioa, bai eta programazioa betetzeko erabilitako metodologia eta baliabideena ere. Azalduko da zein izan daitezkeen agertutako desbideraketen zergatiak, baldin horrelakorik badago, egoki diren zuzenketak ezarriko dira eta hurrengo ikasturterako hobekuntzak proposatuko.
–Baldin eta programazio berezirik badago, aurreko analisi hori errepikatu beharko da horietako bakoitzerako, eta konparazio azterketa bat egin.
–Ebaluazioa egiteko erabili diren irizpide, prozedura eta jardueren balorazioa.
–Egindako jarduera osagarriei eta ikasketez kanpokoei buruzko iruzkina: berariazko helburuak, ukitutako taldeak, balorazioa, aurkitutako zailtasunak eta abar.
n.3) Egin den lanaren balorazioa, kontserbatorioko curriculum proiektuak prestatu, berrikusi eta eguneratzeari dagokionez.
ñ) Irakasleen eguneratze zientifikoa eta didaktikoa bideratuko duten prestakuntza jarduerak sustatzea.
o) Ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatuko dituzten bitartekoak eta baliabideak aukeratzea. Eginkizun hori aurrera eramateko, departamentuak, besteak beste, irizpide hauei begiratuko die: irisgarritasuna eta eraginkortasuna, motibazioa, edukien aberastasuna, errealitatearekin izandako harremana eta ikaskuntza prozesuaren esperientzien antolaketa.
p) Ebaluazio eta errekuperaziorako irizpide komunak prestatzea.
3.1.4. Departamentu didaktikoen bilerak.
Departamentu didaktikoek, ikasturtean, behar diren bilerak eginen dituzte beren eginkizunak modu egokian betetzen direla bermatzeko. Kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.
Irakasleek beren departamentu didaktikoak deitzen dituen bileretara joan behar dute.
Irailean, departamentu didaktikoek behar diren bilerak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazioak prestatzeko.
Eskola garaian, gutxienez ordu bat erreserbatuko da astean departamentu didaktikoko kide guztiak bil daitezen ikastetxeko ordutegiaren barruan; ordu hori ikastetxeko eskola-ordutegiaren barruan agertuko da, bai eta irakasle bakoitzaren ordutegi pertsonalean ere.
Bilera horietako bat, hilean behin, programazioen garapena ebaluatzeko erabiliko da, eta ebaluazio horrek gomendatzen dituen neurri zuzentzaileak ezartzeko.
Departamentuko kideak ekainean bildu beharko dira, lan plana, haren lorpenak eta datorren ikasturteari begira egin beharreko zuzenketak aztertzeko. Horretarako, ikasturte bukaerako memoria idatzi beharko dute, eta kontserbatorioko zuzendaritzari entregatu, ekainaren 30a baino lehen. Ikasturte bukaerako memoria hori sartuko da kontserbatorioak, uztailaren 10a baino lehen, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura bidaliko duen urteko programazio orokorrari buruzko memorian.
Departamentu didaktikoen bilkura guztien akta eginen da akta-liburuan. Akta horiek departamentuburuak egin eta sinatuko ditu.
Akta-liburuaz gainera, departamentuek inbentario-liburua ere eguneratu beharko dute, non material inbentariagarri guztia agertuko den.
Ikasturtean zehar ikasleen ebaluazioa egiteko erabili diren probak eta agiriak departamentuan gorde beharko dira hiru hilabetez gutxienez, edo behar den denboraz, ikasleen erreklamazioak aurkezteko ezarritako prozeduraren tramitazioari jarraikiz.
3.1.5. Departamentuko buruaren izendapena eta eginkizunak.
Departamentu didaktikoetan elkarlanean jarduten da, talde lanean, kide guztiek lagundu eta parte hartzen baitute. Departamentu bakoitzak buru bat izanen du eta haren esku egonen da departamentuaren ardura; hura izanen da departamentuko kideen elkarlana koordinatu eta zuzenduko duena.
Departamentuburuak izendatzea kontserbatorioko zuzendariari dagokio. Irailean izendatuko ditu, eta karguak ikasturte bat iraunen du.
Zuzendariak buru bat izendatuko du departamentuko kideen artetik, haiei entzunaldia eman ondoren. Honako irakasle hauek lehenetsiko dira: departamentuko espezialitateetakoak izanik, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegokoak direnak eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenak.
Irakasle bat baino gehiago badago egoera horretan, departamentuburu izanen da katedradun izaten denbora gehien daraman pertsona. Bi irakaslek edo gehiagok antzinatasun bera baldin badute katedradun gisa, katedradun izateko oposizio-lehiaketan edo sarrerako lehiaketan lortutako ordenaren arabera eginen da izendapena.
Katedradunik ez badago, zuzendariak Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasle bat izendatuko du. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.
Departamentuburuak departamentuaren ardura du eta eginkizun hauek:
a) Departamentuko lana zuzentzea, oro har.
b) Bilerak antolatu, prestatu, deitu eta zuzentzea, eta bilera bakoitzean egin beharreko akta idaztea eta sinatzea. Akta dagokion akta-liburuan jasoko da nahitaez.
c) Akta-liburua zaintzea eta inbentario-liburua eguneratzen dela bermatzea.
d) Curriculum proiektuak prestatu beharraren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, baita departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar dituen ekarpenetan ere, eta, orobat, honako hauek erredaktatzea: departamentuan biltzen diren irakasgaien programazio didaktikoa, ikasturte bukaerako memoria eta kasuan-kasuan egin beharreko curriculum egokitzapenak.
e) Departamentuko programazio didaktikoa betetzen den begiratzea eta horretarako koordinazioa egitea, gutxieneko eduki eta mailei dagokienez.
f) Koordinazio pedagogikorako batzordeko kide den neurrian, ikastetxeko curriculumaren zehaztapenean parte hartzea.
g) Ikasketaburuarekin eta kasuan kasuko departamentuekin elkarlanean aritzea, batera egin behar diren irakaskuntza jardueren plangintzan.
h) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.
i) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak gordetzea.
j) Departamentuan atzematen den edozein akatsen berri zuzendaritzari edo ikasketaburuari ematea.
k) Departamentuari esleitu zaizkion eremu, instalazio, material eta ekipamenduen erabilera koordinatzea eta ongi mantentzen direla begiratzea.
l) Departamentuak berariazko material eta ekipamendua eskuratzeari buruz egiten dituen proposamenak bideratzea.
m) Zuzendaritza taldearekin elkarlanean aritzea beste ikastetxe edo erakunde batzuekiko harremanak sustatzen, horiekin prestakuntza jarduera osagarriak antolatzeko.
n) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikaren aldetik eguneratzeko.
ñ) Departamentuak ikasturterako duen lan-plana egitea eta aurkeztea. Plan horretan jasoko dira zuzenean nahiz zeharka eragiten dioten hobekuntza arloei buruzko jarduketak.
Lanerako plan hori, curriculuma osatzen duten departamentuko programazio didaktikoei dagozkien adostasun dokumentuekin batera, ikastetxeko urteko programazio orokorrari erantsiko zaio, eta dena Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko da.
Lan planak ikasturte osoan egin behar diren zereginak hartuko ditu kontuan: bai departamentuburuak horretarako orduetan eginen dituenak, bai eta jarduera horretarako dauden ordu osagarrietan bertako kide guztiek eginen dituztenak ere. Departamentuburuek urte hasieran zehaztutako plangintzaren jarraipena eginen dute, etenik gabe. Xede horrekin, departamentuko kide guztiekin bilduko dira, astean behin, horretarako duten bi orduko tartean, eta bilera horien aktak idatziko dituzte.
3.2. Koordinazio pedagogikorako batzordea.
3.2.1. Koordinazio pedagogikorako batzordea eratzea.
Koordinazio pedagogikorako batzordea irailean eratuko da. Honako hauek osatuko dute: zuzendaria, batzordeburua izanen baita, ikasketaburua eta departamentuburuak.
Batzordeburuak idazkari bat izendatuko du, koordinazio pedagogikorako batzordeko kideen artetik hautatuta.
3.2.2. Koordinazio pedagogikorako batzordearen eskumenak.
Koordinazio pedagogikorako batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Curriculumaren zehaztapena zuzendu eta koordinatzea, bai eta egiten ahal zaizkion aldaketak ere, eta hura idazteaz arduratzea.
b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculuma zehazteko jarraibide orokorrak ezartzea, departamentu didaktikoek gero garatuko dituztenak. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko dira.
c) Hezkuntza proiektuaren, curriculumaren zehaztapenaren eta urteko programazio orokorraren arteko koherentzia bermatzea.
d) Klaustroari curriculumaren zehaztapena eta haren aldaketak aurkeztea, ebaluatu eta onetsi ditzan.
e) Curriculumaren zehaztapena kontserbatorioko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.
f) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.
g) Kontserbatorioko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.
h) Klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculumaren zehaztapena, hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren irakaskuntza alderdiak, errendimendu akademikoaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.
i) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.
j) Ezarritako espezialitateetan dauden aukerako irakasgaien eskaintza koordinatzea.
k) Kontserbatorioko liburutegiaren funtzionamendua egokia izan dadin laguntzea, kontserbatorioak berak ezartzen dituen baldintzetan, eta dagokion ekintza-planaren garapena sustatzea.
l) Koordinazio pedagogikorako batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena eskola-kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturte bukaerako memorian txertatuko da.
3.3. Tutoreak.
3.3.1. Tutorea izendatzea.
Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren beharrekin bat, tutoretzak ikasketei buruzko orientabideak emateko dira.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko tutoreak izendatzeko bete eginen da indarreko ikasketa planerako aplikatzekoa den araudian xedatutakoa.
3.3.2. Tutorearen eginkizunak.
Tutorearen eginkizunak hauek dira:
a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.
b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.
c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.
d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.
e) Ikasleei eta irakasleei informazioa ematea irakaskuntza-jarduerei eta eskola-errendimenduari lotuta dauden gai garrantzitsu guztiei buruz.
f) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza edo lanbide arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.
g) Bere ikasleen ebaluazioen etengabeko jarraipena egitea.
4.–Beste eginkizun batzuk.
4.1. Ikastetxeko orkestraren eta bandaren arduraduna.
Orkestra eta bandaren arduradunak, ikasturtearen hasieran, ikasturte osorako lan plana eginen du, eta zuzendaritza-taldeari aurkeztuko, onets dezan. Plana urteko programazio orokorrean sartuko da, "Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa" atalean. Plan horretan, ikastetxeko orkestrak ikastetxearen ordezkari gisa urtean eskainiko dituen emanaldi batzuk jaso beharko dira. Emanaldi horiek zuzendaritza taldeak eskatuta edo Hezkuntza Departamentuak eskatuta eginen dira. Halaber, egin dituen jardueren azken memoria egin beharko du, eta ikasturtearen azken memorian sartu.
Orkestra eta bandaren arduraduna espezialitate horretako irakasle bat izan beharko da.
Ikastetxeko orkestraren jarduerak Orkestra irakasgaiaren curriculumean sar daitezke, dagokion programazio didaktikoaren arabera. Hala ere, irakasgaian matrikulatuta ez dauden ikasleen parte-hartzea ere onartzen ahal da, baita ikastetxean matrikulatuta ez daudenena ere, bai eta beste ikastetxe eta entitate batzuekin lankidetza izatea ere, zehazten diren baldintzak betez gero.
Ikastetxean zehazten diren eta erabilgarri dauden gelak erabiliko dira orkestraren proba saioak eta emanaldien prestaketak egiteko; kontuan hartuko da erabilera hori irakasgaien helburu didaktikoetarako bideratuko dela, bai eta urteko programazio orokorrean sartutako lan planean programatutako jarduerak prestatzeko ere.
4.2. Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea.
Hezkuntza teknologiaren arduradunak zeregin hauek izanen ditu bere ardurapean: ekipamendu informatikoak eta ikus-entzunezkoak koordinatzea eta gainbegiratzea, ikastetxeko sare informatikoa, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa, instalatutako ekipamenduetako material informatikoa eta ikus-entzunezkoa zuzen erabiltzen den begiratzea. Laguntza emanen die bai zuzendaritza-taldeari, ikastetxearen aldaketa digitala gauza dezan, bai irakasleei, teknologia berriak aplika ditzaten musika irakastean, baita artea garatu eta sustatzeko arduradunari ere, optimizatu ditzan ikastetxeak edukiak sortu eta hedatzeko dituen baliabide teknologikoak.
4.3. Mugikortasun programen arduraduna (Erasmus +).
Mugikortasun programen arduraduna Erasmus + programa (eta ezar daitezkeen beste programa batzuk) garatu eta egoki funtzionatzeko behar diren ekintzak ikastetxean ezarri, abiarazi eta burutzeko aplikatzen diren prozesuen koordinatzaile gisa arituko da, ikasketaburuak gainbegiraturik. Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Europar Batasunak edo beste erakunde batzuek antolatutako hezkuntza programetan ikastetxeko ikasleek eta irakasleek izaten duten parte-hartzea kudeatzea.
b) Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalari eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari jakinaraztea kontserbatorioko ikasleek eta irakasleek aurreikusiak dituzten joan-etorriei buruzko informazioa, joan-etorri horiek egin baino lehen.
4.4. Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikastetxeko jarduera artistikoak eta osagarriak programatu, antolatu eta garatzea.
b) Klaustroarekin eta departamentu didaktikoekin koordinatzea proposatzen diren jarduera eta kontzertuak programatzeko.
c) Ikastetxeko baliabide materialak ezarri eta banatzea, ikuskizunak ongi atera daitezen, guneei, instrumentuei, ikus-entzunezko materialari eta abarrei dagokienez.
d) Hezkuntza komunitateari jakitera ematea ikastetxearen barruan eta kanpoan egiten diren jarduera guztiak.
e) Kontserbatorioaren jarduera artistikoa eta kulturala aditzera ematea Iruñeko, Nafarroako eta beste erkidego batzuetako biztanleei.
f) Irakasleek eta ikasleek proposatzen dituzten ekimenak sustatzea eta bultzatzea, baita kanpoko erakundeetatik datozenak ere.
g) Kontserbatorioan eta beste toki batzuetan egiten diren ikuskizunen publizitatea egitea ikastetxeko web-orrian, sare sozialen bidez eta hedabide batzuen bitartez.
h) Ikasturtearen bukaeran, memoria zehaztu bat egitea egindako jarduera guztiei buruz.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
B) Beste alderdi batzuk.
1.–Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ordutegia.
Ikastetxeko ordutegi orokorra egiteko nahitaez hartuko dira kontuan, klaustroak adierazitakoaz gain, honako irizpide hauek:
–Kontserbatorioko ordutegia astelehenetik larunbatera bitartekoa izanen da, biak barne. Astelehenetik ostiralera 8:30etik 21:00ak arte. Larunbatean 09:00etatik 14:00ak arte.
–Larunbatak ikasteko eskola-egunak izanen dira kontserbatorioan, eta zuzendaritza-taldeak sistema bat ezarriko du, Musikaren Hiria Koordinatzeko Bulegoko buruarekin bat, ikasleak ikasgeletan sartu eta instrumentuak erabiltzeko eta horiek zaintzeko.
–Bulegoko buruak, zuzendaritza-taldearekin koordinaturik, neurriak hartuko ditu ikastetxea oporraldietan, goizez, irekita edukitzeko.
2.–Irakasle Praktikak irakasgaiaren ordu-banaketa eta antolaketa.
Irakasgaiaren arduraduna den irakasleak programa koordinatu beharko du ikasleek praktikak egiteko hautatzen diren musika ikastetxeekin eta ikastetxe horietan tutore lanak eginen dituzten irakasleekin. Gainera, programaren ardura duen irakasleak jarraipena egin beharko du praktikak egiten diren bitartean. Ikasturtean zehar, irakasleak, gutxienez, ordubeteko hamabost saio eginen ditu ikasle talde bakoitzarekin, praktikak prestatzeko, jarraipena egiteko eta praktikei buruzko memoria prestatzeko. Gainerako denbora ikastetxeekin koordinatzeko lanetan, praktiken jarraipenean eta ikasleei arreta ematen erabiliko du. Azkenik, irakasle arduradunak ikasleen ebaluazioa eta kalifikazioa egin beharko ditu. Horretarako kontuan hartuko ditu praktikak egin diren ikastetxeko tutorearen balorazioa, ikasturtearen nondik norakoak eta ikasle bakoitzak aurkeztu beharko duen memoria.
Irakasgai hau duten ikasleek programari jarraitu beharko diote, irakasle arduradunarekin egin beharreko saioei, esleitzen zaien ikastetxean praktikak egiteari eta memoria prestatu eta aurkezteari dagokienez. Ikasleek ikasturte bakoitzeko gutxienez hogeita hamar ordu emanen dituzte esleitzen zaien ikastetxean, irakaslana behatzen eta hartan parte hartzen.
Praktikak musika ikastetxeetan eginen dira; ahal dela, "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean.
3.–Programazio didaktikoak.
Indarreko ikasketa planaren arabera ematen diren irakasgaien programazio didaktikoak irakaskuntza horietarako indarra duen araudira egokituko dira. Bertan honako hauek jasoko dira:
a) Inplikatutako gaitasun orokorrak, zeharkakoak eta berariazkoak.
b) Edukiak eta haien denbora banaketa.
c) Aplikatuko den metodologia didaktikoa.
d) Horretarako zehazten diren parametroen arabera modu objektiboan har daitezkeen eta neurtzeko modukoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.
e) Kalifikazio irizpideak.
f) Erabiliko diren materialak, baliabide didaktikoak eta errepertorioa.
g) Beste departamentuekin batera antolatuko diren jardueren programazioa, espezialitate edo irakasgai bat baino gehiago ukitzen diren kasuetan, esate baterako, Ganbera Musika.
h) Departamentuak egin nahi dituen jarduera osagarriak.
Irakasgai bakoitzaren programazioaren edukia jendaurrean jarri beharko da ikasturtea hastean, hezkuntza-komunitateko kide guztiek horren berri izanen dutela bermatzeko.
Departamentuburuek programazioaren jarraipena eginen dute. Departamentuko bilkuren aktetan jarraipen horren berri jasoko da.
Kontserbatorioko zuzendaritzak egiaztatu eginen du programazio horiek jarraibide hauetan ezarri dena betetzen duten. Hala ez bada, zuzendaritzak kasuan kasuko departamentuari itzuliko dio programazioa, berregin dezan. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du programazio didaktikoen prestaketa.
Orientatzeko gida bat eta programazio-eredu irekiak izanen dira eskura eskola kudeaketako EDUCA sisteman (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Programazioak).
Programazio didaktikoak EDUCAren aplikazioan bertan egiten ahalko dira, horretarako prestatutako txantiloi bat erabiliz.
4.–Lanaldia.
4.1. Alderdi orokorrak.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
Irakasleen jaiegunak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen lan egutegian jaieguntzat hartzen diren egun berberak izanen dira.
Ikasturtea irailaren 1ean hasiko da, eta ekainaren 30ean bukatuko.
Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren ondorioz, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako ere.
Horretarako, zuzendaritza-taldea arduratuko da lan plana ezartzeaz eta betetzen dela bermatzeaz. Lan plan hori nahitaezkoa izanen da, eta irakasleen gainerako aukera guztien aurretik lehenetsiko da. Planak "edukiak" eta "egikaritzeko egutegia" izeneko atalak izanen ditu, eta azken horren barrenean, bileren maiztasuna zehaztuko da.
Horretarako, ikastetxeko zuzendaritza-taldeari dagokio lan plan horretarako orduak zehaztea.
Ikasturtean, irakasleek jarraibide hauetan finkatutako lanaldia eta ordutegia beteko dituzte, horri buruz indarra duen legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe.
Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan, irakasleek astean 25 orduko lanaldi presentziala eginen dute ikastetxean, gutxienez ere lau egunetan banatuak. Irakasleek lanegun horietarako ordutegi proposamen indibidual bakarra aurkeztu beharko diote ikasketaburuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorriko dena.
Irakasleek hogeita hamar ordu emanen dituzte astean kontserbatorioko jardueretan. Denbora hori eskola orduetan eta ordu osagarrietan banatuko da. Gainerako orduak, ikastetxean egon beharrekoak ez direnak, irakaskuntza jarduerak prestatzeko eta irakasleen hobekuntza profesionalerako erabiliko dira, bai eta hautapen probetako epaimahai eta batzordeetan parte hartzeko edo antzeko jarduerak egiteko ere, baldin eta horretarako hautatzen badira.
4.2. Orduen banaketa.
Ikastetxearentzat zuzenean eman beharreko orduak honela banatuko dira:
4.2.1. Zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak.
Astero, oro har, Hezkuntza Departamentuak ezartzen eta indarra duen araudian finkatzen diren zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola-orduak beteko dira.
Eskola-orduak zenbatzeari begira, honako jarduera eta inguruabar hauek hartuko dira kontuan:
a) Zuzendaritza-taldea.
Zuzendaritza-taldeak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 38 eskola-ordu erabiliko ditu gehienez karguari dagozkion eginkizunetarako, bere irizpidearen arabera banatuta.
Dena dela, puntu honetan xedatutakoa egokitu beharko da, bete dadin ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen funtzionamendurako antolaketa neurriak aplikatzeari buruz araudi indardunean ezarritakoa.
b) Kontserbatorioko orkestraren eta bandaren arduraduna.
Orkestra eta bandaren arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 6 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere 3 ordu osagarri. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
c) Hezkuntza teknologiaren koordinatzailea.
Hezkuntza teknologiaren koordinatzaileak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 4 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere 4 ordu osagarri. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
d) Mugikortasun programen arduraduna.
Mugikortasun programen arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 3 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere 3 ordu osagarri. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
e) Artea garatu eta sustatzeko arduraduna.
Artea garatu eta sustatzeko arduradunak zuzeneko irakaskuntzako eta eskola-orduetako 3 ordu erabiliko ditu astean, gehienez, bere karguari dagozkion zereginetarako, bai eta, ikastetxearen beharrek horretarako bide ematen badute, gehienez ere 3 ordu osagarri. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
f) Instrumentalak ez diren bost irakasgai edo gehiago ematen dituzten irakasleak.
Instrumentalak ez diren irakasgaien irakasleen kasuan, bostetik zazpira bitarte irakasgai ematen dituztenei ordubeteko murrizketa eginen zaie beren zuzeneko irakaskuntza eta eskola-ordutzat hartutako orduetan; zortzi edo bederatzi irakasgai ematen dituztenei bi ordu murriztuko zaie eskola-ordutegia; eta hamar ordu edo gehiago ematen dituztenei hiru orduko murrizketa eginen zaie eskola-ordutegian. Horrek ez du ekarriko ikastetxean egon beharreko asteko ordutegia murriztea.
g) Murrizketa adinaren arabera.
Hezkuntza Departamentuaren indarreko legerian ordu murrizketaren gainean horretarako ezarrita dauden baldintzak aplikatuko dira.
h) Departamentuko burutza.
Departamentuburuek beren ordutegitik zenbait eskola-ordu (indarreko legerian ezartzen direnak) erabiliko dituzte curriculum proiektuak idatzi edo berrikusteari loturiko lanetarako.
i) Ikerketa.
Ikerketa proiektu bat esleiturik duten irakasleek 3 eskola-ordu izanen dituzte horretan erabiltzeko.
4.2.2. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzaren ordutegian jasotako zuzeneko irakaskuntzako orduak eta eskola-orduak eta astean zenbatu beharreko ordu osagarriak batuta, guztira, hogeita bost ordu izanen dira astean.
Astean zenbatu beharreko ordu osagarrietan, irakasle bakoitzari esleitutako jardueren arabera, honako hauek sartuko dira:
a) Astean ordu bat departamentuaren bileretarako.
b) Astean bi ordu ikasketen gaineko tutoretza lanak egiteko. Ordutegia egiten denean, zainduko da ikasleek aukera izan dezaten tutorearekin biltzeko, Horretarako, ahaleginak eginen dira tutoreak ikasleei arreta emateko finkatzen dituen orduetako bat izan dadin ikasleek libre dituzten orduetan.
c) Astean ordu bat irakasleek eskola-kontseiluan dituzten ordezkarientzat.
d) Zuzendaritza-taldeko kideen koordinazio lanetarako orduak.
a), b), c) eta d) puntuetan aipatutako eginkizunen bidez asteko ordutegia betetzen ez duten irakasleei zuzendaritza taldeak honako hauek esleituko dizkie:
a) Orkestra eta bandako, abesbatzako eta big bandeko arduradunei laguntzeko orduak.
b) Liburutegian, ikastetxeko aldizkarian eta webgunearen, Facebooken eta blogaren mantentze-lanetan laguntzeko orduak.
c) Irakasle taldeek kontserbatorioak parte hartzen duen erakunde-proiektuetan eta proiektu solidarioetan lan egiteko orduak.
d) Zaintza orduak.
Behin bermaturik edozein gorabehera gertatuta ere arreta emanen dela eskola-orduetan, irakasleek ikasketaburuari aurkeztu ahal izanen diote, irailean, zaintzetako orduak erabiltzeko proposamena. Zuzendaritzak berariaz onetsi beharko du, eta ikastetxeko erreferentziazko ikuskatzaileari txostena igorri beharko zaio.
e) Beste batzuk. Irakasleek beren lanorduak erabiltzeko proposamena aurkezten ahalko dute irailean. Dagokion departamentu didaktikoak proposamen hori onetsi beharko du, koordinazio pedagogikorako batzordeak ezarritako jarraibideen arabera, eta, horrez gain, ikastetxeko zuzendaritzak ikus-onetsi beharko du. Jarduera amaitutakoan, irakasleak memoria bat aurkeztuko dio bere departamentuburuari.
4.2.3. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.
Irakasle bakoitzak ikastetxean nahitaez eman behar dituen asteko 30 orduak betetzeko falta diren bost orduak hilero zenbatuko dira, eta honako jarduera hauetan erabiliko dira:
a) Klaustroaren bileretara joatea.
b) Ebaluazio saioetara eta irakasle taldearen bileretara joatea.
c) Planifikazio instituzionalerako tresnak prestatu, berrikusi eta eguneratzeko lanetan emandako orduak. Era berean, Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza proposamenak ikasketa planetara pixkanaka egokitzeko, ezar litzakeen lan-planei ere kasu egingo zaie. Ikastetxeak beharrezko neurriak hartuko ditu jarduera horretan irakasle guztiek parte hartzeko.
d) Beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuetarako.
e) Prestakuntza instituzionala.
Jarduera jakin batzuk egiteko, astean tarte komun bat gordeko da ordutegian, eta irakasle guztiek gutxienez 2 ordu izanen dituzte klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta, oro har, kontserbatorioaren funtzionamendu egokirako beharrezkoak diren beste jarduera batzuk egiteko.
5.–Irakasleen ordutegia prestatzea eta onestea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuak, zeina aldatu baitzuen uztailaren 16ko 60/2014 Foru Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarriak, ezartzen du ezen irakasleen ordutegiak ikasketaburuak prestatu behar dituela, kontserbatorioko zuzendariak onetsi behar dituela eta EDUCA kudeaketa programaren bitartez jakinarazi behar direla irailaren 30erako. Horren gaineko erreklamazio guztiak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ebatziko ditu, eta, horretarako, hamabost eguneko epea izanen du.
Ordutegiak prestatzeko, eskola kudeaketako EDUCA sisteman eskuragarri daude laguntza dokumentuak, kontratuen ordutegi-taula eta irakasleen ordutegiaren kontzeptuak (Ikastetxea > Dokumentazio instituzionala > Ikuskapen-dokumentuak > Irakasleen ordutegia).
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak irakasleen asteko ordutegiaren banaketa zuzena den ikuskatuko du (zuzeneko irakaskuntzan emandako orduak, eskola jarduerak eta jarduera osagarriak).
Ikastetxeko matrikulak egin ondoren, ikasketaburuak irakasgai bakoitzeko ikasleen eta taldeen kopuruaren berri emanen die departamentuei.
Ordutegiak prestatzean kontuan hartuko da "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalean ere irakasten duten irakasleen egoera, bi kontserbatorioetan dituzten ordutegiak bateratu ahal izateko.
Zentroko zuzendaritzak departamentu bakoitzari dagozkion ordu kopuruak esleituko ditu; lehenbizi, espezialitate bakoitzeko katedradunen orduak beteko ditu. Irakaslan guztia horrela betetzerik ez badago, departamentuko gainerako orduak irakasle eta profesional espezialistei esleituko zaizkie.
Antolaketak horretarako aukera emanez gero, irakaslana beteko duten katedradun, irakasle eta profesional espezialisten multzoa zehaztu ondoren, taldeak eta ikasleak hautatzeari ekinen zaio. Hautapen horretan departamentuko kideak ados jartzen ez badira, honako prozedura hau erabiliko da:
Lehenik hautatu behar duen irakasleak beretzat lehentasunez nahi duen irakasgaiko eta mailako ikaslea edo ikasle taldea hautatuko du; ondoren, hautatzeko bigarrena den irakasleak gauza bera eginen du, eta horrela, hurrenez hurren, espezialitateko eta departamentuko irakasle guztiek lehenengo txanda egin arte. Lehenengo txandaren ondotik beste batzuk eginen dira, irakasleek beren eskola-ordutegia osatu arte edo departamentuari dagozkion irakasgai, ikasle eta talde guztiak esleitu arte.
Bilera berezi horretan izaten diren gorabehera guztien akta eginen da eta departamentuko kide guztiek sinatuko dute; ikasketaburuari aktaren kopia emanen zaio.
Goian adierazi diren ondorioetarako, departamentu bakoitzeko irakasleek hautatzeko lehentasun-ordena honako hau izanen da:
1. Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, kasuan kasuko espezialitateko titularrak.
2. Beste espezialitate batzuetako Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunak, irakatsi nahi duten espezialitateko titulazioa dutenak.
3. Zerbitzu eginkizunetan dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak.
4. Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko irakasleak, instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta/edo musikako hizkuntza eta teknikak irakasten dutenak.
5. Zerbitzu berezietan ari diren funtzionarioak.
6. Aldi baterako irakasle kontratudunak eta profesional espezialistak.
Hautatzeko lehentasuna, lehenbiziko lau atalei dagokienez, beren kidegoan antzinatasun handiena izateak emanen du, eta, antzinatasun bera izanez gero, atal bakoitzeko lehentasuna erabakitzeko honako irizpide hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren:
–Kontserbatorioan antzinatasun handiena izatea.
–Kidegoan edo Administrazioan lehenik sartu izana, eszedentzia urteak zenbatu gabe.
–Sarrerako hautapen prozesuetan puntu gehien lortu izana.
6. atalean, lehentasuna ezarriko da irakasleek Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko zerrendetan duten tokiaren arabera.
Hori hala izanik ere, salbuespenezko kasuetan, eta plantilla prestatzeko prozesuan sortzen diren beharrei erantzuteko, Hezkuntza Departamentuak baimena ematen ahal du, egokia iruditzen bazaio, irakasgai edo espezialitate batzuk horien titular ez diren irakasleek emateko, kontuan hartuz baimendutako espezialitateko irakasgaien edukiak eta haien titular ez den irakaslearenak antzekoak diren.
Ikasketaburuak egiaztatuko du departamentuko kide guztien eskola orduak eta nahitaez kontserbatorioan egon beharrekoak bat datozela honako jarraibide hauetan ezarri denarekin, eta begiratuko du, batetik, ea ikasle guztiei eta ikasle talde guztiei arreta emanen zaien, eta bestetik, orduak bete gabe dituen irakaslerik ba ote dagoen.
Lan horiek guztiak egin ondoren, ikasketaburuak, kontuan hartuta klaustroak ordutegiak prestatzeko ezarri dituen irizpide pedagogikoak, behin betiko ordutegiaren proposamena eginen du, departamentuek egindako irakasgaien eta mailen banaketaren arabera.
Irakasleen eskola-ordutegia asteko egun guztien artean banatuko da.
Zuzeneko irakaskuntza asteko lau egunean batzen ahalko da, egunean gehienez ere sei ordu baino gehiago izan gabe. 2024ko uztailaren 20a baino lehen, irakasle interesdunek banakako plan bat aurkeztu beharko diote ikastetxeko zuzendariari; plan horretan justifikatuko dute taldekatze hori beharrezkoa dela jarduera artistikoak, prestakuntzakoak edo ikerketakoak egiteko. Hori baliozkotzeko, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak berariaz onetsi beharko du.
Ordutegi orokorraren barnean, kontserbatorioak ezartzen duen ordu tarte egokienean, egunean 4 ordu gutxienez astelehenetik ostiralera, zuzendaritza karguren batek egon beharko du ikastetxean.
Irakasleek ordutegien arloan dituzten lehentasunak ezin dira inoiz izan ikasleen beharren kontrakoak edo klaustroak ezartzen dituen irizpideen kontrakoak.
Ikasle baten baja gertatzen bada eta betetzen ez bada, zuzendaritzak erabakiko du irakasleak hutsik duen denbora nola erabili:
–Beste ikasle batzuei arreta emateko: atzeratuta dauden ikasleei laguntzeko, aurreratuenak sendotzeko eta abar.
–Beste jarduera batzuk egiteko.
–Material pedagogikoa prestatzeko.
–Beste batzuk.
Instrumentuen eskoletan, hala taldekoak nola bakarkakoak, baldin eta ikasle bat agertzen ez bada, denbora hori bertaratu diren ikasleei arreta emateko erabiliko da, eta agertu ez den ikasleari dagokion denbora ezin izanen da kendu irakasleak eskolak emateko dituen ordu guztien multzotik.
Ikastetxearen egoera agertzen duen informazioak iragarki-taulako toki ikusgarri batean, ikasketaburuaren bulegoan eta sarbide guztietan egon beharko du denbora guztian. Informazio horretan, bereziki, irakasle bakoitzaren ordutegia eta lan tokia adieraziko dira, zehazki, bakoitzaren eskola-orduak, tutoretza orduak, zaintza orduak, departamentuko bilerak eta abar.
Informazio hori guztia hezkuntza komunitateko kide guztien eskura egonen da. Era berean, zuzendaritza kargu bakoitza kontserbatorioan zein ordutan egonen den adieraziko da.
Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan ere eskolak ematen dituzten "Pablo Sarasate" Musikako Kontserbatorio Profesionaleko irakasleek eta, orobat, "Pablo Sarasate" Musikako Kontserbatorio Profesionalean eskolak emanez ordutegia bete behar duten Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko irakasleek bi ikastetxeetako departamentu didaktikoetarako ezarritako lehenespen prozesuetan parte hartu beharko dute.
6.–Goi mailako musika ikasketetan irakasteko betebeharrak.
Oinarritzat harturik apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4. artikuluko 1.e) apartatua (haren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzeko modua), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek, goi mailako titulazioaren jabe badira, aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta ezartzen den prozedurari jarraikiz, Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoari dagozkion espezialitateak irakasteko.
Bestalde, ekainaren 14ko 427/2013 Errege Dekretuaren 6. artikulua betez (haren bidez ezarri ziren Musikako eta Dantzako goi mailako irakaskuntzekin loturik dauden Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoaren irakaskuntza espezialitateak), Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoko funtzionarioek aukera izanen dute, sortzen diren beharren arabera eta horretarako ezarritako prozedurarekin bat, Instrumentu arloko prestakuntza osagarria eta Musikako hizkuntza eta teknikak jakintzagaiak irakasteko, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan indarrean diren ikasketa planen barnean.
7.–Irakasleak lanera ez agertzea.
Zuzendaritza-taldeak irakasleak kontserbatorioan egoten diren kontrolatu behar du, baita ekaineko eta iraileko eskola gabeko egunetan ere. Halaber kontuan hartuko du, eta horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, zein egunetan hasten diren lanean ikastetxean lan araubideko kontratudunak.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxeko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web-orrian ezarritakoari jarraituko dio:
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal
Aldi baterako ezintasun egoeran dauden MUFACEko langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Hurrengo berrespen agiriak hamabostean behin edo hilean behin aurkeztuko dira, medikuak zer erabakitzen duen. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.
MUFACEko langileen jatorrizko parteak Hezkuntza Departamentura helarazteko, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez bidal daitezke, aurrez aurre aurkeztu Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialeko edozein bulegotan, edo posta arruntaren bidez bidali.
Era berean, nahitaezkoa da kontserbatorioko zuzendaritza-taldeari kopia bat bidaltzea edo aurkeztea ahalik eta lasterren, kontserbatorioak jakin dezan zehatz-mehatz bajak zenbat iraunen duen, bajaren bilakaera edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan.
Alta agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada irakaslea kontserbatoriora itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Ukitutako irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.
Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.
Agiriak bidaltzean izandako edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarrian: planificacionrheducacion@navarra.es.
Gaixotasuna edo istripua dela-eta aldi baterako ezintasuna duten Gizarte Segurantzako langileek jakinarazi behar dute zer iraupen duen baja-agiriak lanera joaten ez diren lehen egunetik. Baja berresteko parteak medikuak erabaki bezain maiz jakinarazi beharko dira. Era berean, baja amaitutzat emateko eta langilea bere lanpostura itzultzeko, ezinbestekoa da alta medikoaren partea jakinaraztea lantokiari egun berean.
Horrez gain, ezinbestekoa izanen da kontserbatorioko zuzendaritza-taldeari ahalik eta azkarren horien guztien berri ematea, zehatz-mehatz jakin dezan bajak zenbat iraunen duen, egoera hobera doan eta/edo baja noiz amaituko den. Hala, ordezkapena beharren arabera kudeatu ahal izanen dute.
Ikastetxeetan ezarriko da zer bidetatik eginen dituzten jakinarazpenak MUFACEko nahiz Gizarte Segurantzako langileek, zuzendaritza-talde bakoitzak zehazten duen funtzionamenduaren arabera.
Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak jakinarazteaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa bost eguneko epean egin behar dela gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.
Ordezkapen-egoeretan, ordezkoa ez bada bere lanpostura itzultzen, eta Kontrataziorako Atalari ez badio erregistro orokorraren bidez jakinarazi lanpostuari uko egin diola, kontserbatorioko zuzendaritzak mezu elektroniko bat igorriko du contratoseducacion@navarra.es helbidera, lanpostua berriz eskain dadin.
Ikastetxeetan EDUCA aplikazioko kudeaketa sisteman erregistratu beharko dira ikastetxeak berak emandako baimenak. Norberaren aferetarako baimen bat emateko, EDUCA kudeaketa sisteman ikus daitezke irakasle bakoitzak hartutako orduak (Langileak menua > Irakasleak > Berria / Hutsegiteak ikusi). Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatoriora igarotzen diren "Pablo Sarasate" Kontserbatorio Profesionaleko irakasleen kasuan, pantaila horretan zenbatuko dira bi ikastetxeetan ikasturte bakoitzeko metatutakoak. AZLen kasuan, urte natural bakoitzean osotara hartutakoak zenbatuko dira.
8.–Zaintza.
Kontuan izanik Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleak adinez nagusiak direla, zaintza kontzeptua lotzen da kontserbatorioak bere gain hartzen duen ardura honekin: zenbait espazio egon daitezen bermatzea, zeinetan, hala nahi duten ikasleek, beren ikaskuntzaren berezko eginkizunak gauzatu ahal izanen dituzten.
Kontserbatorioak izanen du, baita, haren ordezkari den aldetik, zuzendaritzak ere, eskola-orduetan gerta daitekeen edozer gorabeheraren ardura. Horrela, bada, bermatu beharko du giza baliabideak antolaturik izanen direla, gerta litekeen edozein egoerari aurre egiteko.
EDUCA aplikazioak modulu berri bat du irakasleen guardia-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza-taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.
9.–Ikasleen eskubideak eta eginbeharrak.
9.1. Alderdi orokorrak.
Ikasleen eskubide eta betebeharrei dagokienez, indarreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio, abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretua betez (foru dekretu horrek hizpide ditu unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrak eta ikastetxe horietako elkarbizitza).
9.2. Ikasleak eskoletara joatea.
Ikastetxeko zuzendaritzak hutsegiteak justifikatzeko prozedura finkatuko du, eta beharrezkotzat jotzen dituen neurriak ezarriko ditu hutsegiteak justifikatzeko informazioa biltzeko.
Ikastetxeko bizikidetza erregelamenduan zehaztuko da zer den eskoletara behin eta berriz huts egitea eta horrek zer ondorio duen.
9.3. Erreklamazioak egiteko prozedura.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea konpetentziak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, bai eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxienekoak, ikasturtean erabiliko diren kalifikazio irizpideak eta ebaluazio prozedurak ere.
Irakasle titularrak ikasleek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen dizkie.
Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
Halaber, ikasleek eskubidea izanen dute beren ebaluazioaren prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.
Ikastetxeak zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak...) arautu beharko du bere plangintza instituzionaleko agirietan.
10.–Hezkuntza digitalizatzea.
Hezkuntza digitalizatzeari dagokionez, hala dagokionean, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aplikatuko du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 221/2024 Ebazpenaren II. eranskineko II.9 puntuan jasotakoa. Ebazpen horren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2024-2025 ikasturtean arautzearren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.
11.–Nahitaezko prestakuntza.
Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, baita Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen ardura bat ere; izan ere, azken helburua da Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasleen lanbidea garatuz.
Hala, prestakuntza instituzionaleko plan bat prestatuko du Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko zuzendaritza-taldeak ikastetxerako. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak berak proposatutako proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko ildoen ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak aintzat hartuko ditu, baita ikastetxeko klaustroetan eta irakasle-taldeetan eginiko lanaren ondorioz sortutako prestakuntzarako beharrak eta Irakasleentzako Laguntza Zentroek eginiko hautemate prozesuetan jasotako prestakuntzarako beharrak ere.
Prestakuntza ekintzak klaustro osoari edo irakasle-talde jakin bati zuzentzen ahalko zaizkio. Hezkuntza Departamentuaren edo Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren proiektu estrategikoak, planak eta lehentasunezko ildoak gauzatzeko prestakuntza ekintzen proposamenak lehentasunezkoak izanen dira eta irakasleek nahitaez egin beharko dituzte.
Nahitaezko prestakuntza instituzionala ikasturte bakoitzean 35 ordukoa izanen da, baina ordu gehiagokoa izaten ahalko da kontserbatorioak edo Hezkuntza Departamentuak ezarritako beharrak asetzeko beharrezkoa bada. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.
Irakasleek egindako kontzertuak eta bestelako jarduera artistikoak ez dira prestakuntza jardueratzat hartuko.
Alde batera utzita Arte eta Hizkuntza Ikasketen Atalak kudeatzen duen prestakuntza espezifikoa, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioa Iruñeko ILZari atxikita dago prestakuntza orokorrerako; beraz, badu erreferentziazko aholkularitza bat, laguntzen ahal duena ikastetxeko prestakuntza instituzionaleko plan hori egiten. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du, ikastetxearen eta bi erakundeen arteko lotura izan dadin. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak bere gain hartuko du zeregin hori.
Kontratu partziala duten irakasleek egin beharreko nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduak ezartzeko, nahitaezko prestakuntza instituzionaleko 35 orduei kontratuaren ehunekoa aplikatuko zaie.
Ez dute nahitaezko prestakuntza egin beharko lanaldiaren hereneko edo gutxiagoko kontratua duten irakasleek. Halere, prestakuntza hori borondatez egiteko aukera izanen dute. Interesdunak ez badu prestakuntza egiten, indarrean dagoen araudian jasotako zereginak egiteko erabiliko ditu bere kontratuari dagozkion ordu osagarriak.
Nahitaezko prestakuntza instituzionaleko orduen zenbaketa malgutzeko, ikasturte bakoitzean gutxienez 25 ordu egin beharko dira, eta, beraz, elkarren segidako bi ikasturteko aldian egiten ahalko dira gainerako orduak. Edonola ere, bi urte horietan nahitaezko prestakuntza instituzionalari dagozkion 70 orduak bete beharko dira. Nolanahi ere, Hezkuntza Departamentuaren edo Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren proiektu estrategikoei, planei eta lehentasunezko ildoei buruzko prestakuntza bete beharko da.
Irakasleek kontserbatorioko zuzendaritzaren aurrean akreditatu beharko dituzte eginiko prestakuntza ekintzak, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratu beharko ditu.
35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntzarako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.
12.–Informazio akademikoaren kudeaketa: EDUCA. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
12.1. Informazio akademikoaren kudeaketa: EDUCA.
Informazio akademikoa EDUCA aplikazioarekin kudeatuko da.
Hezkuntza Departamentuaren webgunean, EDUCAri eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta IKT zerbitzuen katalogoan ere, zenbait jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, EDUCA taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionalitate berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo laguntza eskatzeari begira. EDUCA aplikaziotik bertatik egin daitezke eskaerak, goiburuko gorabeheren (@) ikonoan klik eginez. Atari horretatik bilaketak egiten ahalko dira ohiko prozedurei, zalantzei eta tutorialei dagokienez.
Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko langileei EDUCA plataformaren berri emateko.
Zuzendaritza-taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei EDUCA kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
Zuzendaritza-taldeak bermatu beharko du, horretarako bideak jarriz, ikasturtea hasi ondoren ikastetxean kudeaketa eta irakaskuntza lanetan hasten diren pertsonek EDUCA ezagutzen dutela eta badakitela hura erabiltzen.
Kontserbatorioan EDUCAren koordinatzaile-lanetan ariko direnen erregistro bat izateko, zuzendariak EDUCAren ikastetxeko koordinatzailea izendatuko du, eta, aplikazioan, "EDUCA koordinatzailea" lanpostu osagarria esleituko dio.
Zuzendariak berrikusiko ditu EDUCAtik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta web-orria), eta aurkitzen dituen akatsen berri emanen dio EDUCAren laguntza zerbitzuari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren ardura da eguneratuak edukitzea ikastetxean irakaskuntza nahiz kudeaketa lanetan aritzen diren langileen eta ikasleen datu pertsonalak. Aplikazioak Cl@ve sistemaren bidez sartzeko aukera ematen badu ere (ziurtagiri elektronikoa, NAN elektronikoa, Cl@ve Iraunkorra), gogoan izan oso garrantzitsua dela, EDUCA egiaztagiria lortzeko, helbide elektroniko pertsonal bat erregistratzea fitxan.
Era berean, kontserbatorioaren ardura izanen da bere informazio akademikoa eskuratzeko asmoz programara jotzen dutenen sarbidea kudeatzea. Horrela, bada, lehenik, ikasleek informazio hori eskuratzeko dituzten arazoei erantzunen die; eta arazo horiek ezin baditu modu autonomoan konpondu, EDUCA euskarriarekin harremanetan jarriko da.
Komeni da dantza eskolako langileek jakin dezaten nola erabili EDUCAk gaiturik dituen funtzio guztiak; horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: ikasgelako koadernoa, ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua, akta), emaitzak (Kudeaketa akademikoa > Kalifikazioak > Ebaluazio txosten berriak), zaintzen kudeaketa, informazio garrantzitsua, ikasturte bukaerako txostenak eta abar.
EDUCA aplikazioaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, posta elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.
Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta elektronikoko kontuak EDUCAren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta zerbitzuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin. Posta kontuen alternatiba gisa, gomendatzen da Googleko taldeak eta unitate partekatuak erabiltzea.
EDUCA Ataria aplikazio bat da, zeina prestatu baita herritarrek beren datu akademikoak eskuratu eta kudeaketa telematikoak egin ditzaten: behin-behineko izen-ematea, esaterako, ikasleak onartzeko prozesuan. Gomendatzen da ikastetxeak aplikazioaren erabilera sustatzea ikasleen artean.
12.2. Kontabilitate sistema: ECOEDUCA.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituztenek, ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua egiteko, onesteko, aldatzeko eta betearazteko. Aurrekontuan jasoko dira ikastetxearen ohiko funtzionamendua, mantentzea eta kontserbazioa bermatzeko diru-sarrerak eta gastuak.
Ikastetxearen kudeaketa ekonomikoari eragiten dioten kontabilitate-eragiketa guztiak irailaren 6ko 153/2023 Foru Dekretuaren arabera eginen dira (foru dekretu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoen kudeaketa ekonomikoa).
13.–Kalitatea kudeatzeko sistema.
Kalitatea kudeatzeko sistemak (KKS) ezarri eta mantentzeko programa, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gidatzen duena, Nafarroako unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei dago zuzendua.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioak aplikatzen ahalko du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ekainaren 6ko 221/2024 Ebazpenaren II. eranskineko II.16 puntuan jasotakoa. Ebazpen horren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2024-2025 ikasturtean arautzearren Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Hezkuntza Berezia ematen dituzten ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua.
14.–Laneko arriskuen prebentzioa.
Arriskuen ebaluazioren bat egin bada, ikasturte bukaerako memorian azaldu beharko dira Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposaturik hartu diren prebentzio neurriak, eta, horrekin batera, bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.
Kontserbatorioko zuzendaritzak ofizioz jakinarazi eta aktibatuko du kanpoko erasoen aurkako protokoloa, ikastetxeko irakasleei edo irakasle ez diren langileei eraso egiten zaienean.
https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion
Kontserbatorioko zuzendaritzak klaustroan jakinarazi beharko du kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.
Kanpoko erasoen aurrean jarduteko protokolo hori kontserbatorioaren web-orrian jarriko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeko barne-agirietan agertuko da: Internet, Drive eta abar.
Horrez gain, kontserbatorioaren web-orrian jarriko dira Hezkuntza Departamentuko prebentzio arloko ordezkarien eginkizunak eta haiekin harremanetan jartzeko datuak, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.
15.–Onartzeko araubidea eta matrikulazioa.
Ikasleen onarpenari eta matrikulazioari dagokienez, irakaskuntza hauen gaineko araudian ezarritakoari lotuko zaio.
16.–Beste jarraibide batzuk.
16.1. Irakasleen erantzukizuna.
Hezkuntza Departamentuak, indarrean dauden legeek ezartzen dutenari jarraikiz, bere gain hartuko du irakasle funtzionarioen kontrako prozedura judizialetatik sortzen ahal diren erantzukizun zibil ordaingarrien estaldura; hori ez da eragozpen izanen bidezkoa den kasuetan atzera egiteko ekintza gauzatzeko. Irakasleek beren eginkizunak betetzearen ondorioz letratuen laguntza behar izanez gero, defentsa egokia izan dezaten ere arduratuko da.
16.2. Ikastetxeko langileen jarduerak.
Urteko programazio orokorrean sartuta ez dagoen edozein jarduera egiteko, ikastetxeko zuzendariaren berariazko baimena beharko dute, bai irakasleek, bai hezkuntza komunitateko beste edozein kidek.
16.3. Kontserbatorioez kanpoko jendea sartzea.
Kontserbatorioan edozein mezu aditzera eman, transmititu edo banatu nahi duten pertsona guztiek zuzendaritza-taldearen baimena beharko dute. Betiere, baimen hori eman izana idatziz jasoko da kontserbatorioko artxiboan.
Hori guztia ez da eragozpen izanen legez aitorturiko eskubide sindikalak erabiltzeko.
16.4. Jarraibide hauen berri ematea.
Zuzendaritza-taldeak begiratuko du hezkuntza komunitateko sektore guztiek jarraibide hauen edukiaren berri izan dezaten.
Iragarkiaren kodea: F2410966
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
