171. ALDIZKARIA - 2024ko abuztuaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

121E/2024 EBAZPENA, abuztuaren 2koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emana, onesten duena "Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" izeneko dirulaguntzaren 2024ko deialdia. DDBN identifikazioa: 778951".

2022ko ekainaren 29an, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2021-2025) onetsi zuen. Planaren 1. erronkak talentua erakarri eta mantentzeko hainbat neurri jasotzen ditu, eta bigarren neurriak –industriako doktoregaiak kontratatzea– ulertzen du I+G+Baren oinarria pertsonak direla. Beraz, neurriak bideratuta daude ikerkuntza alorreko talentu hori prestatzeko, mantentzeko eta erakartzeko.

Industriako doktoregaiak kontratatzeko laguntzen deialdien bidez urte anitzeko finantzaketa eskema ezarri nahi da talentuaren harrobi egokia osatzeko, Nafarroako berrikuntza sistemaren eragile estrategiko horietan dauden premiak kontuan harturik: enpresak, ikerketa zentroak eta zentro teknologikoak.

Uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuak doktoregaien irakaskuntzen iraupena ikasleen benetako beharretara egokitu zen. Errege dekretu horren bidez aldatu egin zen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretua, Doktorego Ikasketa Ofizialak arautzen dituena. Horrenbestez, 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikulua aldatu zen, doktorego ikasketen gehieneko iraupena lanaldi osoko 4 urtetan ezarri, doktoregaia programan matrikulatzen denetik doktorego tesia gordailutzen den egunera arte.

Industriako doktoregaiak kontratatzeko laguntzen deialdiekin eta uztailaren 4ko 576/2023 Errege Dekretuaren aldaketarekin bat etorriz, egokia da "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2021eko Industriako doktoregoak" deialdian horretarako finantzaketa izan zuten erakundeek doktoregaiak kontratatzen jarraitzea, doktoregaiek tesi proiektua amaitu, gordailutu eta defendatu ahal izateko.

2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzeke dago, eta plan horretan "Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdirako dagokion (551) ildoa sartu da.

Gobernuaren 2024ko ekainaren 12ko Erabakiaren bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari baimena eman zitzaion banakako ebaluazioa egin dezan "Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdian.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 252/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea, 2024rako, "Ikerketarako eta ezagutzaren zabalkunderako enpresek eta erakundeek doktoregaien kontratuak luzatzeko laguntzak" deialdia.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, 275.000 euroko kreditua baimentzea, betiere horretarako kreditu egokia eta nahikoa baldin badago, eta honako banaketa honekin:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA (eurotan)

G20001-G2100-4701-467300: Ikertzaileak, teknologiako langileak eta industria-doktoreak kontratatzea

2024

275.000

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta zilegi da haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Sarrigurenen, 2024ko abuztuaren 2an.–Zientzia, Teknologiako eta Berrikuntzako zuzendari nagusia, Rosario Martínez Ortigosa.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

1. Laguntza hauen xedea da enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoen ikerketa ildoak sendotzea prestakuntzaldian doktorego bat ikasten ari diren ikertzaileak kontratatzen jarraituz, eta, orobat, ikertzaile horien laneratzea finkatzea.

2. Horretarako, diruz lagunduko da prestakuntzan dagoen ikertzaile baten (aurrerantzean, doktoregaia) kontratazioa luzatzea, pertsona horrek ikerketa proiektu bat egin dezan bere doktorego tesiaren esparruan, unibertsitate batekin lankidetzan, entitate kontratatzailearen intereseko gaietan.

2. oinarria.–Erakunde onuradunak.

1. Dirulaguntzaren onuradun izateko, erakundeek doktoregai baten kontratazioa luzatu beharko dute, bai eta honako baldintza hauek bete ere:

a) "Enpresa, ikerketa zentro eta zentro teknologikoek doktoregaiak kontratatzeko laguntzak: 2021eko Industriako doktoregoak" dirulaguntzen deialdian dirulaguntza jaso izana (hemendik aurrera "Industriako doktoregoak 2021") eta deialdi horretan diruz lagundutako aldia 2024an amaitzea.

b) Lantokia Nafarroako Foru Komunitatean edukitzea eta lantoki horretan egitea diruz lagundutako jarduera.

c) Nafarroako Industria Erregistroan inskribaturik egotea, hala badagokio, Nafarroako Industria Erregistroa sortu zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak erakunde eskatzaileak egunean dituela tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri uko egiten badio berariaz eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu betebehar horietan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak.

3. Betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, 7.3.a) oinarrian adierazitako eskaera telematikoan bertan jasotako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da.

4. Laguntza hauen onuradun izateko betebeharrak eskabidea aurkezten den unean bete beharko dira, eta dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu.

3. oinarria.–Kontratatutako pertsonak egin beharreko jarduerak.

1. Doktoregaiaren jarduerak ikerketa proiektuaren luzapenean sartuko dira, eta ikerketa horretan kokatzen da doktorego tesia, zeina diruz lagundu baitzen "Industriako doktoregoak 2021" laguntzen bidez.

4. oinarria.–Dirulaguntzaren xedeko kontratazioa.

1. Doktoregaiaren kontratazioa luzatuko da kontratua edo horren luzapena sinatzen duen unean, eta doktoregaiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Ezin izanen du partizipaziorik izan entitate kontratatzailearen kapitalean, ez eta entitate horrekin akzio edo sozietate bidezko harremana duten entitateen kapitalean ere, baldin horren ondorioz entitatearen benetako kontrola –zuzena edo zeharkakoa– izateko ahalmena badu.

b) Espainiako edo atzerriko unibertsitate batek emandako doktorego titulurik ez izatea.

Ondorio horietarako, dirulaguntza eskatzen duten entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute baldintza horiek betetzen dituztela adierazteko. Adierazpena 7.3.a) oinarrian adierazitako eskabide telematikoan egon beharko da.

2. Erakunde onuradunaren eta doktoregaiaren arteko kontratuek edo horien luzapenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kontratu horiek sinatzea 2. oinarrian onuraduntzat ezarririko entitateek eta oinarri honetako 1. puntuko baldintzak betetzen dituzten doktoregaiek.

b) Idatziz formalizatuko da, honako hau berariaz adierazirik:

I.–Kontratatutako pertsonaren prestakuntza maila eta titulazio espezifikoa.

II.–Hasiera eta amaiera data (salbu eta kontratua mugagabea bada), horien artean gutxienez 12 hilabete daudela. Ez dira onartuko "proiektuen datak", "obraren bukaera" eta horrelako aipamenak.

III.–Beteko den lanpostua edo eginkizuna.

IV.–Urteko soldata gordinaren zenbatekoa eurotan; ez dira onartuko "hitzarmenaren arabera" eta horrelako aipamenak.

V.–Deialdi honetako dirulaguntzaren aipamena.

c) Lanaldi osokoa izatea.

d) Kontratazioa Gizarte Segurantzaren 1. kotizazio-taldean sartuko da.

e) Kontratatuak Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan emanen ditu zerbitzuak.

f) Ezin izanen dira kontratatu norberaren konturako langileak.

g) Gizarte Segurantzaren kotizazioaren kontu-kodeari dagokionez, kontratatzen den pertsona entitatearen Nafarroako lantoki batean sartua egonen da.

h) Ordainsariak kasuan kasuko lan hitzarmenean ezarritakoan oinarrituko dira, eta urteko soldata gordina 27.000 eurokoa izanen da gutxienez.

i) Langileen Estatutuan eta hura garatzeko araudian xedatutakoa beteko dute.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzen zenbatekoak.

1. Barne hartuko dira kontratatutako doktoregaiaren lanarekin eta soldataren kostuekin lotutako gastuak, Gizarte Segurantzako kontzeptu guztiengatiko kotizazio-gastuak barne, bai eta doktorego ikasketen gastu akademikoak ere (2024-2025 ikasturteko doktorego ikasketen matrikula, bai eta tesia defendatzeagatiko eta doktore titulua emateagatiko tasak ere, betiere diruz lagundu daitekeen aldian gertatzen badira).

2. Dirulaguntzak moduluen araubidearen bidez eman eta justifikatuko dira, bat etorriz uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 76. artikulutik 79. artikulura bitartean ezarritakoarekin.

3. Laguntza moduluak honako hauek izanen dira:

a) A modulua: 1.700 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko eta hileko, eta lan eta soldata kostuak konpentsatuko ditu.

b) B modulua: 100 eurokoa izanen da kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta doktorego ikasketen gastu akademikoak konpentsatuko ditu.

Unibertsitateak egindako jarraipen eta koordinazio gastuak kanpo geldituko dira.

6. oinarria.–Laguntzaren iraupena.

Laguntzak gehienez ere 12 hilabetekoak izanen dira, "Industriako doktoregoak 2021" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitzen denetik tesia gordailutzen den arte.

7. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, eta eskaera aurkezten ahalko da "Industriako doktoregoak 2021" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitu aurreko bi hilabeteetan. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Interneteko www.nafarroa.eus atarian duen tramiteen katalogoan (aurrerantzean, laguntzen webgunea), diruz lagundutako aldi horren eta eskaera aurkezteko epearen berri emanen da.

2. Eskabideak telematikoki soilik aurkeztuko dira, laguntzen webgunearen bidez.

Eskaera horretan adierazi beharko da jakinarazpenak telematikoki jaso nahi direla, eta, horretarako, nahitaezkoa da gaitutako helbide elektronikoa izatea (hemendik aitzina, GHE), bai eta Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan izena emanda egotea ere.

Nolanahi ere, dirulaguntza eskatzeak berekin dakar Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari baimena ematea jakinarazpenak eta entitate eskatzaileekin egiten diren komunikazio guztiak bitarteko telematiko hutsak erabiliz egiteko.

3. Hauxe da aurkeztu beharreko dokumentazioa, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen araberakoa, betiere:

a) Eskaera telematikoa, 2.3. eta 4.1. oinarrietan aipatzen diren alderdiak biltzen dituen erantzukizunpeko adierazpen batekin.

b) Ikerketa proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa. Bertan, behar adina informazio emanen da laguntza kudeatzen duen organoak egiaztatu ahal izateko egin beharreko jarduerak helburu duela tesiaren proiektua amaitzea, gordailutzea eta defendatzea. Horretarako, memoriak jasoko du tesia gordailutzeko datara arte egin beharreko jardueren deskribapena, kronograma eta laguntza eskatzen den aldia zehaztuta. Halaber, aurrekontu bat izanen du, aldi horretan aurreikusitako kontratazioari eta gastu akademikoei buruzko gastuak zehazten dituena.

c) Eskaera egin aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zenbatekoak, 18. oinarrian ezarritakoaren arabera.

4. Eskaera bakoitzak kontratu edo kontratuaren luzapen bakar bati eginen dio erreferentzia.

5. Aurkeztutako eskaerak betebehar horiek betetzen ez baditu, Ezagutza Transferitzeko Atalak (hemendik aurrera, laguntzen organo kudeatzailea) entitate interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

8. oinarria.–Dirulaguntzak emateko araubidea.

1. Dirulaguntza hau banakako ebaluazioko araubidearen bidez emanen da. Espedienteak eskaerak aurkezten diren ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira, aurrekontuetan horretarako kreditua den bitartean. Aurrekontuan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Behin ebaluazioa eginda, oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatutako jarduketei emanen zaizkie laguntzak.

9. oinarria.–Laguntzak ematea.

1. Organo kudeatzaileak, eskaerak ebaluatu ondoren, ebazpen proposamena aurkeztuko dio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiari (aurrerantzean, organo eskuduna). Proposamen horretan, adieraziko du erakunde eskatzaileak dirulaguntza jasotzeko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela.

Ebazpen proposamenean honako hauek jasoko dira gutxienez:

a) Erakunde onuradunaren izen soziala eta IFZa.

b) Laguntzaren zenbatekoa.

c) Diruz lagun daitekeen aldia.

d) Eskaera ezesten bada, horretarako arrazoiak.

2. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa. Ebazpen hori gehienez bi hilabeteko epean emanen da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, eta kasuan kasuko erakunde onuradunari telematikoki jakinaraziko zaio, gaitutako helbide elektronikoan (aurrerantzean GHEa).

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onetsi edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz. Berariazko edo presuntziozko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legediari jarraikiz.

10. oinarria.–Laguntza eman ondoren dokumentazioa aurkezteko modua eta epeak.

1. Entitate onuraduna pribatua bada, laguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du laguntzen webgunearen bidez, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraikiz.

Dokumentazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez bada, ezin izanen da emandako dirulaguntza ordaindu.

2. Doktoregaiaren kontratazioa egiaztatzen duen dokumentazioa. "Industriako doktoregoak 2021" laguntzengatik diruz lagundutako aldia amaitu eta hilabeteko epean, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

a) Erakunde onuradunak doktoregaiarekin duen kontratuaren edo horren luzapenaren kopia.

Kontratuak indarrean jarraitzen badu "Industriako doktoregoak 2021" laguntzek diruz lagundutako aldia amaitu ondoren, 4.2 oinarriko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztuko da, hala nola, kontratuaren gehigarria edo soldataren fitxa.

b) Eguneratutako Idc txostena (Kotizaziorako datuen txostena-Besteren konturako langileak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusia).

3. 2024-2025 ikasturterako doktorego programa batean matrikula formalizatu izana egiaztatzen duen dokumentazioa. Formalizatu eta hilabeteko epean aurkeztuko da. Programaren ardura duen unitateak edo, bestela, dagokion unibertsitatearen legezko ordezkariak emaniko agiria izanen da.

4. 2. eta 3. puntuetako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, laguntzen organo kudeatzaileak erakundeari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Organo kudeatzaileak 10. oinarriaren arabera aurkeztutako dokumentazioa aztertuko du, eta ordaintzeko ebazpen proposamena helaraziko dio eskumena duen organoari. Proposamen horretan, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak betetzen dituztela adieraziko da.

2. Ordaintzeko ebazpena gehienez ere bi hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, 10. oinarrian adierazitako agiriak aurkezten direnetik hasita. Epe hori eten eginen da entitate onuradunari eskatzen bazaio aurkeztutako dokumentazioan edozein zuzenketa egiteko.

12. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzeko epea eta modua.

1. Tesia gordailutzeko egunetik bi hilabeteko epean, entitate onuradunek honako egiaztagiri hauek aurkeztu beharko dituzte laguntzen webgunearen bidez:

a) Jardun zientifiko-teknikoaren memoria. Bertan, doktoregaiak tesia defendatzera bideratutako jarduerak deskribatuko dira, diruz lagundutako aldian egindako zabalkundekoak eta prestakuntzakoak barne. Era berean, berariaz aipatuko da doktorego tesiaren egoera eta bilakaera, eta egindako argitalpenak eta egonaldiak aipatuko dira.

b) Doktorego tesia gordailutu dela egiaztatzen duen dokumentua.

c) Gordailututako doktorego tesiaren ale bat.

d) Deialdi honetan diruz lagundutako kontzeptuengatik onuradun izan den beste edozein dirulaguntzaren jakinarazpena.

13. oinarria.–Kontratazioa etetea.

1. Deialdi honen babesean sinatzen diren kontratuak arrazoi hauengatik eteten ahalko dira:

a) Aldi baterako ezintasun egoera batengatik, gutxienez 2 hilabetez jarraian.

b) Amatasunagatik edo aitatasunagatik.

c) Haurdunaldiko arriskuagatik.

d) Bederatzi hilabetetik beherako adingabe baten edoskitzealdi naturalean dagoen arriskuagatik.

e) Adopzioagatik edo harreragatik, prozesuak iraun bitartean.

2. Aurreko puntuan adierazitako kasuetan, laguntzen webgunearen bidez, entitate onuradunek eska dezakete epe horretan laguntza ere eten dadila, eta, ondorioz, epe horretan ez dira diruz lagunduko entitate onuradunak dituen soldata gastuak. Organo kudeatzaileak baimendu beharko du etete hori, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen txostenak eska ditzake.

3. Baimen horrek ez du inola ere ekarriko hasieran emandako laguntzaren zenbatekoa handitzea.

14. oinarria.–Kontratazioa azkentzea.

1. Kontratazioa azkentzen bada, entitate onuradunak horren berri eman beharko dio laguntzak kudeatzen dituen organoari eta azkentze horren frogagiriak aurkeztu beharko ditu laguntzen webgunearen bidez, kontratua azkendu eta hilabeteko epean gehienez.

2. Kontratazioa azkentzen bada, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Doktoregaiak lana galtzen badu bidegabetzat aitortu edo deklaratutako kaleratzeagatik, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, laguntza osoa itzuli beharko da.

b) Aurreikusitako eta diruz lagundutako kontratazioaren aldia bete ez bada, dirulaguntzaren zati proportzionala kobratzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, dagokion zatia ere itzuli beharko da.

15. oinarria.–Erakunde onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Entitate onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Onuraduna izaera pribatuko entitatea bada, dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du telematikoki, laguntzen webgunearen bitartez, webgune horretan eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

Irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eskatutako informazioa emateko betebeharra betetzen ez bada, ez da emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bada, itzuli egin beharko da.

b) Diruz lagundutako kontratazioa justifikatzea, 10. eta 12. oinarrietan adierazten den moduan.

c) Begiratzea behar bezala garatzen direla kontratatuak egin beharreko ikerketa jarduerak.

d) Kontratatutako pertsonaren doktorego tesia gordailutzea.

e) Kontratatuaren jardueraren garapenean eragina izan dezakeen edozein gorabeheraren berri ematea organo kudeatzaileari.

f) Aitzinetik jakinaraztea organo kudeatzaileari kontratatuak doktorego tesia defendatuko duen eguna.

g) Kontratua azkendu izanaren berri ematea 14.1 oinarrian adierazten den gisan.

h) Organo kudeatzaileak egin beharreko egiaztapen jarduketak onartzea; besteak beste, egindako gastu errealaren espedienteen ausazko kontrol baten barruan, erakunde onuradunen ehuneko bati eskatuko zaio nominen eta ordainketa-frogagirien kopia, bai eta matrikularen, tesiaren defentsaren eta/edo doktorego titulua ematearen tasa akademikoen ordainagirien kopia ere. Era berean, kasuan-kasuan bidezko diren finantza-kontroleko jarduketen mende jarriko dira.

i) Ikerketa proiektuaren aurrerapenak edo emaitzak jakitera emateko eta zabaltzeko betebeharrak, 16. oinarrian aipatzen den gisan.

j) Kontratatutako pertsonari aukera ematea parte har dezan bikaintasun zientifikoko prestakuntzan eta ikerketa jardueran generoari buruzko prestakuntzan, halakorik emanez gero (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia da sustatzailea).

k) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiari eman behar diote hark laguntza ebaluatzeko eskatzen dien informazioa, gauzapenari, emaitzari eta inpaktuari buruzko adierazleak lortze aldera. Betebehar hori doktoregaiari ere aplika dakioke.

l) Bioetikari, animalien esperimentazioari, biosegurtasunari, segurtasun biologikoari, ingurumenaren babesari, natura-ondareari eta biodibertsitateari eta datuen babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzea laguntza hauen babesean kontratatutako pertsonek parte hartzen duten proiektuetan eta gainerako jardueretan.

m) Europako Batzordearen martxoaren 11ko (2005/251/EE) Gomendioan (2005eko L75. EBAO, martxoaren 22koa) xedatutakoa betetzea. Gomendio hori ikertzaileen Europako Gutunari eta ikertzaileak kontratatzeko Jokabide Kodeari buruzkoa da.

n) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Baldin ez bada betetzen dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat, emaniko dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, laguntzaren dirua itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatuarekin bat.

Gertatzen ahal diren ez-betetzeak mailakatzeko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jarraipen eta kontrol zientifiko-teknikorako mekanismoen bidez eta frogagiriak azterturik ondorioztatzen bada laguntzaren helburuak nabarmen eta erabat bete gabe gelditu direla, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, eta, kasua bada, laguntza osorik itzuli beharko da.

b) Tesia gordailutu edo defendatzen ez bada, laguntzaren %25 kobratzeko eskubidea galduko da, edo, bestela, laguntzaren %25 itzuli beharko da.

c) Helburuak partez gelditu badira bete gabe, kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, dagokion dirulaguntza itzuli beharko da.

d) Ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako betebehar formalak, eta finkaturiko epeak 10 egunez edo gehiagoz ez badira gainditzen, ordaintzekoa den laguntza %5 gutxituko da. Deialdi honen ondorioetarako, betebehar formaltzat jotzen dira diruz lagundutako jarduketaren dokumentazioa aurkeztearen ingurukoak (12.1 oinarria).

3. Goian aipatutako ez-betetzeen arrazoiak ezin bazaizkio entitate onuradunari egotzi, edo ezinbesteko kasu bat baldin bada, organo kudeatzaileak proposatzen ahalko du ordura arte jasotako zenbatekoaren edo haren zati baten itzulketa ez eskatzeko.

16. oinarria.–Ikerketaren emaitzak jakitera ematea eta zabaltzea.

1. Entitate onuradunek eta kontratatutako pertsonek argitalpenen bat edo aipamen publikoren bat egiten badute diruz lagundutako kontratazioaren gainean edo kontratatutako pertsonak parte hartzen duen ikerketa proiektuaren gainean, Nafarroako Gobernuak finantzatu duela adierazi beharko dute. Halaber, doktorego tesian finantzaketa hori aipatuko da, bai agirian bertan bai tesia defendatzeko ekitaldian.

Tesiaren dokumentuan zein argitalpen edo aipamen publiko batean testu hau edo antzeko bat sartuko da:

"Nafarroako Gobernuak doktoregaien kontratazioa finantzatu du «Industriako doktoregoak 2021» laguntzen deialdiaren barruan".

"Nafarroako Gobernua" terminoaren ordez, Nafarroako Gobernuaren logoa erabil daiteke, hemen eskuratu daitekeena: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

Era berean, "doktoregai" terminoaren ordez, doktoregaiaren izena eta abizenak jartzen ahalko dira.

2. Diruz lagundutako proiektuaren inguruan sortzen den dokumentazio guztian nahiz proiektu horren emaitzei zabalkundea emateko materialetan hizkera inklusibo eta ez-sexista erabiliko da betiere, eta begiratuko da berdintasunezko irudi bat transmititzen dela, genero-rolei lotu gabekoa eta aniztasun-irudia emanez, bai emakumeei, bai gizonei dagokienez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 21. artikuluan xedatuarekin bat.

17. oinarria.–Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

1. Laguntzen eskabidea eta entitate onuradunek aurkeztu beharreko dokumentazio guztia telematikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen www.nafarroa.eus atarian, tramite-katalogoko webgune egokiaren bidez.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira (GEH), bai eta herritarren karpetan ere: https://sede.administracion.gob.es/carpeta/clave.htm.

Gaitutako helbide elektronikoa Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioaren helbidean eskura daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

18. oinarria.–Laguntzen araubidea.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2023ko L 352. EBAO, abenduaren 15ekoa).

Aipatu erregelamenduarekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, onuradunek aitortuko dute, laguntzen eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuta, "de minimis" laguntzarik jaso duten aurreko hiru urteetan.

19. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste administrazio edo entitate batek (publikoa nahiz pribatua izan) xede bererako ematen duen beste edozein dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrerarekin.

Bereziki, diruz lagundutako kontratazioak bateraezinak dira doktoregaiaren beste lan kontratu oro indarrean edukitzearekin, bai eta soldata izaera duen edozein zenbateko jasotzearekin ere, baldin horrek kalte egiten badio ikerketaren eta prestakuntzaren xedeari edo ordutegi berean gauzatzen bada. Halaber, dirulaguntza hau bateraezina izanen da antzeko helburua duten beste laguntza batzuekin.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Organo kudeatzaileak ikusgai paratuko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/inicio), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntzak zein aurrekontu kredituri egozten zaizkion, entitate onuraduna eta emandako diru kopuruak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, laguntzen webgunean ere jakinaraziko ditu, honako hauek adierazita: laguntza zein programari eta aurrekontu-kredituri egotziko zaien, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzen helburua.

21. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2411822